Hamar zertzelada teologiko teismotik harago

Bati baino gehiagori, “Jainkoa eta gero” izenburuak egonezin sakona eragin diezaioke, edo egonezina baino gehiago. Baina errepara diezaiogun azpitituluari: “Bestelako eredua posible da”. Izenburuak, beraz, “Jainko eredua” adierazten du. Ez Jainkoa Errealitate fundatzaile gisa, baizik eta “Jainkoa” interpretazio-eredu edo modelo gisa, errealitatea ulertzeko marko teoriko gisa. Modeloak ez dira modak bezala aldatzen, uda batetik bestera. Askoz iraunkorragoak izan ohi dira, mendeak iraun dezakete, baita milurtekoak ere. Geozentrismoak, adibidez, Ptolomeo baino askoz lehenagotik hasita, milaka urte iraun zuen Koperniko eta Galileo arte. Newtonen mekanizismoak bi mende baino gehixeago iraun zuen, Einsteinen erlatibitatera arte. Dena gero eta azkarrago aldatzen baita.

Eredu ez-teista baterako trantsizio-garai honetan, hamar ohar teologiko proposatzen ditut hausnarketa eta eztabaida kritikorako.

  1. Erlijio teistetan, naturaz gaindiko Entitate edo Izakia izan ohi da Jainko eredu nagusia, bakarra edo anitza, ia beti gizaki maskulino gisa irudikatua, ahalguztiduna eta munduaren sortzailea sarri, edo gutxienez munduan barrutik nahiz kanpotik esku hartzeko gai dena subjektu autonomo bezala, hots, norbait bezala.
  2. Irudikapen horrek jaiotza-data du. Ziur aski, duela 7.000 urte inguru sortu zuen giza irudimenak Irakeko Sumeria zaharrean, ezagutzen den zibilizaziorik antzinakoenaren sorlekuan. Han aurkitzen ditugu munduan ezagutzen den tenplurik zaharrenaren hondakinak, K.a. V. milurtekoak. Tenplua, “Jainkoaren” bizileku zen, kleroa zelarik haren arduradun eta erlijioaren buru.
  3. Jainkoaren ideia hori eta erlijio-sistema teista jaio eta hedatu baziren, gizartearentzat abantaila ebolutiboren bat eskaintzen zuelako jaio ziren eta hedatu, zalantzarik gabe. Eboluzioaren oinarrizko legea da oro har eta biziarena bereziki. Eredu horri egun kontatuak geratzen zaizkio.
  4. Baina teismoa gainditzea ez da oraingo kontua soilik. Tradizio guztietako jakintsu, mistiko eta profetak Jainko eredua, Absolutuaren irudi mental eta instituzional oro, gainditzera eraman izan ditu Errealitatearen esperientzia sakonenak. Konfuziok eta Laozik Txinan, Budak, Mahavirak eta Upanishaden egileek Indian, Parmenidesek, Pitagorasek eta Heraklitok Grezian… “Jainko” irudikatua utzi zuten eta irudikaezineko Absolutuarekin ordezkatu: Zerua, Daoa, Brahmana edo Shunyata. Mende batzuk lehenago, Zoroastrok, Persian, Jainkoa aldatu zuen, giza itxurako irudia baztertuz eta sua, forma finkorik gabea, forma ororen eraldatzailea, irudi bakar bezala hartuz.
  5. Israelek mundu semitarrean kokatzen gaitu bete-betean, baina bere monoteismoak eta eskatologiak arrasto persiar sakona jaso zuten, indoeuroparra. Israelgo profeta handiek Jainkoaren Legeko lehen agindua hau dela irakatsi zuten: “Ez duzu Jainkoaren irudirik egingo” (Ir 20,3). Ezin ditugu irudiak eta hitzak baztertu, baina ez dute balio harago irekitzen gaituzten neurrian baino, irudirik gabeko Absoluturantz eta hitzik gabeko Misteriorantz, etengabeko trantsizioan. Metaforak eta kontakizun metaforikoak soilik geratzen zaizkigu. Hala, Jakob, Yabok-eko pasabidean, Jainkoaz duen irudiarekin borrokatzen da eta garaitu egiten du, eta estualdi horretatik zauritua irteten da, baina bedeinkatua ere bai (Has 32,23-33). Moises transgresorea, botere faraonikotik ihesi, basamortuan barrena abiatzen da, eta han, mendi “pagano” batean, izenik gabeko Misterioa ezagutzen du Sutan zen Sasian, lau kontsonante ahoskaezin baino ez (YHWH): “Ni naizena naiz” (eta zarena eta izaki ororen Izatea) (Ir 3). Eliasek, errege- boteretik eta bere profeta profesionalengandik ihesi bera ere, baina aldi berean Jainko bakar eta ahalguztidunaren ideologiak, idolo gorenak, hartua zenak, ikasi behar izan zuen halako “Jainkorik” ez dela existitzen, Absolutua ez dela haize oldarkorra, ez lurrikara izugarria, ez su irenslea, baizik eta apenas hauteman daitekeen xuxurla arina (1 Er 19). Aldi oro, “Jainkoaz” harago aurkitu zuten Jainkoa.
