NORBERAREN BAKEA

SARRERA

Hasieran entzun dut zuen asteak bihotzak gozatzea duela helburu, eta ez da helburu txarra. Denok daukagu beti bihotza gozatu beharra, bake-giroan ondu beharra, eta horretarako ematen diogu hasiera aste honi eta horretarako nahi lukete izan hitzaldi hauek, baita nire bi hitzalditxo hauek ere.

Norberaren barruko bakeaz arituko naiz. Jakina, badakit ez dagoela bereizterik norberaren barruko eta kanpoko bakea, bakean bizitzea eta baketzaile izatea. Ez dakigu barrutik kanpora garen edo kanpotik barrura. Bi norabideetan gara beti, eta alderdi guztietatik begiratuta gara halaxe. Kanpotik datorkigu eta barren-barrenetik sortzen zaigu geure izatea, arnasarekin batera. Eta bakea berdin. Ezin dira, beraz, bereizi barruko bakea eta kanpoko bakea. Bakean bizitzea eta bakegile, bakearen zerbitzari, izatea. Bakearen gune eta habia, eta bakearen iturri eta emaile.

Bi alderdiak ukitu nahi nituzke, beraz, baina beti ere norberaren bakea harturik gogoan ikuspegi eta hausnargai. Hurrengo egunetan izango duzue beste ikuspegiak jorratzeko aukera.

Halere, ardatz horren inguruan, bi alderdi ukitu nahi nituzke, goizean bata, arratsaldean bestea. Goizean: “Besteekin baketzeko, neure buruarekin baketu”. Arratsaldean: “Neure buruarekin baketzeko, besteekin baketu”. Bereizi ezinak dira, txanpon baten aurkia eta ifrentzua bezala. Beraz bi gai, edo gai bat, bake pertsonala. Baina bi ikuspegitatik begiratuta: neure barrua baketu besteekin bakean bizi ahal izateko, besteekin baketu neure baitan bakean bizi ahal izateko.

Barruko bakearen bila gabiltza denok. Geure baitan bakean bizi nahi genuke. Nola? Badakigu eta ez dakigu. Edo badakigu eta ezin dugu. Egiazki eta benetan, ez dakigu: ze, egiazki eta benetan jakingo bagenu, biziko ginateke. Zerk eragozten digu? Begian lasto-izpia daukagu, edo haga, ongi ikusten uzten ez duguna. Bihotzean zauriak ditugu, errukitsu izaten eragozten digutenak. Nolanahi ere, saiatu egin nahi genuke: bakea sortzeko barruko bakea izaten, eta barruko bakea izateko bakea sortzen. Bakean bizi ez banaiz, ezingo dut bake-egile izan. Gorrotoa badut, ez naiz bakean biziko. Inorentzako eta ezerentzako gorrotoa dudan bitartean, ez dut bihotzean bakerik izango eta ezingo dut besteengan bakerik eragin. Neure burua baketzea ingurua baketzea da. Eta ingurua baketzea neure burua baketzea da. Eta bi alderdi horiei deitzen diegu gaur norberaren bakea edo bake pertsonala.

 

I. “BESTEEKIN BAKETZEKO, NEURE BURUAREKIN BAKETU”

Neure buruarekin bakean bizi izateko, denok amesten eta irrikatzen dugun barne- bake hori izateko eta gozatzeko, halako osagarri batzuk aurkeztuko ditut, zertzelada gisa.

 

1. Geure beldurrak onartu eta baretu

Beldurtiak gara. Eta beldurra ez da txarra. Beldurrik inoiz izan ez bagenu, aspaldiko hilko ginen. Beldur izaten ikasi behar da. Grimm-en ipuinetan bada bat beldur izaten ikasteko atera zen mutikoarena. Beldurra izaten ere ikasi egin behar da, ez galtzeko. Bere neurrian eta tamainan, baina beldurra ona da. Are ezinbestekoa.

Bizia babesteko bizidunak duen funtsezko mekanismo bat da. Arrisku baten aurrean erne, adi jartzen gaituen mekanismoa. Ez dezagula uste beldurti izatea gauza txarra bakarrik denik. Beldurra izaten ere ikasi egin behar da. Edo geure beldurrei adi egoten. Zer erakusten dit niri barru-barrutik neure beldurrak? Zer esaten didate neure beldurrek? Zer zaintzera, zerekin adi egotera, gonbidatzen naute?

Beraz, ongarria eta ezinbestekoa da, bidean ez galtzeko eta bizia ez hondatzeko, neure beldurrez jabetzea eta beldur horiek zer erakusten didaten jakitea. Baina beldurra bera bilaka daiteke eta bilakatzen da askotan arriskurik handiena. Konfiantza eta esperantza izaten ikasten ez badugu, beldurrari adi egoten ikasten dugun era berean eta neurri berean, orduan beldurra gainditzen zaigu eta beldurrak zanpatzen gaitu eta beldurrak bizi izatea eragotzi egiten digu, lagundu beharrean. Konfiantzarik eta esperantzarik ez badugu, beldurra gailentzen zaigu eta beti beldurrez bizi gara. Igarotako arriskuak berehala itzuliko zaizkigu beldur bihurturik. Eta oraindik iritsi ez diren arriskuak ere presente egingo zaizkigu nahiz eta beharbada ez diren inoiz izan ere egingo. Beldurrak berak sortuko dizkigu ez diren arriskuak. Eta jada igarotako arriskuek ere arrisku izaten jarraituko dute beldurraren beraren eraginez. Hori ez da ongarri. Hori ez da onerako.

Eduardo Punset nahiko ezaguna da, zientzia-komunikatzaile handia. Duela urte batzuk idatzi zuen Viaje a la Felicidad liburua, eta hor adibide bat jartzen du: Afrikako landazabalean, lasai-lasai larrean ari den orein baten adibidea. Oreinak bat-batean lehoiaren presentzia sumatzen du han inguruan. Alarma-sistema guztiak erne jartzen zaizkio eta lehoiaren arriskuari nola ihes egin erabaki behar du. Beldurrak eragiten dio horretara. Beldurrik izango ez balu, lehoiak aise harrapatu eta jango luke. Beldurrari esker ateratzen ditu bere ahalbide guztiak arriskuari ihes egiteko. Beldurturik eta beldurrari esker egingo du ihes. Baina behin arriskutik libratu eta gero, lasai etzango da berriro edo lasai jarraituko du larrean. Oreinak ez du dardaraka jarraituko, igaro berri duen arrisku horren oroitzapenez.

Hori da oreinaren eta gure artean dagoen aldea. Gu lehoiak pertsegituko bagintu, lehoiarengandik ihes egin ondoren ere, lehoiaren beldurrak luzaro, edo betiko, jarraituko luke guregan. Lehoia desagertu da, ez gaude arriskuan, baina beldurrak guregan jarraitzen du. Hori ere izan daiteke onerako, ze beldurraren kontzientziak beldurra bera ere sofistikatu egiten du eta, beraz, bizia babesteko sistemak ere hobeak bilaka daitezke. Baina onurarekin batera doa beti arriskua. Eta beldurraren oroitzapena edo arriskuaren oroitzapena izan daiteke gu beldurrari itsatsita geratzeko motibo. Eta hori ez litzateke onerako, gaitzerako baizik.

Jesusek ere izan zuen beldurra. Ez ohiko beldur arruntak bakarrik, baita egoera larrietako beldur larria ere. Eta horregatik begira diezaiokegu Jesusi geure beldurretan beldurkide, lagun gisa. Horregatik izan daiteke Jesusen beldurra guretzat kontsolagarri. Ez nago bakarrik. Ez nago bakarrik. Geure beldur guztiei aurre egiteko, gaina hartzeko, konpainia izan daiteke, beldurra ukatu gabe. Ez dugu beldurra ukatu behar. Baina beldurrak ez digu gaina hartu behar, eta horretarako norbaiten konpainia, norbaitek eskutik hartzen nauela, eta ez nagoela bakarrik jakitea, hori izan daiteke beldurra ongi eramateko eta beldur garenean ere bakean bizi izateko modurik egokienetakoa.

Talmudean esaten da –juduen ahozko tradizioa da Talmuda, VI. mendean idatziz jasoa–, Jainkoak negar egiten duela erbestera bidean den bere herriaz oroitzen den bakoitzean. Jainkoak negar egiten du erbestera bidean negarrez doan herriarekin batera. Herriaren arrisku guztiak eta herrikide bakoitzaren arriskuak, gizaki bakoitzaren arriskuak, eta izaki bakoitzaren arriskuak ere, Jainkoak bere egiten ditu. Ez dago urrun; arriskuan beldurrez dagoen gizakiari, izakiari, gozoki, eztiki, eskua ematen dio. Jainkoa gupida eta hurkotasun horixe da, eta hori sakonki sentitzeak sakon-sakoneko bakea eman diezadake.

Orduan esan dezaket, salmoarekin batera: “Jauna dut artzain, ez naiz ezeren beldur. Ibar ilunean banoa ere, Zu ondoan zaitut”. Orduan esan dezaket, Timoteoren Gutunaren egilearekin batera: “Badakit norengan jarri dudan fedea, eta ez nau hemendik ezerk aterako. Ez dit bake hau ezerk kenduko”. Hori esatea posible da. Hori esatera iristea posible da.

Baina irudi honek –Jainkoak eskutik hartzen nau, haurtxoa amaren besoetan bezala nago Jainkoaren besoetan, Jainkoa besoetan gauzkan ama gozo bat da…–, irudi horiek zer iruditzen zaizkizue? Ez ote dira xaloegiak edo inozoegiak? Ez ote dira antropomorfikoegiak, hau da, gure izaeraren arabera sortutakoak? Hala da, hala da. Eta norbaitek senti dezake irudi horiek gainditu beharra, ze Jainkoa ez da ez ama bat bezala, ez aita bat bezala. Jainkoak ez du eskurik, Jainkoak ez gaitu gozoki ferekatzen, gu beldurrez edo zaurituta gaudenean lasaitu gaitezen. Irudi horiek irudiak dira. Hitzak hitz dira. Eta Jainkoa ez da guk irudietan edo hitzetan adieraz dezakegun ezer. Gehiago da, gehiago. Baina ez gutxiago. Ongi da, beraz, gure giza izaeraren araberako irudi eta hitz horiek denak gainditzea, kritiko izatea, haratago joatea, baina aldi berean iruditzen zait gizakiak sentitu dezakeela, fededunak sentitu behar lukeela, Jainkoa guregandik aparte ez, baizik eta gure barrenaren barrenean, gure barrenaren barrena eta presentzia, konpainia, samurtasuna dela.

Edo berriro irudietara joz, dena baita irudia, eskutik hartzen gaituen ama-eskua dela. Jainkoa ez da ama-eskua baino gutxiago. Jainkoa ez da ama-eskua, ez, baina Jainkoa deitzen dugun misterio hori biziaren misterioa da, barnetasunaren misterioa, samurtasunaren misterioa, hurbiltasunaren misterioa da, hurkotasunaren misterioa. Gutxiago ez. Hurkotasuna, gupida, errukia… horiek ere irudi antropomorfikoak dira, baina Jainkoa ez da gutxiago.

