BIZI EZIN ETA BIZIA EMAN

Suizidioaz zenbait gogoeta teologiko

Begirunerik handienaz idazten ditut ondoko lerroak, bizi ezinik hiltzea aukeratu duenarekiko begirunez, hark maite zituen eta hura maite duten guztiekiko begirunez, hurkotasun isil eta samurrez. Biziaz beste egiterainoko minez joan denaren oroitzapen hunkituan idazten dut, haien hutsuneak bizi osorako hain hutsik eta zauriturik utzi dituenen minarekin bat.

Galderak burrustan datoz hitzera, baina, azken muga horretan, erantzun guztiak agortzen zaizkio hitzari. Hitzaren ezinaz jakitun, halere, hitz bat zor diegu bizi ezinaren kolpatu guztiei. Oraindik agian izango du hitzak, bere ezinean eta mugan, biziaren zauriak gozatzeko ukendu-hondarrik. Izango ahal du!

Gizarte garatuenetan –geurean, kasu– arazo larri bilakatu da suizidioa. Baina hitzak nahasten zaizkigu eta ez dakigu nola esan ere: “Gizarte garatua” deituko ote diogu suizidioa arazo larri duen gizarteari? Bestalde, suizidioa ez ote gehienetan, arazoa bera baino, beste hainbat arazo larriren sintoma eta ispilu? Gizarte garatuenetan hainbeste suizidio gertatzeak galdearazten digu gizadia bera –giza espeziea– ez ote doan bere buruaz beste egitera. Eta kinka kolektibo larri honetan, alferrik da debekuak eta zamak norbanakoari eta bere inguru hurbilari egoztea.

Suizidioaren tabuak eta lotsak gainditu, arazo eta gaixotasun pertsonal bezala begiratzeari utzi, sustraietara jo, debeku antzuak baztertu, norberaren erantzukizuna eta erabakimena bermatuko dituen legedia bideratu eta, ororen gainetik, bizia denentzat bizigarriago egiteko ahal diren neurri guztiak hartu…a zer nolako erronkak gizarte garatuarentzat! Biziaren zaintza dago jokoan, bizia eta zaintza esanahi osoan harturik.

Milaka urtez nagusi izan diren erru-egozpenak eta zigor-ikuspegiak gainditu, “Jaun goiko” baten aginduetara gaudelako ideiatik askatu, dogma eta arau guztiak giza historiaren eraikinak direla aitortu, bizidun guztien elkartasunean biziaren jabe eta erantzule gu geu garela osoki onartu… a zer nolako erronkak erlijio-erakunde guztientzat ere, Eliza katolikoarentzat zehazki!

Bizitzaren hasierari dagozkion gaietan bezalaxe –ugalketa-sistema berriak, teknologia genetikoak–, bizitzaren “amaiera”ri dagozkionetan ere –zainketa aringarriak, bizitzaren etengabeko luzapena, eutanasia edo suizidio lagundua, suizidioa bere kasu-aniztasun bateraezinean– aldaketa kultural handien aurrean aurkitzen gara. Iraganean ezagutu dugunak ez digu jada balio, edozein etorkizunek ez digu balioko. Gure giza espeziea –Sapiens gaixoa– zer izan den gutxi gora behera badakigu, zer izan daitekeen inork ez daki, zer izango garen… geure esku dago batik bat, bakoitzaren esku banaka eta guztion esku batera. Bizitzaren hasierako nahiz amaierako muga guztiak Biziaren baitan zabal bitez, hasiera eta amaiera guztiez harago, erru eta lotsa guztiez harago, bizi ezin guztiak bizi nahiaren arnasan askaturik.

Norbaiti bere minduran, biziaz beste egin duenaren nahigabe etsian, adore eta kontsolamendu apur bat ematea izango litzateke hitz ezinduon zoriona.

1. “Ez dit inork bizia kentzen, neuk ematen dut”

Hona nola mintzo den Jesus San Joanen ebanjelioan: “Ni naiz artzain ona. (…). Nik neure burua ematen dut ardien alde. (…). Horregatik maite nau Aitak, neure bizia ematen dudalako eta horrela eskuratzen berriro. Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure Aitarengandik hartu dudan agindua” (Jn 10,14.15.17-18).

Lekuz kanpoko eta zentzugabe irudi lekioke askori Jesusen hitz hauek hartzea suizidioari buruzko gogoetaren abiapuntu. Bai, eta jakinaren gainean. “Jesus suizida ero bat ote zen, bada?”, galdetuko du batek baino gehiagok. Edo besteraka agian: “Biziaz beste egiten duten gaixoak bizia eman egiten ote du, bada, Jesusek bezala?”. Ez dut ukatuko probokazioa denik, baina ez diot uko egingo probokazioari, ongi sustraituak ditugun hainbat aurreiritzi kolokan jartze aldera.

Ebanjelioetan –kanoniko nahiz apokrifo– ez da mintzo Jesus historikoa, Jesus edo Kristo “gogoratua” (J. Dunn) baizik, modu librean gogoratua, hots, ebanjelistaren edo bere inguru-giroko fedearen eta premien arabera gogo-berritua. Joanen ebanjelioan zer esanik ez. Joanen ebanjelioan Jesus edo Kristo gnostikoa mintzo da sarri. Kristo gnostikoa, hau da: gizaki oro –gehiago, izaki oro– funtsean den edo izatera deitua dagoen Kristo.

