Bakerako bidetik?

Adar biluzian geldi eta isilik, Aizarnako paisaia elurtuari begira dago zozoa. Lasaitasuna eta harmonia dario guztiari. Dena bakean arnasten.

Baina lehen albistea, lehen orrialdea, lehen pentsamendua zabaldu orduko, uneotan bizi dugun ziurgabetasun planetario ikaragarria agertzen da, pandemia honen eta dagoeneko etorriak edo oraindik etortzekoak diren beste hainbat pandemia okerragoren mehatxuak. Eta bat-batean sortzen dira kezkak, urratzen bakea. Eta gure giza espeziearen enigma eta kontraesanei buruz galdezka hasten naiz berriro: gai ote gara neguko goiz honen hondoari darion bakerako, den guztiaren bihotzak eta gure bihotzak irrika duen bakerako? Posible izango ote da bakea Lurrean Homo Sapiensa nagusi duela?

Ez San Agustinek Jainkoaren hirian dioen “ordenaren lasaitasunezko” bake burumakur eta konformista (XXII. liburua, 30. kap.), nahiz eta esan beharra dagoen Agustinek “ordena” dioenean, “bakoitzak dagokion bidezko lekua izatea” ulertzen duela. Nolanahi ere, hark Inperioaren ordena eta bere bakea maite zituen, eta Inperioaren erorketa deitoratu zuen, bere begiekin ikusi zuena.

Jesusek ez zuen ez Erromatar Inperioa, ez beste Inperiorik maite izan. Lurrari sua ematera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko piztua balego! Mundura bakea ekartzera etorria naizela uste al duzue? Bai zera, banaketa (Lukas 12,49-51). Ez, beraz, Inperioaren bakea, ez Pretorioaren bakea, ez Tenpluaren bakea, ez Burtsaren bakea: ba al da ezer Burtsa baino estresatuagorik? Ba al da ezer estresagarriagorik eta bakearen etsaiagorik finantza-espekulazioa baino, gobernuak erorarazten baititu, herriak hondoratzen, enpresak amiltzen, familiak etxegabetzen? Nahiago nuke sutan balego!

Elkar-aitorpenaren, errespetu sakonaren, zaintza unibertsalaren bakea dugu irrika. Berdintasunaren eta justiziaren bakea. Ez bake perfektua, tentsiorik eta itzalik gabea, baizik eta bake bidaria, helmugara iritsi beharrik gabe helmugarantz begiratzen duen bakea, erratzen eta erortzen den bakea –gizalegekoa baita erratzea eta erortzea– eta, aldi oro, eskua luzatzen eta eskutik heltzea onartzen duen bakea, eta berriro altxatzen eta bideari ekiten diona umilki, humanoki, bere buruaz etsi gabe eta hurkoa kondenatu gabe.

Horrelako bakerako gai ote da, ordea, Sapiens gure espeziea? Gure 1.400 cm3-ko garunak eta DNAak ahalbidetzen ote digute? Ez, ez dut nahi zozoaren bakerik, hainbeste miresten badut ere. Agian bere garunak ez dio uzten bere bakeaz jabetzen eta guk goza dezakegun intentsitatearekin gozatzen. Baina gure abantaila desabantaila bilakatzen da, gaitasun handiagoa mehatxu bihurtzen.

Zozoa baino zoriontsuago eta baketsuago senti gaitezke agian, baina zalantzarik ez zozoa ez dela inoiz gizakia bezain dohakabe eta larri sentituko, eta ez diela sekula beste zozoei eta planetari eragingo guk hurkoei, planetari eta geure buruari eragiten diegun sufrimendua eta kaltea. Iraganaren damuak eta etorkizunaren kezkak, garenarekin eta dugunarekin ase ezinak, maite duguna galtzeko beldurrak eta gorroto duguna suntsitzeko bulkadak, besteak baino gehiago izateko gutiziak eta gutxiago izatearen larritasunak, haserreak, bekaizkeriak… gainerako animalia-espezie ezagunetako bakar batek ere pairatzen ez duen bezalako oinazez oinazetzen gaituzte. Eta milaka eta milaka urtetako historiak erakusten du giza historiak ez duela aurrera egiten espeziearen eta banakoen bakerantz, alderantziz bai beharbada… . Eta ez gaiztakeriagatik, errorea eta ezintasunagatik baizik.

Eta orduan zer? Espezie hain harraparia garelako ote da, non Lurra bezalako makro-organismo bizidun batean luzarora bideraezina bilakatzen den, planeta mugatu batean duen botere mugagabearen ondorioz iraungitzera kondenatutako espeziea, biologikoki lortu gabea den espeziea, hots, bere konplexutasun itzela harmonia kolektibo eta indibidualean kudeatzeko gai ez dena? Lurreko bizi-bilakaeraren saiakera erratua ote gara? Ba ote dago oraindik irtenbiderik espezie hau gero eta azkarrago amiltzen ari den amildegitik ateratzeko? Izan ote daiteke irtenbiderik, funtsezko zenbait mekanismotan (desdoikuntza neuronalak, desordena genetikoak…) berme nahikoarekin esku hartuz eta espezie hau birsortuz edo beste berri bat sortuz ez bada?

Barkatu. Baliteke gaur ospatzen dugun festa ez izatea egunik aproposena hain arazo latzak planteatzeko. Baina nago, Epifaniako Argiak ez duela ezer estaltzen eta inor engainatzen, mozorroa kentzen eta arnasa ematen baizik, Jesusen su bizi-berritzaileak bezala. Ez dut sinesten boterean, nagusitasunean eta lehian.

Urteak aurrera doaz eta itxaropena nekatuz, baina biziak arnasa hartzen jarraitu behar du. Hitzak higatu eta itzali egiten zaizkigu, baina berpiztu beharrean gaude haiek dakarkiguten Esanezinaren oihartzuna. Sinesten dut hitz horietan.

Sinesten dut Magoen kontakizun sinbolikoan, bakearen bila egiten duten bidaia luzean, gidatzen dituen unibertsoaren bihotzeko izarrean, euren aberastasunak eta erlijioa bera biziaren aurrean lagatzera eragiten dien desatxikimenduan, Sinesten dut biziaren pobretasunean eta hauskortasunean, denetan baliotsuen eta adoragarrienean: haurtxo bat askan.

Aizarna, 2020ko urtarrilak 6