BEKATUAZ ETA BARKAMENAZ

Bekatuari eta barkamenari buruz 20-30 urteko gazteentzat idatzi behar banu, oso bestelako gogoetak proposatuko nituzke. Gure gazteek ez dituzte pairatu eliz diskurtso moralistaren ondorio gaiztoak. Dituzten zauriak –ze zauriak izan, badituzte, eta zenbat!– ez dira jainko-irudi zigortzaile eta errepresiboak eraginak. Ez dira erru-sentipen, “bekatuen aitorpen” eta kontzientzia-lasaitasunaren gurpil ero erogarrian harrapaturik egon, eta eskerrak! Baina bestelako gurpil eroak ere ez dira falta: mizkeria, erantzukizun-falta eta hauskortasunaren gurpil eroa esate baterako, eta haur eta gazte asko daude bertan atziturik.

HEMEN aldizkari hau ez da apenas –eta tamalez– horiengana iristen. Helduontzat idazten dut, beraz, bekatuaz eta barkamenaz. Eta ziurtasun batek eraginda idazten dut: bekatua eta barkamena izan direla mende askotan kristautasunaren pozoi nagusia. Jesusen berri ona gaiztotu duena. Fedea askatzaile ordez kateatzaile bihurtu duena. Fededun asko sendatu ordez gaixotu dituena. Bihotzean poza ordez hezur-mamietan larria txertatu duena. Lagun hurkoarengana zabaldu ordez, hainbat kristau norberaren baitan itxi (eta ito) dituena.

“Bekatua, tira! Baina barkamena pozoi?”, galde lezake norbaitek, harriturik. Bai, barkamena ere bilaka daiteke pozoi. Erru-sentipena bezain neurotizatzaile izan daiteke barkamena. Barkamena nola ulertzen den. Bekatuak ongi aitortzearen truk irabazten den barkamena eta barkamenari esker lortzen den kontzientzia-lasaitasun igarokorra neurotizatzaile izan dira neurri handi batean.

Bekatua eta barkamena sakon jorratu beharra dago, gaurko ezer onik esango badute. Eta sinetsia nago, on asko dutela esateko. Ez nago ziur hitz horiek gaur oso egoki ote diren, baina ziur nago euren jatorrian esan nahi digutena jatorra dela. Hitz zaharren esanahi jatorrak, esanahi ongarriak, bilatzea da neurri handi batean teologiaren zeregina. Nahiz hitz zaharrak gordez, nahiz berriak asmatuz. Nola izan bestela gaur fededun, geure buruaren eta besteen onerako?

1. Zer dakarkizu gogora “bekatu” hitzak?

Katekista eta apaiz asko ezagutzen ditut bekatu hitza ahalik eta gutxien erabiltzen dutenak, edo euren hiztegitik erabat aldendu dutenak. Arinkeriaren seinale ote da, kristau-fedearen sakoneko mamiari uko egin diotenaren seinale, alegia? Hala uste duenik ez da falta. “Bekatuaren eta barkamenaren esperientziarik ez duenak ez du Jainkoaren berri, Jesusen Jainkoaren berri ez behintzat “, entzuten diot bati baino gehiagori. “Zaude apur bat –esango nioke–. Ez dezagun urrutiegi jo. Ez gaitezen hitzetan gal. Ez dezagun inor errazegi kondena. Esadazu lehenengo: zer da zuretzat bekatuaren eta barkamenaren esperientzia? Eta ziur al zaude zuk uste duzun hori bera uste zuela Jesusek?”

Nik ez dakit bekatu hitza erabat gainditu edo desterratu behar ote dugun. Ez dakit milaka urtetan erabili den hitzaren ordezko egokirik aurkituko ote genukeen. Dena den, inork zalantzarik balu, bekatu hitza bera ere ez da munduaren sorreran sortua, eta ez da segur aski betiko izango. Latinetik dator: peccatum. Jesusek ez zuen inoiz erabili, ezta lehen hiru mendeetako kristauek ere, ez baitzuten latinez egiten. Hebreerazko hata eta beste hainbat (awon, rasa, pasa, asam…), grekozko hamartia eta beste hainbat (paraptoma, parabasis, adikia, anomia…) itzultzeko erabili zuten peccatum. Irudi desberdinak, esanahi-ñabardurak ugari, mugak lauso. Bekatu hitza ez da, bada, inongo absolutu. Fedea, bestalde, ez da hitzetan jokatzen. Fedeak hitzak behar ditu, baina ez da hitzetan agortzen, Jainkoari esker.

Nik ez dakit, beraz, bekatu hitza mantendu behar ote den, baina bai jorraketa on baten premia duela. Ez da hitz baten arazoa. Bekatu hitzaren oinarrian dagoen edo inguruan eraiki den Jainko-irudia, sakramentu-diziplina, espiritualtasuna… horiek dira arazo.

Galdetu jendeari, fededun nahiz fedegabe, ea zer dakarkion gogora bekatu hitzak. Zerrenda kezkagarria aterako litzaiguke: errua, gaiztakeria, plazera, sexua, “zikinkeriak”, legea, lege-urraketa, Jainko epailea, Jainkoaren haserrea, zigorra, ordaina, espiazio-premia, sakrifizioa ordain… Hori ote da bekatua? Ez, baina horixe dakarkio –dakarkigu– burura. Jorratu egin behar.