Eta Jesusek esperientzia sakon hori izan zuen oinarri. Fededun handi guztiek hori bera izan dute oinarri, eta hortik, esperientzia sakon horretatik, atera zitzaion Jesusi behin eta berriro esaten diguna: “Ez izan beldurrik, ez izan beldurrik”. Biblian askotan errepikatzen den hitza da. Hasiera-liburuan bertan Jainkoak esaten dio Isaaki. Trantze arriskutsuan Isaaki esaten dio: “Ni naiz zure aita Abrahamen Jainkoa. Ez izan beldur, zeurekin bainauzu. Bedeinkatuko zaitut. Ez izan beldur”. Hitz horiek hainbeste aldiz errepikatzen dizkigu Jesusek. Ez izan beldur. “Ez izan beldur” lakuko ekaitz arriskutsu hartan. “Ez izan beldur” bere heriotzaren ondoren, bere jarraitzaileak galduta sentitzen direnean eta beldurrez. “Ez izan beldur, ikusi txoriak zeruan. Ikusi liliak zelaietan. Ikusi nola zaintzen dituen Jainkoaren eskuak. Nola ematen dien jaten. Nola janzten dituen, Salomon bera ere, bere ospe eta luxu guztian, inoiz janztera iritsi ez zen bezala. Ez izan beldur. Egun bakoitzak aski du bere nekearekin”. Hori biziaren jakinduria da.

Begira izadiari. Izadian ez da dena gozo, ez. Batak bestea jaten du. Beldurrez eta arriskuz betea dago izadia. Eta horrela garatzen da biziaren misterioa. Krudeltasuna ere suma daiteke nolabait izadian. Batak bestea pertsegitzen du: lehoiak oreina bezala, Afrikako landazabalean. Baina horren guztiaren baitan, izatearen eta biziaren garaipena gertatzen da. Biziaren gloria, ospea. Bizia aurrera ateratzen da. Bizia eder da. Eta biziak badu baita ere hurkoarekiko hurkotasun sentimendua, gupida. Bestearekiko kidetasun sentipena. Bestearekiko solidaritatea. Maitasuna, maitemina, maitasunaren mina eta maitasunaren poza. Hori guztia ere natura da. Hori guztia izadian ageri da.

Baita guregan ere. Eta hor agertzen zaigu Jesusek duen begiradaren oinarri misteriotsu eta erabakigarria, beldurrari aurre egiteko: “Ez izan beldur”. Ikus nola dena baden. Eta ikus nola guztiaren hondo-hondoan, sakon-sakonean, barren-barrenean, presentzia babesgarri, ongarri, ontasunaren misterio kontsolagarri, sendagarri hori agertzen den. Hori da Jainkoa. Horren esperientzia zuen Jesusek. Hori suma dezakegu geure beldur eta arrisku guztien artean, eta hortik sor dakiguke guri ere, gertatzen direnak gertatzen direla, bakarrik ez gaudelako sentimendu sakon eta baldintzarik gabea. Inoiz ere bakarrik egongo ez garen ziurtasun irmoa. Hortik sortzen zitzaion baita ere Paulori Erromatarrei Gutunean (8,15) esaten duena: “Jainkoak ez gaitu egin esklabo beldurti. Seme-alaben espiritua eman digu. Konfiantza eta xalotasun eta xumetasun guztiarekin Jainkoari, haurtxo batek aitari edo amari bezala, Abba esatera garamatzan espiritua”.

Probidentzia ez da ezer txarrik gertatuko ez zaigunaren ziurtasuna, baizik eta, gertatuak gertatu, inoiz bakarrik egongo ez garenaren ziurtasuna.

 

2. Iragan guztia onartuz, aurrera begiratu

Bihotza baketzeko gure beldurrak nolabait modu egokian elaboratzea beharrezkoa den bezala, beste puntu hau ere guztiz beharrezkoa da: Iragan dena ez ukatu, ez estali. Hortxe dago. Dena dagoen eta den bezala ulertu. Baina izan denari atzera begira ez gelditu. Izan dena ez da jada. Aurrera begiratu.

Hona zer dioen Paulok: “Ez dut esan nahi hori lortu dudanik edota helmugara heldu naizenik; baina lehia bizian ari naiz ea eskuratzen dudan, Kristo Jesusek ni neu beretzat eskuratu ninduenez gero. Senideok, ez dut uste dagoeneko hori iritsia dudanik; baina, atzean gelditu denaz ahazturik, aurrera jotzen dut eta helbururantz lehiatzen naiz saria iristeko; horretara deitzen baitit Jainkoak goitik Kristo Jesusen bitartez (Flp 3,12-14).

Hau oso jarrera sanoa iruditzen zait bakean bizi ahal izateko. Egunero-egunero, jaikitzen naizen bakoitzean eta oheratzen naizen bakoitzean, berritu beharreko kontzientzia iruditzen zait. Ez dut lortu, ez. Gaur ere ez dut lortu. Nahi nuena edo behar nuena ez dut lortu. Baina ez du inporta. Iritsi naizen puntura iritsi naiz. Atzean gelditu dena bego atzean. Bego bakean. Ez eman horri bueltarik. Honaino heldu naiz, egin dezadan lo lasai. Ez nuen aurrerago iritsi beharrik. Ez zait gehiago eskatzen. Eta orain egin beharrekoa da ohean lasai etzan eta atseden hartu eta lo egitea. Bihar abiatuko naiz berriro. Atzekoa atzean utzi eta aurrera begiratu. Ez dut uste dagoeneko helburua iritsia dudanik. Ez dut iritsi: ez dio inporta. Ez dut inoiz iritsiko: ez dio inporta. Baina beti aurrera abia naiteke behin eta berriro. Beti berriro.

Hori da Jesusek egin zuena. Hori esan nahi izan zuen, esatean: “Egun bakoitzak badu bere bakea”. Ez bizi aurrekoaren penaz edo biharamunekoaren penaz. Gehiegi sufritzen dugu, egia esan, iraganarekin eta etorkizunarekin. Hau da, ez denarekin. Iragana ez da. Etorkizuna ere ez da. Zenbat sufritzen dugun, alfer-alferrik, ez denarekin! Jada ez denarekin edo oraindik ez denarekin. Atzera bueltarik ez duenarekin edo beharbada inoiz iritsiko ez denarekin. Geure beldurrak horrekin elikatzen ditugu, ez onerako, baizik eta kalterako. Ez denarekin elikatzen ditugu beldurrak. Oreinak landazabalean bezala egingo bagenu… Arriskua igaro da, lehoia ez da ageri; orain lasai biziko naiz. Hurrengo datorrenean, ikusiko da. Eta bitartean, joan den arriskua joan da, eta etortzekoa ez da etorri, bizi dezadan presentea. Presentearen jakinduria.

Presentea besterik ez daukagu bizitzeko, eta ez dakigu bizitzen. Presentearen jabe gara bakarrik, baina jabe txarrak. Inoiz ez garela helmugara iritsiak? Hori bistan da eta hori ere onartu egin behar da, funtsezkoa da onartzea. Honetaz badu Avilako Santa Teresak testu gogoangarri bat. Pentsatuko genuke Santa Teresa perfekzioaren gailurrera iritsia zela eta besteei erakutsi nahi diela nola iritsi den. Ez, horrelakorik ez. Begira zer dioen: “Ez al duzue zeuen baitan inoiz ikusi? Bada, nik bai neure baitan: batzuetan iruditzen zait ezen guztiz desatxekia nagoela, eta egiaz eta benetan, halaxe da izan, probaldia iristen denean; baina beste batzuetan hain atxikia ikusten dut neure burua, eta aurreko egunean barre egingo nien zenbait gauzari hain atxikia egon ere, non ez baitut neure burua kasik ezagutzen; batzuetan iruditzen zait oso adoretsu naizela, eta Jainkoari zerbitzatzeagatik ez nukeela ezeren aurrean atzera egingo; eta halaxe frogaturik daukat zenbaiten ustez; baina hurrengo egun batean ez naiz gauza sentitzen ezta inurritxo bat akabatzeko ere, inork kontra egiten badit. Horrela, batzuetan iruditzen zait besteren esamesa eta marmar guztiek ez didatela inolako axolarik; eta frogatua daukat batzuetan halaxe dela, eta alderantziz, poztu egiten nautela. Hurrengo egun batean, ordea, hitzerdi batek ere nahigabetu egiten nau, mundu honetatik alde egitea nahi izateraino, edozer gauzak atsekabetzen bainau. Eta honetan guztian ez naiz bakarra, beste askorengan ere ikusia baitu, ni baino hobeak izan arren, eta badakit halaxe gertatu ohi dela” (Camino de perfección).

Avilako Santa Teresak bere muga horien edo gorabehera horien berri emateak eta aitorpena egiteak kontsolatu egiten gaitu.

Beraz, iragana den bezalaxe onartu, eta aurrera konfiantzaz begiratu. Bakean bizitzeko giltza nagusietakoa dugu hori ere.

 

3. Sufrimendutik ikasi

Denok sufritzen dugu. Bizidun guztiek sufritzen dute. Landareak ez dakit sufritzen duen, baina inurritxoak sufritzen du, oreinak sufritzen du, lehoiak ere bai. Eta guk, zenbat eta kontzienteago, badirudi gehiago sufritzen dugula.

Kontzientziak sufrimendua ugaltzen digu, gozamena adina. Ez dakit zer den gehiago. Gozamena gehiago izatea nahi genuke. Nietzscheren Zaratrustak esaten du: “Zein sakona den sufrimendua! Baina gozamena are sakonago!”. Ez dakit. Nietzsche bera ere azkenean sufrimenduaren biktima izan zen, eta ez dakit bere bizitzan ez ote zitzaion sufrimendua gozamenari nagusitu. Baina bego bakoitza bere sekretuarekin eta misterioarekin. Egia da denok sufritzen dugula. Eta ezin diezaiokegula hain erraz sufrimenduari erronka bota.

Sufritu gabe bizitzea ez da posible, baina horrekin ere ez dugu ezer esplikatzen. Ez dago sufrimendurik gabeko bizitzarik, baina horrek ez du esplikatzen zergatik den, azken batean, sufrimendua. Bizia zergatik den esplikatu ez dezakegun bezala, sufrimendua ere ezin dugu esplikatu. Eta noski, inolaz ere ez da bidezko sufrimendua esplikatzeko Jainkoa aipatzea. Jainkoak ez du ezer esplikatzen, eta are gutxiago sufrimendua. Sufritzen dugunean ez dugu galdetu behar, beraz, “zergatik sufritzen dut?”, esplikazio baten bila. Hori alfer-alferreko ariketa da. Sufritzen dugunean ez dut galdetu behar “zergatik sufritzen dut?”, baizik eta, apal-apal, ezer esplikatzeko borondaterik gabe, galdetu behar dut: “nola zeharkatuko dut sufrimendu hau? Nola asmatuko dut sufrimendu hau bide bihurtzen?”. Nola egingo diot aurre sufrimenduari? Nola egingo dut aurrera sufrimendu hau zeharkatuz?

