Jacques Gaillot, baztertuen gotzainaren oroipenetan

Atzo, apirilak 12, 88 urte zituela, hil zen Jacques Gaillot, 1982tik 1995era Évreuxe-ko (Frantzia) gotzaina, gizon baketsu eta kementsua, baztertutako guztientzako justizia zale sutsua, Jesusen Berri Onaren, senidetasunezko munduaren, gizatasunezko Elizaren profeta.

Soldadutzaren aurkako kontzientzia-eragozpena babestu zuen; apartheida, armen salmenta eta kolonialismo-mota guztiak salatu zituen; ekintza bakezaleak eta antimilitarrak bultzatu zituen; Irakaskuntza Laikoaren alde egin zuen; palestinar, saharar, kurdu… herriak defendatu zituen; errefuxiatuen, etorkinen, dibortziatuen, homosexualen eta edozein arrazoirengatik baztertutakoen kausa defendatu zuen. Horregatik guztiagatik, katoliko kontserbadore askok Elizaren etsairik txarrentzat jo zuten.

Eta larrutik ordaindu zuen, bakea eta kemena galdu gabe ordaindu ere. Gantin kardinalak, Joan Paulo II.aren garaian Kardinalen Kolegioko dekano eta Gotzainentzako Kongregazio Santuko prefektu izan zenak, Erroman hitzordua jarri zion 1995eko urtarrilaren 13rako, eta bertan esan: “Bihar eguerditik aurrera ez zara jada Évreux-eko apezpiku izango. Sinatzen baduzu, Evreuxeko apezpiku emeritu izango zara. Sinatzen ez baduzu, apezpiku transferitu izango zara. Ordu batzuk dituzu pentsatzeko”.

Jacques Gaillotek ez zuen sinatu, eta Parteniako apezpiku izendatu zuten: duela 1000 urte baino gehiago Mauritaniako hondarren azpian desagertutako elizbarrutia zen hura, baina kargutik kendutako gotzainak elizbarruti ireki, unibertsal, inolako mugarik gabeko bihurtu zuen.

Ondorengo lerrootan haren esaldi batzuk jasotzen ditut Conférence Catholique des Baptisé-e-s Francophones-ek 2016an egin eta argitaratutako elkarrizketa batetik:

Hauskorrenak tratatzeko moduaren arabera epaitzen da gizarte bat, langabezian, etxerik gabe, paperik gabe, kalean daudenak tratatzeko moduaren arabera. Ahulenak errespetatzeko gai ez den gizarte batek ezin izango du bakea ezagutu.

Évreux utzi nuenean, katedralean eman nuen azken sermoian, jendetzari esan nion: ‘Gainerako guztien aurretik eta gainetik gizakien bideak hartzen ez dituen ezein kristauk, ezein komunitatek, ezein Elizak, ez du Berri Onaren emaile gisa entzuna izateko aukerarik. Gainerako guztien aurretik eta gainetik gizaki ororen senide bihurtzen ez den ezein kristauk, ezein komunitatek, ezein Elizak ezingo du aurkitu bere bihotzaren bidea, Berri On hau onar daitekeen toki ezkutua’ “.

– Zein da adierazgarrien zaizun Ebanjelioko esaldia?
– “Iraun ezazue nire maitasunean. Jesusek bizi nau. Hor daukat beti, edonora noala, egiten dudana egiten dudala. Lagun bati hitz egiten zaion bezala hitz egiten diot. Aitaren eskuetan setitzen dut neure burua, eta salmistak dioen bezala: Ibar ilunetan zehar noala ere, ez naiz ezeren beldur”.

IZAN ATSEDEN ETA BIZI ZAITEZ, Jacques, anaia eta maisu.