Ez galdetu

Ez galdetu zenbat hil ziren, ezta zenbat zauritu ere. – Ehundaka, diote. Ehun gora behera, nori axola dio?

Ez galdetu nola hil ziren. Ez galdetu heriotza horiek saihestu ahal izan ziren. Ez galdetu eskubiderik eta ogirik gabeko gazte afrikar batzuen aurkako krimen horren erantzukizunei buruz.

Ez galdetu.

Errua hildakoena da. Bortitzak, hildakoak dira. Erantzuleak, hildakoak dira Herrietako agintariak zoriondu besterik ez dago, lortu dutelako biolentoak hilda egotea, eskubiderik gabekoak hilda egotea, ogirik gabekoak hilda egotea.

Eta zoriondu egiten dira, eta txalotu, eta animatu egiten dira eskubiderik eta ogirik gabeko gazte afrikarrak hiltzen jarraitzera.

Eta kazetaritza isildu egiten da: ez du salatzen; informatu ere ez du egiten.

Eta kontzientzia isildu egiten da: Alak pobreak hiltzen dituztenak bedeinkatuko balitu bezala; Jainkoari hiltzen ditugun pobreak axola ez balitzaizkio bezala; zapaltzen gaituen boterearen jabeak gure eskubideen, ogiaren eta bizitzaren jabe ere bai balira bezala.

Nik ezin dut esan heriotza horien erantzuleak Espainiako eta Marokoko gobernuak direnik; nik ezin dut esan Espainiako eta Marokoko gobernuek eskuak odolez zikinduta dituztenik; nik ezin dut esan Espainiako eta Marokoko gobernuak biktimaz betetzen ari direnik heriotzaren korridore hotz, krudel, luze eta bidegabea. Ezin dut esan, baina pentsa dezaket, eta horixe pentsatzen dut.

Diruaren gurtzaileak mugaren alde batean eta bestean. Boterearen gurtzaileak mugaren alde batean eta bestean. Gezurraren gurtzaileak mugaren alde batean eta bestean. Behartsuen bortxatzaileak mugaren alde batean eta bestean. Herodes eta Pilato ados jarri dira Jesus hiltzeko. Mugaren alde batean eta bestean, Herodes eta Pilato ados jarri dira “Jainkoarentzat Jainko” direnak, pobreak, hiltzeko.

(Santiago Agrelo, frantziskotarra, Tangerko artzapezpiku emeritua, 2022ko ekainaren 27a)