Frantzisko aita santua pertsona bezala babesten dut, instituzio bezala ez

Frantzisko aita santuari babesa adierazteko proposamena onartu nuen, baina ez erreserbarik gabe. “Pertsona bezala babestuko dut, baina instituzio bezala ez”, jakinarazi nuen. Esan nahi dut: nire erreserbek ez dute zerikusirik pertsona bezala denarekin, baizik eta ordezkatzen duen figura instituzionalarekin – aitasantutza absolutua –, mantentzen duen Erdi Aroko eliz eredu klerikal eta maskulinoarekin, eta irakasten jarraitzen duen doktrina teologiko premodernoarekin.

Aitortzen dut garai konplexu eta zaila kudeatzea egokitu zaiola. Vatikano II.aren udaberri-amets zehaztugabe eta burutugabearen ondoren, etenik gabe, Kontzilioan bertan eta hil zen arte (1978) Paulo VI.ak izandako zalantza eta kontraesanak etorri ziren, eta gero – Joan Paulo I.ak aitasantutzan hilabete bakarrik eman ondoren, oraindik ez dakigularik hil egin zen ala hil egin zuten – Joan Paulo II.aren aitasantutza errestauratzailea etorri zen (1978-2005), eta ondoren Benedikto XVI.a; honek, Vatikanoko estoldetatik eta lobbyetatik libratzeko, ez zuen bide hoberik aurkitu dimitituz ihes egitea baino (2013), hurrengoari panorama ilun eta korapilatsua uzten ziolarik. Kardinalen konklabeak, ezinezko oreken bila, Argentinako panpatik zetorren jesuita bat aukeratu zuen. Frantzisko deitura hartu zuen eta balkoira irten zen guztioi bedeinkazioa eskatuz. Beranduegi zen erreforma sakon eta iraunkorra gauzatzeko. Baina, benetan saiatzekotan, bedeinkazioa jaso bezain pronto, Pedro, Galileako arrantzale diplomaziarik eta tolesik gabearen katedran esertzeko ere astirik hartu gabe, urbi et orbi aldarrikatu beharko zukeen: “Amaitu da zaharra. Has dadila behingoz berria”. 11 urte igaro dira.

Bitartean, munduak zibilizazio-metamorfosi planetario baten garaia bizi du, bizi dugu, duela 300.000 urte sortu zenetik gure espezieak inoiz ezagutu ez duen bezalako metamorfosia. Atzo arte segurutzat jotzen genuen guztia goitik behera astindua dago eremu guztietan. Erlijio tradizionalak, kristautasuna barne, beren sinesmen, erritu eta kodeekin, amiltzen ari dira. Ziurgabetasuna eta beldurra ari dira zabaltzen, eta horien sintoma: mota guztietako fundamentalismoak. Horrek guztiak Frantzisko aita santuaren jakituria jesuitikoa eta bake frantziskotarra froga latzean jarri ditu. Eta urteak igaro ahala, sentsazioa ari da ernetzen eta zabaltzen ezen oraindik ez dela benetan hasi erro-errotik berria, hain beharrezko iraganeko hondarretan hondoa jota dagoen Eliza honetan, eta ez dela hasiko den zantzurik ere.

Aitortzen dut, noski, tonu berria, hizkera freskoa, arnasaz betea, Laudato si Entziklika eta Evangelii Gaudium Exhortazio Apostolikoa bezalako dokumentu pontifikaletan batez ere. Dokumentu hauetan, eta hainbat eta hainbat hitzalditan, mezu sozial, ekonomiko eta politiko argia, ausarta, subertsiboa zabaltzen ari da Frantzisko Lurretik kanpora jaurtiak diren guztien alde, agian ahotsik askeena eta askatzaileena bihurtzeraino, baita gogaikarriena ere gizakien eta Lurreko komunitate bizidunaren bizia hiltzen ahalegintzen diren botere finantzarioentzat. Horixe da, zalantzarik gabe, Jesus profetak iragarri eta praktikatu zuen Berri Onaren funtsa, tenplutik, kredotik eta kode kanonikotik haratago. Eta zer gehiago eska diezaioket Frantzisko aita santuari bere 86 urterekin eta osasun kaskarrarekin? Ez, ezin diot gehiago eskatu borondate onez eta karismaz betea den gizon honi. Gizon gizatiar honi, bere zorroztasun eta samurtasunarekin, bere akats eta kontraesanekin, bere fede sakon eta katixima zaharrarekin, bere utopia ebanjeliko eta teologia kontserbadorearekin, hezur-mamizko gizon honi nire miresmena, estimua, babesa adierazten diot bihotzez.