Jesusen berri ona eta presentzia pozgarria ospatzera biltzen gara mezatan, diogunez. Baina bildu orduko hasten gara bekatua gora eta bekatua behera. Lehenengo hitza: “Aitor ditzagun gure bekatuak”. “Erruki, Jauna. Kristo, erruki. Erruki, Jauna”. Agidanean, ez da batere seguru errukituko zaigula, eta erregu egin behar. Ebanjelioan ez da horrelakorik ageri: Jesusek oso gutxi aipatzen du bekatua, bekatariak gaixo bezala tratatzen ditu, Jainkoaren errukiak ez du neurririk eta baldintzarik, ez du erregu-beharrik. Jesusen berri ona ez da lehenik bekatuen barkamena, baizik eta behartsuen zoriona, gaixoen osasuna, menpekoen askatasuna, nahigabetuen poza, erorien adorea, gizarte justuagoa eta planeta harmoniatsuagoa eraikitzeko esperantza kementsua. Horra zer ikusi behar lukeen mezatara aurreneko aldiz datorren edonork, eta hurrengoan ere etortzeko gogoa izango luke.

Bekatu-sentipena galtzen ari gara”, diote batzuek, gertakari tamalgarria balitz bezala. Berriro diot: segun bekatu hitzarekin zer esan nahi den. Hitzaren gainean ebanjeliozkoak ez diren sistema kaltegarriak altxatu ditugu, eta sistema horiek erori beharrekoak ziren eta erortzen ari dira. Erru-sentipenaren mekanismoak ongi erakutsi dizkigu psikologiak; askatasuna baldintzatua (ez absolutua), estrukturala (ez soilik subjektiboa), mugatua (ez osoa) eta dinamikoa (ez jada burutua) dela frogatu digute neurobiologiak, antropologiak, soziologiak, eta zerebroari, heziketari, kulturari, gizarteari, erakunde eta egiturei estu-estu loturik dagoela; erruaren ingurukoak beste modu batera planteatzen ditu aspalditik zuzenbidearen filosofiak. Mendebaldean, kristautasunaren itzalean, erruak eta erru-sentipenak –gizabanakoaren erruak eta erru-sentipenak– hartu duten dimentsio erraldoia ez dute hartu, ezta gutxiagorik ere, beste hainbat kultura nahiz erlijiotan; hala ikusarazten digute historiak eta antropologia kulturalak, eta exegesiak berak Bibliari dagokionez.

Hots: bekatuaren paradigma tradizionalak aldatu dira. Erruaren ikusmolde zaharra erori da, eta bego. Errua ukatu eta hutsean gelditzeko? Ez: erruaren ikuspegitik erantzukizunaren ikuspegira igarotzeko. Ez gaitezen lehenari eusten saiatu, askoren kalterako jardungo baikenuke, alferrik jarduteaz gain.

2. Bekatua zer ez den

Elizaren historian –Erdi Arotik hona– bereziki nagusitu den bekatu kontzeptua oso objektibista, erlijiosoa, indibidualista eta moralista izan da. Hortik sortu dira kristau-bekatu tradizionalaren zenbait akats nagusi. Ikuspegi hori goitik behera berrikusi beharrean gara, bizi izateko eta eskaintzeko berri onik badugu.

2.1. Bekatua ez da Jainkoaren agindu zehatz baten urraketa. Ez da legearen infrakzioa, Jainkoak jarria omen den arau bat haustea. Jainkoarenak omen diren arau zehatzak hartu izan dira Jainkoaren borondatetzat, eta arau horiek urratzen dituzten ekintzak bekatutzat. Ikuspegi objektibista honen arabera, arauek neurtzen dute dena: Jainkoaren nahia eta gizakiaren txarkeria.

Jainkoak, ordea, ez digu behin betiko arau absoluturik ezarri, ez berez zuzenean, ez Eskrituraren bidez, ez Elizaren bitartez. Biblian ehunka arau dago, noski, baina ez daitezke bere horretan Jainkoaren agindutzat har. Ezer agintzekotan –esango nuke, esate batera–, zera agindu digu Jainkoak: geure burua, besteak, izaki guztiak zain ditzagula eta, denok elkar zainduz, izan gaitezela denok zoriontsu. Jainkoaren legeko “hamar aginduak” horretantxe bil daitezke. Jesusen hitzez esateko: “Maita ezazu Jainkoa bihotz guztiaz, eta maita ezazu lagun hurkoa zeure burua bezala” (Mateo 22,34-40).

Bestalde, arau zehatz baten urraketa ez da inoiz besterik gabe gaitzesgarri: lege-urratzeari berari baino gehiago, ekintza horren izaera eta esanahi etikoari begiratu behar zaie, pertsonaren egoera, motibazio eta helburuei. Ekintza batek ez du erabakitzen norbaiten txarkeria etikoa. Ezta ekintza guztiek batera ere. Jainkoak “bihotzari” begiratzen diola errepikatzen da Biblian behin eta berriro. Arauak (norenak?) txintxo betetzeak ez du agertzen bihotzaren zintzotasuna; arauak hausteak ere ez du agertzen bihotzaren gaiztotasuna, nahiz eta araurik jatorrenak izan (arau okerrak direnean, berriz, zer esan?).