Zertan datza gizakiaren eta bizidun ororen bizia, izaki ororen izatea? Ematean. Zeure buruari lotzen zaituen oro zure egoa edo axaleko nia besterik ez da. Aska zaitez zeuregandik, zarela uste duzunetik, zeure lilura eta amets guztietatik, zeure itxurazko bizitik. Gnostikoen hizkeran esateko: zeure “gorputzetik”. Egin zeure egoaz beste, esan liteke nolabait, bestearen alde. Egin zeure biziaz beste bestea biziarazteko, eta ez da probokazio hutsa, ez hitz-joko hutsala. Ikuspegi mistikoa, gnostikoa edo kristikoa da. Eman eta izango zara. Ez zaren guztira hil, eta zarena izango zara. Bizia ematean datza egiazko bizia, bestea izanaraztean datza norberaren sakoneko izatea, Kristoren izatea, izate “kristikoa”.

“Nik neure burua ematen dut –dio Jesusen izate kristikoak–, eta horrela eskuratzen berriro. Ez dit bizia inork kentzen, baizik eta nik neurez ematen dut. Neure esku dut ematea, eta neure esku berriro hartzea. Hori da neure Aitarengandik, biziaren iturburutik hartu dudan agindua, hobeto esan: maitasunaren bizi-arau askatzailea”.

Bizia arriskatzen zuela jakinaren gainean abiatu zen Jesus Galileako landa-bide eta herrisketan barrena, bizi ezinik bizi ziren pobreei, gaixoei, zapalduei askapenaren mezua aldarrikatzera. Bizia arriskatzen zuela are jakitunago igo zen Jerusalemera, jauretxearen eta jauregien hirira, aginpide erlijiosoaren eta politikoaren aurrez aurre askapen-aldarria iragartzera. Bere buruaz beste egitea bezala zen.

Urrutiegira joatea edo urrutiegitik abiatzea irudituko zaizu agian, irakurle, suizidioaren dramaz gogoeta egiteko Nazareteko Jesus eredu hartzea. “Ez dezagun dena nahastu –esango didazu–. Bere buruaz beste egiten duenari etsipenak eragiten dio; Jesusi, aldiz, itxaropenak eragin zion. Galilea okupatu hartako nekazari eta arrantzale zorpetu, zapaldu, errukarrien alde bizia emateak ez du zerikusirik bere buruaz beste egitearekin”. Zer esango dizut? Ona da gauzak bereiztea, dena zaku berean nahastu gabe, ados, baina ez da ona onak eta txarrak gehiegi bereiztea, denetik baitago denean: itxaropena etsipenean eta itxaropenean etsipena, ez gutxi ere. Eta denok baikaude denekin elkarturik: bere burua ematen duena bere buruaz beste egiten duenarekin, eta alderantziz ere bai, uste dugun baino gehiago, gure neurri guztiez harago; bere bizia ematen duena biziaz beste egiten duenarekin, edo besteren alde bizi dena bere biziaz besterentzen denarekin.

Jesusengan Kristo aitortzen dugu kristauok. Kristo, hots, elkartasun eta askapenezko izaera. Begira diezaiogun, bada, bertatik bertara: ez zen izan batere on eta zintzo izenekoen aldeko, ez ona eta txarra zehatzegi bereiztearen zale. Bizi ezindu guztien hurko izan zenez gero, bizi ezinik bere buruaz beste egin dutenen nahiz egiteko arriskuan dauden guztien lagun eta hurko ere bada Jesus; ardoa eta olioa isurtzen die zaurietan garbigarri eta gozagarri. Bizi ezin zirenengatik arriskatu eta eman baitzuen hark bizia, bizi ezinagatik inork bere buruaz beste egin ez dezan. Eta ondorioz, hain zuzen, berak ere ezin izan zuen bizirik jarraitu. Aginpide erlijioso eta politikoek kondenatu eta bizia kendu zioten. Baina, Joanen ebanjelioko Jesusek dioen bezala, azken batean inork kendu ez, berak eman zuen bizia. Aurrez arriskatu eta eman zuelako kendu zioten, kentzekotan ere. Biziaren martiri izan zen, hau da: ontasunaren “lekuko” eta biziaren aldeko “opari”.

Suizida izan ote zen, ordea? Zuk ikusi deitura hori ongi dagokion ala ez, ez ala bai. Nolanahi ere, edonon eta edonoiz izan diren profeta eta martiri guztien kide da, ezagun ala ezezagun, bizia arriskatu eta eman duten hainbat atxilotu, gurutziltzatu, fusilatu, urkaturen kide, hainbat borrokari, bontzo eta samurairen kide. Kide nagusi kristauon begietan. Esate baterako, Ekai Lersundi, 2018ko otsailean 16 urterekin bere buruaz beste egin zuen ondarroar gazte, LGTBIQ aktibista gaztearen kide. Gurasoei idatzirik utzi zien: Lesbiana, gay, transexual nahiz transgenero, bisexual, intersexual eta queer guztien aldeko “azken samuraia izan nahi nuke”. Jesusen kide.

“Baina suizida guztiak –esango didazu agian– ez dira ez profeta, ez martiri eta ez samurai”. Ez dakit, ezta zuk ere. Baina bere buruaz beste egin duten guztiengan horretara bultzatu dituen sistema eta zergati guztien salaketa garratza ikusten dut. Zentzu horretan profeta eta martiri dira, bizitzea merezi duen biziaren lekuko. Jesusen antzera, bakoitza bere egoeran eta izaeraz, bakoitza bere erara.

Hona, beraz, nire abiapuntua: suizidioari eta suizidei buruzko tabuak, erru-irizpideak eta estigma guztiak errotik aldatzen dizkigu Jesusek, bizi onaren martiriak, bizi ezinduen eta biziaz besterenduen hurkoak, bere buruaz eta biziaz beste egiten duten guztien –zilegi bekit esatea– lagun eta lekukoak.

Esateko guztiak esan ditut horrenbestez. Baina jarrai dezadan aurrera, Jesusen ebanjeliozko irizpidea eta eredu-bidea zehaztea helburu.

