Bakerako bidea ezagutuko bagenu…

Israelgo profetek noizbaiterako iragarria zuten bakea: garai mesianikoetarako, Daviden ondorengo errege Mesias, “Bakearen Printzea” (Is 9,5), iritsiko zenerako. Orduan “ezpatak golde bihurtuko dituzte, eta lantzak igitai. Ez da naziorik nazioren aurka altxatuko, ez dira gudurako prestatuko. Ea, bada, Jakoben herri, ibil gaitezen Jaunaren argitan” (Is 2,4-5). Orduan “otsoa eta bildotsa elkarrekin biziko dira, lehoinabarra eta antxumea elkarren ondoan etzango (…). Nire mendi santu osoan ez du inork kalterik, ez hondamendirik egingo, Jaunaren ezagupenak beteko baitu lurralde osoa, urak itsasoa bezala (Is 11,6.9). Orduan, Harluxet hiztegiak dioen bakea izango da: ez da inolako gerrarik ez armarik izango, ez du inork kalterik ez hondamendirik eragingo, ez du inork inongo kalterik ez hondamendirik izango. Orduan, itsasoa urez gainezka dagoen bezala, bakez gainezka egongo da Lurra, bakea gainezka dariola. Urruti edo gertu izan zitekeen, baina gero. “Orduan”. Baina izango da, ez etsi. Eutsi. Bakearen utopia ezinbestekoa da.

Zer litzateke gizadiaren historia amets hori gabe, utopiaren bultzada eta ziztada hori gabe? Ernst Bloch, esperantzaren pentsalari marxista kritikoak ederki azaldu zituen utopiaren bi alderdi edo funtzioak: kritikoa edo negatiboa bata, eragilea edo positiboa bestea; orainaldiaren kritika batetik, geroaldiaren eraikuntzarako esperantza eraginkorra bestetik. Ez gaitezke konforma dagoen etengabeko gerrarekin, ezta daukagunaren kritika hutsarekin ere. Eraiki dezagun gaur etorkizuneko bakearen etxea, bakezko hiria. Eta lortzen ez badugu? Inoiz lortzen ez badugu ere, merezi du bakea lortzen bakean saiatzea. Eduardo Galeanok ezin hobeto esan zuen: Utopia zerumuga da; zerumugara ezin da iritsi, harantz joan ahala urruntzen baita, baina zerumugak erakusten digu nondik den bidea, norantz egin aurrera.

Jesusek mozkortzeraino edana zuen profeten espiritutik, haien esperantza-aldarritik: izango da bihotzetan larririk gabeko bakea, izango da Lurrean injustiziarik gabeko bakea. Eta izen berria jarri zion profeten esperantza zaharri, “Jainkoaren erregetza” edo “erreinua”. Eta funtsezko aldaera bat ezarri zion profeten aldarriari: “Jainkoaren erregetza, injustizia eta zapalkuntza guztien ezabatzea, gaixotasun eta ondoez guztien sendatzea, beldur eta larritasun guztien desagertzea, ez da geroko, oraingo da. Badator, gainean da Jainkoaren erregetza. Hasia da dagoeneko. Nahi duzue froga? Ikusi nola hasiak diren sendatzen gaixoak. Oraintxe da Bake handiaren garaia”.

Jesusek horrela hitz egin ote zuen? Badirudi baietz, baina ez zaigu asko axola Jesus historikoak zer pentsatu, esan eta egin ote zuen zehazki; ebanjelioetako kontakizunek –gaur libreki, “espiritualki” irakurrita, noski– gaurko eskaintzen diguten irudi inspiratzailea, hori zaigu axola.

Badirudi Jesusen esperantzazko mezuak nolabaiteko oihartzuna eta arrakasta izan zuela Galileako jende xehearen artean, Genesaret laku inguruko arrantzale eta nekazarien artean bereziki. Jerusalem irabaztea zen, ordea, erronka, eta horretan porrot egin zuen. Hiri santuko elite sozialak (saduzearrak) eta erlijiosoak (apaizeria eta lege-irakasle nagusiak) nahiago zuen handik 400 urtera San Agustinek esango duen “ordenaren bakea” galilear profeta gazteak iragartzen zuen bake iraultzailea baino. Eta Jesus paretik kentzea hobe zela erabaki zuten. Ezagutzen ditugu ondorioak. Jerusalem bidegurutze eta gurutze-bide gertatu zitzaion. (Haren porrota, ordea, martiritza gisa aitortu zuten eta, beraz, pazko, piztuera gisa).

