Javier Garrido: Jainkoaren izenean?

Duela egun batzuk eman zen jakitera La Rota deritzan eliz auzitegiaren epai irmoa, zeinak gogor gaitzesten baitu Javier Garrido frantziskotar nafarra –autoritate handiko maisu eta laguntzaile espirituala, espiritualtasunari eta kristautasunari buruzko hainbat eta hainbat libururen egilea, Frantziskotar Ordenako figura ezagunenetakoa– bi emakume erlijiosoren aurka “botere-abusuak eta sexu-abusuak” (“erasoak” behar zuen esan auzitegiak).

Konpainia espiritualaren markoan sexu-erasoak jasan zituzten bi emakume erlijiosoak ditut aurrena gogoan. Kalbario luze eta latza izan dute. Askatasuna zapaldu zien, duintasuna urratu, gorputza umiliatu. Urteetan zehar. Eta hori beren maisu, aita, zuzendari espiritual zutenak, konfiantza oso-osoa emana ziotenak, beren gain erabateko autoritatea zeukanak. Duela urte asko jakinarazi zieten jakin behar zuten guztiei. Eta jakin, jakin zuten, baina inork ez zituen aintzat hartu. Etxetik eta kanpotik presionatu zituzten, isilik egon zitezen eta erasotzailea babes zezaten. Inork ez zituen sinetsi. Azken batean, “moja ahul” baino ez ziren. Argudio “espiritualekin” gutxietsi zituzten, aurreiritzi errotuak eta interes inhumanoak estaliz. Gaur zoriondu egiten ditut, salaketa aurkeztera ausartu direlako eta ahal zen guztia oztopatua izan den prozesu-urte gogor hauek tente eramateko gai egin dituen giza argitasunagatik, barne-indarragatik, erabakitasun espiritualagatik. Hori da askatasuna, hori, arrebak. Jesusek bedeinkatzen zaituzte.

Gogoan ditut, era berean, duela zenbait hilabete salaketa jarri zuen hirugarren biktima. Kalbario-bide luzea geratzen zio oraindik. Animo, arreba, azkeneraino. Utziozu bizi zaituen Espirituak adore eman diezazun eta eraman zaitzan. Gogoan ditut eraso berberak jasan dituzten beste hainbat ere, ez bakarrik emakume erlijiosoak. Arrazoi ezberdin eta pisukoengatik isiltzea erabaki dute, gaur arte gutxienez. Jarrai ezazue zeuen bidea, zeuen burua ez traizionatu eta ez behartu gabe.

Gogoan dut Javier Garrido. Berarentzat ere egoera latza izan behar du. Eta  Jesusen hitzak datozkit berriro, gizatasun sakoneko hitzak, tradizio sapientzial, filosofiko eta erlijioso handi guztietan aurkitzen ditugunak: “Besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei” (Lukas 6,31). Trata itzazue besteak haien lekuan bazeundete tratatuak izatea nahiko edo beharko zenuketen bezala. Javierren lekuan jarri nahi dut, ez, noski, hura zuritzeko, baina ezta kondenatzeko ere, baizik eta berari ere askabide eta sendabide osoa opa izateko, bere jokabidea kondenatuz batera bera salbatzeko. Eta eragin duen kaltea eta kalte eragitera bultzatu duten faktoreak aitortzea ezinbesteko urratsa da, lehen urratsa. Poztekoa da gertatu denaren egia publikoki eta judizialki agertu izana, berandu eta eliz auzitegian bakarrik agertu den arren. Ezinbesteko baldintza zen hori, biktimak senda daitezen bizi izan duten tormentutik. Beharrezko baldintza da, baita, Javier Garrido bera ere libra dadin harrapatua zegoen psikologiaren, erakunde erlijiosoaren eta eraikitako sistema teologikoaren saretik. Inork ez du egiten kalte kontzienteki eta borondatez, kontzientzia sakona eta benetako borondatea falta duelako baizik, askatasun faltaz, alegia. Geuregandik askatu beharra dugu. Eta egia judiziala, bazterrezina izanik, ez da aski. Bestelako giza egia integrala da beharrezkoa, eragindako mina eta beronen justifikaziorako eraikitako muntaia ideologikoak aitortzeko gai egiten gaituen egia. Argiak egiten gaitu libre.
Azken batean, ausartuko naiz esatera Garridoren jokabidea azaltzen duen –baina, noski, ezertan justifikatzen ez duen– faktore erabakigarria zera dela: bere jainko-irudia, bere eraikuntza teologiko osoaren oinarri. Nietzscheren Zientzia Alaiako “ero” burutsuak ederki jaso zuen jainko horren betidaniko eta behin betiko heriotzaren akta. Orojakile, ahalguztidun eta arbitrarioa den jainkoa. Aita, ez ama, den jainkoa. “Norbait” den jainkoa, kosmosaz eta gizakiaz bestelako subjektu. Herri bat (Israel) edo pertsona bat  aukeratzen duen jainkoa, osoki beronentzat soilik izan dadin (zelibatua medio, adibidez). Nahi duenari agertzen eta nahi duenari ezkutatzen zaion jainkoa. Edozein gizaki gaixori zoritxarrik larriena ezar diezaiokeen jainkoa, zigor gisa edo froga pedagogiko moduan. Norbait “bekatu mortala egitera” eraman dezakeen jainkoa, errudun dela eta jainkoaren errukiaren eta barkamenaren premia duela aitorrarazteko. Erabateko menpekotasuna eskatzen duen jainkoa. Norbait, batez ere gizonezkoa, bere ordezkari eztabaidaezin izenta dezakeen jainkoa, halako moldez non emakume bat, eman dezagun, irits baitaiteke sinestera, sineskizun tormentatua izango den arren, bere gidari espiritualaren erabaki edo proposamen oro jainkoaren agindua dela, harekin sexu-harremanak izateko proposamena berdin, jainkoaren maitasuna esperimentatzeko ariketa iniziatiko gisa. Eta hori guztia jainkoaren izenean.

Ez horratik Jainkoaren izenean, Presentzia unibertsalaren, Arnasa kreatzailearen, Hats askatzailearen izenean.

Aizarna, 2023ko azaroaren 28a