APEZPIKU BAT MAITEMINDU ETA DIMISIOA EMAN: NON DA ARAZOA?

Gogaiturik nauka Solsonako (Katalunia) apezpiku dagoeneko emerituari buruz zabaltzen jarraitzen duen zirku mediatikoak. Nazka ematen didate morboak, atseginezko zirikak, isekak, asmo txarreko edo, gutxienez, bidegabeko eraso pertsonalek. Eta horrek guztiak agerian uzten duen irizpide humano eta teologikoen deformazio larriak.

Xavier Novellek –gustuko zait izen propio soilari “Don” eta “Monsinore” gehitu behar ez izatea– dimisioa eman du, eta Vatikanoak azkar asko onartu. Ele-meleak eta erran-merranak gora zihoazelarik –aurreikus zitekeen gauza–, gotzaina jendaurrera agertu eta esan zuen: “Maitemindu egin naiz eta gauzak ondo egin nahi nituzke”. Gotzain batek dimititu egin du, beraz, eta maitemindu egin dela iragartzen du, eta pentsatzekoa da maitemindua denarekin bizitzeko asmoa duela. Eta? Non da hor arazoa?

Ez da nire xedea gotzain dimisionario eta maiteminduaren defentsari ekitea. Are gutxiago hari krudel erasotzea. Gertaera hau ulertzeko eta bere lekuan kokatzeko arrazoizkoak iruditzen zaizkidan zenbait irizpide proposatzea beste asmorik ez dut. Ez dut juzgatuko gotzainaren erabakia –konplexua eta segur aski mingarria, eta pentsatu nahi nuke maitemindua dagoen emakumearekin adostua–, baizik eta istorio hau guztia, hain gizatiarra izanik, hainbat aldetatik modu mingarri eta inhumanoan bizi behar izatera daraman eliz sistema. Eliza katolikoaren Zuzenbide Kanonikoa: horixe da historia honetan guztian gauzarik inhumanoena.

Arazoa ez da, noski, Xavier Novellek bere burua independentista katalantzat agertu izana, nahiz eta ez diren gutxi –gotzaiengandik berberengandik hasita– horregatik gaitzetsi dutenak. Estatuko gotzainen % 99a espainiar independentistak dira, deklaratuak ala ez, eta ez da ezer gertatzen.

Arazoa ez da –esan beharra ote dago?– maitemindu izana eta ezkontzea erabaki izana, hala balitz. Arazoa da dimisioa eman behar izatea bere bizitza maite duenarekin partekatu ahal izateko. Nahiz eta, lehen mendeetan, apostolu, diakono, presbitero eta apezpiku guztiak –gizonezko zein emakume–, ezkondu egiten ziren, nahi bazuten. Arazoa da Eliza katolikoa oraindik ez dela adiskidetu gorputzarekin, sexualitatearekin, erosarekin, eta oraindik ere zentzugabeki saiatzen dela zelibatoa bere “gorputz klerikalari” ezartzen, hura hobeto maneiatzeko. Sufrimendu latza ordainaraziz.

Arazoa ez da, ezta ere, Xavier Novellek, pertsona eta hedabide askok lau haizetara berehala zabaldu duten bezala, nortasun-arazoak pairatzea (zauririk ez duenak bota dezala lehen harria). Hala balitz, arazoa –arazo larria– izango litzateke, horren jakitun, gotzain izateko proposatu zutenek proposatzea eta 2010ean izendatu zuenak izendatzea. Arazoa da gotzain bakar bat ere ez duela aukeratzen komunitateak, aita santu gorenak baizik, hau da, hura nahieran erabiltzen duten talde ilunek.

Arazoa izan da elizbarrutiko fededun askorentzat apezpikuaren izaera kontserbadorea, baina berriro diot: arazoa ez da berea (pentsatzen duen bezala pentsatzeko eskubide osoa du), baizik eta hain juxtu ere bere ideia kontserbadoreengatik aurkeztu zutenena eta izendatu zuenarena, ideia horiek irakats eta ezar zitzan.

Arazo izan dira, eta oso larria LGTBI askorentzat, hiltzerainokoa batzuentzat, sinestekoak ere ez diren “konbertsio-jardunaldi” bihozgabeak, Novell gotzaina bera lankide izan dutenak (beste apezpiku batzuekin batera, Donostiako elizbarruti honetakoa tsartean, lekukoen arabera). Azken erantzukizuna, ordea, ikastaro horiek hasieratik bertatik ez Espainiako apezpikuen aldetik eta ez Vatikanotik desagerrarazi ez dituztenei dagokie. Sakoneko arazoa sistema klerikal osoaren azpian dagoen homofobia da, oinarritik kupularaino.

Izan gaitezen garbi: arazoa eliz erakundea oso-osorik gidatzen duen klerikalismoa da. Arazoa eliz erakundea bera da, oraindik botere absolutuak (lauso, ilun eta anonimoa definizioz), hatzez izendaturiko klero matxista eta hondo-hondoan (azalean ere bai sarri) homofoboak menperatzen duen eliz erakundea. Arazoa seminarioak dira, zeinetan  –gero eta gehiago– eliz eredu eta doktrina hori muinetan barneratzen jarraitzen den, “Jainkoa” deitzen dutenaren izenean. Horra gaurko eta biharko arazoa.

Xabier Novelli opa diot, hainbeste katetatik askaturik, giza betetasuna aurkitzea berak maite duen eta bera maite duenarekin. Biziaren Arnasak bedeinkatzen ditu.

Aizarnan, 2021eko irailaren 8an