Sufrimenduaren zentzua, eta ezeren zentzua, ez dator esplikaziotik. Badakit ni zergatik bizi naizen eta zertarako: esplikatu egin didate katekesian edo liburu honetan, edo jakintsu batek edo fededun handi batek esplikatu dit zertarako den bizitza, nondik natorren eta nora noan. Horrek ez du ematen bizitzaren zentzua. Horrek esplikazioak ematen ditu, ideiak. Esplikazio ederragoak edo eskasagoak. Baina hori ez da zentzua. Bizitzaren zentzua beste gauza bat da: betean eta sakonetik eta barrutik bizi izatea bera da zentzua. Duintasunez, zabaltasunez bakean bizi izatea, hori da biziaren zentzua. Gertatzen zaidana gertatzen zaidala, biziari jarraitzeko eta bizitzen jarraitzeko adina zorion dastatzea: hori da biziari zentzua ematea. Eta sufrimenduarekin gauza bera. Sufrimenduari zentzua ez zaio ematen esplikazioak emateko gauza naizenean. Ez. Sufrimenduari zentzua ematen zaio sufrimendu hori zeharkatzeko gauza naizenean; apalki, neure gorabehera guztiekin, neure zauri guztiekin, baina sufrimendu hori zeharkatzeko gauza naizenean, sufrimendu horretan zehar biziaren bidea pixkanaka urratzeko gauza naizenean.

Hemen inork ez dezake ezeren erronkarik jo. Badakigu zeinen erraz galtzen zaizkigun geure ausardiak, sufritzea tokatzen zaigunean. Galdera da, beraz: nola egingo dut aurrera sufrimendu hau zeharkatuz? Ezin dugu inolaz esan: sufrimendua Jainkoak halaxe nahi izan duelako etorri zait. Ez. Ez dugu sufritzen “Jainkoak hala nahi duelako”. Saiatu beharko genuke, alderantziz, sufritzen “Jainkoak nahi duen bezala”. Hau da, sufrimendua bizirako bide bihurtzeko eran, sufrituz ere biziaren bidea egiteko eran. Sufrimendu horretaz baliatuz, bizidun izaten jarraitzea eta biziaren onena ateratzen saiatzea, hori da Jainkoak nahi duena. Hori da Jainkoak nahi duen bezala sufritzea.

Horretarako ezinbestekoa da: 1) Sufrimendua ahal den neurrian saihestea; ahal den sufrimendu guztia saihestu behar da; 2) eta saihestu ezineko sufrimendua onartu egin behar da. Saihestu daitekeena saihestu eta saihestu ezin dena ahalik eta modurik onenean onartu.3) Eta sufritzea tokatzen zaidanean, laguntza eskatu. 4) Eta sufritzen dagoenari, lagundu.

Horrela, ahal dudan sufrimendu guztia saihestuz, saihestu ezin dudana ahalik eta ondoen onartuz, sufritzea tokatzen zaidanean laguntza eskatuz eta onartuz, eta sufritzen dagoenari lagunduz, horrela egin dezaket bidea. Ez sufrimendua garaitu: ez daukagu ezertan garaile izan beharrik. Baina bai bide apal bat egin sufrimenduan zehar. Eta orduan eman dezaket neure barruko onena. Onena ematera irits naiteke beharbada sufrimenduzko egoera zail horretan.

Hori da pazientzia izatea. Pazientzia da gaitza onbide bihurtzeko jakinduria. Nola bizi gaitezke pazientzia hori geure baitan sakondu eta garatu gabe? Hori da jakinduria gorena. Pazientziak ahalbidetzen du sufrimenduari zentzua ematea, ez esplikazioek baizik eta pazientziak. Hau da, egoera gogor eta atsekabezko horietan, ez erortzea, ez etsitzea, edo erori ahala zutitzen saiatzea eta apalki besteen eskutik eta besteei eskua emanez aurrera jarraitzea.

Hori da sufrimenduari zentzua aurkitzea. Edo horrela sufrituko luke Jainkoak; horrela sufritzen du Jainkoak. Ze Jainkoa ere sufrimenduan kide dugu. Erbestean doan herriarekin negar egiten duen bezala, erbestean dagoen herriarekin sufritzen du Jainkoak. Jesus gurutzean gurutzekide: hori da guretzat Jainkoaren irudirik ederrena. Jainkoa gurutzatu guztien gurutzekide. Zertan laguntzen die horrek gurutzekideei? Etsi gabe sufrimenduari aurre egiten eta hor biziaren onena, biziaren hazia eta fruitua eta lorea, garatzen uzten, sufrimendua bizia zabaltzeko bide, hazteko aukera, barruko askapena lortzeko abagune bihurtzen.

Horretan lagun diezaguke geure gurutze eta oinaze guztietan Jainkoa oinazekide dugula sakonki sinesteak eta sentitzeak. Ez gaude bakarrik. Haurtxoa amaren eskutik eta amaren besoetan bezala gaude eta goaz bizian aurrera.

 

4. Arnasa hartu, arnasa bota (ik. Tich Nath Hanh, Hacia la paz interior 21-23)

Arnasa hartu eta arnasa bota. Bihotza baketzeko, lehen ariketa hauxe, sinpleen sinpleena. Arnasa, arnasketa. Hemendik hasi behar nuen beharbada eta honekin amaitu. Ze sufritzea tokatzen zaigunean salmo kuttun bati heldu eta horrekin batera bihotza hustu eta bihotza baketzea oso ariketa ederra da, eta beharrezkoa. Baina hori bezain beharrezkoa –ez dakit aurrekoa ala ondorengoa–, arnasa hartzea. Behetik, hondotik, arnasa hartzea bera.

Arnasketa kontzientearen ariketa. Ariketa sinplea. Eta arnasa hartzean esan: “Arnasa hartzen ari naiz”. Eta arnasa botatzean esan: “Arnasa botatzen ari naiz”. Edo arnasa hartzean, “barrura” esan. Eta arnasa botatzean, “kanpora” esan. Edo arnasa hartzean: “Eskerrik asko, nahiz eta ni larri edo oinazetan sentitzen naizen. Eskerrik asko, arnasa hartzen ari naiz. Mundu guztia arnasten ari naiz. Biziaren arnasa arnasten ari naiz. Jainkoaren espiritua, espiritu laguntzailea, Paraklitoa, arnasten ari naiz. Eskerrik asko”. Eta arnasa botatzean: “Arnasa eskaintzen ari naiz. Tori zuei ere, nire arnasa”. Arnasa estua? Ba arnasa estua. Tori.

Arnasketa bera izan liteke bihotza baketzeko, barrua gozatzeko, ariketarik funtsezkoena. Arnasketak den guztiarekin bat egiten gaitu. Eta den guztiarekin bat garela jakiteak besterik gabe poza ematen digu. Ez nago bakarrik. Hor parkeko zuhaitzekin batera naiz. Txoriekin batera naiz. Agure eta haurtxoekin batera naiz. Abere guztiekin batera naiz. Zelai eta harriekin batera naiz. Zeruko eguratsarekin batera naiz. Ibaiko urarekin eta iturrietako urarekin eta hodeietako urarekin batera naiz. Denarekin batera naiz. Arnasaldi bakoitzean dena datorkit. Arnas botatze bakoitzean denari laguntzen diot izaten.

Arnasketaren oinarrizko bake-ariketa edonon eta edonoiz egin dezakegu, egin behar genuke. Gure gizarte eta gure mundu zalapartatsu honetan zoriongarria da eta zoriona da noizean behin, bederen, kontzienteki arnasa hartzea. Besterik egin gabe. Otoitzik eta besterik gabe. Meditazioa egiten duten askok hori besterik ez dute egiten. Meditazioa horretan datza funtsean: arnasa modu kontzientean hartzean. Zergatik ez diogu horri otoitz deituko? Noski, otoitza da.

Jaikitzen garenean geure eguneroko lantxoak, etxeko lanak, egiten ditugun bitartean, lanean ari garenean edo laneko atseden-tartetxoetan, arnasa hartu. Arnasa hartu behin, bitan, hamar, hogei, berrogei aldiz, arnasa hartu. Kotxean gidatzean goazenean, arnasa hartuz joan. Erritmo batean arnasa hartuz. Semaforo baten aurrean urduri jarri beharrean, arnasa hartu. Edo kotxeak pilatzen direnean eta presaka naizenean, arnasa hartu. Edo pentsamendu txar bat edo gorroto bat edo norbaitek esandakoa edo norbaiti esateko gogoa datorkidanean, arnasa hartu.

Arnasa. Hori da biziaren eragilea, lehen eragile, funtsezko eragilea. Balia gaitezen. Denok ari gara etengabe arnasa hartzen. Har dezagun arnasa. Naizenarekin adiskidetuz, den guztiarekin adiskidetuz. Gorputzari begiratuz, izaki guztiei, izadi guztiari begiratuz, har dezadan arnasa. Eta nahi izanez gero, otoitz bat tartekatu genezake arnasarekin batera, arnasa hartzean eta arnasa botatzean. Bakoitzak ikusi behar du hori, baina niri lagungarri zait: “Zatoz Espiritu Santua, Aitarekin eta Semearekin batera”. “Zatoz Espiritu Santua” arnasa hartzean, “Aitarekin eta Semearekin batera” arnasa botatzean. Edo mila esalditxo. “Poz emaile bikaina, etxe lagun atsegin”. “Adimenean argi, bihotzean poz”. Bakoitzak nahi duena. Eder eta pozgarri gertatzen zaion hura arnasarekin batera, arnasari lagunduz.

 

5. Munduarentzat esperantza izan

Munduari esperantzaz begiratu. Ez da erraza. Aspaldian badirudi munduak ez duela onera egin eta ez duela onera egiteko itxurarik batere. Beraz, hor esperantza izatea zaila da. Baina bakean biziko bagara, bihotza bakean izango badugu, ezinbestekoa da munduari itxaropenez begiratzea ere.

Itxaropenez begiratzea ez da optimista izatea, esatea: “Ez da ezer gertatuko!”. Dena gerta daiteke. Txarrena gerta daiteke. Baina, hala eta guztiz ere, itxaropena. Duela urtebete, Zygmunt Bauman soziologoak Donostian esan zuen: “Nor da optimista? Optimista da, posible den mundurik ederrenean bizi garela uste duena”. Pentsa litekeen mundurik ederrenean bizi gara, edo gutxienez posible den mundurik onenean bizi gara. Hori oso optimista izatea da. Eta pesimista nor da? “Pesimista da –esan zuen Zygmunt Baumanek– optimistak beharbada arrazoi duela uste izatea”.

