EZ DEISMO FILOSOFIKOA EZ TEISMO “JESU-KRISTAUA”. Jesús Martínez Gordoren orrialde batzuei buruz zenbait oharpen

Bihoaz gogoeta hauek Jesús Martínez Gordo irakasle bikain eta sutsuari, Gasteizko Teologia Fakultateko garai on haietan irakaskide estimatua izan nuenari, diodan aintzatespen eta begikotasunarekin batera. VIDA NUEVAn eta gero ATRIOn (www.atrio.org) argitaratu berri duen kaierari buruzko oharpenak dira. Ohar soil batzuk, testuak –autorearen ohiko indarrez jantziak– sortzen didan zenbait zalantza eta galderaren adierazgarri. Ez dute beste helbururik, neure burua argitzea eta kultura- eta teologia-trantsizio garai hauetan gai horiez interesatzen direnen arteko eztabaida zabalik mantentzea baino. Niri ere interesatzen zaizkit, eta espero dut erabat engainatua ez egotea pentsatzen dudanean ezen amesten dugun munduaren etorkizuna Jainkoari eta Jesus Nazaretekoari buruz hitz egiteko moduaren baitan ere badagoela. Axola dit, eta asko, Jainkoaren gaiak, begiratzeko, sentitzeko, bizitzeko era baita.

  1. Jesus Mz. Gordori ere niri bezainbat axola dio, nahiz eta digun axola ez dugun berdin adierazten, normala den bezala. “Zergatik zait axola Jainkoa existitzen den ala ez” daramate izenburu haren orrialdeek. Nik ez nuke inoiz horrelako izenbururik jarriko, hau da, ez nintzateke hasiko galdetzen “Jainkoa existitzen ote den ala ez”, lehenago nolabait esan gabe, metaforaren baten bidez, Jainkoa diodanean zer esan nahi dudan, esan ezinik beti ere, totelka bakarrik, Esanezina baita. Badakit errealitatearen formarik gabeko Hondoa badela, forma guztietan ikusten baitut. Ez da Izaki Gorena, baina izaki guztietan da, forma guztietan gordetzen da eta agertzen. Gauzarik arrazoizkoena iruditzen zait haren Presentzia aitortzea, ez azken Enigma gisa, Misterio fundatzaile gisa baizik, arrazoizkoa iruditzen zaidan bezalaxe mendi-zelaien eta ortziaren bakea aitortzea gerra absurdu guztien erdian.
  2. Ez zait hain arrazoizkoa iruditzen munduaren aurreko eta kanpoko “Jainko Izaki”aren existentzia postulatzea, munduaren existentziaren lehen eragile edo lehen motore eta beharrezko esplikazio gisa. Giza gogamenaren konstruktu baten itxura guztia luke, gizakiaren esplikazio-beharrak ezerezetik sortua lukeen baliabide arbitrario baten itxura. Baina “Jainkoa”, “baliabide” gisa, soberan dago zientzia kosmologikoentzat, eta errealitateari buruzko gogoeta teologikorako ere alferrikakoa dela deritzot. Edozein haur argiren galderari bide emango lioke: “Baldin eta mundua Jainkoak sortu bazuen, nork sortu zuen Jainkoa?”. Erantzunik jakintsuena erraza da: “Beharrezko ‘Jainko’ sortzailea gizakiak sortu zuen”. Munduaren eta ordenaren, moralaren, hiriaren eta inperioaren oinarri bermatzaile bat izan zedin zuen sortu. Tenpluen hondakinik antzinakoenek adierazten digutenez, Sumeriak irudikatu zituen lehen jainkoak, duela 7.000 urte inguru. “Beharrezko Jainkoa” giza beharraren mende dago.