2. “Guztientzat porrota” (Frantzisko aita santua)

Joan zen ekainaren 2an, Noa Pothoven, 17 urteko holandar neskatxak, umetan jasandako sexu-abusuen ondorioz urteak depresioan eta anorexian eman eta gero, biziari amaiera eman zion bere erabakiz eta jabetasunez, nahiz eta gurasoen baimenaz, berau ezinbestekoa baitzuen. Aurrez, bere adiskideei agur esan zien, sare sozialetan idatziz: “Itzulingururik gabe esango dizuet: luzeenera ere, hamar egun barru hilda egongo naiz Urteetan borrokatu ostean, amaitu dut borroka. Azkenik, neure oinazetik libratu egingo naiz, pairaezina baita. Ez zaitezte saiatu hau ez dagoela ongi sinestarazten. Ongi azterturiko erabakia da eta behin betikoa”.

Eutanasia kasua da, baina eutanasia, azken batean, suizidio lagundua da, beste baten eskuz gertatzen baita, baina norberaren borondatez. Zer esan behar diozu Noari? Isil-isilik eskua eman eta bere bizi-arnasatik hartu penaz eta esker onez. Gero, aldentzean, bakarrik, egingo duzu negar, penaz eta, zergatik ez, baita pozez ere. Beste ezerk ezin eta heriotzak askatu du sufrimendutik.

Biharamunean, Frantzisko aita santuak – berak edo ordezko batek haren izenean– txio batean idatzi zuen: “Eutanasia eta suizidio lagundua guztiontzat porrota da. Sufritzen duena bertan behera inoiz utzi gabe eta amore eman gabe erantzun behar dugu, pertsonak zainduz eta maitatuz baizik, esperantza itzultzeko”. Bikain. Ez da hitzik falta, ez sobera. Ez da Noarekiko inolako juzkurik. Guztion porrota da eta erantzukizuna, ez errua. Erruak zigorra eskatzen du, baina zigorretik ez dator onurarik. Erantzukizunak kontzientzia esnatzea esan nahi du, egoerak zuzentzen digun deiari erantzuteko, gertatua errepika ez dadin. Erruak lehenean ixten gaitu, erantzukizunak bestelako etorkizun batera deitzen.

Noaren beraren porrota ere bada, noski, depresioaren aurkako borrokan ez baitzuen aurrera egiteko kemenik izan. Ezinaren porrota da. Areago, biktimaren porrota. Eta nork juzka lezake ezina? Zer leporatu behar diogu biktimari? Noaren ondoan egon bagina, noski, ahalegin guztiak egin beharko genituen, beste indar apur bat izan zezan aurrera egiteko, bere buruarengan pixka bat gehiago sinesteko. Ahal genuen guztia lagundu beharko genion umetan jasandako zauri larria senda zekion, senda zezan. Ezertara behartu gabe, esan beharko genion: “Ahal duzu, Nora, maite zaitugu, behar zaitugu, zurekin izango gaituzu beti”. Baina ezin izan zuen, eta geratzen zitzaion askabide bakarra aukeratu zuen. Besterik ezinean, ondo egin zuen. Haren lekuan egon bagina, haren baldintza biologikoak eta psikikoa izan bagenitu, gutaz sexualki abusatu izan balute, haren burmuina, haren neuronak eta sinapsiak gureak izan balira, haren endorfina-kopuruaz eta dopamina-mailaz horniturik egon bagina, sortu gintuztenetik haren historia bizi izan bagenu… guk ere ezin izango genuen bizitzen jarraitu. Noaren depresioan eroriko ginen eta guk ere porrot egingo genuen. Bere ezina gure ezina da, bere porrota gure porrota. Besterik ahal izango ez genuelako ala ahal genuena egin izango ez genuelako? Utz dezagun hori, lehenak ez baitu bueltarik. Begira dezagun aurrera, saia gaitezen hurrengo porrota saihesten. Hurrengo abusu sexuala, hurrengo depresioa, hurrengo suizidioa.

Noaz sexualki abusatu zuenaren/zutenen porrota da, porrot ikaragarria, bizia sustraietaraino zauritu izanaren porrota. Hemen ere porrota diot, ez errua. Zer da errua? Haur baten bizi errugabe hauskorra jakinaren gainean eta libreki horretaraino zauritzea, hiltzerainoko lotsatan, erru-sentipenean, depresioan hondatzea? Ez dut uste inork horrelakorik jakinaren gainean eta libreki egin dezakeenik. Eta gauza bat dut ziur: abusatzaile haren leku berean egon banintz, haren baldintza biologiko, psikiko, historiko berak izan banitu, nik ere –ikara naiz esatean– hark egindakoa egingo nuen. Eta haren leku berean egon bazina, zuk ere bai. Horixe bera esaten zuen Asisko Frantziskok bere buruaz, gaizkile eta hiltzailerik gaiztoenen lekuan kokatuz.

3. Porrotari erantzun

Bizi ezinez, Noak bezala, biziaz beste egiten duen ororen heriotza gizartearen eta gizadi osoaren porrota da. Gizarte eta gizadian nagusitu zaigun eredu matxista, biolento, lehiakor, handinahi, egolatraren porrota.

Garapen deitzen dugunaren porrota. Suizidioen tasa herrialdeka (urteko eta 100.000 biztanleko) ikusi besterik ez dago[1], kontinente bakoitzeko estatu “aurreratuenetako” bat eta “atzeratuenetako” bat hartuz: Hego Korean 26 eta Filipinetan 3,2; Australian 13,2 eta Indonesian 3,4; Estatu Batuetan 22 eta Perun 5; Boli Kostan 14,5 eta Malin 4,8; Suedian 13,30 eta Errumanian 10,4; Espainian 7,6, eta Euskadin 7,3 (bi egunetik behin suizidio bat!).

