Aitaren hiletako homilia

Zer esango dizut, ama, aitaren gorputzaren aurrean? Eta zer esango dizuet zuei, bihotzeko anaia-arreboi, koinatu-koinatoi, iloba maiteoi? Ez genuen uste inoiz iritsiko zenik, baina bagenekien iritsiko zela. Iritsi da, eta hemen gaude elkarrekin, eta eliza bete jende gurekin. Bakoitzaren izena esango nuke hainbeste ez bagina, eta biziaren poemarik bikainena osatuko lukete zuen izenek, eta otoitzik ederrena. Bakoitzari eskua hartzen dizuet samurki, eta bakoitzari esaten dizuet bihotz-bihotzetik: “Aita zeruan dago. Zer da zerua? Bakea. Zer da zerua? Bizia. Zer da zerua? Jainkoa. Eta den guztiaren bihotzean dago Jainkoa, eta den guztia Jainkoaren bihotzean. Aitaren arnasa bizirik dago bakearen eta biziaren arnasa handian, Jainkoarengan! Bakean. Zuk ere izan ezazu bakea! Izango duzu bakea!”

Ez, ez zait erraza hori guztia sinestea, esatea ere ez. Baina hara, hitz horiexek ageri zaizkit egun hauetako malko gazien iturrian, galdera larrien sustraian, saminaren beraren hondo-hondoan. Zer opako zenioke gaur aitari, aitonari? Eta uste al duzu zuk opa diozun baino gutxiago eskainiko diola biziaren misteriozko iturriak, errukiaren beraren iturri misteriotsuak, biziaren eta errukiaren Jainkoak?

Zalantzak zalantza, fede horixe esan nahi nizuke eskutik helduta. Fede hauskor eta tinko horretan, utz iezadazue gure aitaren azken irudiak azaltzen, ostiraletik igandera, hiru egunetan, bere egiazko Pazko hirurren horretan, erakutsi zizkigun irudiak, begi-ninietan itsatsita luzaro eramango ditugun aitaren azken bost irudi maite.

Ostiral arratsaldekoa datorkit aurrena, eta huraxe gelditzea nahi nuke azkena. Ikusi egin behar zen gure aita ostiral arratsaldean… Ikusi egin behar zen irribarre gozo hura, begitarte xalo hura, eta guztioi egiten zigun ongietorria. Ez zeukan ezertarako indarrik, baina burua argi zeukan eta bihotza bakean, bake-bakean. Eta poza zerion, eta eskua hartzen bagenion gora eta behera eragiten zion eskuari, dantzan egin nahi balu bezala. Bizitzaren gailurra zen. Eta Ebanjelioko Pedrori Jesusek esandakoa betetzen zen erabat: “Gazte zinenean, zeu moldatzen zinen eta nahi zenuen tokira joaten zinen. Zahartzen zarenean, bestek lotuko dizu gerrikoa eta nahi ez duzun tokira eramango zaituzte”. Hori da bizialdi honetako eskola zail eta gorena. Eta gure aita, inoiz inongo eskolan ibili gabe, irakurtzen eta idazten inoiz ikasi gabe, eskola hori oso-osorik ikastera iritsia zen ostiral arratsaldean: baiezko handia esana zeukan, dena emanda zegoen, guztiz amore emanda. Hazia pitzatua zen, ernetzeko. Abiatua zen ontzia portutik itsaso zabalera, sokak eta aingurak askaturik. Eta Jauna ematerakoan “Ogi zerutik” kantatzen hasi ginenean, berak ere kantatu nahi zuen, nahiz eta ez den inoiz kantari ona izan. “Gure Jaungoikue!” errepikatzen zuen, eta “Gurutze santuaren” egiten eta esaten oso-osorik guk ahal genuen bezala jarraitzen geniola, eta “Aita gurea” errezatzen zuen lehengo erara, Gure Aita berria ez baitu inoiz ikasi. Hau heriotza gozoa, hau heriotza humanoa!, pentsatzen genuen guztiok! Eta horrela orduak eta orduak.