 

2.2. Bekatua ez da Jainkoari irain egitea. Bekatua “sekularizatu” egin da. Jende asko sentitzen da gaur ere errudun, baina inor gutxi “Jainkoaren kontra” zerbait egin duelakoan. Eta ongi da horrela. Badugu zer ikasi. Zeren eta bekatua ez baita Jainkoarekin zuzenean, Jainkoarekin bakarrik edo Jainkoarekin batik bat zerikusia zuen duen ekintza nahiz jarrera. Bekatuak ez du zerizan “erlijioso” hutsa edo zerizan “erlijiosoa” lehenik. Bekatua ez da alde batetik “politikoa” (adiera zabalean) eta beste alde batetik “erlijiosoa”.

Izan ere, Jainkoa ez da errealitateaz aparte dagoen zerbait edo norbait, gainerako izakien ondoko edo gaineko izaki. Errealitatearen baitan (bakarrik) da Jainkoa, eta Jainkoaren baitan (bakarrik) errealitatea. Jesusen hitzetan: “Txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten” (Mateo 25,40.45). Izakiak iraintzen dituenak bakarrik egiten dio “irain” Jainkoari, izakiengan egin ere beti. Bere buruari edo besteei min ematen dionak bakarrik ematen dio “min” Jainkoari. Bere buruari edo besteei kalte egiten dienak bakarrik egiten dio Jainkoari “uko”. Eta izakiak irainduz Jainkoa “iraintzearen” ondorioa ez da “Jainkoaren grazia” galtzea, geure buruaren eta besteen zoriona galtzea baizik. “Bekatuaren ondorioa” ez da “geroko salbamena” arriskuan jartzea, mundu honetan guztion elkarbizitza zoriontsua hondatzea baizik. Horixe da Jainkoarentzat “penagarri”.

Eta norbaitek –ezinezko hipotesi batean– Jainkoari aurrez aurre, zuzen-zuzenean, uko egiterik baleuka ere, horrek ez lioke Jainkoari batere axolarik izango, Jainkoari ez baitio “bere buruak” batere axolarik, bere izakion zorionak baizik. Jainkoa ez da gu bezala “mintzen”, samintzen, sumintzen edo erresumintzen. Ez du guk bezalako ni minbera, ondra ahul sentibera. Eta ez daiteke haserre, ez diezaioke inori haserre begira. Ez dezake inor maitasunez baizik begira. Gizakirik “gaiztoena” ere Jainkoak ez dezake gaizto ikus (aita-amarik onenak seme-alaba gaiztorik ikusiko ote luke? Zenbat aitzakia eta desenkusa aurkituko liokeen!)

 

2.3. Bekatua ez da lehenik gizabanakoaren arazoa. Gizabanakoa ez da bekatuaren lehen egile edo subjektu, bekatugile nagusi. Marx-i esker ikasi bagenuen ere, gaur egun ez dago oso marxista izan beharrik, gure balio-sistemak, gure etika eta gure fedea bera gizarte-sistemarekin, ekonomiarekin eta ekologiarekin errotik lotuak daudela aitortzeko. Nire aukerarik espiritualenak eta nire bizipenik mistikoenak ere gizarte-erakundeetan sustraiturik daude (naturan, biologian, hezkuntzan bezala).

“Bekatu estrukturala”ri teologian toki ematea izan zen Joan Paulo II.aren ekarpenik garrantzizkoenetakoa: hainbat jende miserian bizitzera edo goseak hiltzera kondenatzen duen egitura ekonomikoa bekatu da, beste ezer baino bekatuago; Estatu guztiak bekatu dira, zenbat eta boteretsuago hainbat eta bekatuago (gehienak indarkeriaz sortu ziren, eta indarkeria eragiten dute denek, irten nahi luketenei irteten uzten ez dietelako edo sartu nahi luketenei sarrera eragozten dietelako); hainbat gezur eta alderdikeria berekin daraman egitura politikoa bekatu da; hainbat idolatria eta bidegabekeria eragin duen eta eragiten duen eliz egitura bekatu da. Eta abar, eta abar.

Noski, hori guztia ez da bere kasa sortu; gizakiek egin dute, gizakiek eusten diote tente; baina gizakiak ere egituretatik sortzen dira, egituretan hazten. Ezin bereizi, bada, dimentsio pertsonala eta estrukturala. Halere, teologo askorekin batera esango nuke “bekatu estrukturalak” erakusten duela garbien bekatua zer den: gizadiaren eta izadi osoaren hondamena. Jesusek mundu deitzen du maiz Joanen Ebanjelioan gizakien banakako gaiztakeria baino gaiztoago eta kaltegarriago den hori (Joan 14,17; ik. 1,10.29…).

Ikuspegi indibidualista batetik bekatua gizabanakoaren arazo huts bihurtu izan delako, bekatua bi arlo nagusitan kokatu izan du Elizaren moral tradizionalak: autoritatean eta sexuan. Autoritatearekiko desobedientzia eta sexuaren erabilera izan dira bekatu nagusi, kasik bekatu bakar. Desobedientzia bertute izan daitekeela eta sexu-plazerra berez santua dela apenas inoiz erakutsi den.

2.4. Bekatua ez da errua. Bekatua ikuspegi juridiko eta moralista batetik begiratzen ohituak gaude: “Legearen aurka egin dut zerbait, eta ez naiz ongi sentitzen. Errudun banaiz, zigorra merezi dut. Jainkoak zigortuko nau, bizitza honetan ez bada gerokoan. Larri nago. Baina agian ez naiz errudun. Agian ez dut jakinaren gainean egin, edo agian ez dut apropos, nahita, borondate osoz egin. Agian badut erruaren aringarriren bat. Baina errudun banaiz?” Zenbat horrelako kezka eta katramila, zenbat erretolika antzu eta larri!