Tentuz hartzeko datuak dira, halere: ezin da esan, adibidez, garapen ekonomikoaren eta suizidio-tasen artean korrelazio zuzena dagoenik (“zenbat eta aurreratuago hainbat eta suizidio gehiago”), suizidioa errazten ala oztopatzen duten faktoreak ugari baitira. Japonian, esate baterako, suizidio-mota asko ohoragarriak izan dira tradizionalki (samuraiak, kamikazeak, bontzoak); Islamak, aldiz (eta berdin kristautasunak), nabarmen atzera eragiten dio suizidioari (Indonesia, Mali…), eta ez derrigor egoera zailei aurre egiten laguntzen duelako, suizidioa sozialki zorrotz estigmatizatzen duelako baizik.

Nolanahi ere, nekez esan daiteke garapen deitzen duguna, oro har, bizipozaren pizgarri denik; alderantziz, ziur esan daiteke askoren bizipoza erabat itotzen duela, jende gehiegi uzten duela bide-bazterrean zaurituta edo zerraldo, gutxi batzuen onuraren izenean. Ikerketa guztiek nabarmentzen dutenez, suizidioetako asko eta asko enplegu ezegonkorrak, lan-baldintza eskasak eta langabeziak eraginak dira zuzenean. Krisi ekonomikoak suizidio-tasaren igoera dakar. Nora garamatza aurrerapenak, BPGaren igoerak, lehiakortasun ekonomikoak, I+Gk (Ikerketa eta Garapena), punta-puntako teknologiak? Zertan ari gara gazteen suizidioak ez ezik, nerabeenak eta haurrenak ere hain gora doazenean? Norantz ari gara garatzen, hainbat jende bide-zulo eta areketan utziz, ezdeus eta alferreko, frakasatuak eta bizitzen jarraitzeko ezgauza direla sentiaraziz? Eta zer gara gu, egoera horietan aurkitzen direnen estura eta larria, bizi ezina, arintzeko gai ez bagara?

Sistema kapitalistaren porrota da, erabateko porrota. Alferrik ukatuko da. Zientziaren porrota da –hobeto esan, zientzia zertarako erabili erabakitzen dutenen porrota–, politikaren eta ekonomiaren porrota, estatuen porrota, erakunde publikoen porrota. Eliza eta erlijio guztien porrot itxuragabea, bizi-arnasa hauspotu ordez dogma eta arauen artean ito egin baitute hainbat eta hainbatengan. Erlijioetatik askatu den gizarte laikoaren porrota ere bada, ez baitute asmatu erlijiorik gabeko espiritualtasuna sustatzen.

Gizadiaren porrota da, Sapiens (Jakintsu) deitu zuten gure espezie honen porrota. Beste espezieekin, etsaiekin eta lagunekin, norberarekin lehian ari da sortu zenetik, aurreratuago eta lehiatsuago, lehiaren lehiaz arnasa galtzeraino. Sapiens deritzogu? Esan behar –seinaleak ugari dira– espezie bezala bere buruaz beste egitea erabaki duela, Sapiens espezie “hobetu” baterantz (“transhumanismoa”) –zeinen onerako, ordea?– edo beste espezie baterantz (“posthumanismoa”) –auskalo zertarantz!–. Eta zer esan? Gauza bat dago argi: gure espezieak ezin du daraman bidetik luzaroan bizirik jarraitu, gizaki humano gisa behintzat. Zer esan, ordea, baldin eta bere buruaz beste egitea erabakiko balu?

A zer galdera! Ez dakit zer erantzun. Baina hara zer dakidan, zer dakigun denok: giza espezie hau aldatzea ezinbestekoa da, baina alda daiteke hoberantz edo hobearen izenean okerragorantz. Gurea da aukera. A zer aukera!

Gizaki eta bizidun guztion edo gehienon onerako, zientziak medio, dei etikoari eta arnasa espiritualari jarraiki, espezie hoberantz jauzi egin beharko luke gure espezieak. Hartara egingo luke egiazki bere buruaz beste, bere burua hurrengo gizakiei edo espezie berri bati emanez, bere bizia besterentzako bizi eginez. Aingeru salbatzaile izango litzateke besteentzat. Baina, tamalez, ez dago horren itxurarik. Gizadiak bere lehia eroan, bere herioan, daraman abiadura eta norabidea begiratuz, ez naiz oso baikor, beldur naiz gutxi batzuen onerako edo ezerezerako ez ote den izango gure espeziearen suizidioa. Zer sortuko ote da orduan? Ametsik gaiztoenetako munstroa? Hori bai gizadiaren porrot izugarria! Baina orduan ere, ezta orduan ere, ez nuke gure gizadi gaixoa madarikatuko, ez errudun emango, bere gaitasunak onerako baliatzen eta bizi-arnasari eusten jakin ez duelako. Errukia mereziko luke, ez zigorra.

Orduan zer? Dena dagoen horretan utzi behar ote da: abusatzailea abusuan, abusatua depresioan, gizadia herio-bidean? Hori porrotean etsitzea litzateke, eta porrotak kontzientziara eta erantzukizunera egiten digu dei, gaitzaren kontzientzia hartzera eta onaren deiari erantzutera. Ahal duguna egitera. Orain da garaia. Berandu da, 300.000 mila urte igaro ditugu barruan daramagun izaki on eta zoriontsuaz erditu ezinik, gure baitako egiazko Kristoaren enkarnazioa gauzatu ezinik, egiazko “jainkotasuna”, ontasun zoriontsu kreatzailea, gorpuztu ezinik. Jesus aitzindari eta sakramentu izan zen. Guk ere ahal dugu. Gure ahalmena txikia dela? Bai, baina, E. Galeanok idatzi duenez, “jende txikiak leku txikietan gauza txikiak eginez, mundua alda liteke”.