Baina ordu saminagoa ere iritsi zitzaion. Ostiral gauean hartu zuen egonezinak, eta ordu luze eta gogorrak hasi ziren denontzat. Horra bigarren irudia. Urduri, ezinean. Agonian. Agonia hitzak horixe esan nahi du: “borroka”. Eta horixe izan zen. Bizi nahi eta bizi ezin. Hil behar eta hil ezin, eta hil nahi ez. Eskuak mugitzen zituen etengabe batera eta bestera, ilunpetan bide bila balebil bezala, edo arnasari eta biziari eutsi nahi balie bezala, edo bere burua sareetatik askatu nahi balu bezala, edo bere bizitzako kontraesan guztiak (gure aitak ere bazituen, eta zenbat!) eta bere izaerako itzalak (itzalak ere bai, zenbat!), denak argiratu nahi balitu bezala. Eta une batzuetan bazirudien bidera zetorkion norbaiti begira zegoela begiak zabalik, eta besoak zabalik besarkatu nahi zuela. Edo Jesus Ebanjelioko Pedrori bezalaxe galdetzen ari zitzaiola: “Pedro, maite al nauzu? Bai, Jauna, baina zuk dakizu dena…”.

Larunbat arratsaldean lo hartu zuen. Aitaren azken lo hartako irudi lasaia ere begietan daukagu. Dena bareturik, borroka guztiak amaiturik, lokarri guztiak askaturik. San Paulok esan duena esango zukeen aitak ere: “Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena. Zain daukat garaipeneko koroa”. Eta 97 urtetan bizitza gutxik bezala gozatu eta gero, Gerrentzuriko patriarkak isil-isilik, bake-bakean eman zuen azken arnasa. Eta negar-uholdea lehertu zen gure etxean. Berrogeitaka senide bilduak ginen larunbatean aitaren ondora eta amaren urtebetetzea ospatzera. Eta amaren  jaioteguna aitaren heriotza-egun bihurtu zitzaigun, baina baita heriotza eguna jaiotegun ere. Eskerrik asko, ama! Hamahiru seme-alaba haziak dituzun garaian, aitaren ama izatea tokatu zaizu, eta zeinen ederki bete duzun aitarekiko amatasuna! Zeinen leial eta gozo zaindu duzun urteetan zehar gau eta egun! Eta azkenean, zeinen samurki hartzen zenuen besoetan, haur txikia bezala, edari-tanta batzuk ahora emateko! Eskerrik asko, ama! Eta eskerrik asko zuei, amari aita zaintzen hain hurbil eta hain maitekor lagundu diozuenoi, batez ere arreboi! Jainkoaren esku eztia izan zarete.

Laugarren irudia gogorra izan zen berriro. Kopeta hotzean musu bero bana eman genion, eta gaueko hamarretan etxetik eraman zuten. Eta lurrikara bat izan zen Gerrentzuri osoan, Gerrentzuriko Pedro, izenaren jabea “don” eta guzti, Gerrentzuritik eraman zutenean. Baina zer eraman zuten? Sinesten dut, eraman zutena baino gehiago zela gure aita, gehiago dela, eta eraman zutenenerako batua zela betiko haren arnasa Jainkoaren arnasarekin, eta haren arnasa gelditua zela betiko gurekin.

Harrezkero, arnasarik gabeko aurpegi zurbila ikusi diogu aitari tanatorioan. Baina arnasarik gabe ere eder zegoen, eta lasai.

Agur, aita! Hamaika aldiz esana zara: “Etorri berriz ere”. Hemen gaude, aita! Eta zu ere bai, hemen zaude. Oraindik bidean gu, izatearen betera iritsita zu. Hemendik aurrera ere elkarrekin joango gara, zure esku handi indartsuei helduta. Eta hitz ematen dizugu, aita, gu ere elkarrekin joango garela, geure gorabehera eta guzti, senide guztiok elkarri eskua emanda. Eta egun batean gure bide guztiak eta gure arnasa guztiak betiko elkartuko dira Jainkoaren atseden handian, Jainkoaren arnasan, Jainkoaren bakean.