Adiskidea, bekatuak ez du horrekin guztiarekin zerikusirik. Nork daki jakinaren gainean ala ezjakinean egin duzun zerbait, edo zenbateraino zinen jakitun? Nork daki nahita ala nahigabe egin duzun, edo zenbateraino nahita? Jainkoa ez zaizu sekula kontuak hartzen ari, epai-mahaian eserita. Jainkoari ez dio inporta errudun zaren ala ez. Nolanahi ere, ez zaitu inoiz errudun ikusten, edo haserre begiratzen, eta ez zaitzake inoiz zigortu. Zerk inporta dio, bada, Jainkoari? Izan zaitezela zeu, izan zaitezela libre eta senide, izan zaitezela on eta zoriontsu hurkoekin eta gizaki guztiekin eta izadi osoarekin batera.

Jesusek zauri gisa ulertu zuen bekatua, erru gisa baino gehiago. Begira, bestela, bekatariak nola hartzen dituen. Adulterioan harrapatu duten emakume bat dakarkiote ohiko erlijio-maisu eta lege-zaindariek (gizonezkoa ere izango zen, noski, emakumearekin adulterioan, baina erru-bilaketa oso selektiboa izan ohi da). “Horrelako emakumeak harrika hiltzeko agindu digu Moisesek. Zuk zer diozu?” Legea, errua, zigorra gogoan. Jesusek ezta jaramonik ere; lurrean marrazkiak egiten hasten da. “Ez duzu ba emakumearen jokabidea ontzat emango! Zer diozu?” Lurretik altxatu eta, salatzaileei begira-begira, esaten die: “Bekaturik ez duenak jaurti biezaio lehenengo harria”. Isil-isilik alde egin dute denek, zaharrenetik hasita, eta Jesusek emakumeari begiratzen dio: “Non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork kondenatu? Nik ere ez zaitut kondenatzen”. Salakuntza, errua, zigorra, kondena… horiek gainditurik daude. Horrek ez dio Jesusi inporta. Orduan zerk? “Zoaz beldurrik gabe. Bizi zaitez zeure buruari eta besteri kalterik egin gabe” (Joan 8, 3-11).

3. Errutik erantzukizunera

Aurreko atalak erakutsi digunez, erro-errotik berrikusi beharrekoa da bekatu kontzeptua. Batetik, giza ekintza ororen dimentsio estrukturalari (biologikoari, politikoari etab.) askoz hurbilagotik erreparatuz; ezingo dut inoiz jakin, ekintza on bat nahiz txar bat egitean, neure hautu librez egin ote dudan, ala “egoerak” hartaraxe eraginda. Bestetik, erruaren ikuspegitik erantzukizunaren ikuspegira igaroz. Bata bestearekin oso loturik daude.

3.1. Erruaz eta zigorraz haratago. Erruaren ikuspegitik erantzukizunaren ikuspegira. Hori da funtsezkoa. Eman dezagun hilketa bat, bere gordinean eta onartezinean. Hiltzailea harrapatu eta, errudun bada, kartzelara, harik eta zigorra ordaindu arte. Hori dio legeak, eta horretarako dago polizia, horretarako zuzenbide-sistema, horretarako kartzelak. Bai, baina… Segur aski ez da posible izango gizarte bat taxuz eratzea poliziarik gabe, epailerik gabe, kartzelarik gabe… Ez, baina… Gizarteak bere burua babestu behar du, noski, eta horretarako dago sistema hori guztia; hilketak eragotzi behar dira; eta hilketaren biktimek behar dute, noski, sistemaren lehen ardura eta babesa. Bai, baina… Hiltzaileari ere begiratu behar zaio. Nork daki zerk eragin dion hilketa makur hori burutzera? Gaiztakeria hutsez egin ote du? (Ni neu, haren tokian, hobea izango ote nintzateke?) Eta kartzela bera, zertarako da? “Ordaintzeko”? Zer da “ordaintzea”? Norbaiten hilketa hogei urte kartzelan eginez ordaintzen ote da? Hogei urteon buruan, hildakoa piztuko balitz, eta haren senideek sufritzeari utziko baliote, hartara bai agian, baina bestela?

Zuzenbidearen filosofiak azken berrehun urtetan erakutsi duenez, kartzela ez da ezer “ordaintzeko”, baizik eta krimenak eragozteko eta kriminalak bergizarteratzeko. Horixe da errutik erantzukizunera igarotzea. Gaizkilea ongile bihurtzea interesatzen zaio gizarteari, gizarte zibilizatua bada behinik behin. Egia esan, oraindik jende inzibilizatu asko dago (gaude) antzinako filosofia penalistari eusten diona, “gaizkileari zigorra!” beste eskolarik ez duena, kartzelak errudunarentzat zigor bezala ulertzen dituena eta, azken batean, gaizkileak sufritzen ikusiz gozatzen dena. Biktimak aipatzen dituzte mihi-puntarekin, baina mendeku-grina besterik ez darie. Horrela ez dago gizarte gizakoia eraikitzerik.

Nola bada? Gaizkileak ongile, arduragabeak arduratsu, gutiziatsuak solidario bihurtuz. Esaten erraza da, egiten zaila. Baina nahi izatea nahi litzateke gutxienez. Gizartea ez dugu aingeru errugabeok osatzen. Baina erru-bilaketak eta zigor-banaketak nekez onduko dute gure gizartea. Nola bestela? Errutik erantzukizunera igaroz. Zuzenbidearen filosofia igaro zen. Baina filosofia ez da aski. Gizarte-egiturak (heziketa, epaiketak, zigor-sistemak, kartzela-ereduak…) horretara egokitu behar dira ikuspegi berrira.