Azken batean, optimista eta pesimista, biak ados daude. Batak harro esango du: “Izan daitekeen mundurik onenean gaude”. Eta besteak etsipenez eta buru-makur esango du: “Ez da posible mundu hoberik”. Biek gauza bera diote. Ez batak eta ez besteak ez du bihotzean bakerik. Bihotzean bakea izango badugu eta bake hori eragilea izango bada, optimismoaz eta pesimismoaz haratago joan beharra dago. Eta zer da orduan bidea? Ba Zygmunt Baumanek berak esaten zuena:

Bat: mundu honek erremedioa baduela konbentziturik egotea. Hori benetan sinestea. Gauzak alda daitezke. Eta gainera denok dakigu nola aldatu beharko luketen. Beraz, posible da aldatzea. Borondatea faltako da, baina posible da. Hori argi eduki.

Eta bi: posible den hori eta posible dela badakigun hori egiaztatzeko geure ahalegintxoa egitea. Ez mundu guztia gure esku balego bezala. Ez, gure esku gauza txiki bat besterik ez dago. Gure esku dagoen horixe, gure esku dagoentxo hori, egitea eskatzen du esperantzak. Esperantza ez da espero izatea bakarrik. Esperantza da bizi-jarrera bat da, espero duen hori ahal duen neurrian aurreratzen edo egiaztatzen duena.

Horretan datza Jesusen esperantza. “Zorionekoak pobreak” esaten zuenean, pobre horiei euren eskubideak itzultzeko ahalegina egiten ari zen Jesus, arrisku eta guzti. Edo gaixo eta negarrez zeudenei zoriontasuna aldarrikatu zienean, gaixoak sendatzen ari zen. Edo mahaitik baztertuak mahaira biltzen ari zenean. Jesusen esperantza esperantza egiaztatzailea izan zen, esperantza eraginkorra. Espero duena, bizi duena, aurreratzen duena. Geroko espero eta iragartzen duen hori orain bertan aurreratzen duen esperantzazko jarrera. Eta jarrera horren oinarria, Jesusengan oso argi dago –fededunengan hala izan behar luke–: Jainkoa deitzen dugun misterioa. Ontasunezko, samurtasunezko, konpainiazko misterioa. Gure giza bizitzako irudirik eta esperientziarik onenak adierazten dituen edo adierazteko erabiltzen ditugun irudi eta hitzak erabil ditzakegu, Jainkoaren misterioa esateko.

Jesusek Abba deitzen zion eta, gertatzen zitzaizkionak gertatuta ere, ez zuen galtzen aitaren edo amaren besoetan zegoelako ziurtasun hori. Eta hori bera munduarentzat. Mundua ez dago galduta. Arriskuan dago beti, baina “sinesten duenari dena zaio posible” (Mk 9,23). “Jainkoari ez zaio ezer inposible” (Lk 1,37). Hori da sinesmenaren mamia bera. Jainkoa da posibilitate beti berria. Niretzat, bestearentzat, mundu osoarentzat, errealitate unibertsalarentzat. Errealitate horren barrena, barruko arnasa, barruko dena lotzen duen presentzia, denari eragiten dion eta aurrera eragiten dion bulkada, begirada, nitasuna, zutasuna, gutasuna. Hori da Jainkoa. Hori da esperantza eragilearen oinarria, iturria.

Jesusek “Jainko” horren erregetza, ahalmen eraldatzailea espero izan zuen, aldarrikatu zuen: Jainkoaren ametsaren araberako mundua, “justuen eta onen mundua”. Areago, Jesusek bazuen barnean halako ziurtasun sakon bat, Jainkoa ari zela munduaren bihotzean mundu berri hori sortzen, ernarazten, hazarazten, berak aldarrikatzen zuen mezuaren bidez eta eragiten zituen sendaketen bidez: “Itsuek ikusi egiten dute, herrenak badabiltza, legendunak garbi geratzen dira, gorrek entzun egiten dute, hildakoak berpiztu egiten dira eta behartsuei berri ona aldarrikatzen zaie” (Mt 11,5). Horrek ematen zion Jesusi barneko poza. Ziurtasun horregatik eman zuen dena, bizi arriskatuz.

Jainkoa da, beraz, Jesusen esperantzaren sostengua. Baina Jainkoaren irudia sustrai-sustraitik berritu beharra dugu. Tradizioz irudimenean txertatua dugun Jainkoarengan ezin dugu ja sinetsi: mundutik bereizia dagoen Jainkoa, Jainko lege-emaile, mundua kanpotik eratzen eta gobernatzen duena. Jainko horrengan ezin dugu ja konfiantza izan. Errealitatearen muina eta erraia da Jainkoa, sorkarien poz eta min guztien muinean eta erraietan. “Harengan bizi gara, mugitzen gara eta izan ere gara” (Eg 17,28). Jainkoa ez da Errealitate osoaren atal bat, ezta atal guztien batura ere, den ororen izatea baizik. Min guztiak gupidaz, ontasunez, zoriontasunez, poz bilakarazteko ahalmen gordea da Jainkoa. Errealitatearen esperantza gorde guztiekiko BAI handia da Jainkoa.

 

6. Atseden hartzen ikasi

Bibliako pasarte batzuk irakurriko dizkizuet soil-soilik. “Har ezazue atseden”. Hau da, larunbataren agindua. Hau da, atsedenaren agindua. Bibliako agindu nagusia, Bibliako agindurik sakratuena.

“Zazpigarren egunerako burutu zuen Jainkoak berak eginiko lana eta zazpigarren egunean lanari utzi zion. Eta bedeinkatu egin zuen zazpigarren eguna eta sagaratu, egun horretan hartu baitzuen atseden kreazio lanetik” (Has 2,2-3). Atsedena. Atsedena da biziaren gozamena, biziaren gloria, biziaren beraren pozezko agerpena. Eta hori da kreazioaren xedea. Zazpigarren eguna ez da elizara joan eta Jainkoari kultu emateko. Biziak atseden har dezan da zazpigarren eguna. Biziduna goza dadin. Eta bakea izan dezan gorputz eta ariman, gorpuz eta arimarik bada. Oso-osorik bakea izan dezan. Hori da Bibliako agindu nagusia eta mila eratara adierazten da: Larunbataren agindua, urte sabatikoaren (hau da, zazpigarren urtearen) agindua, edo zazpi bider zazpigarren urtearen agindua (urte Jubilarra, Jubileu urtea: Zazpi bider zazpi, berrogeita bederatzi, eta hurrengo urtea, 50.ena, Jubileu urtea, atsedenerako).

“Gogoan izan larunbata, Jaunari sagaratzeko. Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko; baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari, zeure Jainkoari, sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi den etorkinak ere. Zeren sei egunetan egin baitzituen Jaunak zeru-lurrak, itsasoa eta berorietan bizi den guztia, eta zazpigarren egunean atseden hartu baitzuen. Horregatik, larunbata bedeinkatu egin zuen Jaunak eta egun sakratutzat ezarri” (Ir 20,8-11).

“Sei urtez ereingo duzue zeuen lurrean eta bilduko uzta, baina zazpigarrenean atseden emango diozue lurrari, landu gabe utziz; lurrak berez emango duena herriko behartsuek jango dute, eta gainerakoa basapiztiek irentsiko. Gauza bera egingo duzue zeuen mahasti eta olibadiekin. Sei egunez egingo dituzue zeuen eginbeharrak, baina zazpigarrenean atseden hartuko duzue; horrela, zuen idi eta astoek ere atseden hartu ahal izango dute, eta zuen esklaboa eta etorkina indarberritu egingo dira” (Ir 23,10-12).

“Zazpigarrenean atseden osoa izango du lurrak; Jaunari sagaraturiko atseden-urtea izango da. Urte horretan ez duzue ereingo soroetan, ez mahastirik inausiko” (Lb 25,4).

“Ez da zilegi lurrak behin betiko saltzea, neurea baita lurraldea, eta zuek ez zarete bertan etorkin besterik, nirean ostatuz bizi zaretenak” (Lb 25,23).

“Zazpi urtez behin, zor guztiak barkatuko dituzue. Hona nola egingo duzuen: Jaunaren ohorez zorren barkamen-urtea aldarrikatzean, lagun hurkoari mailegu egin dionak barkatu egingo dio maileguz emana; ez du lagun hurko herritarra zorra itzultzera behartuko. Atzerritarra bai, behartu dezakezue zorrak ordaintzera; baina herritarrari barkatu egingo dizkiozue. Egia da ez dela zuen artean behartsurik izango, oparo bedeinkatuko baitzaituzte Jaunak zeuen Jainkoak berak jabetzan emango dizuen lurraldean” (Dt 15,1-4).

“Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Hitzarmen hau egin nuen nik zuen arbasoekin, Egiptotik, esklabotzatik, atera nituenean: “Zazpigarren urtero, zuetariko bakoitzak erositako senide hebrearra libre utziko du. Sei urtez izango da zuen esklabo; gero, libre utziko duzue”. Baina zuen gurasoek ez zidaten aditu, ezta jaramonik egin ere” (Jr 34,13-14).

Lurrak atseden har beza. Zor guztiak barka bitez. Abere eta landare guztiek atseden har bezate. Kanpotar langileak atseden har beza, izan beza urte osoa atsedenerako. Gizaki guztiek, morroi nahiz nagusi, denek har bezate atseden. Eta zor guztiak barka bitez. Zazpigarren urtea zor guztiak barkatzeko urtea da; saldutako ondasun guztiak, bereziki lurra, berriro lehen izan zuten jabearengana itzultzeko urtea. Hau da, gauza guztiak iritsi bitez beren orekara, beren onenera, bakera. Horretarako, zorrak barkatu behar dira, tirabirak eta tentsioak baretu. Eta horretarako, atseden hartu, lurrari eta izaki guztiei atseden eman.

Agindu hori betetzeko daukagu. Eta kontrabidean goaz, gero eta gehiago egin nahi da. Jakina, nik egiten ez badut besteak egin eta irabazi egingo didalako. Hori zentzugabeko bidea da. Geure bakea eta planeta osoaren bakea, gizakien eta herrien bakea eta izadi eta natura osoaren bakea zauritzen, arriskuan jartzen, ari gara.

Beraz, atsedena. Atsedenean burutzen da kreazioa. Beraz, oraindik burutzeko dago. Baina atsedena du helburu, eta atsedena da espero dugun kreazio burutuaren hasikin eta sakramentu. Atsedenak egiten du larunbata, eta kreazioa, santu. Atsedenak ematen dio Jainkoari kultua.

Gogora ezazu larunbata. Gogora ezazu bizia bizitzeko dela, bizia grazia dela, eta merezi duela esker onez ospatzea. Gogora ezazu zure bizia ez dela ekoizteko, produzitzeko, zerbitzatzeko, zapaltzeko, irabazteko. Ez. Zaporea dastatzeko dela, bizi izateko, atseden hartzeko, elkarrekin gozatzeko. Horretarako da bizia. Eta hori da larunbateko kultua ospatzea. Ez elizara joan eta meza entzutea edo meza ospatzea, ez. Hori ere bai, noski. Atsedenaren agergarri bada, bizia ospatzeko bada, hartara bai; bestela, ez du Jainkoak behar gure kulturik. Jainkoak nahi duen bakarra da bizia zaindu eta eder egin dezagula. Jainkoak ere atsedena behar du, arnasa behar du. Gure esperantza bera da haren esperantza.

