Jainko teistarengan sinetsi gabe otoitz

Theismo hitza anbiguoa da, jatorri duen theos (“jainkoa” grekoz) bezain anbiguoa da, baina gaur eguneko erabilera orokorrean izaki metafisiko goren, sortzaile ahalguztidun eta mundutik kanpoko, nahi duenean nahi duen bezala munduan esku hartzen duen “jaun goiko” batenganako sinesmena adierazten du. Gure gizartearen gehiengo gero eta handiagoak jada sinetsi ezin duen eta otoitzik egin ezin dion jainkoa. Nik ere ez dut jainko horrengan sinesten, eta ez diot otoitz egiten, ez errezatzen, ez otoi-hitzak zuzentzen[1].

Baina zer da otoitz egitea? Zer errezatzea? Zer otoi-hitzak esatea? Frantsesezko prière nahiz gaztelaniazko plegaria latinezko precari (eskatu, erregutu, otoi eta arren aritu) hitzetik datoz eta berau prek (erregutu) erro indoeuroparretik. Sustrai horretatik dator, era berean, prekario hitza. Zuzenbidean, gal daitekeen baimen bati esker bakarrik egikaritzen den ahalmen abat adierazteko erabiltzen da prekario; hizkuntza arruntean, berriz, ezegonkor, galkor eta iragankor terminoen sinonimoa da. Hizkuntzak ez du engainatzen. Erro-errotik prekarioak gara izan eta hala gara sentitzen: ezegonkor, iragankor, besteren beharreko. Horregatik dugu eskatzen, erregutzen, errezatzen, otoi-hitzak esaten. Horregatik egiten dugu otoitz zentzu zabalean (nahiz eta otoitzak, zentzu sakonean, erregu- eta otoi-hitza baztertu gehiago egiten duen onartu baino).

Izaki guztiak prekario dira, kontingente, elkarren mendeko. Eta hala garelako are kontzientzia biziagoa dugu gizakiok. Arnasten dugun airearen mende gaude, edaten dugun uraren mende, berotzen gaituen suaren mende, mantentzen gaituen lurraren mende, baieztatzen eta kontsolatzen gaituen begiradaren mende. Unibertso osoaren menpe gaude, eta unibertsoan dena dago guztiaren menpe, infinituki txikiko uhin edo partikulatik hasi eta hedatzen ari den unibertsoko edo multibertsoko galaxia kontaezinetako izar kontaezinetara. Unibertsoa elkarrekiko mendekotasunaren, mendekotasun sortzailearen, amaierarik gabeko sare emankorra da. Izaki bakoitza beste bati esker da, baina beste hori ere, neurri batean edo bestean izanarazten duenari esker da. Seme-alabak gurasoei esker dira, baina gurasoak ere bai seme-alabei esker. Egia esan, denok gara den guztiari esker. Izateko graziaren iturburu den elkartasun unibertsalaren osagai da prekarietatea.

Mendekotasunezko prekarietatearen kontzientzia hori – kontzientzia zabala, unibertsala, ez gizakiena soilik – eske- eta esker-otoitz, aitorpen- eta kexa-otoitz, ospakizun- eta atsekabe-otoitz bilakatzen da. Osatzen gaituen eta amaituko ez den interdependentzia-sarearen adierazpen anitza da otoitza. Izaki bakoitza, noski, bere erara mintzo delarik. Gogora bedi latinezko orare hitza or– errotik datorrela eta hitz egin, esan, mintzatu… esan nahi duela aurrena, inolako konnotazio erlijiosorik gabe… Gure prekarietatea eta osagarri dugun harreman unibertsala sakonean esatea da otoitza. Otoitz-kate unibertsal bihurtzen da otoitza.

Existitzen den guztiak egiten du otoitz – errezatzen edo errezitatzen edo esaten du –, hots, izaki guztiei esker izateko grazia eta norbera izateko izaki guztien beharra adierazten du. Otoitz egiten du isiltasunak basamortuan eta haizearen xuxurlak basoan. Otoitz egiten dute eguzkiak egunez eta ilargiak gauez eta unibertsoko izar eta planeta guztiek. Otoitz egiten dute iturriaren jarioak eta haraneko ibaiak. Otoitz egiten dute txoriek eta lurreko nahiz beste planetetako animalia guztiek. Otoitz egiten dute Haitiko seme-alabek eta Gazako amek. Otoitz egiten dute hitzek, gorputzaren keinuek, isiltasun sakonak. Otoitz oro isiltasunetik sortzen baita, eta isiltasunera darama eta isiltasunaren baitan entzuten dugu elkar eta erantzuten diogu elkarri.