3.2. “Bekaturik mortalena”. Hiltzailea biziaren laguntzaile izatera eramatea da, beraz, gizartearen helburu, eta ez hilketaren errua ordainaraztea. Eta ezinbestekoa da bakoitzari bakarka laguntzea. Baina ez da aski. Hori bezain funtsezkoa eta ezinbestekoa da gizaki bakoitza kokaturik dagoen egiturak eraberritzea.

Izan ere, hiltzailerik ankerrenek ez dute izen-abizenik, eta ez dago kartzelara eramaterik, eta krimenik larrienak “legearen barruan” gertatzen dira. Egunean dozenaka mila lagun hiltzen dira goseak.. Egunean 2 euro baino gutxiagorekin bizi dira 2.500 milioi biztanle. 1990 ezkero, herrialderik behartsuenetako 18k, zertxobait bederen aurrera egin ordez, atzera egin dute. “Bekatu mortal”ik bada, horra mortalenak. Baina inork ez du horregatik eskrupulu larririk, inor ez da errudun sentitzen. Eta norbait errudun sentituko balitz eta, apaizari aitortu eta “barkamena” hartze hutsarekin, kontzientzia lasaituko balu, ondo seinale pobrea emango luke. Kontua ez da “errudun” sentitzea edo “absoluzioa” hartzea, egoera aldatzea baizik…

Baina utz dezagun oraingoz ikuspegi teologikoa, eta begira ditzagun gauzak ikuspegi politiko eta juridiko soiletik. Nor da gure planetan gertatzen diren bidegaberik handienen “errudun”? Inor ez. Ez dute subjektu zehatzik. Ez dago errua nori egotzi. Bai, guztiok gara “errudun”, baina inor ez izatea bezalatsu da hori. Eta botere gehien dutenak “errudunago” dira, noski, baina haiek ere aise aurkituko dute hainbat aitzakia. Eta inork ez ditu kartzelara eramango, egiten dutena “legezkoa” den bitartean (eta legezkoa ez izanagatik ere nahiko lan). Gure planetan egiten diren krimenik latzenak eta ugarienak “legezkoak” dira, bestalde… Mundu guztirako legeak munduko boteretsuenek euren probetxurako egiten dituztenean, legea eta justizia ez datoz bat. Multinazional handiak eta herrialde aberatsak hiltzaile dira, errudunik ez den arren.

Baina orduan zer? Errudun indibidualak bilatzea alferrik baldin bada, eta guztiok kartzelara eramatea ezinezko (alferreko izateaz gain), gauzak dauden-daudenean uztea beste biderik ez ote? Gizabanakoen errua balitz arazo nagusia, ez legoke agian ezer gehiago egin beharrik. Baina gakoa ez dago norbanakoen erruan edo errugabetasunean. Erruak erru, erantzukizuna da beharrezko. Zuzenbidearen filosofiak bezala, errutik erantzukizunera igaro behar du gizarteak osorik, erakunde eta egitura guztietan. Kontua ez da errudun sentitzea edo epaimahai baten absoluzioa lortzea, herrialde eta gizaki zapalduekiko justizia baizik: gizakiak eta izaki guztiak elkartasunezko bakean bizi izatea.

 

3.3. Errudun ez, baina kaltegile. Errudun ote gara? Ez dakit. Libre ote gara? Libre izan nahi dut, baina libre ez naizelako sumatzen dut libre izan nahia; gaindiezineko muga eta baldintzen artean bizi dut askatasuna; askatasuna ez da neure eskura dudan fakultate abstraktu bat, ametsa eta bidea baizik. Libre izan ezina zait libre izan nahiaren akuilu. (Eta bene-benetan sinesten dut, erabat libre izango banintz, erabat on izango nintzatekeela, Jainkoaren antzera. Ona besterik egin ezina edo besteei on egitean zoriona aurkitzea, a zer askatasun ederra! Horixe da “Jainkoa”: ontasunaren eta askatasunaren bateratze osoa, berezko ontasunaren zorion betea).

Eta libre ez banaiz, ez naiz erabat errudun, ikuspegi juridiko penaletik begiratuta: nahita eta jakinaren gainean gaitz egin duena bakarrik kondena dezake epaimahai penaleko epaileak. Ez dut uste, gizakiak nahita eta jakinaren gainean gaizki jokatzen duenik. Bere buruaren onari bakarrik begiratu, askotan. Bere onaren bila besteari kalte, askotan. On ustean gaitz, askotan. Eta on egin nahi eta ezin, askotan. Inork baino hobeto esan zuen Paulok: Ez dut neure jokabidea ulertzen, nahi dudana ez baitut egiten, eta gorroto dudana, huraxe dut egiten… Nahi dudan ongia ez dut egiten, eta nahi ez dudan gaizkia egiten dut (Erromatarrei 7,15.19).

Hau da, erruaren ikuspegi juridiko penalak ez digu balio gizakiaren jokabidea ulertzeko, askatasunaren kontzeptu abstraktuak balio ez digun bezalaxe. Errudunaren bilaketak edo errua neurtu (eta zigortu) nahiak ez garamatza inora. Bekatua ikuspegi horretan ulertzeak bide itsura garamatza.

