Kristologia transteistarako zenbait klabe
Ez da erraza gaur Nazareteko Jesusen aurkezpen labur, mamitsu eta erraza eskaintzea, eta interesgarria eta berritzailea gainera. Annamaria Corallok lortu du liburu honetan, eta zorionak ematen dizkiot, orrialdeok irakurri ditudan plazer berarekin eman ere. Buruari irakasten eta bihotzari hitz egiten dioten orrialdeak dira, bakoitzean uztartzen direlarik zorroztasun intelektuala eta barne-sentiberatasuna, testu zaharren analisi kritikoa eta Espiritu unibertsalaren arnasa, beti dena presente, libre eta berri.
Jesusi buruzko ikerketa berrienen ezagutza zabala erakusten du egileak inolako ostentaziorik gabe, eta duela 2000 urte Galileako landa-bide eta herrixketan nahiz etxe xumeetan hark irakatsiaz eta eginaz informatzea egitasmo nagusi izan gabe. Profeta galilearra inspiratu zuten bizi-iturrietara hurbildu nahi gaitu, iturri horiek oraindik ere inspiratu baikaitzakete haren mundutik hain desberdina den gure mundu honetan. Atzoko letrari Ebanjelio berria dario, gure egunotarako berri ona, inoiz baino beharrezkoagoa. Hala, freskotasunez betetako liburu bilakatzen da eta kristologia koherente eta inspiratzaile baten zirriborroa eskaintzen digu, guztiz egokia hain azkar doan XXI. mende honetarako, aurrerapena deritzogunaren azelerazioak bizia itotzen duen menderako.
Azpititulua nabarmendu nahi dut bereziki. Oso garrantzitsua iruditzen zait, eta ez zaio ausardia falta: Gesù di Nazaret in chiave transteista (Nazareteko Jesus klabe transteistan). Esamoldea berria da, eta litekeena da bati baino gehiagori harridura, mesfidantza edo argi eta garbi protesta eragitea. Iruditzen zait, ordea, funtsezko klabea adierazten duela gure garaiak eskatzen duen kristologia sakonki berritzeko.
Jar dezagun transteista terminoa bere testuinguruan. Paul Tillich (teologoa eta artzain luteranoa) eta Heinrich Zimmer (indologoa) izan ziren, XX. mendeko 50eko hamarkadan, kontzeptua (transtheistic) sortu zutenak: lehenengoak filosofia erlijioso grekoari (presokratikoari eta estoikoari bereziki) egiten zion erreferentzia termino horrekin; bigarrenak, aldiz, filosofia-teologia hindua adierazten zuen. Bai bere idazki teologikoetan eta bai artzain gisa egin zituen sermoietan, Jainkoaren kontzeptu tradizional “teista” gainditzera gonbidatzen zuen Tillichek, hau da: Jainkoa Izaki berezi eta bereizi gisa, mundua osatzen duten beste izakiez gain Izaki goren, edo giza pertsonez gain jainkozko Pertsona. Zeregin espiritual utziezintzat jotzen zuen jainko-kontzeptu hori gainditzea. “Agian – esaten zien entzuleei sermoietako batean – ahaztu egin beharko duzue Jainkoari buruz tradizionalki ikasi duzuen guztia”. Gauza bera predikatzen zuen Eckhart maisuak XIII. mendearen amaieran eta XIV. mendearen hasieran. Gauza bera Dietrich Bonhoeffer-ek ere, presondegiko idazkietan, 1945eko apirilean naziek urkatu baino lehentxeago, “ez-erlijiosoen Kristoa” aitortzen zuenean eta “kristautasun ez-erlijiosoa” erreibindikatzen zuenean eta “Jainkorik gabe Jainkoaren aurrean” bizitzera dei egiten zuenean. XX. mendeko azken hamarkadetan eta XXI. mendeko lehen hamarkadetan, John Shelby Spong gotzain episkopalianoa izan da teologia ez-teista gehien eta ondoen garatu duena.
Arrasto horri jarraituz, Annamaria Corallok Jesus ikuspegi transteistatik aurkezten du, eta horixe du niretzat bere alderik argitsuenetakoa, eta ausartena. Ezin da, noski, Jesusi buruz hitz egin Jainkoari buruz hitz egin gabe – izen honekin edo gabe –, haren presentziak biltzen baitzuen, bizi baitzuen, eusten baitzion bizi-konfiantzan, itxaropen mesianikoari, misio profetiko arriskutsuan. Baina, gaur eta hemen, ezin da ere Jesusi buruz ondo hitz egin, hots, modu ulergarri eta inspiratzailean, Jainkoari buruz ondo hitz egin gabe, hau da, arrazoizko moduan, Kant, Darwin eta Nietzscheren ondoren, Einstein-en eta James Web teleskopioaren ondoren egoki den bezala, kultura komunarekin koherentzian. Jainko Izaki gorenak – munduarekiko estrintseko, justu eta errukitsu, kreatzaile eta lege-emaile unibertsal subirano denak, mundua gobernatzen eta nahi duenean esku hartzen duenak, agertzen edo gordetzen, hitz egiten edo isiltzen, otoitzak aintzat hartzen edo hartzen ez, barkatzen edo zigortzen, salbatzen edo gaitzesten duenak… – ez du lekurik egungo gizon eta emakumeen kosmobisio zientifikoan eta pentsamendu modernoan. Horrelako “Jainko teista” ez da sinesgarri gehien-gehienentzat, ume eta zahar. Gero eta gehiengo zabalagoa da, eta, datu guztien arabera, zabaltzen jarraituko du “Mendebaldearen” mugetatik haratago.
