BENITO LERTXUNDIrekin solasean

Urtarrilaren hasierako arratsalde epel haietako batean nuen hitzordua Orion. Kale nagusian gora, aldapak eta urduritasunak hauspoa zertxobait berotu zidaten, baina Benitok atea eta etxe-giroa zabaldu orduko zabaldu zitzaidan arnasa. Etxe aurrean zelai-maldaxka xumea, altzifrearen eta harri-hormaren gerizan. Urrunago, itsasoa zeru lausoan urtua. Benitoren jario zoliak, gartsuak urrutira, barrura, isilera zeraman gogoeta, argia hiltzen zihoan bitartean, argiaren bila.

HEMEN.- Nonbaitetik haste aldera, Benito, noiztik kantu zaletasuna. Nola hasi zinen kantatzen?

BENITO LERTXUNDI.- Oso umetatik hasi nintzen. Sarri kontatu dut eta uste dut merezi duela: Orioko elizak bi zimitorio ditu, eta buelta horretan, hor egiten genuen mutikook dena, hori zen gure unibertsoa: hor genbiltzan gerran, jolasean, joko guztietan, pelotan, futbolean. Izaten genituen istiluak parrokoarekin, arrabots gehiegi ateratzen genuelako… Nire musikarekiko zaletasunak han ditu bere zainak. Han ezagutu nituen Santiago Azurza organista, Don Antonino Agirre apaiza eta organista, baina bazen erlojero bat ere, gero niri erlojeritza erakutsi zidana, autodidakta, musika eta abar zekiena, eta bere etxean bazuen instrumentu-pila bat, mandolina, arrabitak…; beti joaten zen ordu berean elizara, eta nik fitxatua neukan, eta han organoa jotzen hasten zen. Eta ni organo soinuak ikaragarri erakartzen ninduen…

H.- Umetatik, orduan…?

BL.- Bai, bai, eta nire tranpatxoak neuzkan: erdi jolasean, elizan barrura sartzeko modua antolatzen nuen, organo-soinua entzuteko. Han beste inor bazegoen, ez nintzen eroso sentitzen, asko sofrituz ateratzen nintzen jolasera, ze ez zitzaidan gustatzen inork ikustea; elizan sartu eta txoko batean isil-isilik gorde, eta elizan bakar-bakarrik nengoela ziurtatuz, hantxe egoten nintzen soinuaz gozatzen…, baina inork jakin gabe! Izaten dira konplexuak…, eta nik pentsatzen nuen nire joera hori oso emekia ote zen, “marineska” edo deituko ote zidaten, ez ote zen nesken mundukoa gehiago mutil normalena baino…

H.- Elizan bakarrik egoteak ez al zizun beldurrik ematen? Pako Aristik kontatzen du, nola Urrestillako elizako bakardadeak beldurra ematen zion, mutikotan organoa jotzera joaten zenean…

BL.- Ez, niri batere ez. Bakarrik gustura sentitzen nintzen. Gero, elizako ospakizunetan-eta, tiple kantatzen hasi nintzen koruan. Garai haietan gainera liturgia oso aberatsa zen, polifonia egiten zen. Ravanello-eta, Perosi-eta kantatzen genituen, ahotsetara. Orio bezalako herri batean, musikaren tenplu zen orduan eliza.

H.- Gozatu egiten zenuen, beraz.

BL.- O! Niretzako ikaragarrizko plazerra zen. Beno, futbolean eta pelotan gustatzen zitzaidan, beste denei bezala, baina beste alderdi hau ere oso nabarmena neukan oso umetatik. Eta niretzako gauzarik atseginenetakoak izaten ziren, adibidez, koruan kantatzea, entseiuetara joatea, beti kantuaren inguruan lotuta egotea, saltsa horretan bizitzea. Haurtzaroa hortxe errotua ikusten dut, erabat mundu horretan zuztartua.

H.- Garai hartan eliza denean zegoen, ezta?

BL.- Beno, ni 1942an jaio nintzen. Gero monagilo izan nintzen. Elizatik atera gabe ibilia naiz. Eguneroko meza, eguneroko jaunartzea, goizean zazpietako mezatan… Gero luistarretan. Eta hori nahikoa ez dela, “adoración nocturna”n ibili nintzen 19-20 urterekin, agure eta jubilatutako jendearekin. Goizeko seietan meza entzun, jaunartzea egin, eta etxera. Eta kuriosoa da, baina, “adoración nocturna”tik atera nintzen elizatik. Han otoitzak liburutik egiten genituen txandaka, ozenki, hartu liburua eta orain batek gero besteak liburutik irakurriz… Hasia nintzen gauzak puska bat pentsatzen, eta egun batez, mila aldiz irakurtzen eta errezitatzen nituenek ikaragarrizko eztanda egin zidaten barnean. Han atera zen nire barruko errebeldia, dena lehertuta…

H.- Zer entzun zenuen, bada, egun hartan?

