Argiaren Atarian
  • Facebook
  • Hasiera
  • Zirrintak
  • Argibideak
  • Artikuluak
  • Liburuak
    • Hitzaurreak
    • Sarrerak
    • Kolaborazioak
    • Liburuak
  • Argidunak
  • Hitzaldiak
    • Audioak
    • Bideoak
  • Neure buruaz bi hitz
  • Harremanetarako
  • Bilatu
  • Menu Menu

Neure buruaz bi hitz

2020 Salamone 8Azpeitian jaio nintzen 1952an, Gipuzkoako baserri zahar batean, ez argindar, ez ur-korronte eta ez errepide, Izarraitz aurrean eta Izazpi atzean, Hernio eta Kakuta ezker eta eskuin, eta itsas punta bat han, Urolaren ahoan. Berreraikia eta osoki eraldatua da gaur mundu zaharreko baserri hura.

Berreraikia eta osoki eraldatua da gaur mundu zaharreko baserri hura. Mundu zahar hartan sortu eta hazi nintzen, hain urrun jada eta oraindik hain hurbil. Lurrarekin, harriekin, zuhaitzekin eta txoriekin, batez ere txoriekin, sakonki bat sentitu naiz beti, Misterioaren arrastoak gauza guztietan sumatuz. Horretan ez naiz aldatu.

10 urterekin Arantzazuko frantziskotarren seminariora eraman ninduten neure ume-arimak eta handitarako ametsek. 15 urterekin Zarauzko Nobizio-etxean sartu nintzen. Eta 16 urterekin, pobrezia, obedientzia eta zelibatu botoak egin nituen, zertan ari nintzen asko jakin gabe (edo auskalo…). Beste mundu bat zen.

18 urterekin, filosofia ikasten ari nintzela, fedeari buruzko zalantza ugari izaten hasi nintzen, eta ez nintzen libratu haien larritasunetik, harik eta jakin nuen arte ezin dela fededun izan zalantzarik gabe. Askoz geroago ikasi nuen zalantzek ez diotela fedeari eragiten, sineskizunei baizik, zalantza etsipen bihurtzen ez bada behintzat.

Parisen doktoratu nintzen teologian, eta beronen irakaskuntzari eman nintzaion gorputz eta ariman, harik eta, 2010eko graziazko urtean, lizentzia kendu zidaten arte, ez omen nuela-eta irakasten doktrina zuzena. Eta teologiako irakas-gela, frantziskotar ordena eta apaizgo klerikala, dena utzi behar izan nuen. Eta horregatik guztiagatik bedeinkatu egiten dut Bizia, berau animatzen duen Ruah edo Arnasa, pizten duen Argia.
Gero, Itziarren begietan agertu eta eskaini zitzaidan Bizia, haren begietako distiran eta buztinean, zeinak nireak ere bai baitira. Eta elkarrekin egin nahi dugu bidea, itzaletan eta argi-atarietan bat.

Jainkoarengan sinesten dudan ala ez galdetzen badidazu, esango dizut: sinesmena eta Jainkoa nola ulertzen diren. Sinesmenak esan nahi badu baieztapen bat ziurtzat hartzea, ez dut sinesten “Jaun Goiko” edo Izaki Goren baten existentzian –zerbaiten aurrean Zerbait, norbaiten aurrean Norbait–, ezta dogma bakar batean ere bere esanahi literalean. Baina, latinezko credere hitzaren etimologiak iradokitzen duen bezala, sinesmenak “bihotza eman” esan nahi badu, eta Jainkoa deitzen badiogu existitzen den guztiaren Hondo infinituari, errealitatearen Iturri betiereko eta agortezinari, izaki guztiak sostengatzen eta mugiarazten dituen Presentzia on eta sortzaileari, hartara bihotzak eta arrazoimenak esaten didate: “Sinetsi Jainkoarengan “.

Jainkoarengan sinetsi nahi dut, bat egin nahi dut neure Izate sakonarekin, gauza guztien Bihotz zatiezinarekin, Erruki unibertsalaren Sugarrarekin, zeinaren txinpartak bezala baikara izaki guztiok eta zeina nik Nazareteko Jesusengan begiratzen eta maite baitut batez ere, zoriontasunaren bizi-mami bihurtu zenarengan.

Sinestea mundu mindu honetan Jainkoa zinez sortzea edo izanaraztea da, eta mundua birsortzea, bere itzalen barrenean argi-txinpartatxo bat piztuz. Horixe nahi dut nik ere apalki, zuk bezalaxe.

Joxe Arregi

Pozgarri zait, zoriak –zergatia ez dugula ezagutzen esateko modu bat– gure bideek hemen, orain, bat egitea nahi izana.

Egia esan, elkarrekin goaz bidean betidanik, elkarrekin gabiltza itzalen artean argiaren bila, elkarrekin dihardugu sortzen gizateria justu eta zoriontsuagoa, izaki guztien senidetasunean.

Eskerrik asko!

Nirekin etorri nahi baduzu, atsegin izango dut.

Bake eta on.

Artxibategia

Bilatu

Kategoriak

GAIAK

Abendua Arantzazu Argia Askatasuna Ateismoa Bakea Barkamena Bekatua Bizia Bizitza Dogma Eguberri Eliza Eliza gaur Elkarrizketa Erlijioa Erlijioa eta euskal kultura Erlijioaz haragoko espiritualtasuna Erlijioen elkarrizketa Esperantza Espiritualtasuna Espiritualtasun laikoa Etika Ez-dualtasuna Fedea Frantzisko aita santua Gerra Hemen Heriotza Herria 2000 Eliza Homo Sapiens Jainkoa Jesus Justizia Klerikalismoa Kultura Laikotasuna Mundua Otoitza Pobreak Politika Teismoa Teologia Transteismoa Uztarria

Azkena argitaratuen buletinera harpidetzeko

Edonoiz eman dezakezu baja, mezu elektronikoen orri-oinean agertzen den estekan klik eginez. Pribatutasunari buruzko informazioa lortzeko, bisitatu nire webgunea.

Learn more about Mailchimp's privacy practices here.

© Copyright - Umbrales de Luz
  • Facebook
Scroll to top