Jakintzaren eta aldaketa azkarregiaren gure gizartean, gehien-gehienentzat, gero eta gehiagorentzat, ez da sinesgarria, ezta ere, klabe teistan ulerturiko Jesus, liturgiako testuetan, doktrina ofizialean eta “fededunen” zein “ez-fededunen” iruditeriaren sakonean oraindik bizirik dirauen irudia: Jesus Logos-a edo Jainkoaren betiereko semea, Sapiens judu eta gizonezko batean gorpuztua, Lurrean eta unibertso osoan gertatu den Jainkoaren osoko agerkunde eta haragiztatze bakarra, salbatzaile unibertsal bakarra, gizon perfektua… Argitasun kulturala, kuraia teologikoa eta eliz erantzukizuna erakutsiz, Annamaria Corallok paradigma transteistan oinarritutako kristologia zirriborratzen du, kristologia aldi berean eta bereizi ezinik askatzailea, feminista eta ekologikoa. Horrela, bai Jesusi eta Jainkoari buruz ondo hitz egiten du. Eta horrela hitz eginez, erabat sinetsita eta esker onez diot, arnasa eraldatzailea eskaintzen dio gizateria globalari, bere historiako erronkarik urgenteenen eta mehatxurik larrienen aurrean aurkitzen denari, hala nola larrialdi klimatikoa, krisi ekologikoa, adimen artifiziala eta finantza-ekonomiaren eta armen bidezko gerra unibertsala.
Paradigma kultural eta, beraz, teologiko berri horri, hala ere, askok posteista deitzen diote, ez transteista. Ez dut uste eztabaida honetan murgiltzea merezi duenik, baina egileak aukeratutako terminoaren alde egiten dut. Trans– aurrizkia iradokitzaileagoa eta irekiagoa zait post– baino. Honek nolabaiteko banaketa-lerro argia ezartzen duela dirudi: teismoaren aurretik, teismoaren ondoren. Ulertzen dut trans– esaten duenak, aitzitik, ez duela ez doktrinarik definitzen, ez mugarik ezartzen, irekitzen baizik: haratago. Bizia mugimendu eta dinamismo eraldatzailea da etengabe. Egia esan, espiritua – partikulan eta atomoan, uretan eta harrian, landarean eta animalian, unibertso osoan taupaka ari dena – ez da inoiz formarik gabe existitu eta ez zen Jesusengan ere formarik gabe agertu, baina ez zen inoiz Jesusengan agertu zen nahiz obratu zuen inolako formatan itxi (Jesusen Jainko-irudian, erlijio-sineskizunetan, erritu-praktiketan, sinagogarekiko atxikimenduan…). Jesus teista izan zen, zalantzarik gabe, baina bere arnasa sakonak “Jainkoaz”, sinesmenez, tenpluaz eta erakunde guztiez haratago bultzatu zuen eta bultzatzen gaitu. Espiritua librea da, eta agertzen den eta obratzen duen forma guztiak zeharkatzen eta gainditzen ditu. Libre gara forma batzuk edo besteak erabiltzeko – teistak edo ez teistak edo ateoak –, baina ez dira behin-behineko elkargune eta harreman-gune soilak baizik, energiaz, harremanez eta samurtasunez osatua den Bizirako pasaguneak besterik ez. “Errukia nahi dut, ez sakrifizioak” (Mateoren ebanjelioa 9,13). Erruki subertsibo, baketsu eta sendagarria da azken batean funtsezkoa, forma guztiez haratago.
Jesusen inspirazio sakona, Jesus bizi, libre eta inspiratzailea da erabakigarria kristologia sakon eta emankorrean, historikotasun faktikoaz eta eraikuntza dogmatikoaz haratago, pertsonaia historiko eta figura literario guztiekin bat. Hala da liburu honetan. Orrialde bakoitzak adierazten du konbikzioa – eta neure dagit erabat – kontakizun ebanjelikoetan ageri den Jesusen irudi bizia gaurkotasun osokoa dela, irudi hori historikotasun soilarekin edo dogma tradizionalekin bat etorri ala ez. Bere Zorion subertsiboetan, azkenekiko baldintzarik gabeko enpatian, bere hurkotasun sendagarrian, bere mahaikidego ireki eta zoriontsuan, “jainko-legearekiko”, botere erlijioso, politiko eta ekonomikoarekiko duen askatasun arriskutsuan, Jubileu unibertsalaren aldarrian, natura “Jainkoa” deitu eta deitzen dugun Errealitate iturburuaren sakramentu gisa kontenplatzeko duen begiradan, patriarkalismoaren kritikan, hierarkiarik gabeko neba-arrebatasun unibertsalaren praktikan, gizonezkoek eta emakumeek berdintasunean biziera ibiltaria zeramaten bere taldean… biziraupen globalaren erronka izugarriei erantzuteko inspirazioa eta bulkada aurkitzen jarrai dezakegu gaur egun gizakiok, Lurraren seme-alabok, bizidun guztien neba-arrebok.
Joxe Arregi
(Hitzaurre gisa argitataratua in: Annamariaren Corallo, L ‘uomo che narró Dio. Gesù di Nazaret in chiave transteista, Gabrielli, 2023, 11-14. or.)