BL.- Ba, adibidez: “Oh, Señor, detén tu brazo de justicia, que si bajaras reducirías todo a la nada”. Ulertzen? Besteak beste, hori askotan esaten zen. Bestalde, guk bi festa handi ditugu herrian: bata San Pedro eguna, ekainaren 29an, eta bestea San Nikolas, abenduaren 6an. San Nikolas eguna, den datagatik eta gu gazte izanik, festa ludiko ikaragarria zen. Baina dena bekatu zen: dantzan egitea, neskak ukitzea… Eta San Nikolas bigarrenean fraileak etortzen ziren konfesatzera, Arantzazukoak edo Zarauzkoak edo… Bederatziak aurretik egin behar bekatu, konfesatu ahal izateko… Aste beteko misioak ematera ere etortzen ziren, eta aste osoa ifernua gora eta ifernua behera, eta hor ikusten nuen zer edo zer erabat desenkajatua: niretzako natural eta gozoa zena dena bekatua zen… Eta hori, bada egun batean ikusi nuen -”Oh, Señor, detén tu brazo…” Jainko desafiante egoskor bat zela.

Eta buelta asko ematen nizkion egoaren kontu geurekoikeriazko horri ere, eta konturatu nintzen nola esaten ziguten errezo asko egin behar genuela, asko, eta gainera beti Jainkoa edo Ama Birjina goraipatuz eta loreak botaz: “Agur, Maria, graziaz betea, Jauna da zurekin…”. Eta pentsatzen nuen: “Bada, niri norbait horrela belauniko jarriko balitzait, horrelakoak esaten, agudo bidaliko niake, aspertuta. Guk horrela otoitz egitea gustatzen bazaio, gustu txarra dik”. Edo ikusten ditudanean, Errioxa aldean-eta, Astesantuan, bizkarra odoldu arte bere burua diziplina latzez jotzen, Jainkoari hori gustatzen bazaio, a zer gustu txarra duen Jainko horrek! Nola gozatuko da zure sufrimenduarekin! Nik hor ikusten nuen halako gauza txokante bat eta esaten nuen: “Hau ez da inteligentea, honek ez dit niri laguntzen, ez dit hazten uzten”.

            Behin batean, Ez dok Hamahirun hasi eta gero, Eliza ordurako utzia nuelarik, Julen Lekuona gure taldean zen eta esan zidan: “Hi, Benito, hurbilduko al nauk Oiartzunera?”. Nik orduan 600 bat neukan eta eraman nuen. Eta bueltan nentorrela, Atamitxeko jiroa egin nuen garaian, euri txikia ari zen, eta bidean katu bat gurutzatu zen eta jo nuen eta eman zidan min bat…! Irten kotxetik, joan nintzen bila eta ikusi nuen han gaixoa, atzeko hanka ttak-ttak-ttak-ttak kolpeka zuela. Hartu nuen katua eskutan, eta laztan pare bat eginez, horrela goraka begiratu zidan, eta ttuk! ihes egin zidan eskutatik. Eta atzera begira, kotxeko fokoen argitara, halako begi berdexka birekin begiratu zidan eta gorde zen. Sartu naiz kotxean eta hor konturatzen naiz dena busti-busti, blai eginda nengoela. Eta pentsatu ere bai: “Errukiak zer nolako gauzak eginarazten dizkizun, ezta? Ez zara zeure minaz eta bustiaz ere ohartu ere egiten; zure mina estali, anestesiatu bezala egiten du, desleitua zaude…  Eta galdetu nion neure buruari: “Hor ibili haiz orain arte elizatik atera gabe, eta orduan egingo al huen hau?”

Bada, neure zalantzak nituen. Eta konturatu nintzen gure atentzioa nonbait dagoela. Eta, jakina, atentzioa baduzu sinboloetan, sinbolo horiek atenditzen dituzu, baina errealitatea ez duzu atenditzen beharbada. Sinbolo horietatik aske baldin bazaude, berriz, orduan zure atentzioa libre dago beste gauzak ikusteko,

Eta konturatu nintzen, gero irakurri dudan beste honekin: Jainkoaz esaten dugun guztia, Jainkoaz hitz egin genezakeen guztia, modu batera edo bestera, denak ez duela zerikusirik Jainkoaren errealitatearekin, gezurra esateko arrisku handia daukagula. Azken batean, konturatu nintzen, Jainkoaren beharra duenak beti aurkitzen duela bere jainkoa. Zenbat aldiz entzun dugu: “Zoriontasunaren bila!” Ni ez nintzateke inoiz zoriontasunaren bila abiatuko zorigaiztoko ez banintz… Orduan esaten dut: Serioski, zer egin beharko nuke? Ez dagoenaren bila abiatu, edo dagoen hori ikusi, ea zerekin egina dagoen? Ikusi behar dut zerk ez didan bizitzen uzten.

Askotan, kulturaz eta asko hitz egiten dugu: irakurtzea dela kultura, idaztea, zinera joatea, bidaiatzea, monumentuak ikustea… eta nik esaten dut: “Ai, ai, ai! Ikusiko huke benetako kultura nola egingo hukeen, bizitzen uzten ez dian horren bila hasiko bahintz! Baina epaitu gabe, e? Jaioberria bahintz bezala, prejuiziorik gabe”. Eta azkenean konturatzen zara, inbestigazio hori oso modu xuxenean egiten denean, batek beti topo egiten duela berak sortutako mamu batekin., hau da; bere egoarekin.