Beraz, ez dakit errudun ote naizen, eta zein neurritan naizen. Ezin dut jakin, eta ez dit ardura. Baina gaizki jokatzen dut. Min ematen dut. Kalte egiten diot neure buruari eta besteri. Hori badakit, eta horrek izan behar dit ardura. Errua ukatzeak ez du esan nahi inolaz arduragabekeria, norberekeria eta gutizia ontzat ematen direla Errua zalantzan jartzeak ez gaitu umekeriara bihurtzen. “Ni ez naiz izan”, esan ohi du haurrak, bere erantzukizuna bere gain hartzeko gauza ez delako, umeegi delako. “Nik ez dut errurik”, entzuten da gaur edonoren ahotan. “Ni bekatari” ordez, “ni errugabe”. “Errugabetasunaren tentazioa”n (P. Bruckner) buru-belarri murgildurik dago gure kultura. Eta “ni errugabe” dioena horretan geldituko balitz, gaitzerdi. “Ni errugabe, bestea errudun”, nork bere burua zuritu eta beste errudunak bilatu: hori dago modan. Umekeria. Gure kulturak erruaren sareetan nahastua jarraitzen duelako zantzu garbi. Erru-sentipen larritik errugabetasun arinera, ez dugu asko irabazi.

Zein da bidea? Errutik erantzukizunera. Ez dakit errudun ote naizen, baina neure buruaren jabe behar dut izan: egiten dudan kalteaz jabetu, kaltetuaren aurrean erantzun. Ez zara errudun, baina kaltegile zara, eta azkenean zeure burua ere galeran eta kalteturik gertatzen da beti. Ez zaitu inork kondenatuko, ez izan zigorraren beldurrik, baina izan zaitez arduratsu, saia zaitez hobea izaten, kalte egin diozunari on egiten. On izatea zor diozu besteari, eta baita zeure buruari ere. Ikas ezazu on izanez zoriontsu izaten, besteen eta zeure buruaren mesedetan.

Itzul gaitezen gogoeta teologikora: bekatua erruaren erregistrotik atera eta erantzukizunaren erregistrora eraman behar dugula iruditzen zait. Uste dut, Elizak ez lukeela inoiz esan behar jokabide bat bekatu denik, zertan den kaltegarri modu sinesgarrian erakusteko gauza ez bada; ez da bekatu Jainkoak debekatu omen duena, baizik eta geuretzat edo besteentzat kaltegarri dena. Ezinbestekoa deritzat, beraz, Bibliaren eta tradizioaren irakurketa berri bat egitea,ri Jainkoaren irudia erruaren gurpiletik libratzeari, eta “penitentzia” sakramentua errotik berrikusteari “graziaren sakramentu” bihur dadin. Zedarri nagusi batzuk aipatuko ditut hurrengo lerroetan.

4. “Zoaz bakean, ez egin kalterik”

4.1. Jainkoa, erruaz eta barkamenaz haraindi. Bekatuaz eta Jainkoaz ari garenean, kristauok ez ote dugu filosofia penalista zaharrari atxikiak jarraitzen? Hartantxe nago. “Jainkoaren aurrean errudun zara, eta bietan bat: edo Jainkoak errua barkatzen dizu edota errua ordaindu behar duzu. Baina, jakina, errudunari errua barkatzea ez da zilegi, ez da bidezko; errua beti ordaindu behar baita nola edo hala: edo errudunak berak edo beste norbaitek haren ordez. Jainkoak bekatariari barkatu ahal izateko, bere Semeari ordainarazi behar izan dio, eta horregatik hil zen Jesus gurutzean… Gurutzeko sakrifizioak ordaintzen du bekatarion errua”.

Oraindik sarri entzuten eta irakurtzen dira horrelakoak. Horrelako eta antzeko esamoldez josia dago liturgia, eukaristia bereziki. Erruaren eta zigorraren logika da, eta barkamena erregistro berean ulertua. Zentzurik gabeko teologia da nire ustez, eta ez dago horri eusterik. Giza zientzia askoren atzetik ibili izan da gehienetan teologia, eta horixe gertatzen da arlo honetan ere. Psikologiak, soziologiak, antropologiak, Zuzenbidearen filosofiak… aspaldi gainditu zuten erruaren eta zigorraren ikuspegia. Teologiak ez tamalez. Erruaren pozoitan kutsaturik daukagu oraindik Jainkoaren irudia, fedearen bizipena, sakramentuen praktika, zer esanik ez barkamen-sakramentuaren praktika (“penitentzia” deitzen ez diogu ba?). Erru-sentipena, larritasuna, Jainkoaren zigorraren beldur gordea, zigorrari ihes egiteko estrategiak… Erlijioa beldurretik sortua eta beldur-sortzailea dela diotenek badute oraindik zenbait motibo.

Ezer izatekotan, beldur guztien askatzaile eta ontasunezko zorionaren, zorionezko ontasunaren eragile izan behar luke erlijioak. Zer esanik ez Jesusen “berri ona” sorburu duen kristautasunak.