 

7. Apaltasuna

Apaltasuna ere guztiz beharrezkoa dugu bakean biziko bagara. San Paulok dio: “Altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik” ( 2 Ko 4,7). Buztinezko ontzi pitzatu eta maitatuak gara, zaurituak eta maitatuak gara.

San Paulok dio baita ere: “Gustura harrotuko naiz, beraz, neure ahuleziaz, Kristoren indarra niregan ager dadin” (2 Ko 12,9).

Tomas Mertonek ere baditu hainbat baieztapen eder apaltasunari buruz. Esate baterako: “Apaltasunaren hasiera da zoriontasunaren abiapuntua, eta apaltasunaren burutzea da poz betea. Arima-bizitzako arazo handi guztien erantzunak apaltasunak ditu berekin. Hori da fedearen, espiritu-bizitzaren hasiera denaren, gako bakarra, fedea eta apaltasuna banandu ezinak baitira. Apaltasun perfektuan desagertzen da egoismo guztia, eta gure arima ez da bere buruarentzat bizi, ezta bere baitan Jainkoarentzat ere, baizik eta Berarengan galdurik, murgildurik eta eraldaturik dago” (Th. Merton, Nuevas semillas 193).

“Apaltasunak bakarrik deusezta dezake poza eragozten digun egozentrismoa” (193). “Benetan apala dena ez daiteke inoiz etsipenean eror” (192). “Munduan apaltasunik ez balego, aspaldi egingo zuten gizaki guztiek beren buruaz beste” (193).

Apalak ez dio porrotari beldur. Ez dio ezeri beldur. Apaltasuna da egiazko indarra, bakearen benetako bermea.

 

 

II. “NEURE BURUAREKIN BAKETZEKO, BESTEEKIN BAKETU”

Lehen atalean esan denez, bakea, norberaren bakea, bake pertsonala, osagai askorekin osatuz doan, inoiz erabat osatuko ez den baina egunero osatu behar dugun errealitate konplexua da. Beti bidean gara, ez daukagu inora iritsi beharrik, baina bakea da gure izaera eta bakea da gure bokazioa.

Norberaren bakeaz ari gara, eta norberaren bakeak, norbera bakean bizitzeak ere alderdi guztiak biltzen ditu, noski. Lehenengo atalean aurkia aurkeztu dizuet nolabait: barruko bakea. Arratsaldean ifrentzua aurkeztu nahi nizueke (esateko modu bat da, besterik ez): besteekin bakean bizi izatea.

 

1. Begirada kritikoa

Lehenengo eta behin, errealitatearekiko, inguruarekiko, begirada kritikoa. Bakeaz ari garela, ez dakit oso egokia irudituko zaizuen jarrera eta begirada kritikoa aipatzea lehendabizi, baina hori ere ezinbestekoa dela iruditzen zait. Bakea ez da neure buruaren eta besteen egoera estaltzea, zilegiztatzea. Bakean bizi izatea ez da gaizkia onestea. Bakea ez daiteke horretan oinarritu. Bakearen aurka joango bailitzateke zuzen-zuzenean.

Beraz begirada kritiko bat behar da, egiazko begirada kritikoa. Egiazko bakea eragozten duten hainbat eta hainbat egoera, faktore, indar, jokabide, erakunde horien aurrean.

Begirada kritiko hori zertxobait zehaztuz, zenbait alderdi aipatuko nituzke, oso gainetik bada ere. Arrunkeriak dira beharbada.

1) Garapen eredua. Lehenengo eta behin jabetu behar dugu, daukagun eta inguratzen gaituen garapen-eredua ez dagoela egiazko bakean oinarritua. Eta ez garamatzala, ez gaitzakeela eraman, egiazko bakera. Bizi dugun garapen-eredua bakearen aurkakoa da. Izaki guztien egiazko bizikidetzaren aurkakoa da. Zuzen-zuzenean. Ekologiaren aurkakoa da. Indarkerian oinarritua dago. Eta denok hor bizi gara. Denok eragiten diogu, borondatez edo borondaterik gabe, jakinaren gainean edo ez-jakinean. Denok gaude hor sartuta, sare horretan sartuta gaude. Kate luze eta katramilatu horretan, kate-mailak gara denok.

Erosten dugunagatik, jaten dugunagatik, entzuten dugunagatik, ikusten dugunagatik, irakurtzen dugunagatik, dauzkagun etxeengatik, darabiltzagun kotxeengatik… bakea urratzen eta bakea, benetako justiziazko bizikidetza den bakea, urratzen eta oztopatzen duen garapen-eredu bat bizi dugu.

Jabetu, besterik ez bada. Ni ezin naiteke neure buruarekin bakean egon, jabetzen ez baldin banaiz izadi osoarekiko bakea eragozten duen egoera baten biktima eta eragile naizela aldi berean.

2) Ekonomia-eredua. Garapen-ereduarekin estu-estu lotua dago.

Indarrean dagoen ekonomia-eredua ere bakearen aurkako izugarrizko indarkeria eta biolentzia –hori bai dela bortizkeria!– daraman ekonomia-eredu bat daukagu. Eta horren eragile gara, nahita edo nahi gabe.

Honek ez gaitu erru-sentipenera eraman behar, baina bai kontzientzia argi bat izatera. Ederki jan dugu, kontu-kontari, bromatan. Oso ondo dago. Hori beharrezkoa da. Baina aldi berean horrek ezin du estali, ez luke estali behar, guk jaten duguna edo guk dugun asetasuna beste batzuen, beste askoren, beharbada gehienen, gosearen gainean eraikia dela.

Berriro diotsuet: honek ez digu digestioa eragotzi behar edo mingostu behar. Ez

gaitu tristatu behar, baina kontziente izan behar dugu. Eta erru-sentipenik gabeko erantzukizun jarrera, edo erru-sentipenik gabeko kontzientzia aktiboa. Horrek egingo gaitu gai bizi dugun ekonomia-eredu horren aurka bakezko urrats bat –urrats bat nahikoa da–, urrats apal bat, egitera. Edo gari-aletxo xume bat ekartzera, mundua berrituko duen eta munduarentzat ogi gozo handia osatzera eramango gaituen gari-pila egitera.

Ekonomia, indarrean dagoen ekonomia, irabaziaren ekonomia da. Ez da ondasunen banaketaren ekonomia. Eta hori ere sinplekeria bat da horrela esatea, baina iruditzen zait, hain oinarrizkoa izanik, ezinbestekoa dela horretaz jabetzea, egiazko bakegile izan gaitezen. Eta egiazko bakegile ez bagara, esan dut hasieran eta berriro diot, ezin gaitezke geure baitan bakean bizi.

Ekonomia zer da, etekinak pilatzeko? Etekinak pilatzearen zientzia da? Ala daukaguna guztion artean hobekien banatzen erakusten digun zientzia da ekonomia? Pilatzearen zientzia, irabazien zientzia, ala banaketaren zientzia? Horra bi eredu elkarren kontrakoak. Honek ez du ezer konpontzen, hau jakiteak ez du ezer konpontzen, baina beharrezkoa da, neure buruarekin bakean egoteko eta beharbada bake horrek eskatzen didan aukeratxoak, eguneroko haututxo xumeak, egitera eragingo didan jarrera bat izan dezadan.

3) Prentsa. Zenbat gorroto ez den hazten eta zabaltzen eta egunero! Baina palastaka! Zenbat gorroto ez den banatzen, hedatzen, gure hedabideetan! Iruditzen zait horretaz ere jabetzea ezinbestekoa dela norbera bakean bizitzeko.

4) Telebista. Aipamen berezia merezi du. Duela hilabete pare bat gertatu zitzaidan, amarenean. Oraindik ez zeukan bere gaitz larriaren zantzurik; asko gustatzen zitzaion arratsaldeetan telebista ikustea. Ez dakit zein kate eta nola duen izena programak: elkarrekin erdi-sestran, harreman-kontuak, bikote-kontuak, inongo maiseaketa guztiak. “Baina hau zer da? – nion neurekiko –. Hau terrorismoaren apologiarik gordinena baino okerragoa da. Nola utz daiteke horrelako programa bat orduetan eta orduetan, egunero-egunero, ematen? Honek arrazoi txarrak, sentimendu txarrak, gezurrak, zauriak, gorrotoa, erresumina besterik ez du zabaltzen. Nola ameti daiteke horrelako programa bat?”. Jakina, audientzia duelako. Baina audientziak ez du edozer gauza zilegi egiten.

Begirada kritiko hori ezinbestekoa dela iruditzen zait bakean bizi izateko. Ez gaitezkeela benetako bakean oinarriturik egon, gure begiak lausotuak baldin baditugu, zer gertatzen den ikusteko eta ongia eta gaizkia bereizteko. Ongia eta gaizkia ez dira Jainkoak hala agindu duelako: “hau ongi dago eta bestea gaizki dago, Jainkoak halaxe nahi duelako”. Ez, ez da hori. Sendatzen eta gizabideratzen gaituena eta denok elkartasunean gozarazten gaituena da ongia. “Denok” esatean denok diot, planeta osatzen dugun izaki guztiok. Denontzat on eta zoriongarri dena da ongia. Ez Jainkoak agindua, ez. Jainkoak ez du ezer agindu, izaki guztien zoriona ez bada eta zorion horretara eraman dezakeen guztion jokabidea. Ongia hori da. Eta gaizkia ez da Jainkoak debekatu duena. Jainkoak ez du ezertxo ere debekatu, geure buruari eta besteei kalterako zaiguna ez bada. Orduan ez naiteke bakean bizi zer den onerako eta zer den kalterako, zerk sendatzen duen eta zerk zauritzen duen, bereizten ez badakit. Eta horretarako begiak oso zabalik eta bihotza oso zabalik eta irizpideak argi behar ditugu izan.

 

2. Den ororekin bat gara (Tich, 115-125: Artekotasuna, “Interser”)

Bigarren puntu hau askoz ere lausoagoa edo abstraktuagoa edo poetikoagoa irudituko zaizue, edo poetikoegia. Halere, iruditzen zait honetaz jabetzea ere guztiz beharrezkoa dela, edo guztiz ongarria dela benetan bakean bizi izateko. Den ororekin bat gara. “Belar-hosto bat ez da gutxiago egun osoko izarren lana baino” (Walt Whitman).

Orrialde hau bi aldeetatik idatzia dago, baina zer ikusiko zenukete orrialde hau zuri balego? Edo tindatuta egonda ere berdin da. Zer ikusten duzue orrialde honetan? Orrialde hau unibertso osoa da. Orrialde hau ni da. Orrialde hau zuhaitzak dira eta zuhaitz-hostoak. Orrialde hau hodeiak dira. Hodeietatik euria ari du. Zirimiria batzuetan, zaparrada mardula besteetan. Orri hau zuhaitzaren adarretan kantuan ari diren txoriak dira. Orri hau eguzkia da bere errainuekin, bere errainuekin zuhaitzaren hostoak berde mantentzen dituen eguzkia. Orri hau unibertso osoa da. Orri hau zuhaitza bota duten gizakiak dira, euren amets eta euren nahigabeekin, euren familiekin, euren poz handi eta txikiekin, euren kezka handi eta txikiekin. Hau dena da. Ni ere hementxe nago. Nik ez dezaket eskuetan orrialde hau hartu, unibertso osoa eskuetan daukadala sentitu gabe. Ez nuke hartu behar.