Nik ez zaitut kondenatzen, esango lioke Jesusek gure espezieari bere porrotean. Ez zaitut kondenatzen, baina altxa zaitez, egin ezazu jauzi egiazki aurrera, zure gaitasunen onenerantz. Ahal duzu. Erantzun iezaiozu zeure ezinari, zeure porrotari. Ez ezazu etsi. Ez ezazu amore eman. Edo, hobeto esan, bai, zure etengabeko lehian eman ezazu amore, zure egiazko izate kristikoaren amorez. Eman ezazu amore, izan zaitez libre. Bizi zaitez.

4. Suizidioa erlijioetan eta filosofia zaharretan: eskumen eta erantzukizun ala bekatu eta erru?

Erlijioek kudeatu izan dituzte giza bizitzako gorabeherarik garrantzitsuenak: zer den on eta zer den txar, zer den mundua eta zer den gizakia munduan, nondik gatozen eta norantz goazen, zer zen hasieran eta zer izango den amaieran, zer nolako harremanak behar ditugun izan beste gizakiekin eta izaki guztiekin, noiz eta nola den zilegi sexualitatearen praktika, nola jaio eta nola hil, eta hil eta gero nola bizi. Giza bizitzaz eta heriotzaz erlijioek izan duten aginpidea galtzera doan honetan –Europako Mendebaldean galdua da dagoeneko, esan daiteke, eta beste hainbeste gertatuko da luzaro baino lehen gainerako herrialdeetan ere–, onuragarri izan daiteke erlijio zaharren ondareko –bereziki idazki zaharretako– jakituria gogora ekartzea, ez errepikatuz, berrituz eta gaurkotuz baizik. Horixe dute gogoeta hauek helburu suizidioari dagokionean: zentzurik ez duena alde batera utziz, baina antzinakoek duela milaka urteko hizkeran eta kategorietan esan zutena –esan zutena baino gehiago esan nahi izan zutena– gaurko hizkuntzara ekarriz, agindu eta debeku gisa aurkezten dutena inspirazio edo argi-printza gisa berreskuratuz, iturri zaharrari darion ur berria xurgatuz, guztiaren beharra baitugu gizadiak arnasari euts diezaion.

Ekialdeko tradizioetan (hinduismoa, jainismoa, budismoa, konfuzianismoa…), oro har, ez dago “Jaun-goiko” lege-emaile baten irudirik. Ezta bekatu edo erru kontzepturik ere; baina norberak du bere oraingo eta geroko bizialdien erantzukizuna. Ekintza bakoitzak bere ondorioa –karma– baitu, ongarria ala kaltegarria, eta horrek erabakitzen du gizakiaren hurrengo berraragiztapena nolakoa izango den; bizialdiz bizialdi sufritzen jarraituko ote duen, itxurazko izaeraren kateetan loturik, ala, agian, etengabeko berraragiztapenen gurpiletik askatuko ote den, emozio eta pentsamendu engainagarriz osatua den gorputzezko izaeratik libre –horixe du bizitzak egiazko helburu–. Horra Dharma, betiereko lege gorena. Heriotza ez da, beraz, hurrengo bizialdirako igarobidea besterik, noiz eta ez den gertatzen, karma txar guztiak urturik, erabateko eta behin betiko askapenerako urrats, egiazko izaera absoluturako irispide. Ondorioz, suizidioari buruzko arauak malguak dira, segun eta zein egoeratan eta zergatik egiten den biziaz beste. Norberaren erantzukizuna da.

Hinduismoan debekatua dago orokorrean, karmaren legearen ihesbide-saiakera bihurtzen denean batik bat. Baina bizitza honetan inolako desirarik eta irrikarik ez duenari eta bizitzako erantzukizun guztiak kitatuak dituenari, baita gaixotasun terminala edo ezgaitasun larria duenari ere, aitortzen zaio barau bidez biziari amaiera emateko eskubidea. Ezaguna da, bestalde, sati deritzan ohitura zaharra: senarra hiltzean, haren gorpuarekin batera erretzeko alargunak bere burua sutara jaurtitzea; gaur debekatua dagoen arren, usadioak oraindik bizirik jarraitzen du han-hemenka landa-eremuetan.

Hinduismoaren erreforma den jainismoan ere (K.a. VI. m.), hinduismoan bezala eta are argiago, bizitzaren azken aldera edo errealizazio-maila handira iritsi denak zilegi du jateari erabat utziz bere buruaz beste egitea. Eta ez hori bakarrik, horrela berraragiztapen-maila hobea lor dezakeela uste da.

Garai berean (K.a. VI. m.), eta logika berean, Budak irakatsi zuen suizidioa ez dela egoki bizialdi honetako arazoei, beldurrez edo desiraz, errazegi eta arinegi ihes egitea bilatzen denean. Baina beste hainbat egoeratan aukera egokitzat eman zuen Budak berak: gaixotasun mingarri edo atzera bueltarik gabea denean, egoismorik eta desirarik gabe, atxikimendurik gabe, gauzatzen bada bereziki, zer esanik ez norbait heriotzako orduan argitzapenera –erabateko askatasunera, nirvanara– iritsia bada.

Konfuzianismoak (Konfuzio eta Mentzio: K.a. VI. m.) irakasten du bere buruaz beste egitea onargarri ez ezik goragarri ere badela bizitza biologikoa baino balio handiagoen amorez egiten bada, hurkoen alde adibidez: ez da onargarri gizatiartasuna ukatuz bizi izatea, baina baliteke gizatiartasunagatik bere buruaz beste egin behar izatea.

