Esnaera

Esnaera edo argitzapena ni indibidualaren eta azken Errealitatearen (sufiek Izaera Gorena deitzen dutenaren) arteko batasun bezala ulertzen da tradizioan zehar. Esnaerak Osotasuna edo Ez-dualtasuna sorrarazten du, zeinak, errealitate osoa barne hartuz, gizabanakoari azken askatasunaren eta erabateko betetasunaren sentsazioa transmititzen dio. (…).

Azken Errealitate hori ageriko ororen agerpenaren aingura da, eta ez hori bakarrik, baizik eta, aurkitzen denean, gizakiak sufrimendutik askatzen ditu eta beren Egiazko Natura eta Izatearen oinarri gabeko Oinarria erakusten die (Budaren izaera, Brahman, Jainkoa, Ein Sof, Ala, Dao, Ati, Perfekzio Handia, Bata edo Satchitananda bezalako izen ezberdinekin ezagutzen dena). (…).

Kapitalismoari, kontsumismoari, sexismoari, arrazismoari, patriarkatuari, gutiziak bultzatutako negozioei, erregai fosiletatik eratorritako energiari, ekonomia globalari, ingurumenaren ustiapenari, berotze globalari, militarismoari, munduko pobreziari, aberatsen eta pobreen arteko arrakalari, gizakien trafikoari, drogen erabileraren eta trafikoaren epidemiari, elikagaiei, lehorteei eta abarrei buruzko kritikak baditugu. Kritika horiek guztiak oso egokiak iruditzen zaizkit, baina bada bat, inoiz aipatzen ez bada ere, seguraski denetan garrantzitsuena dena: Mendebaldeko kulturak esnaeraren iturrietarako sarbidea galdu duela. (…).

Azken Errealitatera esnatzeak, Izatearen oinarri gabeko Oinarria denez, gure zeregin erlatibo guztiak ainguratzen ditu eta zentzua ematen die. (…). Azken Errealitate hori aurkitzea “hor” nahiz “hemen” baden ororen oinarririk gabeko Oinarria aurkitzea da, hau da, gure Ni sakon eta egiazkoena, gure geutasuna, gure izatearen Errealitate funtsezkoena aurkitzea, eta aurkikuntza horrek iratzartzea, argiztatzea eta metamorfosia dakartza berekin.

Ken Wilber, La religión del futuro (Etorkizuneko erlijioa), sarrera (Kairós, 2018)