Misterioaren aurrean isilik
2002an Espainiara egindako bidaiaren egunkarian, Oviedoko Moja Beneditarren Abadia bisitatu ondoren, Ernesto Sábato-k idazten du:
Hitzik gabe utzi naute isiltasunak, nabearen altuerak, otoitzean ari zen jendeak. Antzinako tailuek, harrizko hormetan, gogorarazten dituzte fedeak milaka urtetan zehar gizakien ariman sagaraturik utzi dituen gertaerak, bizitzari eta heriotzari zentzua eman dieten, existentziako jazoera nagusiak solemnizatu dituzten eta zorigaitzaren aurrean adorea eman dieten gertaerak. Harri higatuen edertasunaren proportziokoa dirudi mendeetan zehar sedimentatuak.
Txunditurik nago beti bezala fedearekin, Pascalek aipatzen zuen erokeria horrekin; pertsona batzuk otoitz egiten ari dira: zergatik? Nori? Eta nire adimenaren arrazoiketa baino sakonagoa eta misteriotsuagoa den zerbait nagusitzen zait astiro baina sakonki, arima horditua uzten didalarik ezezaguna begitanduz.
Formazio antiklerikal amorratua izan dut, agian ateoa, baina zer daki batek zer den fededuna ala ateoa izatea? Orduan, ‘libre-pentsalari’ deitu ohi zena ginen Matilde eta biok. Horrela definitzen zen nire aita, eta horrela hezi ninduten, eta horrela hezi genituen seme-alabak. (…).
Orain, hainbeste bizi eta gero, jendearen hainbeste maitasun, hainbeste erru, nahigabe, bortizkeria, hainbeste ezjakintasun eta ergelkeria, ateismoa gainbehera doakit eserita edo belauniko dauden pertsona banaka hauen aurrean, beren giza miseria isil-isilik Hondogabeari zabaltzen dioten hauen aurrean.
Zorabiatuta nago, eta banku batean eserita geratu naiz pixka batean. Birulentzia hura guztia, indar eta gaztetasun harroko garai haiek baretu egin dira, eta sentimendu zaharrago batek, urteek eragina seguruenik, isilarazi egiten nau misterio honen aurrean.
Milaka eta milaka arima sendatu izan dituzten kontakizun erlijioso horiek, zentzuaren ikurrak, edo tenpluaren barruan altxatutako zalantzak. Otoitzak, entzunak gareneko uste ero hori. (Ernesto Sábado, España en los periódicos de mi vejez, Seix Barral, 2004, 50-51. or.).