  6. Kristauok Jesusek zuen Jainko-iruditik harago joan gaitezke eta joan behar dugu. Jesusek teista izaten jarraitu zuen, baina Jainkoaren irudi konbentzionala hautsi ere egin zuen puntu askotan, ez guztietan. Kristau tradizio mistikoa Jesusengandik haratago joan zen horretan. Eckhart maisuak, adibidez, Jainkotasuna eta Jainkoa bereizi zituen: Jainkotasuna Ezerez bezala edo inolako atributurik gabeko Orotasun bezala aitortu zuen, eta atributudun Jainkoaren errealitatea ukatu. “Ene Jainkoa, aska nazazu Jainkoarengandik”, zioen.
  7. Gaur, sakonki konprometituak eta zintzoak diren kristau askorentzat, gero eta gehiagorentzat, zilegi ez ezik, premiazkoa ere bada Jainkoaren edo Absolutuaren irudi teista oro atzean uztea, horretan Jesusengandik harago joanez. Ez dugu sinesten nahi duguna, ahal duguna baizik (J.M. Mardones), geure garaian “sinesgarri dena”ren barruan (P. Ricoeur). Gaur egun nekez sinets daiteke mundua baino lehenagoko Izaki bat, mundurik gabe ere Badena eta munduaren lehen kausa sortzailea. Mundu fisikoaren eta metafisikoaren arteko eta materia-espirituaren arteko dualismotik harago, lehen/gero eskema tenporaletik harago, transzendentzia-inmanentziaren arteko oposiziotik harago, sormenezko dinamismo batek bultzatzen du mundua eta autosortzaile bihurtzen. Etengabeko eta betiko sormen hori Jainkoa da edo jainkotasuna, mundu autosortzailearen bihotza.
  8. Zer geratzen da, bada, “Jainkoa” eta gero? “Jainkoa” eta gero, Jainkoa geratzen da. Edo, termino ekiboko hori ez erabiltzea nahiago bada –egia esan, Hiztegi guztietako termino guztiak dira ekiboko–, esan daiteke: “Jainkoa eta gero, Errealitatea geratzen da”, zeinaren parte garen. Errealitatea: den guztia, gu baino lehenagokoa eta gu baino handiagoa, unibertso infinituio handia eta infinituki txikia. Errealitatea formak dira, baina ez formak bakarrik, baita Hondo Infinitua ere, infinituki handiko eta infinituki txikiko forma bakoitzean irekitzen dena. Errealitatea erakartzen eta hunkitzen gaituen edertasuna da. Errealitatea dena mugitzen eta batzen eta sortzen duen bizi-Arnasa da, posibilitate agortezinen mugagabeko sormenean. Errealitatea niaren autokontzientzia da, zuaren alteritatea, guaren elkartasuna. Errealitateak fedea merezi du, neurrigabeko konfiantza, gertatzen dena gertatzen dela. “Jainkoa” eta gero, Errealitatea geratzen da, bere barnean taupaka ari den eta ororen iturri den Misterio dinamikoarekin.
  9. Lehen eta azken Errealitatea, iturri den Absolutua, ez da Zera inpertsonala, baina ez da ere Ni bat zu baten aurrean, ezta Zu bat ere ni baten aurrean, bi izango bailirateke. Baizik eta Ni absolutua da, mugarik gabea eta ezeren mugakide ez dena. Zu absolutua da, bereizketarik gabea eta ezeren bereizle ez dena. Errealitate absolutua, zeinaren parte baikara, transpertsonala da, hau da, “pertsonala” baino infinituki gehiago, termino hori ulertu ohi den zentzuan hartuta (zentro autokontziente indibiduala, beste zentro autokontziente indibidual batengandik bereizia). Errealitate absolutua pertsonala baino gehiago da; beraz, Zer/Nor horrekin dugun harremanean ez dago ez fusiorik batean eta ez bereizketarik bitan.
  10. Iturri den Errealitate kreatzaile horri Jainko dei ote geniezaioke oraindik? Erabaki dezala bakoitzak. Nik, trantsizio-garai honetan, ez diot uko egiten Jainko ere deitzeari, ezein iruditan finkatu gabe. Funtsezkoa ez da nola sinesten dugun berarengan, baizik eta nola zin-esten edo egiazki izanarazten dugun. Funtsezkoa ez da nola deitzen diogun, baizik eta nola gorpuzten dugun, pauso eta arnasaldi bakoitzean nola arnasten dugun eta nola arnasten gaituen Bizi-Arnasak, munduaren Arima eta Bihotzak –hitz egiteko moduak dira–, eta nola pizten garen itzaltzen ez den maitasun-sugarretan. Funtsezkoa da, erdiminetan intzirika ari den kreazio honek lor dezala bere posibilitaterik errealena, bere askapenik beteena, hurbileko eta urrutiko zaurituarekiko gupida medio. Funtsezkoa da ontasun sortzailea izatea gauza guztietan errealena, eta Jainkoa, “Jainkoaz” harago, guztietan guztia izaterantz joatea (1 Ko 15,28) planeta txiki honetan eta unibertso osoan edo multibertsoan.

Aizarna, 2021eko ekainak 29