H.- Barkatu, egoera horrek badu zerikusirik “Nere ekialdean”ekin-edo, Ekialdeko filosofiarekin, alegia?

B.L.- Ez, ez, ez du zerikusirik. Niretzako ekialdea da eguzkia ateratzen den tokia. Argia ekialdetik dator, ekialdetik hasten da. “Ekialdea” metafora bat da. Ekialdeko filosofiak ere niretzat berdin-berdinak dira, azken finean. Badakizu, Budak ere arazo horrekin egiten zuen topo. Budak ez zuen behin ere bere predikuetan egia irakatsi. Esaten zuen: “Bakoitzak zeuen baitan aurkitu behar duzuen zerbait da egia. Nik ez dut irakatsiko egia, zure baitan baitago. Zuk aurkitu beharreko zerbait baita”.

H.-Ego”a aipatu didazu

BL.- Adibide bat jarriko dizut: mezu bezala jaso dugu maitasuna ona dela, maitatu egin behar dela; baina agindu moduan hartu dugu. Eta batek ez daki nola maitatu, baina nahi du maitatu, agindutzat hartu duelako. Orduan, maitasun aginduak inolako zentzurik ez du, ez baldin badaki zerk galarazten dion maitasuna izatea. Alde batetik egoa kultibatzen dugu eta, bestetik, maitatu egin behar dugula esan. Eta hori ezinezkoa da. Kontuz, beraz, horrekin! Kontuz egoaren kulturarekin, oso tranposoa baita. Oso ona da ego hori bistatik ez galtzea, zeharka bederen egoa bijilatzea.

Gu oso inpresionableak gara, oso. Goizean esnatzen garenetik, ezer edo inor ikusten badugu gustatzen ez zaiguna, zer egiten dugu? Aparkatu, aparte utzi, eta beste zer batekin konpentsatu. Gustatzen ez zaidana aparkatu, bota kapa bat konfliktoari eta estali; hurrena beste zerbait, eta beste kapa bat. Azkenean, hor duzu subkonszientean mamuz betetako mundu bat, non ezin baituzu konprenitu harremana, ez baitizu uzten ikusten. Horrelako zerbait dagoenean, nik beti esaten dut: “Eepa, alto! Hauxe da orain egin beharreko gauzarik inportanteena. Hau ikusi behar dut: ea zergatik jaso dudan inpresio hau. Horri hasiko naiz tiraka: aber zer dagoen honen atzetik”.

Eta hain xuxen, hori egitea da kultura maiuskulaz. Horrek baino gehiago ez dizu ezerk lagunduko barnetik hazten. Benetan, orduantxe ari zara kultura egiten. Irakurri bai, egin behar da, ez dut esango ezetz, baina irakurgaietan lasto asko dago… Irakurri, batez ere bizitza irakurri behar da, eta bizitza irakurtzean hartuko duzu kriterio bat oso xuxena. Eta gero, beste liburuak irakurtzean, zure baitan eztabaida sortuko dizu. Eta ariketa horretara behartzen bazaitu, zu benetan kultura garatzen ari zara, eta orduantxe ari zara hazten. Beraz, irakurri, bakoitzak irakur dezala bere bizitza, bere harremanetan zer gertatzen zaion…

H.- “Kultura” esatean, bizitzeko eta errealitatea ulertzeko erreferentzien multzoa, baloreen eta irizpideen markoa ere adierazi nahi da, ezta?Nola ikusten duzu gure inguruko giroa alderdi horretatik? Marko-aldaketa galanta izan da, ez?

BL.- Nik pentsatzen dut bakoitzak egiten duela ahal duena. Gaur gizartea inkili-makala, galduxea dabil. Gizakiak baditu posibilitate ikaragarriak, azkarra delako. Ikusgarriko abantailak lortzen ditu alde batetik, baina beste aldetik ez da batere hazten, geldi dago bere ahulezia eta bere sufrimendu eta gauzekin.

Aipatu dituzun marko horiek niretzako ez dute batere balio; markoak beti dira oso esparru limitatuak. Niri iruditzen zait gure adimena ezin dugula limitaziotan sartu; gure adimenari espetxe bat eraikitzea litzateke hori. Adimena bere naturalezan dabil ondoen, eta bere naturaleza askea da. Pentsamendua gure historia da, guk bizi dugunaren inguruan: batzuk politak, besteak itsusiak…, paisaia baten moduan. Gauza atsegin edo gogor, zirkunstantzialki begiratzen baditut, baina transzendentziarako balio ez dutenak. Gure imajinaziotik eta pentsamenduetatik, marko guztietatik, libre behar du adimenak.

H.- Kantariak-eta ez ote ditu ezagutzen ez duten zerbaitek inspiratzen?

BL.- Beno, esan izan da, Bachek, Beethovenek eta abarrek, %98a ezagutzen zutena idazten zutela eta %2 baino ez zela berena, horren arabera transmititzen dira emozioak.