Filosofia estoikoak aipamentxo bat merezi du. Seneka (K.o. 65en hila), Epikteto (K.o. 50-135) eta Marko Aurelio (K.o. 121-180) pentsalari handiek irakatsi zuten bere buruaz beste egitea norberaren esku dagoela, eta areago, ohoragarriago dela hori modu miserablean bizitzea baino. Ez, noski, norberaren erantzukizun sozialei ihes egiteko, baina bai, esate baterako, gehiegizko oinazeetatik edo gaixotasun larritik, baita inoren tiraniaren pean bizi behar izatetik ere, libratzeko (jakina, norberaren heriotza libreki eragingo bada, ezinbestekoa da norberaren tiraniatik libre izatea). Eta ezingo du inork esan estoikoak oinazeak, gabeziak eta era guztietako zorigaitzak eramateko gaitasuna garatzen ez zutenik, edo unean uneko apeten arabera bizi ohi zirenik. Horrekin esan nahi dut, suizidioa onartzen bazuten, ez zela inolaz ere errazkeria edo arinkeriagatik.

Aipa ditzadan gaingiroki erlijio monoteistak (judaismoa, kristautasuna, islama). “Jaun-goiko” kreatzaile eta ahalguztidunaren borondateak eta aginduek arautua dago osoki gizakiaren bizitza: noiz eta nola jaio, noiz eta nola hil. “Jaun-goiko”a Izaki Gorena da, Kreatzaile ahalguztiduna eta orojakilea, bat eta bakarra, zigortzaile eta saritzailea. Munduko izaki guztien gainetik dago eta gizakiaren –zehazkiago, gizonaren– antzera irudikatzen da: giza emozioen gisako emozioak eta bihozkadak ditu (haserrea, maitasuna, poza, damua, jelosia, barkamena). Bera delarik biziaren jaun eta jabe bakar, ez dago suizidioarentzat lekurik. Arlo honetan ere, gainerako arlo guztietan bezala, iritzi-aniztasun bateraezina aurkitzen du bakoitzaren barnean, baina historian zehar eta egun nagusi den jarrera tradizionala azalduko dut.

Judaismoak zorrotz debekatzen du. Bizia sakratua da, Jainkoaren oparia, eta inork ezin dio eskurik ezarri; onartezina da, esate baterako, norberaren bizitza laburtzea. Jaun-goikoaren borondatearen aurkako desafioa litzateke. Hor ditugu, ordea, Biblian, bere buruz beste egiten duten hainbat pertsonaia, inork horregatik kondenatzen ez dituelarik: Abimelek, emakume batek zauritu izanaren desohorea inolaz ezin zuelako eraman (Ep 9,50-54); Saul erregea, guduan zauritua izan ondoren eta filistiarren eskuz hila izatearen desohorea saihesteko (1 Sm 31,4-6); Ahitofel, jendeak bere aholkuak jarraitzen ez zituelako bihozmindurik (2 Sm 17,23); eta Samson (Ep 16,23-30), denetan ezagunena, filistiarren aurkako ekintza suizida sonatua burutu zuena.

Kristautasunak are gogorrago kondenatu izan du suizidioa. Baina hemen ere denetik aurkitzen da. Hor ditugu, esate baterako, lehen kristau mendeetan, ahalik eta lasterren zerura joateko edo Jainkoarekin lehenbailehen bat izateko, “Kristorekin egoteagatik hiltzea nahiago” zuen Pauloren antzera (Flp 1,23), bere buruaz beste egiten zutenak, debozioz itxuraz bederen –“itxuraz” diot, baina nor ausartuko da juzgatzera non amaitzen den egiazko debozioa eta non hasten fantasiazkoa?–. San Agustinek (354- 430) zorrotz kondenatu zuen horrelako praktika eta justifikazioa, eta harrezkero ez zen onartu, baina eztabaidak jarraitu zuen inondik ere, Akinoko San Tomasek (1225-1274) San Agustinen argumentuak berritzen baititu zortziehun urte geroago. Zuzenbide Kanoniko zaharrak zigor gogorrak ezartzen zituen: bere buruaz beste egina ezin zen eliz-hilerrian hilobiratu; bere buruaz beste egiteko saiakera burututakoei, klerikoak baziren ministerioa kentzen zitzaien, eta laikoak baziren ezin ziren ministeriora iritsi; 1983ko Zuzenbide Kanoniko berriak lehenengo zigorra ezabatu zuen, baina ez azken biak (1041 y 1044). Evangelium Vitae entziklikan (1995), Joan Paulo II.a aita santuak irakatsi zuen: “Suizidioa moralki onartezina da beti, homizidioa bezala. Elizaren tradizioak erabaki larriki txar bezala arbuiatu izan du beti, beti arbuiatu izan du. (…). Zenbait baldintza psikologiko, kultural eta sozialek (…) erantzukizun subjektiboa arindu, are ezabatu dezaketen arren, ikuspegi objektibotik ekintza larriki immorala da suizidioa, norberaren maitasunaren ukapena eta hurkoarekiko, kide den elkarte guztiekiko eta gizarte osoarekiko dituen justizia eta karitatezko betebeharraren ukapena baitarama berekin. Sakonenean, Jainkoak biziaz eta heriotzaz duen nagusitasun absolutuari uko egitea da” (66 zenbakia). Beti onartezina, Elizak beti arbuiatua, objektiboki bekatu larria, Jainkoaren nagusitasun absolutuaren ukapena. Inolako ñabardurarik ez.

Islamak ere ikuspegi eta arrazoi biblikoei jarraitzen die funtsean. “Ez hil zeuen burua”, dio Koranak (4,29). Halaxe erakusten dute hadizek (Muhammad profetaren hitz zein irakaspenak) ere. Ondorioz, bere buruaz beste egitea oso gaizki ikusia dago herrialde islamikoetan eta horrek esplikatzen du funtsean zergatik den hain baxua suizidioen tasa herrialde horietan (beste hainbeste esan daiteke, nahiz eta askoz maila apalagoan, kristautasunaren praktika oso hedatua dagoen gizarteez).

