Jose Mari Kortazar. Erlijio gaia Gandiagaren poesian – Hitzaurrea

Atsegin dut Jose Mari Kortazarren ikerketari sarrera-hitz xume bat jartzea.

Ikerketa honen egikeraz eta egituraz aparte, egitasmoa bera nahi nuke batik bat azpimarratu lerro banaka hauetan. Egitasmoa, hots: Gandiagak bere poematan islatu zuen bizi-bidearen, fede-bidearen berri ematea. Ibilbide da bizitza. Ibilbide fedea. Bidaria eta ibiltaria izan zen Gandiagaren fedezko bizia, bizizko fedea. Zalantza ilunezko bide estu eta saminak igaro zituen (zenbat halako!); presentzia berozko bide lasai eta gozoak ere bai (azken urteetan batez ere). Eta bidean poemak aurkitu zituen eta jaulki. Poemek eraman zuten bidez bide.

Baina Gandiaga barnekoia eta bakartia izanik ere, haren ibilbidea ez zen izan berea bakarrik, eta horixe agertuko digute ederki asko ondorengo orrialdeok. Herri baten krisia, kultura baten aldaketa, Eliza baten berrikuntza bizi izan zuen Bitorianok. Bizi eta jasan. Jasan eta goza. Eta biderik bide, bertsorik bertso, goitik behera eraberrituz joan zen haren fedezko bizikera, ikuskera, esakera.

Fede sakoneko gizona izan zen beti Gandiaga: bidearen abian eta hainbat bide-gurutzetan eta bidearen buruan. Fede sakona bai, baina ez fede geldia. Oinarri handiko fedea bai, baina ez oinarriak toki batean kokatu eta bertan tinko eutsi zion fedea. Sustrai handiko fedea bai, baina ez sustraiak leku batean bota eta bertan irmo iraun zuen fedea. Fede ibiltari, galdegile, mugikorra. Ibilian zutik iraun zuena, etengabeko bilaketan sendo. Herriaren guruzbidea eta pazkobidea bere egin zituen fedea, baina herria nor den eta herria nola egin aurrez behin betiko erabaki gabe, planeta osoak etxalde bat bera osatzen dugula jakinaren gainean. Kultura modernoaren ikuspegi berriei begiak eta hitza zabal-zabalik jarri zizkien fedea. Agian berandutxo, baina Arantzazu ere bete-betean jo zuen modernitatearen nahiz modernitate-oste definigaitzaren aireak, eta aireberritzearen aitzindari izan zen Gandiaga Arantzazun. Eta fedegabe zalantzati eta bilatzaileekin erosoago sentitzen zen Jainkoaren jaun eta jabe ageri ziren fededun tinkoegiekin baino. Fededun tinkoegiak ez ezik, fedegabe tinkoegiak ere badira, noski. Oraindik badira, baina horrelakoen garaia ere ez al da igaroa jadanik?

Eta beste gogoetatxo bat. Teologi lizentziaturako tesina osatzen dute ondorengo orrialdeok. Bitoriano Gandiaga ez zen teologoa izan, poeta baizik. Baina hobe genuke teologoak, Jainkoari buruz mintzo direnak, fede-bizipena adierazi nahi dutenak, poeta balira! Alegia: galderaren ausardia, esakeraren freskura, mintzoaren berritasuna, profetaren askatasuna, hitzaren xarma… balute! Teologoari bidea erakusten dio, beraz, poetak, beti mugaz gaindi.

Horra, bada. Poeta fededunaren bide librean barrena garamatza Jose Mari Kortazarrek, eta eskerrak bihotzez.

Irakurle, zoazen bidean, Bitoriano Gandiagaren arnasa senti dezazula lagun!

Hitzaurrea

In Jose Mari Kortazar. Erlijio gaia Gandiagaren poesian. IDTP-DDB, Bilbo 2005, 13-14 or