  3. Hala ere, Martinez Gordok dio, guztiaren jatorrian “Jainko” bat badela ukatzen badugu, munduari buruz bi azalpenetako bat ematera kondenatuak gaudela: materialismo zientifizista ala zori hutsa. Esango nuke, hor erakusten duen materiaren eta zoriaren nozioa zientzialaririk eta zientziaren filosoforik onenek gaur egun duten noziotik at dagoela. Horietako inork ez du uste, izan ere, badakienik zer den materia eta nola konbinatzen den zori eztabaidaezina maila supra-atomikoan zein infra-atomikoan ageri den harrigarrizko erregulartasun edo “halabeharrarekin”. Materiak ez du zerikusirik irudikatu izan den zera estatiko eta bizigabe horrekin, “espirituarekin” kontrajarrita. Materia dinamikoa, erlazionatua, sortzailea, autosortzailea da. Energia da, harremana, posibilitatea. Ez dakigu zer den, baina forma berrien matrize agortezina eta autokreatiboa dela esan dezakegu. Materia horretatik sortzen dira “espiritualak” deitzen ditugun formak eta adierazpenak, eta horrek esan nahi du materia deitzen dugun horren formarik gabeko funtsa, azken finean, espiritu ere dei genezakeela. Edo areago, zilegi bekit, Jainkoa.
  4. Mintza gaitezen, bada, Jainkoaz, bai, baina beste modu batean. Eta has gaitezen munduari buruz ere beste modu batean hitz egiten, zientzialariekin eta poetekin bat. Ezin dut imajinatu munduaren, jatorrizko materia-energiaren edo eremu elektromagnetikoaren “aurrekorik ez kanpokorik” ezer, zeinaren fluktuaziotik atera baitzen, dirudienez, unibertso hau –beste unibertsoez ez dakigu oraindik ezer– sortu zuen txinparta edo Big Bang-a. Horregatik ezin dut imajinatu ez denboraren aurreko ez espazioaren kanpoko nahiz barruko “Jainkorik” ere, Jainko Izakirik, zerbaiten aurrean zerbait, norbaiten aurrean norbait. “Lehen/ondoren”, “barru/kanpo” nozioak “espazioa/denbora”ri buruzko nozioak dira, eta hauek, berriz, inguratzen gaituen eta mugitzen garen unibertso honetan geure burua kokatzeko gizakioi balio diguten kategoria mugatuak besterik ez. Errealitatearen etengabeko “iturburua” espazio-denbora kategoria horiez (eta gainerako guztiez) harago dago. Zientzialariek, poetek, mistikoek badakite hori.
  5. Harrigarria egiten zait teologo bilbotarrak honako hau idaztea: ” ‘Deista’ arrazionalki kontsistente eta, aldi berean, ‘teista jesu-kristau’ bilakatu naizen fededun katolikoa naiz”. “Teista jesu-kristau”arena ulertzen dut, ustez; ez, ordea, bere burua “deista” jotzean zehazki zer esan nahi duen. Izan ere, “deismoa” doktrina teologiko bat da baieztatzen duena ezen “Jainkoak”, hasierako hartan, unibertsoa bere lege guztiekin sortu zuela, bai, baina harrezkero ez duela tutik esan ez ezer egin bere bidea jarraitzen duen mundu honetan. Ez errebelaziorik, ez enkarnaziorik, ez salbaziorik. Mundua eta arrazoia besterik ez dira geratzen, Jainko subirano eta pasiboaren eskutik utziak. “Jainkoa” lehen kausa bezala postulatzea bera ere ez zait batere “arrazionalki kontsistentea” iruditzen, baina are arrazionaltasun eta kontsistentzia gutxiago ikusten diot kreazioaz geroztik “egonean” legokeen Jainko Izaki edo Subjektua baieztatzeari. Kosta egingo litzaidake Jesus Mz. Gordok, bere burua “deista” aitortzen duenean, hori pentsatzen duela ulertzea. Baina horixe da irakurtzen dudana.
  6. Ulergarriago egiten zait bera “teista jesu-kristaua” dela aitortzea, baina ez dira nire zalantzak eta galderak horregatik desagertzen: esan nahi du teista dela, hau da, munduarekiko eta gizakiarekiko bereizia den Jainko pertsonalarengan sinesten duela, Jesusek sinesten zuen bezala edo Jesusek sinetsi zuelako? Baina Jesusek munduan esku hartzen duen Jainkoarengan sinetsi izanak –hitz egiten, sendatzen, saritzen, barkatzen, zigortzen duen Jainkoarengan sinetsi izanak, alegia, hori guztia sinesten baitzuen Jesusek– behartzen ote du kristaua ere Jainkoa Jesusek bezala irudikatzera? Zergatik ez genuke sinetsi behar, arrazoi beragatik, euria Jainkoak egiten duela edo mundua geozentrikoa dela? Nolanahi ere, Jesusen teismo hori ez al legoke deismoarekin kontraesanean?