Emozioa aipatu dizut. Kontuz emozioekin! Lehengo pentsamenduen kontuari helduz, askotan uste dugu pentsamendua daukagun gauzarik sakonena dela, eta pentsamendua azalekoa da. Baina emozioak ere nahikoa azalekoak dira. Demagun: hartzen dugu trapu bat eta egiten dugu ikurrin bat, eta esaten dugu: “Hau da zure herria ordezkatzen duen ikurra”. Oihal bat da, trapu bat; trapu horretan ikur hori ikusteko hezita ez badago, ez du ikusiko, ez dio ezer esango. Baina, heziketaren arabera, ikur horrekin hunkituko da, ailegatuko da hunkitzera. Hortaz, emozio-mundua ere oso manipulagarria da. Ez dugu tranpa horretan erori behar oso hunkituta gaudelako, sakonak garelakoan… Sakona izatea ez da hori: gauzak bere tamainan ikustea da sakontasuna.

Beraz, zenbat gauza dakizkigun pentsamenduak kontrolatzen ez dituenak! Zenbateko jakinduria agertzen den gure izatean: jaio, hazi, zahartu, hil…! Eta hori dena oso naturala da. Jaiotza alaiki ospatzen dugu; heriotza, berriz, tristeki; eta biak dira berdin naturalak, berdin beharrezkoak. Ez baita posible hortik ateratzea. Posible balitz, agian saiatuko ginateke. Baina posible ez bada, seinalea da zerbaiten onura izanen duela; bestela, ezin dugu garen natura hau inteligentea denik esan. Zerbait onurazkoa behar du.

Askok, beldurra medio, aurrez jakin nahi dute hil eta gero zer izango garen. Eta denok jakintsu izango gara. Noiz? Han gaudenean. Gauzak ‘han zaudenean’ jakiten dira beti. Orain non zaude? Hemen? Bada, hemen izan behar duzu jakintsua. Ez dago problemarik nire gorputza espezializatzen, atleta on bat izateko, edo musikari on bat: azken finean, elkarri poza emateko eta txaloak biltzeko egiten ditugun gauzak dira. Baina beste hori ez da txalo-kontua. Beste hori da igartzea, antzematea, zer den bera eta guztia.

H.- Zer den bera eta guztia”?

BL.- Bai. Eta gure izaera psikologikoa mugagabea denez gero, mugagabean dago.

H.- Mugagabea aipatzen duzunez gero, “Nere ekialdean” poeman, uste dut esaten duzula: “Nire bihotzean mugagabetasunarekin batzen nauen hazia daramat, eta egunsenti berriak pizten ditu nere ekialdean”.

BL.- Gu mugagabekoak gara. Antropologoak historia egiten du: fitxak egin behar ditu, zenbat urte diren arakatu eta… Azken batean, historia egiten du. Baina historia azalekoa. Hemen, ordea, ezinbestean, den guztiak jatorri berbera du. Oso inportantea da horretaz ohartzea. Begira, akordatzen naiz nola bolada batean arrantzale jubilatu batzuekin kafea hartzen nuen eta gero paseo bat egiten genuen. Behin, joan ginen hor errio ondoan dauden harkaitz batzuetara eta, han geundela, arratoi bat atera zen behealdean. Niri arratoia ez zait gustatzen: heziketaren kontua ere bada, eta abertsio batzuk dauzkagu. Baina hura bere medioan zebilen. Arrantzaleetako batek hartu zuen harri-koskor bat eta botatzen hasi zen: instintoa, betikoa! Eta esan nion – bat-batean atera zitzaidan eta gero zer pentsatu handia eman dit-: “Zertara hoa?” “Akabatu egin behar diat”. “Akabatu? Hori gurekin sozio duk hemen”. Hola begira gelditu zitzaidan, ez zuen-eta konprenitzen. “Sozio?”. “Bai, sozio! Pentsa ezak: aire hau hartzen duk hik eta arnasatik botatzen duk, eta horrek ere aire hauxe bera arnasten dik. Sozio gaituk! Horrek behar dik hire airea eta guk behar diagu horrena. Berdinak gaituk!”

Jakina, desberdintasunik badugu, baina zientziak berak ere gero eta berdinagoak garela esaten digu. Hemen, naturaren adarrak dira, pixkanaka azaltzen doazenak. Lehen ere baziren, baina orain agertzen dira. Gu agertu ez bagina ere, baginen lehenago. Beste modu batera, baina baginen…

H.- Eta gero izango gara?

BL.- Ez da existitzen “gero” eta “lehenago”. Gure tranpetako bat da hori. Denbora errealki ez da existitzen. Psikologikoa da. “Atzo” eta “gaur” pentsamenduaren arabera neurtzen hezi gaituzte. Egia da mundu praktikoan, profesio eta ogibide eta  beste, edo zita bat neukala gaur bostetan zurekin egoteko… Hori konpromiso bat da…, gure harremanetan ados etortzeko balio duen gauza bat da, pentsamendu baliagarria. Baina mundu psikologikoan ez dago gerorik, dena oraina da.

H.-Eta hiltzen garenean?

BL.- Baita ere. Oraintxe bertan ari gara hiltzen! Gertatzen dena, hori ere murriztu egin dugula: hiltzea deitzen diogu bihotza gelditu zaigun uneari. Sinboloen munduak eta hizkuntzak eta pentsamenduak irakurtzeko medio bat da hori, psikologiaren mundua. Nik honela esaten dut: Zu mikrokosmos bat zara, eta zuri instantero zelula pila bat hiltzen zaizu, baina nola ez zaren sartzen egoaren jokoan, nola ez diozun eskatzen identitate-dokumenturik, azkenean, zelulak hiltzen zaizkizu eta beste berriak sortzen, eta osotasunaren funtzioan dagoen bizitza bat da zurea. Eta zelula horrek ez du penarik hartzen hil delako, badakilako hurrengo zelulan ere badagoela.