Hori hala ikusteak poz eman dezake, barrua zabal dezake. Arnasa beheragotik eta urrunagotik hartzen lagun diezaguke. Eta hori ona da. Ahora eramaten dugun ogi- zati bakoitza ere unibertso osoa da. Gizadi osoarekin elkartzen nau. Gosea dutenekiko eta sufritzen ari diren guztiekiko gupida sentiarazten dit ahora daramadan ogi-zatitxo batek. Den guztia atal bakoitzean dago. Den guztia naiz, den guztia zara.

Askotan gogoratzen eta errepikatzen dut euskarazko esaldirik esanguratsuenetakoa eta borobilenetakoa iruditzen zaidana, HEMEN aldizkariaren lelo bezala hartu genuena: “Ez gara geure baitakoak”. Joxe Miel Barandiaranek jaso zuen herritarren ahotik, eta bere pentsamendu osoa biltzen du: “Ez gara geure baitakoak”. Hori da, iruditzen zait, gizakiaren, gutako bakoitzaren, definizio filosofiko, antropologiko eta teologikorik ederrenetakoa.

Ez gara geure baitakoak. Ez gara guk geure burua egin dugulako. Ez gara geure buruaren egile eta sortzaile. Beste norbaitengandik gatoz. Eta, azkenean, beste guztiengandik gatoz. Beste guztiek egin naute. Den guztiari zor diot neure izatea. Den guztiari. Ni ez naiz ataltxo bat edo ez naiz beste bi edo hiru ataltxori esker osatutako izakia. Ez. Unibertso osoa naiz. Eta hau ez da modu esageratu bat edo poetiko bat. Ez, errealitatea da, fisikoki ere errealitatea da. Ez gara geure baitakoak: besterengandik sortu ginen, besterekin gara, ez gaitezke izan geure baitan itxita. Ezin gara geu izan bestearekin izan gabe. Ezin naiz neure buruarentzat izan bestearentzat ere izan gabe. Eta hori den guztiari buruz esan daiteke.

Iruditzen zait norberaren bakearen oinarri-oinarria dela hau. Nire bakea ez da nire bakea bakarrik. Nire arnasa ez da nire arnasa bakarrik. Arrosa naiz eta zaborra ere bai. Arrosa zaborra da, zaborra arrosa da. Zaborretara botatzen den arrosa zimela arrosa bihurtuko da berriro edo ez dakit beste zein lore, landare, abere edo harri edo ur edo aire. Berdin dio. Guk zabortzat bazterrera botatzen, jaurtitzen, duguna, hori badoa, izaten ari da. Biziaren eta izatearen ardatzean doa etengabe eta gu ere horrekin batera. Izaki bakoitza norbera da eta aldi berean izaki bakoitza orotasun miresgarrian da. Eta orotasun miresgarria da. Den oro osotasun miresgarria da eta osotasun santuko atal bakoitza ere osotasun guztia da aldi berean.

Nik neure bihotza dut, taupadaka etengabe, baina eguzkia ere nire bihotza da. Hostoaren bihotza ere bada eguzkia. Eguzki bera da gutako bakoitzaren bihotza. Hori horrela begiratzeak ez luke izan behar noiz edo noiz burura datorkigun ideia bitxi edo sentipen ezohiko bat, ez. Horrek izan behar luke eguneroko begirada eta eguneroko oinarri-oinarriko sentipena. Gu lurretik aparte bizi gara, bigarren, hirugarren, laugarren… solairuan. Zemenuzko apartamentuetan bizi gara. Egun askotan geure oinekin ez dugu lurra zapaldu ere egiten. Badakizue hori zer den? Egunak eta egunak eman ditzakegu lurra zapaldu gabe. Horrek gaixotu egiten gaitu.

Ahal dugun guztia lurrarekin, geu garen naturarekin, elkarturik bizitzea komeni zaigu. Eta zuhaitzak besarkatzea, zergatik ez? Edo harriak musukatu eta beneratzea. Geure burua da. Ni harri hori naiz. Eta Jainkoa harri horretan ematen zait, agertzen zait. Nire barnetasunean bezalaxe. Eta goserik dagoen gizakiarengan. Edo gu bizi izateko gaizki tratatuz hazten eta gaizkiago tratatuz hiltzen dituzten abereengan. Jainkoa hortxe ematen zait. Elkartasun hori da Jainkoa. Goizean esan dizuet izadian krudeltasun handia dagoela. Guri dagokigu krudeltasun hori elkartasun bihurtzea. Ez krudeltasun itsua – handiak txikia jan dezala ahal duen artean–, ez, baizik eta guri dagokigu biziaren ziklo hori elkartasunezko eta errespetuzko eta elkar aitorpenezko misterio bihurtzea. Jainkoa agerraraztea.

Horrek naizen guztiarekin eta egiten dudan guztiarekin du zerikusia. Zer erosten dudan, nola erosten dudan, zer jaten dudan, nola tratatzen dudan zaborra, dena. Platano azal bat zaborretara botatzen baldin badut, berehala bihurtuko da, oso egun gutxi barru, berriro lore edo landare edo lur. Plastikozko zorro bat zaborretara botatzen baldin badut, berrogei urte beharko ditu lore bihurtzeko edo lur bihurtzeko, berrogei urte. Eta hondakin nuklearrek 250.000 urte beharko dituzte.

Nola bizi naiz? Unibertso edo elkartasun unibertsal hau bizi dut eta hori egia izan dadin, errealitate izan dadin, hautu egokiak egiten ditut neure eguneroko bizitzan? Edo neure baitan itxita bizi naiz? Edo neure taldetxoaren onurari begira bakarrik bizi naiz? Edo gure herriari bakarrik? Edo gure kontinenteari bakarrik? Edo gure espezieari bakarrik? Horri uko egiten dio “ez gara geure baitakoak” printzipio santuak. Azkenean, ala denok batera gara ala ez gaitezke bakean bizi.

 

3. Indarkeriarik gabe

Besteekiko bakezko harremanen hirugarren osagarri funtsezkoa: indarkeriarik eza. “Zorionekoak bakezaleak, beraiek izango baitira Jainkoaren seme-alaba”, esan zuen Jesusek. Eta zer da bakezale izatea?

Bakezale izatea ez da dagoenari men egitea, ez (lehenengo puntura nator

berriro). Edo gauden egoeran burua makurtu eta dena ontzat ematea. Noski, hori ez da bakezale izatea. Hori ordenaren bakea, dagoen ordenaren desordenazko bakea izango litzateke. Ordena desordenatuaren bakea. Ez. Bibliako bakea, justiziazko bakea da, hau da, elkartasunezko bakea. Guztion bizia aitortzen eta ahalbidetzen eta osatzen duen bakea.

Jesusek bake hau zeukan gogoan, ez ordenaren bakea, justiziaren bakea baizik. Horregatik esan zuen: “Ez naiz etorri bakea ekartzera, gatazka baizik”. Nola uler daiteke hori? Horrela uler daiteke: Jesusentzat bakea ez zela zegoen ordena errespetatzea, ez. Jesus iraultzailea izan zen. Jesusek baloreen egiazko iraultza sakon bat bultzatu eta eragin zuen. Iraultzailea izan zen. Baina iraultza horrek bere jarraitzaileengan indarkeriarako tentazioa susta zezakeen. Hainbestekoa zen berak buruan zeukan eta hitzez aldarrikatzen zuen eta jokabidez egiaztatzen zuen iraultza! Egoeraren oinarrizko eraldaketa sakona. Horrek biolentziaren tentazioa ekar zezakeen askorengan, eta Jesus oso adi egon zen biolentziaren tentazio horretan bere jarraitzaileak eror ez zitezen. Horregatik, jakinaren gainean edo espontaneoki, ez dakit, baina Jesusek printzipio batzuk zeuzkan eta printzipio batzuk iragarri eta azpimarratu zituen, bere jarraitzaileengan biolentziaren tentazio hori ekidin zezaketenak.

Estrategia bat eratu zuela nolabait Jesusek, jakinaren gainean edo oharkabean, bere iraultza indarkeriazko iraultza izan ez zedin. Eta bere iraultzak inor indarkeriaren tentaziora eraman ez zezan. Ez, noski, Jesusek aitortzen ez zuelako eta begi-bistan ikusten ez zuelako zegoen egoera indarkeriazkoa zela. Ondo ikusten zuen ordena hura, status quo hura, Galileako arrantzaleen, nekazarien, jende pobrearen, gaixoen, emakumeen egoera hura injustizia hutsa zela eta hori irauli beharra zegoela, azpikoz gain jarri beharra zegoela. Erromatarrak biolentoak zirela, tenplua biolentoa zela, Herodes Antipas biolentoa zela bere aita Herodes Handia bezalaxe, handikiak biolentoak zirela, erlijioa biolentoa zela neurri handi batean. Eta, guztiarekin ere, Jesusek ikusten zuen biolentziazko egoera hori ezin zitekeela benetan aldatu bakean ez bada. Ez indarkeriarekin. Eta indarkeria hori eragozteko, besteak beste, lau klabe edo giltza.

1) Deabruaren ideia. Jesusek deabrua bazela sinesten zuen. Guk ez daukagu hori sinetsi beharrik, baina hori da gutxienekoa: deabrua baden, ez den… Ez da, noski, deabrurik, baina kontua da Jesusentzat deabruaren irudiak –irudi bat da: gaitzaren, injustiziaren, indarkeriaren irudia– zer funtzio duen. Eta zer funtzio du? Nolabait, erromatarren aurka erabiltzera tentatuak egon zitezkeen indarkeria hori, erromatarren aurka ez baizik „deabruaren“ aurka, gaitzaren aurka, “gaiztoaren” aurka, erabil zezatela. Esango balie bezala: “Zuek erromatarrek inposatu diguten egoera hau irauli behar duzue, baina, azken batean, errudunak ez dira erromatarrak”.

Hemen ere erruaren erregistroaren gainetik dago Jesus. Azken errudunak ez dira erromatarrak. Gaiztoak, ez dira erromatarrak. Gaiztoa deabrua da. Eta nor da hori? Non da hori? Bila ezazue, baina injustiziaren kontra joan, gezurraren kontra joan, zapalketaren kontra joan, zinismoaren kontra joan… Orduan ari zarete deabruaren kontra joaten. Ez duzue erromatarrak hil beharrik; ez hil erromatarrik. Estrategia bat da: biolentzia erromatarren aurka ez, baizik eta deabruaren kontra bideratzeko estrategia.