  7. Galdera gehiago: egiazkoa eta kontsistentea ote da darabilen argudio apologetikoa, hots, fededunok fedegabeen “aldean onak garela”, Martínez Gordok dioen bezala, Paolo Flores d ‘Arcais filosofo ateoak 2000. urtean (ez 2008an, dioen bezala), orduko Joseph Ratzinger kardinalarekin izandako elkarrizketa ospetsu hartan, hitzez hitz egin omen zuen baieztapen bat aipatuz, eztabaida haren transkripzioa jasotzen duen liburuan nik aurkitzen ez dudan baieztapena bestalde (¿Dios existe?, Espasa, 2008)? Flores d’Arcaisek aitortzen du, bai, “seguraski, federik ez izateak [ez du esaten zein fede] askoz ere zailago bihurtzen duela egoismoari uko egiteko, besteengatik sakrifikatzeko gaitasuna” (83. or.), baina azpimarratzen du fedegabeak ere gai direla besteengatik sakrifikatzeko eta sakrifikatzen direla. Inork ezagutu ote dezake neurria eta jakin ote dezake batzuek gehiago ahal dutela eta besteek gutxiago? Nolanahi ere, iraganak eta orainak ez ote dute barra-barra gezurtatzen kristauen eta fededunen (zein fededun?) nagusitasun etiko edo espiritualaren argudioa? Nazareteko Jesusek berak, nahiz eta hain teista izan, ez ote zuen argudio hori argi eta garbi ukatu samariar onaren parabolan, non heretiko erdi-pagano bat zaurituarekiko errukiaren eta konpromisoaren eredu gisa aurkezten duen, bidean aurrera jarraitu zuten tenpluko lebitaren eta apaizaren aurrez aurre?
  8. Gaur egun ere, Jesusen irudiak –ez hainbeste Jesus historikoak, hari buruz ez baitakigu ziur-ziur gauza handirik, baizik eta ebanjelio desberdinetako kontakizunetan era ezberdinean gogoratzen denak–, gogo-bihotzez gogoratzen eta geure gaurko hizkeran, antzinako dogmena ez den hizkeran, libreki adierazten jarraitzen dugun Jesusen irudiak inspiratzen nau oraindik ere. Ez Jesus delako “zortzimilakorik” gehien igo zituena, ezta hobekien igo zituena ere, baizik eta bera delako hazi naizen lurra eta edan dudan iturria, eta hala izaten jarraitzea nahi dudalako. Lurra eta iturria desberdinak dira; azken sustraia eta ur sakona, ordea, berberak.
  9. Jesusen erruki sendatzailean, senidetasunezko askatasun askatzailean, ontasun zoriontsuan agertzen zait izaterik gizatiarrena, errealena eta sinesgarriena, komatxorik eta kalifikatzailerik gabeko JAINKOA, eraikitako “Jainko” guztiez harago. Badakit zer ez den, niretzat behintzat: ez da “Jainko” deista kreatzaile eta egonean dagoena eta ezta “Jainko” teista ere, unibertsoan aktore bereiz eta subirano gisa esku hartzen duena. Ez da ezerekiko eta inorekiko “bestea” (Kusako Nikolas kardinala, XV. mendea). Zer DEN, begitandu besterik ez dut egiten, eta metafora trakets eta anitzetan bakarrik esan dezaket. Den ororen Izatea edo Hondoa da, etengabeko Iturria edo Sormena, egorik gabeko Nia, alteritaterik gabeko Zua, ororen ororekiko Elkartasun sakona bereizketarik eta fusiorik gabe. Dena mugiarazten duen Arnasa leun eraldatzailea da. Rublev-en Kristo Salbatzailearen ikonoan ikusten dut, bai eta hazten ari den zuhaitzean eta belardiaren erdian lasai-lasai dagoen belar-metan ere, gauza guztietan begiratzen ditugun eta begiratzen gaituzten begietan. Kontua ez da hau edo hura sinestea: ikustea da kontua eta ikusten duguna zinestea, zinez izanaraztea, munduan arnasa eta itxaropena izan daitezen.

Aizarna, 2021eko abuztuak 21