Kanta bat egin nuen, “Bihotz” – blues bat-, eta ez dut uste ondo konprenitzen denik. “Gela ilun batean bizi zara, bihotz… Bihotz ororen taupadak dituzu zure baitan, baina ez duzu ikasi oraindik… Eternitatearen bila zabiltza eta ez zara ohartzen eternitatea zarela”. Guk ez dugu adinik, gu beti gaude. Izan edo ez izan, azken batean, nominazio-kontu bat besterik ez da. Gauza bati izena ematen badiot, bada! Gauza berari izenik ez badiot ematen, ez da!

H.- Onartuko zenuke, “osotasun” edo “mugagabetasun” deitzen duzun hori bera izan daitekeela beste batzuek “Jainko” deitzen dutena?

BL.- Hitzak ez dit inporta. Nik onartuko nuke argiari edo zerbaiti “jainko” deitzea, baina guztiaz egina dagoela. Hau da, nik gehiago onartuko nuke jainkotasuna gugan dagoela, ez dela ente bat aparte, gurtu beharrekoa eta… azken batean kodifikatua eta kodifikatzen gaituena. Nik lana kodifika nezake, ogibidea delako; produkzioa lortu behar dut, etxera ogia ekarri behar dudalako. Baina nire barruko jakin-bide hori kodigoen bidez egiten badut, gaixotzen ari naiz, kontrako efektua egingo dit juxtu, oztopo izango zait. Begira, maitatu ezin da ahalegin baten bidez egin, maitasuna izan behar da. Kontzientzia-egoera bat da. Amodioa bera ere, sortu egin behar ote dugu ala, bizkor, erne egon? Bizitzeko makinaria perfektua izanda?

H.- Perfektu-perfektua ere…!

BL.- Bai, perfektua! Mina hor dagoenean ere, zerbait adierazteko dago. Mina hor dagoenean, “ni mina naiz” esateko gauza bagara, hori eskola ikaragarria da! Hor asko ikasten da. Dena jijiji-jajaja balitz, beno, txoro ttontto batzuk izango ginateke. Naturaleza den bezalakoa delako, minak ere hazten laguntzen digu. Heldutasunerako salto handia egiten da norbaiti min izatea tokatu zaionean.

Ez dakit nola esan… Demagun, zientzia lagun, mina kentzen dugula, eta aurrerapen horiek ongi etorri bitez, mina kentzeak berak ez bainau azalkerietan entretenituko. Baina nork bere burua bost minuturako zoriontsu egitea erraza da: neska gazte bati loretxo bat bota eta aise zoriontsu egin dezakezu. Bost minutuko zoriona fabrikatzen erraza izan daiteke. Egoera serenoa, hori beste kontu bat da. Beldurrak gaindituta, egoari zeharka begiratu, barre egin aurpegira, heriotza naturala dela konturatu, naturala denez inteligentea dela, uneoro hiltzen ari garela konturatu, adin bakoitza natural bizi…

Umetan eliz ondoko harkaitz hura igotzen genuen: orain ez dut konprenitzen, edo orain ezin dut igo…, baina orain orduan baino askoz gauza gehiago konprenitzen ditut eta beste molde batera ulertu ere. Hori da naturaleza: egia da muskulatura galtzen dugula, baina beste alor batzuk irabazten ditugu. Eta gure bitalidadea galtzen doakigun bezala, beste bitalidade batzuk irabazten ditugu. Beti dago konpentsazioa. Azkenean, zer egiten dugu hemen? Ikasi, ikasi.

H.- Hari horretatik, nonbait esaten duzu: “Isiltasunaren ahotsa entzuten ikasi”. Zer entzuten da isiltasunean?

BL.- Isiltasunean gehiago entzuten da barnean daramazun sentimendua. Arrabotsa dagoen tokian sartzen bazara, sentimendu eta guzti, han lehen planotik desagertuko da sentimendu hori. Baina isiltasunak laguntzen dizu barruan dagoena presente jartzen.

Kantuarena kontatuko dizut. Ni oso arraun zalea naiz eta nire alde ludikoa arraunarekin lotuta daukat eta, 1996an-edo, Orioko traineruaren entrenamendu batera joan nintzen zodiak batean. Entrenamendua zuzentzen Korta ezaguna genuen, eta patroi zihoan Txiki Larrañaga. Lehenengo aldiz ikusten nuen trainerua hain hurbiletik, eta harrituta: abiadura, ilunbista, soinua, arraunlarien eta arraunen soinua… Ikaragarria gertatu zitzaidan! Iruditu zitzaidan ontziak berak ere bizitza propioa zuela, eta joan nahi balu bezala egiten zuela. Eta momentu batean, Kortak trainerua gelditu eta bera joan zen barrura, ez zegoelako konforme batzuekin. Eta orduan Txiki mutikoa nire ondora etorri zen eta berarekin konbertsazioa izan nuen, oso xumea. Eta handik hilabete batzuetara mutil hau kotxearekin zuhaitz bat jo eta kotxe barruan kiskali zen, karbonizatu. Oroitzapen haiekin egin nuen kantu hori, eta berari eskaini.