Hiru erlijio monoteista abrahamdarrek –judaismoa, kristautasuna, islama– biziaren amaierari buruzko baterako adierazpena zabaldua dute berriki (2019ko urriaren 28an), eta hona zer dioen eutanasiaz eta suizidioaz: “Eutanasia eta suizidio lagundua intrintsekoki eta, beraz, moralki eta erlijiosoki erratuak dira eta salbuespenik gabe debekatu behar lirateke”. Eutanasia- eta suizidio-mota guztiak, beraz. Ñabardurarik gabe, salbuespenik gabe. Zorrotz eta tinko. Baina, aitortzen ez bada ere, erlijio horietako bakoitzaren tradizioan onartu den hainbat eta hainbat salbuespen eta jarrera malgurekiko kontraesan nabarian.

Bestalde, hiru monoteismoek zilegi jo izan dute, erreparo handirik gabe jo ere, hereseak eta gaizkile etsaiak hiltzea nahiz gerra justua nahiz herio-zigorra. Jainkoaren borondatea oinarri harturik, noski, beti ere. Jainkoaren borondatea zein den nork erabakitzen duen, hori da gakoa, eta gako horretan kateatu izan dira monoteismoak, kontraesanik gordinenetan eroriz. Edozein interes justifika daiteke, norberaren interesak Jaungoikoaren borondate direla sinetsiz eta irakatsiz. Azken buruan, boterearen –erlijioso zein politikoaren, eta gehienetan bien– jabe direnak Jaungoikoaren ordezko bakar direla aldarrikatzen da, beraiek bakarrik direla, beraz, Jaungoikoak zer nahi duen jakiteko gai.

“Jainkoa” eta “Jainkoaren borondatea” zer den erro-errotik berrikusi beharra dute fededun, erlijio eta eliza monoteista guztiek, suizidioaren gaian bezala gainerako gai handi guztietan, kontraesan gordin horietatik libratuko badira.

5. Biziaren jabe, erantzule, emaile

Jainkoa eta “Jainkoaren borondatea”, gizakia eta bere “askatasuna” zer diren dago jokoan. Azken batean, zer den bizia eta zer heriotza. Zertan datzan eta noraino irits daitekeen bizia zaintzeko gizakiak duen erantzukizuna.

“Jainkoa” esatean, ez diogu “Jaun-goikoa”, munduaren gain eta mundutik bereiz legokeen Izaki Gorena, materiaren bilakaera, kosmos osoaren eta izaki bakoitzaren zoria osoki eta zehazki aurrez xedatua lukeen Adimen edo Borondate Absolutua. Jainkoa ez da munduaz haragoko eta denboraz lehenagoko Zerbait edo Norbait, munduaren Barnetasun mugarik gabea eta denboraren baitako Presente eternala baizik, materiaren eta denboraren “baitan” den pilpira Biziarazlea, Errealitate ororen hasierarik eta amaierarik gabeko Jarioa, ororen Orotasun bakun eta anitza, izaki guztien Izamena, Sorkari guztien Sormena, forma guztien formarik gabeko Funtsa.

Beraz, “Jainkoa” deitzen dugun Misterioak ez du berez ezer nahi: etengabe zerbait nahi duten izaki guztien Nahimena da. “Jainkoak” ez du berez ezer erabakitzen: etengabe erabakitzen ari diren izaki guztien Erabakimena da. “Jainkoa” ez da berez Biziaren Jabe Goren: bizidun guztien Bizimena da, izaki guztien eskumena, izaki ororen Ahalmena.

Ez du zentzurik, beraz, hiru monoteismo nagusiek, laburki ikusi dugunez, suizidioa gaitzesteko erabili izan duten arrazoiak: “Gizakiak ezin du bere buruaz beste egin, ez baita bere buruaren jabe, Jainkoak betidanik ezarri dituen erabakien gauzatzaile soil besterik ez baita”. Gezurra. Gizakiaren erabakimenaren muga litzatekeen Jaun-goikoa ez da jada sinesgarri. Ez da existitzen.

Bibliak hori dioela? Baita kontrakoa ere, badio: gizakiak duela bere biziaren erantzukizuna, biziari eta heriotzari buruzko erabakimena. Bibliak edozer dio. Baita gizakiak inoiz pentsatu eta gauzatu dituen gauzarik makurrenak ere. Biblian elkarren kontrako agindu eta irizpide guztiak daude: “Ez inor hil” eta “Hil ezazu”, “Ez zeure buruaz beste egin” eta “Egin zeure buruaz beste” (halako eta halako egoeratan). Bibliako agindu guztiak ezin dira, beraz, inolaz ere denak batera bete, agindu batzuek besteak ukatzen baitituzte. Guri dagokigu erabakitzea gaur eta hemen zer hartu eta zer utzi, zer den orain eta hemen on eta zer ez, zer den “jainkozko” eta zer ez. Biblia hitzez hitz hartzen duenak bere buru engainatzen du, eta Bizi-arnasa ukatzen. Bibliaren (eta giza idazki espiritual guztien, erlijioso nahiz laiko) espirituak biziarazi egiten du, letrak hilarazi. Guri dagokigu aukera. Bada garaia “idazki sakratu” guztiak –Biblia zein beste– irakurtzen ikasteko. Bizia dugu jokoan.