2) Jainkoak egingo du. Hona bigarren estrategia, Jesusek hainbeste azpimarratzen duena: Jainkoak egingo du dena. Izan itxaropen, izan konfiantza. Zuek ez daukazue dena egin beharrik. Jainkoak egingo du. Zuek ez daukazue erromatar guztiak hemendik bota beharrik, ez daukazue apaiz nagusien abusuak zeuek konpondu beharrik, ez. Jainkoak egingo du. Konfiantza horrek ez du esan nahi: “Ez mugitu”. Ez, Jesus mugitu egin zen. Hainbeste mugitu zen, non urte eta erdi iraun zion bere prediku eraldatzaile eta iraultzaileak. Baina ez kezkatu gehiegi. Ez jardun urduriegi. Jainkoak egingo du. Horrek beste jarrera bat ematen du, oinarrizko konfiantza horrek alegia: “Izan itxaropen. Sinetsi Jainkoarengan, hau da, sinetsi ontasunaren ahalmen garai ezinean”. Hori izan daiteke bigarren estrategia.

3) Begiratu zeure begiko hagari. Zergatik begiratzen diozu hainbeste bestearen gaitzari eta ez zeure buruaren gaitzari? Modu ezin adierazgarriagoan esaten du: “Adiskide, nola ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hagaz ohartzen ez? Nola esan diezaiokezu senideari: utzi begian duzun lasto-izpia ateratzen, zuk zeurean duzun haga ikusten ez duzula? Itxura zale hori: kendu lehenengoz zeure begitik haga, eta orduan ikusiko duzu garbi senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko” (Lk 6,41-42). Honek ere indarkeriaren, bortizkeriaren tentazioa sustrai-sustraitik mozten du. Ez juzgatu inor, edo juzgatu horrela zeure burua.

Bortxatzailearen tokian banengo, ni ere bortxatzailea izango nintzateke. Hau ez da fikzioa. Konbentzitua nago, edo konbentzituak egon behar dugula iruditzen zait. Bonba eta injustizia guztien esentzia nire esentzia da. Terroristaren lekuan banengo, terrorista izango nintzateke. Eta Aznarren lekuan banengo, Aznar izango nintzateke. Hau ere bai.

Horrek ez du esan nahi gauzak dauden bezala utzi behar direnik, ez. Baina esan nahi du hurkoari ezin diodala begiratu juzgatuz, kondenatuz, goitik behera, nirekin zerikusia ez balu bezalako errua bestearengan juzgatuz, ezin diodala horrela begiratu. Baketzaile izateko beste begirada bat behar da. Eta Jesusek beste begirada horretara egiten du dei. Zergatik ez duzu lehenengo zeure begian daukazun haga ikusten? Orduan, hagarik gabe, askoz hobeto ikusiko duzu lagun hurkoaren begiko lasto-izpia, kentzeko. Baketzaile izateak egoera, hurkoa eta ni neu, aldatzea eskatzen du. Eta zerk aldatuko du? Bestelako begirada batek aldatuko du.

4) Izan zaitezte errukiorrak, Jainkoa bezala. Jesusek bere jarraitzaileei sinetsarazi zien Jainkoa bezalakoak izan zitezkeela, Jainkoa bera izan zitezkeela. Eta nolakoa da Jainkoa? Zer da Jainkoa? Hark onentzat eta gaiztoentzat ateratzen du eguzkia egunero, zintzoentzat eta gaiztoentzat eginarazten baitu euria egunero. Bada, izan zaitezte Jainkoaren, Zeruko Aitaren, antzeko.

Izan zaitezte errukiorrak zuen Zeruko Aita errukiorra den bezala. Hona Jesusek bere ikasleei, gizon eta emakume, barru-muinetaraino sartu zien fedea. Zuek Jainkoaren imitatzaile izan zaitezkete. Zuek gai zarete Jainkoa bera bezalakoak izateko, Jainkoa bera izateko gauza zarete. Hori da zuen esentzia, hori da zuen bokazioa. Gai zarete, sinets ezazue. Hori sinesteak biolentziaren tentazioa erro-errotik erauzten du.

Beraz, indarkeria ezaren aldeko eragile izateko, aurrena, geure barrutik kendu behar dugu indarkeria, gorrotoa, hurkoari beste modu batean begiratzen ikasi behar dugu, saiatu behar dugu ikasten. Bestea ez da gaiztoa, bestea zauriturik dago. Horrek ez du esan nahi: “Orduan utzi diezaiodan den bezalakoa izaten eta egiten duena egiten”. Ez, inolaz ere ez. Baina zer nahi dut? Egoera aldatzea, bestea gaizkile ordez ongile izatea, ala bestea zapaltzea eta bestearen lepotik mendekua hartzea? Zer da benetan nahi dudana? Bestea on bihurtzea ala bestea azpian hartzea?

Indarkeria ezaren aldeko eragile izateko, adiskidetzaile izateko, aurrena geure barrutik kendu behar dugu indarkeria, gorrotoa. Hurkoari beste modu batera begiratzen saiatu. Ez da gaiztoa, zauriturik dago. “Ez naiz etorri osasuntsuengana, gaixoengana baizik; ez naiz etorri zintzoei dei egitera, bekatariei baizik”. Adiskidetzaile izateko, lehenengo eta behin, hurkoarekiko begirada aldatu behar dugu: errukizko begiradaz begiratu, bestearekin bat naizela jabetuz begiratu, gaizkilearengan errorea eta zauriak begiratu errua eta gaiztakeria baino areago. Hurkoaren sufrimenduak amaitzeko gogoak eragiten didanean, orduan ari naiz baketzaile izaten. Hurkoa ontzea dudanean helburu eta ez zigortzea, orduan naiz bere anaia eta arreba. Hurkoa sendatzea baldin bada nire nahirik sakonena, orduan naiz Jainkoaren antzeko.

“Zorionekoak bakezaleak, beraiek izango baitira Jainkoaren seme-alaba”.

 

4. Ontasunaren ahalmena

Zerk aldatuko gaitu, ontasunak izan ezik? Kartzelak inor ez du aldatzen, edo inor gutxi aldatzen du, eta gehienetan okerrerako. Ia beti okerrerako aldatzen du. Hori al da gure gizartearen, gure gizarte garatuaren, zientzia guztietan punta-puntan gauden gizarte honen, eskaintza eta alternatiba? Zerk onduko du gaiztoa, gaiztoa bada? Gaiztoa ez, gaizkilea da. Eta ni naiz lehenengo gaizkilea. Edo izango nintzateke, naizen baino askoz gehiago, gaizkile deitzen dudan horren lekuan banengo, haren historia nire historia izan balitz.

Hau San Frantziskok oso garbi ikusten zuen. San Frantziskok esaten zuenean izakirik ez gizakirik gaiztoena zela bera, ez zioen esajerazio modura, fikzio huts bezala. Ez, konbentzituta zegoen, gaiztoak izan balitu berak izandako aukera guztiak, bera baino hobea izango zela gaizto omen den hori. Hori da, Gubbioko otsoaren istorioan, San Frantziskoren Loretxoetan, agertzen dena, eta ez digu inporta hala gertatu ote zen ala ez.

Gubbio Erdi Aroko hiritxo bat da. Oraindik ere hantxe dago. Ba omen zen inguruetan otso amorratu bat, abereak ez ezik gizakiak ere erasotzen eta jaten zituena; herri guztia ikaraturik zegoen. San Frantzisko iristen da Gubbiora. Jakiten du egoeraren berri eta hor abiatzen da mendira otsoaren bila. Otsoaren zulora iristen denean, otsoa zulotik atera eta amorraturik abiatzen da San Frantziskorengana. Eta San Frantziskok hitz egiten dio: “Anaia otsoa”. Orduan, otsoa otzan-otzan geratzen da. Eta San Frantziskok esaten dio: “Anaia otsoa, zergatik egiten duzu hainbeste kalte, abereak eta gizakiak erasoz, sarraskituz? Zergatik? Begira, tratu bat egin behar dugu: nik agintzen dizut behar duzun janaria emango dizutela Gubbioko biztanleek, eta zuk ordainetan agintzen al didazu ez duzula hemendik aurrera ez abererik eta ez gizakirik jango?”.

Loretxoak kontatzen du otsoak belarriak eraitsiz eta aurreko hankak doblatuz men egin ziola, baietz esanez San Frantziskori, tratua onartuz. Eta, orduan, otsoarekin batera Gubbiora joan zen. Agertu orduko, jende guztia ikaraturik eta izuturik zegoen. Eta Frantziskok esan zien: “Ez izutu, anaia otsoa gure laguna da eta agindu dit hemendik aurrera ez duela inor jango, baldin eta zuek jaten ematen baldin badiozue”. Eta jendearen aurrean otsoari hitz emanarazi zion, jaten ematen bazioten, ez zuela inor erasoko eta hilko handik aurrera. Eta otsoak berriro burua makurtuz adierazi omen zion herri osoaren aurrean San Frantziskori tratua onartzen zuela.

Zer dago Loretxo honen azpian? Otsoa gaizkilearen irudia da: gaizkile, lapur, hiltzaile, terrorista, bortxatzaile…, nahi duzuena. Zerk onduko du? San Frantziskoren apustua oso garbia da. Ontasunak bakarrik on dezake. Ontasunak bakarrik. Jaten ematen baldin badiozu, bizitzeko behar duena ematen baldin badiozu, adiskidetasuna ematen baldin badiozu, bakean bizi izatea zer den dastarazten baldin badiozu…, orduan ez da inor gaiztoa izango. Beraz, ontasunaren ahalmena. Ontasuna bakarrik da ahaltsua, eta onerako ez diren ahalmen eta botere guztiak ez dira onak. Eta ez dute azkenean ezer oneratzen, ezer aldatzen.

 

5. Moralaz harago

Ontasuna, haratago. Ontasuna moralaz, Jainkoaren ustezko agindu guztiak txintxo betetzeaz, haratago dago. Ontasuna ez da harrizko legeetan idatzitako arau guztiak urratu gabe zehazki betetzea. Hori ez da ontasuna. Ontasuna haratago dago edo honago, barruagoko zerbait da.

Hori mila modutara adieraz daiteke; Talmudeko parrafo bat irakurriko dizuet. Simlai errabinoak esan zuen: “Moisesi seiehun eta hamahiru agindu eman zitzaizkion; hau da, hirurehun eta hirurogeita bost debeku, eguzkiaren urtearen egun kopuruaren arabera; eta berrehun eta berrogeita zortzi agindu, giza gorputzaren atalen kopuru bera (…)”. Etorri zen David eta, 15. Salmoan agertzen diren hamaika arautan bildu zituen. Etorri zen Isaias eta sei arautara murriztu zituen, idatzia dagoen bezala: Zuzen jokatzen eta egia esaten duenak, bidegabekeriazko irabazirik onartzen ez eta azpi-dirurik jasotzen ez duenak, hilketa-proposamenei jaramonik egiten ez eta txarkeria begi onez ikusten ez duenak (Isaias 33,15). Gero etorri zen Mikeas, eta guztia hiru arautan laburbildu zuen, idatzia dagoenaren arabera: Gizaki hori, irakatsi zaizu zer den ona, zer nahi duen Jaunak zuregandik. Hauxe: zuzenbidez jokatzea, on izaten saiatzea, eta zure Jainkoarekin apaltasunez bizitzea (Mikeas 6,8). Itzuli zen Isaias eta bi hauetan laburbildu zituen: Hau dio Jaunak: Errespetatu zuzenbidea eta egin justizia (Isaias 56,1). Azkenik, Habakukek agindu bakarra formulatu zuen: Zintzoa, bere leialtasunari esker biziko da (Habakuk 2,4) (Talmuda, Maccot 23b-24a).