Eta Jainkoa zer? Jainkoak ez du erru-sentipenik maite, eta ez du zigorraren beldurrik behar ontasuna suspertzeko. Horretan datza Jainkoaren ahalmen miragarria. Zigorra astinduz eta saria eskainiz onera ohitzea edo behartzea zer den badakigu; horretan datza gure “hezkuntza” neurri handi batean. Jainkoarengan sinesteak beste maila batera igarotzea izan behar luke: on hutsaren ahalmenean sinestea, ontasun biluziaren eragimenean gehiago sinestea sari eta zigor guztietan baino. Bizi-pozak ontasuna berekin duela sinesten du Jainkoarengan sinesten duenak. Ontasuna eta zoriona elkarren lagun bereizi ezinak direla betidanik eta betiko. Ona dela lege absolutu bakar. Jainkoak ez du guztion zoriona beste agindurik.

Bekatua ez da legearen urraketa erruduna, ez da Jainkoaren zigorra merezi duen iraina, ez da Jainkoari jakinaren gainean eta nahita uko egitea. Geure zoriona eta besteena urratzea da bekatu bakar. Eta Jainkoari ez dio ardura “errudun” garen ala ez, on eta zoriontsuak izan gaitezela baizik.

Eta Jainkoaren “barkamena”? Barkamena ez da Jainkoak erruduna errugabe jotzea, dagoen tokian lasai jarrai dezan. Barkamena ez da Jainkoak errudunari, errudun izan arren, bere errukiaz (Jesusen heriotzari esker) “barkatzea”, ezikusiarena egitea, bigunkeriaz tratatzea, “absolbitzea”. Jainkoaren hurbiltasun ongarria da “barkamena”. Garena garela, gaudenean gaudela, egin duguna egin dugula, Jainkoaren Espiritu amultsua gurekin dago, amarik onena edo aitarik onena haur gaizkilearen ondoan egongo litzatekeen bezala: ezeren konturik hartu gabe, ezer egotzi gabe, gozatuz, besoak eta altzoa zabalduz, pozerako eta negarrerako babesa eskainiz, zutitzeko eta aurrera egiteko indarra berrituz. Ez da goitik beherako barkamen umiliagarria, gora altxatzen, duintasuna bihurtzen, barrutik sendatzen, eskutik hartzen eta biderako adore ematen duen hurkotasun ongarria baizik.

4.2. Eta Biblia zer? Zigorra eta barkamena, biak erruaren erregistroan kokatzen ditu Bibliak berak ere neurri handi batean. Erregistro horri eutsi nahi dionak nahi adina testu aipa ditzake bere alde, Itun Zaharrean nahiz Itun Berrian. Baina ez deritzat bidezko. “Biblian agertzen delako” arrazoia arrazoi pobrea da beti, edozer gauza agertzen baita Biblian, mila urtetan zehar idatzi diren liburu-bilduma batean ulergarria denez. Untxi-okela edo odolkiak jateko debekua ere agertzen da Biblian. Eta etsaiak gorrotatu eta suntsitzeko agindua ere bai. Zentzugabeko arau horiek mantentzeko inork Biblia aipatzen ez duen bezalaxe, Jainko zigortzailearen irudiari eusteko ere ez luke inork aipatu behar Biblia. Garaiko pentsamoldea nabari da Bibliako idazkietan. Ezin bestela. Jainkoa ez da goitik eta kanpotik zuzenean mintzo, giza hitzaren bidezidor bihurrietatik baizik.

Gaur ere halaxe mintzo zaigu Jainkoa. Eta tentu handiz begiratu behar diogu: gure hitz eta iritzietan, zer ote da Jainkoak esan nahi diguna? Eta Bibliako hainbat barkamen- eta zigor-kontutan, zer esan nahi ote digu Jainkoak gaurko? Biblia –edozein poema, edozein idazki– ez da esanahi hertsiko hitz zurrunez osatua; esanahi irekiko hitz malguak dira denak. Bibliarekiko leial izateak gaurko geure irakurketa egitea eskatzen du, ez hitzak errepikatzea. Eta hitzak berak, Bibliak berak ematen digu irakurketa berriak etengabe egiteko bide. Hitzak –Bibliak– barnetik etengabe hausten ditu gure ikuspegi estuegiak. Orrialderik orrialde, pasarterik pasarte aurki ditzakegu begiak eta bihotza harantzago zabaltzen dizkiguten distirak: erruaren logikatik haratago, barkamenaren eta zigorraren logikatik haratago. Kontuan hartzekoa da, bestalde, Bibliak askoz gehiago begiratzen diola erru kolektiboari gizabanakoaren erruari baino. Kristau-tradizioan neurriz kanpo pertsonalizatu da errua, eta erru bihurtu bekatua.

Jainkoa ez dago gure erruei begira. Jainkoak ez gaitu errudun ikusten. Zauriturik eta zaurigile ikusten gaitu bihotzeko penaz eta begi eztiz. Eta sinesten dugu, Jainkoaren betiko gupidak eta begirada eztiak sendatuko gaituztela, mundu honetako zauriak goza ditzagun. Horrelako begiradarik –Jainkorik– ba ote den, zalantzak izan ditzakegu. Baina ederra litzateke maitasun hutsez begiratuko gaituzten begi handi batzuk izatea. Fede horrexen lekuko da Biblia, azken batean. Horrelaxe irakurri nahi dut Biblia, eta ez dut uste neure nahikeria hutsak naramanik horretara, Bibliaren beraren barne-mezuak baizik. Izaki guztien bihotzean eta gure hitz guztien barnean gaur ere presente eta eraginkor den Jainkoaren Espirituak Biblia horrela irakurtzera deitzen gaituela sinesten dut.