Bizi biologiko “soila” baino askoz gehiago da edonoren bizia, bizirik irautea baino askoz gehiago, eta bere osotasunean behar du izan bizigarri, bere osotasunean behar du bizi izatea merezi. Eta, azken batean, norberari dagokio erabakitzea bizia noiz eta nola eta noraino den bizigarri, noiz eta noraino merezi duen bizi biologikoari eustea. Inor ez da bizi, noski, bakarka eta bereiz, biziaren sarean baizik, bizidun ororen bizikide. Eta, beraz, bakoitzak bere biziarekiko duen erantzukizuna eta erabakimena bizikide guztien erantzukizun eta erabakimenarekin elkarturik dago –elkarturik, ez loturik–. Noski, baina, azken batean, norberak, bakoitzak, erabaki behar du, ahal duen eran eta neurrian, nola izan eta nola ez bizidun guztien bizikide. Norberak, bakoitzak, erabaki behar du noiz zaion bizitza –bizi biologikoaren iraupena– bizigarri, eta noiz ez, eta zer den onik handiena edo gaitzik txikiena: bizitzari eustea ala heriotza Bizirako igarobide bihurtzea. Eta, bizitza eramangarri ez bazaio, ezin bada bizi, norberak erabaki behar luke, ahal duen erantzukizun handienarekin, bizitzari amaiera jartzea, hasierarik eta amaierarik gabeko Bizi-arnasaren baitan.

Norberaren erabakimen hori, erantzukizuna bezalaxe, biziaren sakralitatearen funtsezko osagaia da. Profeta martiria edo bontzoa edo bere bizia hurkoaren alde ematen duen oro bizi-elkartasunaren –biziaren santutasunaren, sakralitatearen– lekuko den bezala, Jesusen antzera, bere bizitza zerbaitengatik –hainbat izan daitezke motiboak, denak ulergarriak– bizi ezin gertatzen zaiolako bere buruaz beste egiten duena ere bizi-elkartasunaren edo biziaren santutasunaren lekuko da. Jesusen antzera. “Nik ezin dut bizi, baina bizi zaitezte zuek. Har ezazue zuek nik eraman ezin dudan bizia, naramazue zuengan bizirik”.

6. Zenbait ondorio laburbilduz

1. Euskal Erkidego Autonomoan bi egunetik behin suizidio bat izan zen 2018an: 100.000 biztanleko 7,3, guztira 162 (Espainian 100.000 biztanleko eta urteko 7,6, guztira 3.600; Europan 100.000 biztanleko eta urteko 7,5, guztira 55.000; munduan 100.000 biztanleko eta urteko 11, guztira 800.000[2]). Zenbat bizi ezin!

2. Zergatiak askotarikoak dira, eta denak ulergarri, baina ez denak onargarri. Zergatiak ez dira bilatu behar bakarrik, ezta batik bat ere beharbada, bere buruaz beste egin duenaren psikologian, are gutxiago patologian. Zergatiak egoera sozial, ekonomiko eta politikoari loturik daude maiz zuzen-zuzenean. Suizidioa egoera jasanezin baten aurkako garrasi isil eta ozena da gehienetan. Gizarteak oro har eta erakundeek ezin diote entzungor egin hil direnen eta bizirik utzi dituztenen hainbeste mini.

3. Prebentzio-neurriak eta biziaren zaintza integrala dira aurrena, zalantzarik gabe. Baina horien ondoan edo, hobeto esan, horien artean, bi azpimarratu nahi nituzke bereziki. Bata: suizidioari buruz ditugun estigma eta tabu sozialak gainditu beharra. Bi: norbaitek, jasan ezineko sufrimendua dela eta, bizitzen jarraitu ezin duenean, kontzienteki eta libreki bizitzari amaiera ezarri nahi badu, horretarako eskumena legalki aitortzea[3].

4. Erlijio monoteistek, eta eliza kristauek bereziki, premiazko erantzukizuna eta betebeharra dute: testu sakratuen –Biblia, Korana…– hitzez hitzezko irakurketa behingoz atzean utzi eta gaur ongi bizitzeko inspiragarri gerta litekeen irakurketa sustatzea. Hala, biziaren jaun eta jabe bakarra balizko “Jaun-goikoa” omen delakoan, inork ez duela inoiz bere bizitzari amaiera emateko eskumenik esatea zentzugabea da. Bizi-Arnasak libre nahi gaitu. Bizidunok gara, bizikide guztiekin batera, biziaren jabe eta erantzule. Eta norbera, bere biziaren lehen jabe eta erantzule, onean eta txarrean.

5. “Heriotza ez da soluzioa”, ez, gotzainek dioten bezala, baina hori esatea ez da nahikoa. Heriotza ez da soluzioa denentzat eta beti, baina zergatik ukatu heriotza, besterik ezinean, soluzioa izan daitekeela, bereziki heriotza Bizirako igarobide dela sinesten bada?

6. Kausa “ohoragarri” batengatik bizia ematen dutenak ohoragarri dira, biziaren martiri edo lekuko. Baina bizia emateko modu asko daude. Bizi nahi eta ezin, beren buruaz beste egiten dutenek ere bizia ematen dute, bizi ezin guztiak salatuz. Mundu honetako bizimin guztien martiri, Bizipoz Infinituaren lekuko isil, azken arnasa ematen digute. Guri dagokigu orain, oroiminezko oroimenean, haiei bizirik eustea, Bizi-Arnasa hilezkorraren baitan, Oroimin eta Oroimen Infinituaren baitan, bizirik jarrai dezaten, muga eta min guztiez harago.

(Hemen 64, urria-abendua, 7-24 or.)

  1. Ik. 2016ko datuak in https://datos.bancomundial.org/indicador/SH.STA.SUIC.P5?view=map (testuan ematen dudan zenbait datu gaurkotua dago).
  2. Europako eta munduko kopuruak 2018an ez dira guztiz zehatzak.
  3. Hala da Suitza, Belgika, Luxenburgo, Holanda eta AEBetako zenbait estatutan (Kalifornia, Oregon, Washington, Montana, Vermont eta Hawai), baita, neurri batean, Argentina, Uruguai eta Kolonbian ere.
0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply