José María Castillo teologoari

José María Castillo, adiskide miretsia:

Apirilaren 24an, RELIGION DIGITALeko zure blogean artikulu bat argitaratu zenuen, non Después de Dios. Otro modelo es posible * (Jainkoaren ondoren. Beste eredu bat posible) gure liburua aipatzen baituzu, Roger Lenaers-ena bezala aipatu ere (deskuidu hutsa, noski). Bertan, desegokiak iruditzen zaizkidan zenbait adierazpen isurtzen dituzu, eta horiek komentatu nahi nituzke (egileoi aplikatzen diguzun “sasi-jakintsu” izena alde batera utzita, hau ere deskuidu hutsa delakoan).

  1. Sei egile desberdin gara (alfabetoaren arabera: José Arregi, Carmen Magallón, Jacques Musset, Mary Judith Ress, José María Vigil, Santiago Villamayor). Bakoitzak geure sentsibilitatea eta ikuspegi berezia ditugu, ez gatoz denean bat, eta nekez lepora dakizkiguke denoi batera isurtzen dizkiguzun judizio orokorrak.
  2. Bat gatoz, hori bai, teismoa –hots, Izaki Goren, ororen kausa, ahalguztidun eta orojakile, mundutik ezberdin edo bereizi bezala irudikatu izan den eta atributu antropomorfikoegiak dituen “Jaun goikoa” aitortzea–, teismoa, alegia, gaur egun bateraezina dela espazio- eta denbora-mugarik ez duen, ebolutiboa den eta etengabeko autokreazio-prozesuan aurkitzen den unibertsoaren, gure giza espeziea –Jesus bera ere barne– ez zentro ez helburu ez duen unibertsoaren ikuspegi zientifikoarekin.
  3. Hori horrela, bidegurutze historiko batean gaudela uste dugu, non hiru aukera irekitzen zaizkigun: a) Batik bat Sumerren duela 7.000 urte inguru sortutako Jainkoaren irudi horri, magisteritza ofizialean nahiz herri-irudimenean bai eta teologiarik hedatuenean ere oraindik indarrean dagoenari, atxikirik jarraitzea; b) “Jainko” terminoa erabiltzeari uztea, harik eta ohiko iruditeria tradizional horrek dirauen bitartean gutxienez; c) Iruditeria tradizionala errotik gainditu eta “Jainkoaren” irudi teistatik Jainkoa ororen sormenezko eta betiko Misterio bezala aitortzera igarotzea. Guk lehenengo aukera baino ez dugu baztertzen, zeina, bestalde, gaur egungo kulturaren aurkakoa ez ezik, Bibliaren eta tradizio kristauko nahiz beste tradizio erlijiosoetako mistiko handien sakoneko inspirazioaren nahiz berariazko irakaspenen aurkakoa ere badela uste baitugu.
  4. Gure jarrera agian “anbiguoa” da, diozun bezala. Baina Jainkoari buruzko hizkuntza oro da, beti izan da, anbiguo. Eta, edonola ere, guk ez dugu “Jainkoa abandonatzen edo are ukatzen”, eta gure asmoa ez da “ihesbideak” bilatzea ez inolako ateismorik “makillatzea”, baizik eta “Jainkotik” Jainkora igarotzea edo “Jainkoa” Jainkoagatik uztea, izen hau edo beste bat emanez nahiz inolako izenik eman gabe.
  5. “Transzendentzia-immanentzia” binomioa “gaur kristau izan ahal izateko ezinbestekoa” dela diozu. Guk, aitzitik, uste dugu Jainkoa, sormenezko Misterio edo Presentzia edo Errealitatea, “transzendentea” / “immanentea” terminoek adierazten duten kontrakotasunaz harago dela, eta, beraz, monismo panteistatik eta dualismo teistatik harago. Adibidez, Apostoluen Eginek Atenasko Areopagoan Pauloren ahotan jartzen dutenak: “Harengan bizi gara, harengan mugitzen eta izan ere harengan gara” (ApEg 17,28), horrek transzendentzia ala immanentzia adierazten du? Edo San Joan Gurutzekoak “Jainkoa arimaren substantzia” dela dioenean, transzendentzia ala immanentzia esan nahi du? Konta ezin ahala adibide dago, dakizunez. Hitzek eta haien esanahiek ez dute Jainkoa ahitzen, ezta gu lotzen ere.
  6. Horregatik diogu Jainkoa, aipatu dugun zentzuan “ez-teista” edo “transteista” dela, zuk zeuk ere, gaztetandik jada, aldarrikatu izan duzun bezalatsu “Jesusen Jainkoa” (bera bakarrik, zure esanetan) “ez-erlijiosoa” edo “transerlijiosoa” dela, askoren eskandalurako, atzo ez ezik gaur bertan ere.
  7. Jesusen ikasle garela berresten dugu, eta XXI. mendean bizi nahi dugu haren ebanjelio askatzailea, haren Espiritu biziduna, bizia itotzen duten letraz eta erakunde erlijioso katolikoez harago. Eta egungo kosmobisioarekin, zientziekin eta kulturarekin koherenteak diren hitzetan eta paradigmetan adierazten saiatzen gara –jakinik inoiz ez dugula lortuko–. Zuk zeuk ere halaxe egin duzu, Jose Maria, zeure bizitza luze eta emankorrean, hanbat ulertu ezin eta kondena mingarri jasanez zeuretarrengandik, eliz erakundearen aldetik.

Teologia libre, pozgarri eta baketsuaren alde goaz aurrera.

Aizarna, 2021, maiatzak 14

  • Oharra: liburua doan deskarga dezakezu:

https://www.academia.edu/45603321/_Despu%C3%A9s_de_Dios_Otro_modelo_es_posible_Release_1_1_4mayo2021_Jos%C3%A9_ARREGI_Carmen_MAGALL%C3%93N_Jacques_MUSSET_Judith_RESS_Santiago_VILLAMAYOR_y_Jos%C3%A9_Mar%C3%ADa_VIGIL