4.3. Barkamenaren sakramenturik izatekotan. Bekatua (eta bekatuarekin batera barkamena) erruaren ikuspegitik atera behar dela nabarmendu nahi izan dut idazki honetan. Amaiera gisa, ondorio praktiko bat azpimarratu nahi nuke, barkamenaren sakramentuari buruzko ondorioa.

Barkamenaren sakramentuak –erabat edo gehiegi– erruaren logikan kokaturik jarraitzen duela uste dut. Trentoko Kontzilioak duela bostehun urte ezarri zizkion moldeak indarrean daude oraindik: bost baldintza –horien artean bekatuak apaizari zehazki aitortzea– betez lortzen da Jainkoaren barkamena apaiz epailearen eskutik. Graziaren sakramentua “penitentzia” da, barkamen juridiko eta penalaren ezaugarri.

Penitentziako sakramentuak hainbat kristauri eragin dion kezkak eta larriak, giza zientziek erruaren ikuspegiari egin dioten erasanak, bekatua eta barkamena ulertzeko modu berriak eta lehen-lehenik Jesusen berri onak behartzen gaitu barkamenaren sakramentua bestela ulertzera eta bestela ospatzera. Kontzilio ostean berritu nahi izan zen; horretarako eratu zen batzordeak –K.- Rahner zuela buru– bi proposamen nagusi egin zituen, besteak beste: bakarkako “aitortzan” bekatuak esateari garrantzia kentzea, alde batetik, eta elkarte-ospakizunak bideratzea, bestetik, absoluzio kolektiboa mugarik gabe ontzat emanez. Gorabehera batzuen ondoren, Paulo VI.ak bazterrera utzi zituen proposamenok, eta beste batzorde bat eratu, guztiz bestelakoa. Batzorde berriak Trentoko eskemari eutsi zion funtsean, ahozko aitortza indibiduala azpimarratuz eta absoluzio kolektiboei muga zorrotzak ezarriz. Horretan gaude. Baina, egia esan, inor gutxi dago horretan. Bistan da gaurko kristauak ez direla eskema horrekin batere eroso sentitzen. Gehienek baztertua dute erabat. Eta nago, alferrik izango direla lehengo “aitortza” sakramentua berreskuratzeko ahaleginak.

Jesusen jokabide askatzailea dugu eredu eta arau. “Bekatarien” adiskide eta mahaikide izan zen. Aita errukitsuaren parabola zoragarria kontatu zigun. Aitak ez zion semeari inolako aitortzarik eta baldintzarik ezarri. Jesusek ez zion inori aitortzarik eskatu. Jainkoaren grazia, hurkotasun maitekorra, debaldeko “barkamena” iragarri zuen hitzez, eta gauzatu zuen egitez, izatez.

Ezinbestekoa da, beraz, barkamenaren sakramentuaren berrikuntza, eta Jesusen jokabidea dugu jarraibide. Hona hemen berrikuntzarako zenbait oinarri nagusi: 1) Bekatua eta barkamena erruaren eskematik askatu, eta kaltearen eta erantzukizunaren ikuspegian kokatu; 2) Gizakiak pairatzen eta eragiten dituen kalte guztietan, Jainkoa beti lagun eta beti aldeko duela aitortu, doakotasun hutsez, grazia hutsez, inolako baldintzarik gabe; 3) Baldintzarik gabeko Jainkoaren “barkamen” (hurkotasun, adiskidetasun…) hori adierazteko eta ospatzeko moduak ugari izan daitezkeela onartu, Jainkoren amodiozko hurkotasuna ez baitago inolako baldintzari lotua; 4) “Askatzeko eta lotzeko” edo “bekatuak barkatzeko” ahalmena Pedrori (Mateo 16,19) eta “Hamabi apostoluei” (Joan 21,23) ez ezik, Jesusek bere jarraitzaile guztiei –gizon eta emakume– eman ziela onartu (Mateo 18,18), guztiok dugula alegia Jainkoaren presentzia ongarriaren (barkamenaren) sakramentu izateko deia eta ahalmena.

Begira diezaiogun berriro Ebanjelioko emakume adulteriogilearen pasarteari. Lege-maisu solemneek errua ikusten dute. Jesusek emakume zauritua. Zauritu egin dute, eta zauritu egin dezake. Jesusek ez dio esaten: “Lasai, emakumea. Lege-maisu maltzur horiek ez daukate zurekin zertan sarturik. Zeure buruaren jabe zara eta egizu gogoak ematen dizuna”. Baizik eta esaten dio: “Ez zaitzala inork kondena! Nik ez zaitut kondenatzen. Jainkoak ez zaitu inoiz kondenatuko. Zoaz bakean. Eta saia zaitez zeure buruari eta beste inori kalterik ez egiten. Jainkoa beti zure ondoan izango da, beti zure alde”.

Bibliografia

F. Böckle – G. Condrau, “Culpa y pecado”, in Fe cristiana y sociedad moderna 12, SM, Madril 1986, 109-158 or.

A. Gesché, Dios para pensar I. El mal. El hombre, Sígueme, Salamanca 1995

X. Thevenot, El pecado hoy, Verbo Divino, Lizarra 1989

A. Torres Queiruga, “Culpa, pecado y perdón”, in Recuperar la creación, Sal Terrae, Santander 1997, 201-246 or.

L. Zabalegui, ¿Por qué me culpabilizo tanto?, Desclée de Brouwer, Bilbo 1997

(Hemen 9, urtarrila-martxoa, 57-70 or.)