Horregatik esaten dut: “Isiltasunaren ahotsa. Euria ari du nire begietan., errukirik jaso ez dutenen saminez beterik baitaude”. Errukiarena oso inportantea da. Izate aske batek antzematea bestearen kaltea eta mina nondik doazen, zeureganatzen duzunean, orduan ateratzen da errukia, eta oso energia purifikatzailea da, sua bezala, erretzen duena, sasiak kiskaltzen dituena.

H.- Oraindik orain eman dute Beethovenen filma. Bertan, Beethovenek esaten du: “Musika Jainkoaren hizkuntza da”. Berriro “Jainko” hitz hori… Nola adieraziko zenuke zuretzat  musika zer den?

BL.- Nik uste dut gizakiok daukagun adierazpen eta espresiobide magikoena, misteriotsuena dela musika, baliotsuena. Soinu batzuk dira, baina hegalari doaz, airean, gizakiak dituen zirrikitu guztietatik sartzen dira. Batzuetan, hor iharduten dugu soinu horiei beren perfekzioa ezin emanez bezala, baina halako batean joan da soinu-sorta hori zure etxetik, eta ordutik aurrera zuk ez duzu ja harengan agintzen, bere bizitza propioa du eta bere historia egiten du, hemen puska bat, han beste bat pikatuz… Eta harritzen naiz doinu eta kanta horiekin zer historia kontatzen dituzten… “Zure kanta batekin hau eta hori egin genuen, zure kanta batekin maitemindu egin ginen, eta ezkondu eta… hau edo beste pasa zitzaigun…” 

Deustuko neska batek kontatu zidan, nire diskoak beti entzun izan zituztela gustura eta amona Basiliri asko gustatzen zitzaizkiola. Gaixotu zen amona, minez eta minez gajoa, kalmanteak ematen zizkioten eta halako batean akordatu da neska hau “La música amansa las fieras” nola esaten den, eta mina kendu aldera, koartoan jarri dio musika amonari. Bake-bakean entzuten omen zuen, gustura, eta halaxe hil omen zitzaien laster batean.

Jakina, esaten da “musika jainkoen hizkuntza dela” eta, azkenean, gure gailurretik edo nonbaitetik ateratzen den arte-puska bat da, ezta? Gogoratzen naiz Paul McCartneyk esaten zuela, Yesterday bere kanta ez zuela berak egin, ametsetan entzun zuela, ez dakit exageratu egiten ote duen, baina “kanta hau amestu egin nuen’ esaten du. Misterio bat da: soinuak, armoniak hara edo hona mugitzen zaitu, ezta?

H.- Zerk inspiratzen zaitu gehien? Demagun, Baldorbako soroek ala Orioko itsasoak?

BL.- Segun. Nik uste dut, bai Baldorba aldea eta bai besteak hor dabiltzala gure baitan. Batzuetan presentzia hartzen dute, eta orduan zure atentzioa hor dago, zukurik ateratzen diozu. Ez dakit zer den “zer” hori… Inspirazio-mundu hori oso gauza bitxia da. Nik ez daukat, hola, toki konkreturik, non gehien esateko. Baditut toki batzuk “Hemen gustura aritzen naiz” esateko modukoak. Baina niretzako inportantea abiapuntua da, non hasten zaren, zerekin abiatzen zaren… Batzuetan kotxean zoazela gauza politak etortzen dira. Behin Lopategik esan zidanaz akordatzen naiz: berari ere bertso politenak pentsua partitzen zebilenean etortzen zitzaizkiola. Bolantean bada holako egoera “alfa erdiko” edo: atentzio estresantea ez, baina “alfa” egoeraren antzeko zerbait, sormenari toki egiten diona.

Niri kantak ateratzen zaizkit, batzuetan, hunkidura handi baten ondorioz. Batean, adibidez, Zuberoa ezagutu nuenean, alde askotatik hunkitu ninduelako; Orbaizetako arma fabrikari egin nionean, kasualitate bat izan zen; aste santu batez, han egun pasa nenbilela, horma haietan zuhaitzak aterata, bakardade hartan, errekaren soinu xumean, kantua hantxe atera zen. Nik uste dut hantxe zebilela kantua bueltaka, ezta?

H.- Koldo Jauregik dio: “Artearen egia arteaz harantzago dago”. Musikaren egia, arteaz harantzago?