Jesusek igarri zion zer zetorkion, baina ez zuen ihes egin, aurre eman zion. Eta ez gogorkeriaz, nahigabez baizik, hiri santuaren ordenak bakea ukatzen zuelako eta, bakearekin batera, bere izena eta izana ukatzen zituelako nahigabez. “Jerusalem” izenak, ezaguna denez, “Bakearen hiri” esan nahi baitu hebreeraz, eta bake-amets eta esperantza guztien irudia baitzen antzinatik. Hiria urrutitik bistaratzean, erromesek Bakea, Shalom, opa ohi zioten poz-pozik kantari: “Lasai bizi bitez zu maite zaituztenak. Bakea izan bedi zure harresien barruan. Neure senide eta lagunen izenean ere, hauxe diot gartsuki: Bakea zurekin” (Sal 122,6-8). Jerusalem entzutea bakea arnastea zen Jesusentzat ere, Jerusalem esatea bakea eskaintzea. Erromes iritsia zen hirira, agian erromesaldikoan bertan Jainkoaren erregetza, bete-beteko bake eraberritzailea, bake oroberritzailea, lehertuko eta loratuko zelako esperantza sutsua golkoan zuela.

Baina ez. Oraingoan ere ez. Hala susmaturik, eta Oliamenditik hiriari begira, negar egin zuen harengatik, eta kexuz baino ere minez eta deitorez honela hitz egin zion: “Ai Jerusalem, ulertuko bazenu zuk ere gaur bakerako bidea!” (Lk 19,42). “Jakingo bazenu nola aurkitu bakea!”. Ez dago gaitzespenik. Baina Jesusek hasieran uste zuena baino zailago da bakerako bidea, eta ez Jerusalemgo handikiengan bakarrik, baita Jesusek hurbileneko jarraitzaile eta erromeskide dituen gizon-emakumeengan berengan ere. Eta Jesusengan berarengan. Izerdi larritan ikusiko dugu laster Getsemaniko baratzan, bakea galdurik, eta gurutzean garrasika geroxeago, Jainkoa ere galdurik… Eta nola botako diogu aurpegira bakea galdu izana?

Inork ez du bakea jakinaren gainean galtzen eta kentzen, ezjakintasunez baizik. Inork ez du bakea nahita galtzen eta kentzen, ezinez baizik. Gerra sortzen duenak ere bere erako bakea lortzeko asmotan sortzen du gerra. Gaizkia eragiten duenak onura baten bila eragiten du gaizkia. Bakeari uko egiten dionak bakea ezagutzen ez duelako egiten dio uko, ez bakea nahi ez duelako edo liskarra nahiago duelako. Ez dago bakea nahiago ez duen etsairik, ez dago gaitza nahiago duen gaiztorik. Bidea aurkitzen ez duten alderraiak gara, ez errudunak. Agian horixe ulertu zuen Jesusek berak, Jerusalemi minez mintzatu zitzaionean baino ere hobeto, Getsemaniko eta gurutzeko larridura pairatu zuenean. Barka iezaiezu, Aita, ez baitakite zer ari diren (Lk 23,34). Eta dena galdu denean geratzen den Orotasuna, Hustasun betea, du azken hitz: “Aita, zure eskuetan jartzen dut bizia” (Lk 23,46). Betiereko Biziaren Arnasa da geratzen dena.

Bere azken hitz eta arnasatik mintzatzen zaigu guri ere, larritasunean zehar bakerako bidea aurkitu duen edonor bezalaxe, nahigabez eta errukiz: “Bakerako bidea aurkituko bazenu! Bakearen itxura eta bakearen dohaina, boterearen bakea eta errukiaren bakea, Inperioaren bakea eta Arnasaren bakea, lilurazko bakea eta egiazko bakea bereizten jakingo bazenu! Zeure burua eta hurkoa zigortzeari utzi eta bizi zaituen bakeak bake-bidetik gida zaitzan onartuko bazenu! Erromes guztientzat bezala, zuretzat ere helmuga ez, baizik eta bidea bera dela funtsezko, bidea duzula helburu ulertuko bazenu! Zure esku dago. Esku-eskura daukazu bakerako bidea aurrean zabalik: zeure baitan, hurkoaren baitan, naturan, den orotan. Jaiki zaitez eta zoaz bakean”. Goazen bakean.

Bide guztiak –zu zeu, hurkoa, natura, den oro– bat dira, bakea bezala. Bide guztiak batera egiten ditu bake-bidariak. Ez, halere, noizbait erabateko eta behinbetiko bakera iristeko, baizik eta bakea galtzen duenean ere bideari bakean jarraitzeko. Bakearen zerumugak gidatzen gaitu bidean.

(“Bakera bidean bidari” izenburuaz argitaratu nuen artikulutik moldatua: Hemen, 68 zenb. / 2020ko, urria-abendua, 7-29 or.)

Aizarna, 2021eko abenduak 3