LGTBIQ+: kutsatuak Elizan

Duela gutxi, James Martin jesuita eta idazle estatubatuar ezagunak gutun bat bidali zion Frantzisko aita santuari LGTBIQ+ (lesbiana, gay, transexual, transgenero, bisexual, intersexual, queer eta gainerako identitate eta orientazio sexualeko) katolikoek egiten dizkioten hiru galdera ohikoenekin. Duela egun batzuk argitaratu da aita santuaren erantzuna.

Hona hemen galderak eta erantzunak, eta nire ohartxoak: 1) J. Martin: “Zer esango zenuke dela LGBTek Jainkoari buruz jakin behar luketen gauzarik garrantzitsuena?”. Aita Santua: “Jainkoa aita da eta ez die inolako seme-alabei uko egiten”. “Ezta ere” bat falta da, baina esaldiak suposarazten: (Aita) “Jainkoak” ez die uko egiten “ezta LGTBIQ+ direnei ere”. 2) J. Martin: “Zer gustatuko litzaizuke LGBT jendeak Elizari buruz jakitea?”. Aita Santua: “Ikusaraziko nieke ez dela Elizaren arbuioa, Elizako pertsonena baizik”. Ikusarazi beharko litzaioke, halaber, arbuio horretan zeinen erantzukizun handia dagokion hierarkiaren beraren irakaskuntzari, nahiz eta hierarkia ere ez den Eliza. 3) J. Martin: “Zer diotsazu Elizaren arbuioa jasan duen LGBT katoliko bati?”. Aita Santua: “Eliza ‘selektiboa’, ‘odol garbiko’ Eliza, ez da Eliza Ama Santua, sekta bat baizik”. Jakin bezate, beraz, LGTBIQ+ pertsonek onartzen dituela beraiek ere  Elizak bere baitan, nahiz eta, hori bai, haiek horrela jokatuz bere burua kutsatzen duen”…

Ez da freudiarra izan hau aitortzeko: badira hizkeran hainbat lapsus emozio eta uste errotuak salatzen dituztenak, askotan inkontzienteak eta beti bizipen pertsonalekin lotuak, baina baita gidatzen gaituen kultur sistemaren interes eta mekanismo alienatzaileekin ere, zeinak komenentziazko argudioekin justifikatzen, “arrazionalizatzen”, ditugun. Aita santuaren erantzunetan, tabu, estigma eta kultur aurreiritzi zaharrak sumatzen ditut, sexualitatearekiko eta generoarekiko oraindik ere geurekin daramatzagunak, teologian, Zuzenbide Kanonikoan eta Erromako erakunde klerikal katoliko osoan sakonki erroturik jarraitzen dutenak. Erantzunok, azalean, LGTBIQ+ pertsonak defendatzen dituzte, baina, funtsean, areago mintzen eta zauritzen dituzte, iradokitzen baitute pertsona horiek ez dutela benetan merezi ez Elizak ez Jainkoak onar ditzan. Are errudunago sentiarazten dituzte, eta auto-mespretxua eta auto-gaitzespena indartzen diete. Babestu nahi duen Eliza deskalifikatzen dute erantzunok. Eta sinestera gonbidatzen duten “Jainko Aita errukiorra” sinestezin bihurtzen dute.

Erantzun horiek, aita santu berak duela 9 urte, bere aitasantutzaren hasieran, 2013an Brasilera egindako bidaiatik itzulerako hegaldian, kazetari batzuei eman zien erantzun sonatua gogoratzen dute: “Norbait gaya bada, Jainkoa bilatzen badu eta borondate ona badu, nor naiz ni hura juzgatzeko?”. Lapsus bera. Aita santuak erreprimitu egiten du gayen kondena, baina esamoldean nabari zaio gay hitzak zerbait txarra eta gaitzesgarria dakarkiola gogora. Errespetu osoz, orduan galdetu nion gauza bera galdetzen diot: Gaya juzgatu, juzgatuko zenuke, beraz, baldin eta “Jainkoa” deitzen duzuna bilatzen ez badu eta “borondate onik” ez badu? Eta kazetariak norbaiten orientazio heterosexuala nabarmendu izan balio, erantzungo ote zenion: “Ez naiz nor bera epaitzeko”?

Ez dut zalantzan jartzen Frantzisko aita santuak asmorik onenaz erantzun zituela aita James Martinen galderak, eta jarrera pertsonal gizatiar eta abegitsua duela LGTBIQ+ pertsonen aurrean. Baina ez da nahikoa. Arazoa, kasu honetan behintzat, ez da aita santuaren pertsona, aita santuaren sostengu den eta aita santua sostengu duen aitasantutzaren sistema baizik. Oraindik ere osoki kristautasun tradizionalaren eta eliz ereduaren euskarri diren kosmobisio zaharra, antropologia zaharra eta teologia zaharra dira arazoa, azken batean. Aita santua arren batetik, aita santuari esker bestetik.

Teologia zaharra da erabat aldatu beharrekoa, halako eran non ezin izango den sentitu, ez pentsatu, ez esan, Frantzisko aita santuak esan duen bezala, bere ontasun eta zuhurtasun guztia gorabehera: “Ez dago inolako oinarririk homosexualen arteko elkarketak eta Jainkoak ezkontzari buruz duen asmoa elkarrekin berdintzeko edo bien artean analogiarik ezartzeko, ezta urrutitik ere” (Amoris Laetitia 251, 2016. urtea); “Ezkontza, sakramentu gisa, gizonaren eta emakumearen artekoa da, eta Elizak ezin dio bere egiari uko egin” (Budapest eta Eslovakiara 2021ean egindako biratik itzulerako hegazkinean); generoaren teoria “ideologizazio kolonizatzailea da” (Poloniako apezpikuei 2016an), “sexu-desberdintasuna ezabatzera bideratuta dago” (katekesia, 2015ean), “familiaren oinarri antropologikoa husten du” (Amoris laetitia 86), “gauza naturalen aurka doa” eta “diabolikoa da” (Eslovakiako jesuitekin elkarrizketa, 2021ean).

Hori guztia gizatasunaren eta Ebanjelioaren aurkako bihurtu da. Eta aita santuak ez luke inola ere irakatsi behar, ez espresuki eta ez zeharka, ezta Biblia osoak, Elizaren ahobatezko tradizioak eta Jesus historikoak berak halaxe irakatsiko balute ere –ez da hala, noski–. Zeren Espirituak, den guztiaren hondoenetik, kreazioa, bizia eta hitza etengabe berritzen jarraitzen baitu.

Lesbiana, gay, transexual, transgenero, bisexual, intersexual, queer eta gainerako identitate eta orientazio sexualko norbaiten aurrean, Jesus honela mintzatzen zaiola bakarrik imajina dezaket: “Ene lagun, erauz ezazu errotik zamatzen eta zauritzen zaituen kultur eta eliz estigma hori. Santu eta sano zara, zaren bezalakoa maite baduzu. Hala onar ezazu, aurreiritzi sozialak gora behera eta oraindik indarrean dagoen eliz erakundea gora behera. Izan zaitez eta maita ezazu Jainkoak edo Biziak edo Sormen santuak edo berau sustatzen duen Arimak. Jaiki eta zoaz aurrera.

Aizarna, 2022ko maiatzak 12