Frantziskotar abiturik gabe

Aspalditxoan zebiltzan zurrumurruak hegan, nola Arantzazun enarak, hain arin eta hain libre, biziaren sena dutela gidari bakar eta ziur (eta aizu, zenbat ugaldu diren enarak Arantzazun, eta umeak atera eta atera ari dira oraindik! Jainkoak bedeinkatzen zaituzte!). Zurrumurruak geldiaraztea, ordea, behin aireratuz gero, zailagoa da askoz hegaztien hegaldia geldiaraztea baino. Eta horixe izan da: albisteak leher egin du eta, nituen asmoen aurka, dagoeneko egiaztatu beharra daukat: Frantziskotar Ordena uztera noa. Oraindik orain egin nituen zenbait adierazpen anbiguo zurrumurruaren gezurtapen gisa ulertu zituzten batzuek. Eta barkamena eskatzen dut beraiengatik, nahiz eta ez zuten gezurtapen izan nahi.

Frantziskotar Ordena utziko dut. Neure barruko argi-itzalen artean begiratuz, neuregandik kanpo mendiari eta zeruari –eta enarei– begiratuz hausnartu dut. Gehien maite nauten eta fidagarrienak zaizkidan lagunekin hizpide izan dut. Neure frantziskotar probintziako arduradunekin –adiskide ere baditut– mintzatu naiz. Arantzazu maite hau, soinean ditudan 57 urteetatik 17 bizi izan naizen neure Arantzazu bedeinkatu hau utziko dut; 10 urte nituen ezkero familia eta etxe izan dudan frantziskotar probintzia utziko dut; nire nortasuna eta izaera oso-osorik taxutu dituen Frantziskotar Ordena utziko dut. Ez dut esango hautu honek nahigabea eta bertigoa eragiten ez dizkidanik, baina bakean ematen dut urratsa.

Aurreikustekoa zen, abenduaren 23an urtebeteko isilaldia ezarri zidatenetik eta onartu nuenetik. Eta halabeharrezkoa zen, ekainaren 17an isiltasun botoa hautsi nuenez geroztik, isiltasun hura ustez justifikatzen zuten baldintzak nire gotzainak ezereztu eta gero. Hitza hartu nuen, ez mezu profetiko larriren bat dudalako aldarrikatzeko, baizik eta igaroak direlako jada Jesusen Elizan, dogma eta magisterioen izenean, inori hitza eragozteko garaiak. Dogmak eta magisterioa ez zituen Jesusek jarri. Guztiz bestela, Jainkoaren hitza giza tradizioekin ez identifikatzeko erakutsi zuen (Markos 7,7-13), katedraren eta magisterioaren jabe bihurtzen diren lege maisuak salatu zituen (Mateo 23,2), inori maisu edo aita deitzea zorrotz debekatu zuen (Mt 23,8-9), solemneki iragarri zuen “gizaki oro larunbataren jaun dela” (Markos 2,28), edozein lege erlijiosoren jaun alegia, legerik sakratuena izanda ere, eta gormutuari arameeraz esan zion: Effeta, “ireki zaitez”, “entzun eta hitz egin” (Markos 7,34). Areago, eta Elizak halaxe aitortu behar luke luzatu gabe: Jesusek dogma eta magisterioak ezarri balitu ere –nahiz eta ez zituen inondik ezarri–, ez lirateke inolaz mugiezinak izango, Jesusek ez baitzuen beste legerik eta irizpiderik izan Jainkoaren Espiritua baizik, eta Espiritua airea eta ura bezala da, beti mugikor. Eta beharrezkoa balitz, San Paulok esan zuen: “Jesusen Espiritua non, askatasuna han” (2 Korintoarrei 3,17).

Noski, Elizak, edozein giza taldek bezala, erakundeak eta hizkuntza komun bat behar ditu gehixeago edo gutxixeago. Baina erakundeek malgu eta higikor izan behar lukete, bizi den ororen antzera, eta dogmek hitz beti berrietan ulertuak eta adieraziak izan behar lukete, misterio ororen antzera; eta, lehenengo eta behin, Eliza autoritarioak Eliza demokratiko behar luke bilakatu, Jesusek nahi izan zuen bezala. Eta Jesusen aurkakoak ziren hainbat erabaki hartzeko libre izan den Elizak askoz areago izan behar luke libre Jesusen Espirituari leial jarraitzeko. Aski da historia ezagutzea gauzak zenbat aldatu diren jakiteko, edo aski da Jainkoaren Espiritua dastatzea nola aldatu behar luketen jakiteko. Historia ezagutzen ez duenak, Espiritua dasta dezala bederen. Zein anakronikoa eta ebanjelioaren aurkakoa den bozaturik gauzkan doktrinaren idolatria!

Horregatik esan nuen: “Ez naiz isilduko”. Eta hori intsumisioa zen, eta daukagun eliza instituzional honetan ez dago lekurik intsumisoentzat, eta banekien hori. Daukagun Frantziskotar Ordenan ere ez dago lekurik intsumisoentzat, eta hori ere banekien: frantziskotar arduradunak, euren borondatearen aurka ere, eta barne gatazka larria saihesteko modu bakarra izanik, ni gotzainaren aginduei men egitera behartu beharrean aurkituko ziren. Ez dut, beraz, bereizpen korapilatsuen premiarik izan: men egin ala alde egin, ez zen besterik. Iritzi nion ez nuela men egin behar, leial izateko Jesus seguruari, neure kontzientzia ez-seguruari, neure misio apalari; baina ez nuen gertatu nahi hartara lagun eta anaia ditudan frantziskotarrentzat gatazka bide. Aukera ez zen erraza, baina ezinbestekoa bezain sinplea zen.

Ordena utziko dut eta, horrela, asko daukat galtzeko, baina nork jakin, galera irabazi suertatuko da agian oraingoan ere. Bizia hautatu nahi dut arrisku guztiekin, hitzaren arriskua barne. Ez dakit zer izango naizen (nork daki zer izango den?), baina edonora noala ere Jainkoa nirekin etorriko da, eta bidean galtzen banaiz ere, berak aurkituko nau. Nazareteko Jesusen, gizaki on eta librearen, jarraitzaile izan nahi dut. Zein urrun sentitzen naizen harengandik! Baina nigandik hurbil dago bera, baita zugandik ere. Lagun hurko da Jesus, eta lagun hurkoa Jesus da. Berarekin, beraren antzera, Eliza izaten jarraitu nahi dut, dikotomia dorpe guztiak gaindituz: klerikoak eta laikoak, erlijiosoak eta sekularrak, sinesle zintzoak eta heretikoak, fededunak eta fedegabeak.

Nire gotzain eta anaia Jose Ignazio Munillari onena opa diot, eta iruditzen zait onenak nahitaez eskatzen diola elizbarrutiko elkartearen gehiengo zabalaren ahotsa entzun, errespetatu eta jarraitzea; nik neuk ere elkarte horretako kide izaten segituko dut, kide eta lankide. Elkartearen ahotsa baita izan Espirituaren ahots, Madrilgo nahiz Erromako ahotsa baino askoz areago.

A bai, eta frantziskotar izaten jarraitu nahi dut, frantziskotar xume bat abiturik gabe. Bake eta on!

(2010eko irailaren 1ean argitaratua)