Jainkoari errezatzen ote diogu, ordea, edo otoitz egiten? Jainkoaz zer ulertzen dugun. Ez diogu jaun goiko bati erregu eta otoi-hitzik egiten, bestela gertatuko ez den zerbait gerta dadin edo bestela gertatuko den zerbait gerta ez dadin. Elkartasunezko gure izate sakonaren ukapen izango litzateke horrelako otoi-hitza. Halere, ezin konta ahala fededunek horrela egin izan diote eta egiten jarraitzen otoi-hitz jaun goikoari, kontrako gauzak eskatuz egin ere: eguzkiak distira dezan eskatzen dio batak, eta euria egin dezan, berriz, besteak; norberaren armada garaile izan dadin erregutzen dio batak eta porrot egin dezan, berriz, besteak; gaixotasuna sendatu diolako eskerrak ematen dizkio batak, bere hurkoa gaixotasun berarekin hiltzen den bitartean (jainkoak abandonatua ote?). Horrela beti. Horrelako otoi-hitzak ez du zentzurik jainko “teista” batengan, batzuetan esku hartzen duen eta beste batzuetan ez duen jainko ahalguztidunarengan, borondate aldakorreko eta munduaz kanpoko jaun goikoarengan sinesten ez duenarentzat. Otoitz sakoneko pertsona asko, nahiz eta iruditeria kultural teista konpartitu, horrelako otoi-hitzak eta eleak gainditzera bultzatuak sentitu ziren. Adibidez, Jesusek esan zuen: “Otoitz egitean, ez ari hitz eta pitz… Zuen Aitak badaki zer behar duzuen zuek eskatu aurretik “(Mt 6,7-8). Eta Eckhart maisuak (1262-1328 inguruan) irakatsi zuen: “Inoren alde otoi-hitzik egiten eta ezer eskatzen ez dudanean, orduan egiten dut otoitz modurik egiazkoenean”. Isiltasun betea da esperientziarik sakonena eta beronen adierazpenik beteena.

Hitzez nahiz hitzik gabe, ohartuki nahiz oharkabean, gure izate osoa otoitzean edo errezatzen ari zaio den orori. Baina ez hori bakarrik. Den oro, ohartuki nahiz oharkabean, den ororekin duen edo ororekiko den harremanaren adierazpen hutsa da. Orok orori otoitz dagio. Izatea otoitza da funtsean. Izaki guztiak otoitzean ari zaizkigu: eskertuz, eskatuz, fidatuz, izendatuz, deituz. Lurreko eta kosmoseko bizidunen elkartea amaierarik gabeko otoitza da forma guztietan. Errealitate mugagabea, funtsean, liturgia kosmikoa da, atomoaren bihotzetik amaiera gabeko unibertso/multibertsoraino hedatzen dena. Unibertso osoa otoitza da, elkartasunezko eta elkarren aldeko otoi-ele unibertsala. Otoitz sakona gure izaera prekario eta otoizlaria errealitate unibertsalaren izaera prekario eta otoizlariarekin batzean datza, orotariko eske-errezo eta otoi-hitz estuez haratago. Unibertsoa, esan liteke baita, otoitz poetikoa edo poema liturgiko kreatzailea da (poiein hitzak grezieraz “egin”, “kreatu” esan nahi du), Hasiera 1eko kreazioko poemak dioen bezala: “Jainkoak esan zuen: ‘Izan bedi’. Eta hala izan zen”.

Eta Jainkoa? Jainkoa, Hondo-iturburu, Bizi-hats, sormenezko Harreman edo harremanezko Sormen den heinean, existitzen den guztiak guztiari dagion otoitz sakona da. Jainkoak otoitz dagigu gauza guztietan. Gure otoitza, funtsean, Jainko-otoitzaren ahots eta isiltasun poetiko, kreatzaileekin bat egitean datza. Eta horrela bilakatzen da gure otoitza kreatzen gaituen Jainkoaren kreatzaile.

Aizarna, 2024ko urtarrilaren 25ean
(Jatorrizko argitalpena frantsesez in Témoignage Chrétien, 4045. zk., 2024ko otsailaren 8a, 7. or.)

[1] Testu hau jatorriz frantsesez argitaratu zen, “Prier Dieu sans croire à sa toute-puissance”  izenburupean. Euskarazko itzulpenak moldaketatxo bat eskatzen zuen derrigor; izan ere, frantsesezko prier (eskatu, erregutu, arren edo otoi eskatu, baita otoitz egin ere) eta prière (otoitza) hitzak latinezko precari (eskatu, erregutu) hitzetik datoz eta prek (erregutu) indoeuropar errotik, prekarietate hitzarekin zuzenean lotuak direlarik. Jatorrizko testuak etimologia horiekin jokatzen du, baina euskaraz ezin. “Otoi-hitz” esamoldea darabilt nolabaiteko ordezko gisa.