Erlijioa eta euskal kulturaren auzia

Hasteko esan nahi dut ez dela posible kultura batean sustraitu gabeko erlijio pururik. Baina alderantziz ere esan behar da: kulturaren azken sustraiak erlijiosoak dira, erlijioa zentzu zabal eta sakonean hartuz.

Gizakia izaki sinbolikoa da: ikusten duena ikusezinaren ikur gertatzen zaio, eskuetan daukana atzeman ezinaren lekuko. Hori hala ez balitz, Errealak, Athletic-ek edo Osasunak ez ligukete hainbeste gozaraziko eta sufriaraziko. Urrutiagotik gatoz beti eta urrutiagora goaz.

Euskal kulturaren erroak ere erlijiosoak dira. Gure kulturak misterioaren lur handietan bota zituen sustraiak, gure arbasoek duela 13.000 urte Ekain azken galdera-erantzunen margoz jantzi zutenean.

Gure artisten artean, Chillidak uste dut bere arte-lanean adierazten zuela bereziki erlijio-sena eta arima mistikoa: ipini eta gehitu ordez, kendu eta hustu behar horretan, funtsezkoaren bila. Gauza bera egin zuen Arantzazun Oteizak ere hamalau apostoluekin, harri handiak mailuka hustuz.

Zer esan gure ipuingile eta poetez? Mistikoak dira Xabier Lete, Artze, J.M. Irigoien, Pello Añorga, Patxi Zubizarreta eta Andoni Salamero. Beste modu batera, Juan Kruz Igerabide, Felipe Juaristi, Pako Aristi eta Joseba Sarrionandia. Agnostikoak direla? Luzio Muñoz, Arantzazuko absidea egin zuena, agnostikoa zen, baina baita mistikoa ere. Mistiko guztiak dira agnostiko zentzu batean, erlijio-sistema orotatik libre diren heinean.

Beraz, uste dut, gizakiaren bilaketa eta ametsik sakonenak baztertzen dituenean, arriskuan direla kultura eta gizartea. Eta ez dut inolaz aurreko kultura elizkoi eta santujalea amesten. Gaurko euskal kulturaren aurrez aurre ez naiz ezkor. Bizi-bizirik dago. Baina beldur ere banaiz. Beldur naiz askotan ez ote garen errazegi konformatzen. Ez dadila gure kultura lur axalegian zimeldu! Ez ditzala biziaren sustraiak ihartzen utzi! Izatearen misterioan murgilduko gaituen eta bizitzen irakatsiko digun kultura behar dugu. Dohain eta egarri handiagoaren lekuko den kultura. Erroak dituen eta errotuko gaituen kultura behar dugu.

Euskarak kristau-erlijioari asko zor dio. Norena da euskaraz inprimatutako lehen liburua? Nork sortu zuen Euskaltzaindia eta nor izan ziren euskaltzain eta euskaltzainburu garai gogorretan, inolako eskerrik eta irabazirik gabe? Nork sortu zituen edo noren itzalean sortu ziren ikastolak? Gaur egun euskalgintzaren lekukoa gizarte laikoak hartua du, eta ez dugu horren damurik. Beharrezkoa zen eta onuragarri da.

Bizirik dagoen erlijioak kulturgile, kulturaren sustatzaile, berritzaile, bizigarri izan behar du gizarte zabalarentzat. Artean eta literaturan, etikan eta hezkuntzan, Unibertsitatean eta politikan behar luke erlijioak inspiratzaile eta eragile. Biziaren begirunea, naturaren zainketa, edertasunaren erakarmena, justiziaren bilaketa, espiritualtasun-bideen edo bide berrien urraketa, erlijioen arteko elkarrizketa, bakegintzarako guneak… inspiratu behar lituzke erlijioak. Baina eten handia sortu da erlijioaren eta euskal kulturaren artean. Ez Euskal Herrian bakarrik, Mendebalde osoan gertatu da. Eta aspalditik dator: Modernitate hasieratik. Edo lehengagotik: Errenazimendutik.