Baina ni bezalaxe hezur-mamizko den gizon hau Eliza katolikoan aita santua da, “jainkozko” ahalmen osoa duena, eta egia irakasten, legeak ematen eta botere absolutuaz gobernatzen duena, gotzainak aukeratzen eta kardinalak izendatzen dituena –  bere ondorengoa aukeratuko duten kardinalak izendatu ere eta gizonezkoak soilik ordenatuko dituzten gotzainak –, eta sakramentu-gradurik gabeko eta, beraz, kleroaren menpeko diakonotza femeninoa ezartzeko asmoa duena. Gizon honek Jesusena omen den Eliza ordezkatzen eta zuzentzen du botere absolutu eta esklusiboarekin, baina aita santu bezala mundu osoarentzat irakasten duenarekin kontraesan biribilean dagoen Eliza da. Egiaren eta ongiaren monopolioa eduki nahi duen Eliza, duela milaka urtetako kosmobisioari eta antropologiari atxikita dagoen Eliza, doktrina irrazionalak hizkuntza ulertezinean irakasten, Jainkoaren eta Jesusen izenean emakumea menderatzen eta LGTBIQ+ pertsonak umiliatzen jarraitzen duen Eliza, pertsona hauen maitasun sakratuaren adierazpenak “objektiboki bekatuzkotzat” kondenatzen dituelarik… Azken adibidea bikote homosexualen bedeinkapena da, ez baita bikote heterosexualen bedeinkapena bezalakoa, baizik eta liturgi ospakizunik gabe, ia ezkutuan eta presaka eman behar den bedeinkapena; 10 segundo nahikoa dira, esan du Victor Manuel Fernandez kardinalak, Fedearen Doktrinarako Kongregazio Santuko prefektuak; eta Frantzisko aita santuak berak zehaztu du, behar balitz ere: “Bikote homosexualen bedeinkapenak ‘pertsonei’ zuzenduak dira eta ez dute doktrina aldatzen”. Bada, anaia Frantzisko, erakundea salbatzeagatik doktrina aldatzen ez duzun bitartean, pertsonek sufritzen jarraituko dute, eta erakundea bera ere hondatu egingo da.

Eliza instituzional honek ez du inspiratzen. Ez du arnasarik hartzen. Eta inspiratzen ez badu, ez du ezertarako balio. Eta ezertarako balio ez badu, esan beharra dago nahiz eta gogorra izan: erortzen jarraitzen badu ez da funtsezko ezer galduko. Eta inspiratu ahal izango du soilik baldin eta bizitzaz eta errealitateaz oro har – unibertsoaren sorreraz, maitasunaz, generoaz, sexualitateaz, askatasunaz, “bekatuaz” eta “barkamenaz”, heriotzaren ondorengo bizitzaz, Jesusez – “Jainkoaz “azken finean – gaurko gizon-emakumeentzat modu ulergarri, inspiragarri, kontsolagarri eta eraldatzailean hitz egiten ikasten badu. Arnasa hartu eta inspiratu ahal izango du soilik baldin eta goitik behera berritzen bada, Jesus eta garai guztietako profeta eta profetisa guztiak, edozein erlijioren barruan nahiz kanpoan, mugitu zituen espirituaren arabera. Kontsolatu eta eraldatu ahal izango du soilik bere hizkera teologiko osoa eta bere ministerio-sare guztia – oinarri eta gailur aitasantutza duena oraindik – goitik behera berritzen badu.

Eliza klerikalaren eta paradigma teologiko integralaren eredua irauliz soilik itzuli ahal izango zaizkio Eliza honi espiritua eta bizia, nahiz eta komunitate txiki sakabanatu – baina ibiltari eta libre – bihurtu. Beranduegi ez bada jada. Horixe iruditzen zait gure garaiko aita santu baten zeregin instituzional utziezin eta premiazkoa. Eta horretarako ez da inondik inola nahikoa izango Vatikanoko aparatu osoa erreformatzea, ez bere ustelkeria ekonomiko endemikoa erauztea, ezta nonahi zabaldurik dagoen pederastiari aurre egitea ere. Zer gutxiago! Baina ez da nahikoa izango. Ez da moldaketak eta konponketak egiteko garaia.

Etengabe entzuten eta irakurtzen dut Frantziskok ahal duena egiten duela, ez bakarrik bere indarrak mugatuak direlako, baizik eta batez ere Eliza katolikoaren zisma saihestu ahal izateko. Ez dakit ulertzen dudan. Galderak datozkit bakarrik: Zer lortu zuen Paulo VI.ak bere erreparoekin eta orekekin, Kontzilioko ametsik onenak gauzatzeko oztopo nagusi bihurtzea baizik alde batetik, eta Elizaren eta kultura modernoaren arteko haustura ia atzeraezina egonkortzeko bultzada erabakigarri izatea baizik bestetik? Zer lortu du Frantziskok 11 urte hauetan? Eta adibide bat jartzearren: bikote homosexualak (kristauak izan ala ez, bost axola) umiliatzearen eta kardinal eta elizgizon homofoboak “eskandalizatzearen” artean, zer hautatzen du? Jesusen eta Zuzenbide Kanonikoaren artean, zer aukeratzen du azken batean egiazki? Eta edonola ere, daramagun erritmoan eta “aurrera goazen” norabide anbiguo honetatik, zuhurtziaren zuhurtziaz eta sinodorik sinodo, Eliza katolikoa – eta, oro har, Eliza kristauak – ez ote doaz erabateko inplosiorantz, edo ghetto kultural eta sozial premoderno bilakatzerantz, Europan lehenik eta gainerakoetan gero? Zisma instituzionala saihesteko hainbeste ahalegin – edo aitzakia ote? – ez al da azken batean gizartearen gehiengo zabala Elizarekiko zisma orokorrera bultzatzen ari, inspiraziorik edo arnasarik eskaintzen ez dion erakunde batetik axolagabe edo etsipenez isil-isilik urruntzera eragiten ari?

Aizarna, 2024ko urtarrilaren 15a