BL.- Bai. Nik esango nuke, askotan egoak berak ere baduela zerikusirik. Begira, gauza inpopular bat esango dizut: artistak oso egozentrikoak dira. Egon daitezke salbuespen batzuk. Baina artea oso erlazionatua dago egoarekin: bere motorretako bat egoa dela iruditzen zait. Arteak, azkenean, eragin bat baino gehiago izan litzake, baina entretenigarria da, entretenitu ere asko egiten du. Eta gure ahalmena eta grina, asekaiztasun hori, sinbologiaren munduan jartzen dugunean, zerbait entretenigarria fabrikatzen ari gara. Orduan, artearen egia baino haratago dagoela esatea bere egoaren mintzoa ere bada, pentsatuz Jaungoikoaren behatzak ukitu zuela Koldo bera… Ez dadila hasarretu Koldo! Neure buruarengatik gauza bera esaten dut: artistak oso egozentrikoak gara, oso egozentrikoak. Eta gehiago esango dizut, artiston egozentrismoaren exagerazioak askotan eramaten gaitu ergelak izatera ere. Artista ergel asko dago, e! Kontuz! Egoaren presentzia asko eskatzen duelako lan honek. Ze behar horrek, ase ezin horrek, publikoaren aurrera eramaten gaitu eta publikoaren onespena eta txaloa nahi izaten dugu.

H.- Nola atera gaitezke ego horretatik?

BL.- Begiratuz. Ez utzi bera bakarrik. Bera bakarrik uzten baduzu, egoak bere jokoa egingo du.  Deabruaren irudia hor dago, Jainkoarena bezala, eta nik “deabru” izenarekin bataiatuko nuke egoa. Bihurrikeriara garamatzan egoera geuk egiten dugu. Egoari egiten diogun altarea da nolabait. Kontuz horrekin! Gainera, bereizi egiten gaitu, diferenteak, klasea gara. Eta sinbologiaren munduan asko dago hori. Ni seguru nago, hau lasai hartu, ebanjelioetan ere gertatzen dela hori: idatzi zituztenak ere pertsonak ziren eta Jesusen ahotan jarri zituzten esan ez zituen esaldi asko. Hasteko, seguru berak ez zuela eliza antolatu nahi izan… Jakintsua baldin bazen, ez zuen nahiko.

H.- Ez zuen nahi izan, noski.

BL.- Horregatik, bada. Besteren batek antolatu zuen.

Olatz Zugasti, emaztea, hantxe da, eta une honetan esaten dio Benitori: “Konta iezaiozu deabruaren hura…”  Olatzek gogoratzen lagunduta hasten da kontatzen

Behin batean, ba omen zihoan deabrua gizon batekin bidez kontu-kontari. Eta hor ikusten dute beste gizon bat bide beretik beraienganantz. Halako batean, makurtu eta lurretik zerbait jaso du gizona, pozezko adierazpen handiak eginez. Deabruaren bide-lagunak beste gizonari galdetzen dio: “Zer aurkitu duk, bada, bidean?” “Egia”, esaten dio besteak. Orduan gizonak deabruari esaten dio: “Oi deabru, hireak egin dik! Egia aurkitu dik”. Eta deabruak erantzuten: “Utzi, utzi. Antola dezala…”.

Jakina, gauzak erabat hondatzen dira batek zer edo zer esan eta beste bat hura antolatzen hasten denean. Ez du dena ulertu, antolatzen du, eta hor agertuko dira beste gauzak, hor ego partikularra, edo kolektiboa, eta dena hasten da fragmentatzen eta konfusioa sortu da. Ez da posible ezertatik kanpo, ezertatik aparte egotea: ez da posible. Dena oro da. Eta bakoitza oro da. Eta oro bakoitza da. Milaka urte tematu arren ez dela hola eta ez dela hala, azkenean ailegatuko gara horrela dela ikustera. Ez da posible bestela. Ezin da ulertu bestela. Bestela balitz, dena justifikatua dago: gerra, elkar akabatzea justifikatua dago, nola ez daukagun bestearekin zer ikusirik… Hemen zerikusirik ez dutenak kontzeptuak dira, elkarren kontraesanean jartzen direlako, arrazoibide bat bestearekin kontraesanean. Begira, munduko konflikto guztiak sortu dituena da, hain xuxen, berezi nahi izatea: gu diferenteak, arrazismoa, hura, bestea, klase borrokak… hori da konflikto-iturri behin ere amaituko ez dena. Eta “erlijiosoa” hasten da batek konprenitzen duenean, oro bakoitza dela eta bakoitza oro dela. Puntu! Hori esan nahi du hitz horrek, ezin dela berezi.

H.- Eta hori da bizi izatea…

BL.- Baina kontuz! Kuriosoa da, baina bizitza ez da posible kontzebitzea hil gabe. Hiltzen ez denak errepikatu egiten ditu gauzak; beraz, geldirik dago. Errepikatu besterik ez du egiten. Sinbologia-munduan ere hori gertatzen da: beti gauzak errepikatu egiten dira, kodifikatuak daude. Hil beharra dago berria izateko. Modu asko daude hiltzeko, konforme. Nire azala hilko da, berrituko da. Baina, batez ere, psikologikoki hiltzen ari dena berritzen ari da, beti berria da, beti orainean dago.

Badugu gainera gauza bat domestikatu ezin dena. Gure gauza gehienak domestika daitezke. Baina gauza bat ezin da: atentzioa. Badakizu zergatik? Denborarik ez duelako. Atentzioa beti instantea da. Instantea izateari uzten dion unean, ja memoria da. Ja ez da instante, izadiari argazki bat egitea bezala da, gelditu da eta memoria da. Argazki horretan hil da. Atentzioa ja beste gauza bat da. Eta hara: instantea eternoa da. Eta hori gertatzen da hiltzen zarenean. Hilez gero jaio, eta jaioz gero hil. Orduan, bizia da heriotza. Heriotza da bizia. Biak gauza berbera. Ezin dira berezi. Ezin zara bizi ez bazara hiltzen.