Halaber, argi eta garbi esan beharra dago erlijioarekiko etsaigoa ere euskal kulturan lekuz kanpo dagoela. Zeren badirudi erlijioa arbuiatzen duena bakarrik izan daitekeela modernoa. Erlijioaren aurkako aurreiritzietatik eta salakuntza topiko errazetatik libratu ez den sasimodernoak ere badira. Gehiegi.

Erlijioa eta erlijio-erakundeak itsustea errazegia da gaur. Eta ez da beti bidezko, ezta urrik eman ere. Izan gaitezen kritikoak gaurko kulturarekin ere, eta ez erlijioarekin bakarrik. Gaurko kultura orokorra oso arina eta funsgabea da, eta hori ere esan beharra dago. Begiratu bestela telebistari: ikuslegoa irabaztea du lehen helburu, eta bere burua erabat saldua du lehia zoro horretan. Eta askoz gehiago saltzen du morboak, gogoetak baino. Hedabideek erlijioari buruzko berri exotikoak eta morbosoak maiteago dituzte, gogoeta sakona baino, arlo guztietan gertatzen den antzera.

Erlijio-erakundeei buruzko berriek presentzia serioa eta duina merezi dute hedabide publikoetan. Gizatasunaren izenean, gizarteko parte handi bati zor zaion begirunearen izenean eta kulturaren beraren izenean. Eta gaurko hedabideetan ez dut hori ikusten. Adibidetxo bat: Deustuko Unibertsitatearen Erlijio Kulturaren Bilduma. Hogeita bost liburu pasa dira, itzulpenak nahiz euskaraz sortuak, eta kristau-fedearen arlo nagusiak gaurko kulturara egokiturik eta euskaraz ematea helburu dutenak. Harritu egiten naiz zeinen arreta gutxi eskaini dioten “gure” hedabideek, eta “euskalgintza” etengabe ahotan dutenek. Ez dakit jakinaren gainean edo oharkabean, baina ez da normala, eta ez da inoren onerako. Garaiz eta lekuz kanpo deritzat.

Gizakiaren galderarik eta bilaketarik sakonenak kudeatzen ditu erlijio-erakundeak, ondo edo gaizki, eta galdera eta bilaketa horiek erabat baztertzen direnean, garbi esango dut: ez dago egiazko kulturarik. Ez dut pentsalari sakonik ezagutzen, denik eta agnostikoena izanda ere, erlijioak zer pentsa ematen ez dionik.

Gaur eta hemen fededun izan nahi duenak ezinbestekoa du bere fedea gaurko kulturan, euskal kulturan txertatzea. Horretarako, hiru proposamen luzatzen ditut:

1. Espiritualtasun-topalekuak sortu, sinestun eta sinesgabe bilatzaileok elkarrekin: gizakiaren galdera eta egarriei elkarrekin erantzuteko, munduko arazoez elkarrekin gogoeta egiteko, arlo guztietako zientzien eta erlijioaren arteko elkarrizketa bultzatzeko… Eta erakunde publikoen laguntza jaso beharko luketela uste dut.

2. Euskal Herriko Teologia Fakultateak bateratu, indarrak biltzeko, eta ahalik irakasgai gehien euskaraz eman ahal izateko.

3. Euskal Herriko Unibertsitatean Erlijio-Zientzietako Departamendua sortu. Uste al dugu Unibertsitatea modernoagoa dela bere egitarau guztietatik erlijioa ezabatu duelako? Eta ez diot erlijio konfesionala irakatsi behar denik. Baina “jakintza guztien” eta “jakituriaren” egoitzan nola falta daitezke atzoko eta gaurko erlijioek gizakion azken galderei buruz eskaintzen dizkiguten argi-izpiak eta itzal-uneak?

Beraz, erlijioa eta euskal kultura ezin dira nahastu, baina ezin dira bereizi. Zabal bedi erlijioa gaurko kulturara, aireberritzeko. Zabal bedi kultura erlijiora, arnasberritzeko. Ez dira bi, eta ez dira bat, baina inoiz ez dira bata bestea gabe.

(In ARGIA, 2007ko abuztuak 9)