Bakera bidean bidari
Pau, paz, peace, paix, pace. Frieden. Salam, shalom. Shanti. Heping, heiwa. Mire, mir. BAKEA. Zeinen eder eta anitza den bakearen izendegia!
Eta izena esanda badakigu izana zer duen. Baina zerbait esaten hasi orduko –funtsezko gauza guztiekin gertatzen zaigu–, dakiguna galdera eta galdegai bilakatzen zaigu, bakea bera galtzeraino. “Zer da denbora? Inork galdetzen ez badit, badakit. Baina galdetzen didanari azaldu nahi badiot, ez dakit”, idazten du San Agustinek aitorpenetan[1]
Badakigu, beraz, baina galde dezagun berriro: Zer da bakea?, esan gabe dakigunaz jabetzen hitzak lagun dezakeelakoan, areago, bakerako bidean lagun diezagukelakoan, garenari leku egiten, alegia, geuregandik urruntzen gaituzten lilurak eta oztopoak lekutuz. Halabiz.
Errazenetik hasiko naiz: hiztegiari galdetuz, jakintza guztien lekuko baitira hiztegiak, esandakotik esanezinera zabaltzen gaituzten hitz bizien bizileku. “Bakea” sarreran, HARLUXET hiztegiak hiru adiera ematen ditu, baina lehen adierak jasotzen ditu beste biak: Inolako ezinegonak, ondoezak edo grinak asaldatzen ez duen baretasunezko egoera.
Hor dago dena, baina non dago hori? Inolako ezinegonik (ez norberaren baitako, ez gizarteko, ez herrien arteko, ez bizidun guztien elkarteko), inolako ondoezik (ez fisiko eta ez psikiko, ez barruko eta ez kanpoko), inolako grinarik edo kezkarik gabeko egoera perfektua, Harluxeten bakea, existitzen ote da planeta honetan, gure barru minduan, bizialdi honetan?
Beste planetaren batera aldatu beharko ote dugu, bada, bakerik izango badugu? Ez da batere ziurra, unibertso mugagabean inolako ezinegonik, ondoezik eta grinarik gabeko planeta perfekturen bat izatea, eta, balitz ere, apenas guri ailegatuko zaigun hara bidaiatzeko aukera. Edo hil eta geroko utzi beharko ote dugu egiazko bakea? Hala dio San Agustinek[2]: zeruan izango dugula betiko bizitza, beteko bizia, beteko atseden edo zoriona, beteko BAKEA (tamalez, ordea, hil eta gero gehien-gehienak infernura bidean jartzen zituen San Agustinek…).
Nolanahi ere, orain eta hemen nahi dugu bakea, eta ez du zertan izan Harluxeten bake perfektua. Utz ditzagun, baldin badira eta ez badira, planeta perfektuak eta “geroko” bizitza. Hemen bizi gara, orain dugu hainbat ezinegon eta ondoez, inon aurkitzen ez dugun osoko bakearen egarri. Ba ote da bakerik? Existitzen ez den bakearen egarri ote gara ala egarri dugun bakerako bidearen ezjakin?
Urik ez balitz, ura ez bagina, ez ginateke izango egarri. Bakerik ez balitz, bakea ez bagina, izango ote ginateke bake-egarri? Beharbada, bakea bada eta gu ez gara. Beharbada, bakean gara, eta ez dakigu. Edo bakea gara, eta ez dakigu garen horretara nola iritsi.
Bakeari buruzko galdera bake-bideari buruzko bihurtzen zaigu: bakea zer den baino, bakerako bidea nondik den. Bitoriano Gandiagak, hain minbera zuen barne-izaeran eta hain zauritua zegoen Euskal Herrian bakerik eza urte luzez pairatu zuenak, idatzi zuen: Bidea lez da bakea: / ibiliz egitekoa / zeregin etengabea. Horixe gelditzen zaigu: bidea, eguneroko ibilbide apala, hiztegiak dioen Bake handiaren zerumugan begiak, baina hemugara iristen ez bagara lasai. Bakearen haziei jarraituz eta lagunduz, agian ikas dezakegu eguneroko bizitza gozatuko digun bake-bidea egiten.
(Argitaratua in: “Bakera bidean bidari”, HEMEN 68, urria-abendua 2020, 7-29 or.)
[1] Aitorpenak XI,14,17.
[2] Jainkoaren Hiria, XXII. liburua, 30. kapitulua.