H.- Eta biziarekin batera, amodioa eta askatasuna…

BL.- Hara bi hitz ezberdinak ematen dutenak. Askatasun psikologikoa esan nahi dut. Presondegi batean lotuta nago; handik ateratzean esango dut aske naizela, baina ez. Ni askatasun psikologikoaz ari naiz. Ez daukat trabarik, ez agindurik, ez behartutako ezer. Begira, printzipio bat dago kristautasunean oso okerra: zor batekin etorri gara: Kristok guregatik bizia eman zuen. Hain da aberrantea! Niregatik ez da inor hil. Ez diot inori uzten niregatik hiltzen. Bakoitza hilko da beregatik, besteengatik ez. Klaro, kristautasunak ematen duen zama handia da, eta beldurrak bere ibaia eta ekarria horretatik hasten du beharbada: zorra daukat, zorraren menpe bizi zara. Ez, ez: gizadia aske da. Eta sentsibilitate hori dagoenean, ez beldurrik izan, inteligenteak izango gara eta. Beraz, askatasun psikologikoa. Maitasuna, amodioa, askatasuna, inteligentzia… gauza berbera dira. Eta hauek ez dira posible hiltzen ez bazara. Nahi eta nahi ez behar duzu hil, askatasuna, amodioa eta inteligentzia izango badira. Hiltzen ez dena ez da ez aske, ez amodiotsu eta ez inteligente.

H.- Hori ez da oso modakoa…

BL.- Hori da oso erlijiosoa.

H.- Baina ez da erraza nonahi edonori esaten, ezta?

BL.- Oso erraza da. Begira makilatxo bati: zuk eskuetan, hona eta hara, erdi-jolasean, okertu egiten duzu, eta gero… hau okerra zagok eta zuzendu egin nahi duzu. Berez zuzena dena, okertu delako, zuzenera eramatea errazago da, seguruenik. Jatorriz zuzenak garelako. Jaiotzean inuzenteak gara, zuzenak gara. Naturalak gara. Gero hasten da kultura deitzen dioguna, eta informazioa omen dena, eta dena agindupean egin beharra, ezin ulertua… eta horretan sortzen den halako magma itsaskorra. Hor ja bihurritzen gara eta trastornatzen, eta depresioak eta… Depresioak ez dira berezkoak. Depresioak guk geuk egiten ditugu.

Beste gauza bat esan nahi dut: jaio garenetik beti baloreak erakusten zaizkigu. Eta beti kexu gara: gaurko gizarteak baloreak galdu ditu eta… Nik diot: Alleluia, galdu baditu. Balorerik ez da existitzen. Existitzen diren bakarrak balorazioak dira. Balorazioak dira, herrialde bakoitzean, filosofia bakoitzaren pean, jorratzen diren balorazioak. Ez berez baloreak direlako, balorazioak baizik! Horregatik, balore bat egin nahi dugunean, behar bada, gauza natural bat desnaturalizatzen ari gara. Hari gara okertzen. Esan nahi dut: obedienteak izango bagara, otzanak eta dozilak izango bagara, erabiltzen ditugun baloreak denak zaharkeriak dira. Gu naturalak eta zuzenak gara. Jaiotzen garenean oso zuzenak gara. Jaio orduko, naturalezaren sena sano hori hor dago. Badaki hazi egin behar duela eta badaki amaren titia bilatu behar duela.

H.- Naturaleza erabat sano horrekin jaiotzen ote gara denok?

BL.- Eman dezagun ipar-poloan gizaki aske bat, gogo aske bat, jakintsu bat, eta hego-poloan beste gizaki bat, berdin askea; ez dute elkar inoiz ikusi, ez dute elkar ezagutzen. Eta egun batean topo egiten dute, biek elkar ulertuko dute hitz egin gabe ere. Ez pentsa, alegia, toki ezberdinetara ailegatzen denik. Bizitza modu egoki batean inbestigatzen denean, beti eramaten zaitu koherentziaren bidez toki berera. Ezinbestean garen horretara. Ez dira ateratzen bertsio desberdinak eta abar. Egon liteke hizkuntza  bat; hizkuntza azkenean kodigo bat da, eta batek hitz batekin gauza bat adieraziko du, besteak bestea, baina biek esaten dutena eta sentitzen dutena, biek garbi duten hori gauza bera da. Ezinbestean gainera.

H.- Baloreak hizkuntza hutsa dira…

BL.- Baloreak gaizki ikasiak dira, eta egin behar duguna da: desikasi. Gaizki ikasitako guztia desikasi behar dugu, baldin eta hartu behar duguna, ulertu behar duguna ulertuko badugu. Desikasten ez dugun bitartean ez baitugu ezer taxuz ikasiko. Gure etikak eta gure moralak, nola hain serio hartu ditugun… geure jatorrira itzuli eta inteligente portatzen hasiko bagara, desikasi egin behar dugu hori guztia, bomitatu bezala egin behar dugu. Denok hori egingo bagenu, erlijiosoak izango ginateke.