Moisesi 6 egunetan 613 agindu eman zitzaizkion. Hau da, 365 debeku, eguzkiaren urtearen egun kopuruaren arabera, eta 248 agindu, giza gorputzaren atalen kopuru bera. Etorri zen David eta 15. Salmoan agertzen diren 11 arautan bildu zituen. Etorri zen Isaias eta 6 arautara murriztu zituen, idatzita dagoen bezala: zuzen jokatzea eta egia esatea, bidegabekeriazko irabazirik ez onartzea eta azpi-dirurik ez jasotzea, hilketa proposamenei jaramon ez egitea eta txarkeria begi onez ez ikustea. Sei arau.

Gero etorri zen Mikeas eta guztia 3 arautan laburbildu zuen: Idatzia dagoenaren arabera: Gizaki hori, irakatsi zaizu zer den ona, zer nahi duen Jaunak zurengandik. Hauxe, hiru gauza: zuzenbidez jokatzea, on izaten saiatzea eta zure Jainkoaren aurrean apaltasunez bizitzea. Hiru gauza. Hori da ontasuna.

Itzuli zen Isaias eta bi hauetan laburbildu zituen. Hau dio Jaunak, bi gauza: errespetatu zuzenbidea eta egin justizia. Justizia eta zuzenbidea.

Azkenik Abakukek agindu bakarra formulatu zuen: zintzoa bere leialtasunari esker biziko da. Garenarekiko leialtasuna azken batean.

 

6. Bestea bestelako onartu

Bestea bestelakoa da, ez ni bezalakoa. Talmudeko atal bat irakurriko dizuet hau esateko ere. „Honek erakusten du Santua, erregeen Erregea –bedeinkatua izan bedi–ahalguztiduna dela: subiranoek molde bakar batekin txanpon mordoa egiten dute, den-denak berdinak. Aldiz, erregeen Erregeak, Santuak –bedeinkatua izan bedi–, molde bakar batekin lurreko gizaki guztiak egin zituen eta bakar bat ere ez da hurkoa bezalakoa (Talmuda, Sanhedrin 37a =IV, 9).

Adanen buztinezko molde berarekin, gizaki guztiak egin zituen eta denak desberdinak gara. Bakoitza den bezalakoa dela onartu. Bestea, ni bezalakoa ez, den bezalakoa dela onartu. Zein zaila den! Baina ez dago bakerik hori gabe.

“Lurrean maitasuna indartsua zenean, ezpata baten aho gainean lo egin genezakeen; baina, orain, maitasuna ahuldu denean, hirurogei ukondoko zabalera duen ohea ez dugu aski lo egiteko” (Talmuda, Sanhedrin 7a).

 

7. Barkatu

Barkatuak izan gabe, ezin gaitezke bakean bizi. Barkatu gabe ezin gaitezke bakean bizi.

Barkatu gabe ezin gaitezke bakean bizi. “Jainkoak maitatu eta bere herri santu izateko aukeratu zaituztenez gero, jantz zaitezte bihozberatasunez, ontasunez, apaltasunez, otzantasunez, pazientziaz. Izan eraman oneko elkarrekin eta barkatu batak besteari, inork inoren aurka zerbait balu. Jaunak barkatu zizuen bezala, barkatu zuek ere elkarri. Eta guztien gainetik, jantz zaitezte maitasunez, hau baita elkartasun betearen lokarria maitasuna da hemen ere dohainik bikainena, bertute guztien muina eta kristauak gorputz batean biltzen dituena. Kristoren bakea izan bedi nagusi zuen bihotzetan, horretara deitu baitzaituzte Jainkoak gorputz batean elkartuz. Eta izan zaitezte esker oneko” (Kol 3,12-15).

Orduan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion: ‘Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?’. Jesusek erantzun zion: ‘Zazpi aldiz ez, zazpi milatan zazpi aldiz’ ” (Mt 18,21-22).

Barkatzea zer da? Barkatzea ez da jasandako kaltea ahaztea. Barkatzea oroitzapena sendatzea da. Ez ahaztea, oroitzapena sendatzea baizik, edo oroimena bera sendatzea.

Barkatzea ez da kaltea egin didana errugabe dela esatea. Ez, ez da erru kontua. Ez da errugabetasun kontua ere. Barkatzea da hurkoari nire bihotza zabaltzea. Barkatzea ez da umiliatzea, beraren gainetik jarriz, bizia barkatuz bezala. Barkatzea da hurkoaren muga, zauria, errorea begiratzea, errua baino gehiago. Barkatzea da bestearengan fedea jartzea behin eta berriro. Kalte egin dit, min eman dit, zauritu egin nau, baina zauritu nauena egin didan zauria baino askoz gehiago da. Eta gai da bestetarako. Barkatzea ez da iragana ahaztea baizik eta iragana ahaztu gabe etorkizunari begira jartzea. Etorkizun berri bat eraiki nahi izatea elkarrekin, ahal denean. Eta ahal ez denean, bakean banatzea.

Barkatzea ez da jasandako kaltea ahaztea, oroitzapena sendatzea baizik. Barkatzea ez da kaltea egin didana errugabe jotzea, baizik eta hurkoari bihotza zabaltzea. Barkatzea ez umiliatzea da, beraren gainetik jarriz, bizia barkatuz bezala. Barkatzea hurkoaren muga, zauria, errorea begiratzea da, errua baino gehiago. Barkatzea harengan fedea jartzea da, egindako kaltearen gainetik. Barkatzea ez da iragana ahaztea, baizik eta iragana ahaztu gabe etorkizunari begira jartzea da, etorkizuna eraikiz.

Horretarako adorea, bihotz-handitasuna, geuregan eta hurkoarengan konfiantza behar da. Eta hortik bakarrik etor dakiguke bakea.

Barkamenaren aurkako bi jarrera nagusiak mendekua eta erresumina dira. Zer esan nahi dute mendeku hartzeak eta erresumina izateak? Talmudak adierazten ndu: “Mendekua hartzea zera da: norbaitek lagun hurkoari esaten dio: ‘Utz iezadazu shekel bat’, eta honek ukatu egiten dio; hurrengo egunean, bigarrenak lehenengoari esaten dio: ‘Utz iezadazu aizkora’, eta honek erantzuten dio: ‘Ez dizut ezer utziko, zuk ere ukatu egin baitzenidan eskatu nizuna’. Erresumina izatea zera da: norbaitek hurkoari esaten dio: ‘Utz iezadazu aizkora’, eta honek ukatu egiten dio; hurrengo egunean, bigarrenak esaten dio lehenengoari: ‘Utz iezadazu zeure jantzia’, eta honek erantzuten dio: ‘Hemen daukazu; ni ez naiz zu bezalakoa, eskatu nizuna ukatu egin baitzenidan’.

Badaude, irainduak izan arren, errepresaliak hartzen ez dituzten pertsonak, errieta entzun behar izan arren protestatzen ez dutenak, maitasunagatik dihardutenak eta atsekabean ere zoriontsu sentitzen direnak. Horiei buruz dago idatzia: Zure adiskideak, aldiz, izan bitez eguzkia egunsentian bezain bizi! (Epaileak 5, 31). Mendeku hartzen ez duenari, bekatuak barkatu egiten zaizkio; damutzen denean, beti lortzen du barkamena” (Talmuda, Yoma 23a).

 

8. Ez daukazu mundu guztia salbatu beharrik

Hurko bat salbatzea nahikoa duzu. Edo hurkoaren zauritxo bat sendatzea nahikoa duzu. Hemen ere berriro Talmudeko atal bat. Errabino juduen artean askotan egin izan den galdera da: Zergatik sortu zuen Jainkoak hasieran gizon bat bakarrik?”. Kreazioko bigarren kontakizunean behintzat, lehenengo Adan bakarrik egin zuela kontatzen da. Zergatik Adan bakarrik?

Erantzun desberdinak ematen zaizkio galdera honi. Bi edo hiruk esanahi bertsua dute: 1) Batek dio: “Jainkoak Adan bakarrik sortu zuen gizaki bat salbatzen duenak mundu osoa salbatzen duela jakinarazteko. Eta gizon bakar bat hiltzen duenak gizaki guztiak hilko balitu bezala jokatzen duela”. 2) Beste erantzunak dio, beste hau izan zela Jainkoak gizon bat bakarrik sortu izanaren helburua: guztiok anai-arrebak garela ohar gaitezen, eta inork inori esan ahal ez diezaion: “Nire aita zurea baino gehiago da”; denak anai-arrebak gara. Bat berarengandik gatoz. 3) “Badago beste arrazoi bat ere: paganoek esan ez dezaten zeruan jainko bat baino gehiago daudela”.

Baina beste testu batean bestelako erantzunak ematen zaizkio galderari: “Rabiek irakatsi dute: gizon bakarra kreatua izan zen. Zergatik? Paganoek esan ez dezaten zeruan jainko ezberdin ugari dago. Beste arrazoi baten arabera, zintzoengatik eta maltzurrengatik izan zen kreatua bakarra. Zintzoek esan ez zezaten ‘Zintzo batengandik gatoz”, eta maltzurrek ezin esan dezaten ‘Maltzur batengandik gatoz’. Beste esplikazio batek dio familiagatik izan zela kreatua bakarra, familiakoen arteko liskarrak saihesteko. Gizon bakarra kreatu ondoren familien arteko liskarrak badaude, zer gertatuko litzatekeen hasieratik bi gizon existitu izan balira?”.

Baina azpimarratu nahi nuen “La lista de Schindler” filmeko esaldi bat, oso gogoan geratu zitzaidana. Schindler jaunak judu asko salbatu zituen Hitlerren garaian. Azkenean, kezkaturik dago denak salbatu ez dituelako, baina errabino batek esaten dio: “Bat salbatu duenak denak salbatu ditu”. Bada, esaldi hori ere Talmudean dator: bat bakarra salbatzen duenak gizaki guztiak salbatzen ditu. “Jainkoak Adan bakarrik sortu zuen, gizaki bat salbatzen duenak mundu osoa salbatzen duela jakinarazteko, eta gizon bakar bat hiltzen duenak, gizaki guztiak hilko balitu bezala jokatzen duela. Hauxe zen Jainkoak gizon bat bakarrik sortu izanaren helburua: guztiok anai-arrebak garela eta inork ezingo diola beste bati “nire aita zurea baino gehiago da” esan. Badago beste arrazoi bat ere: paganoek esan ez dezaten zeruan Jainko bat baino gehiago daudela.

(Sanhedrin 37a= IV, 9).

Thich Nhat Hanh-en orrialdetxo pare batekin amaituko dut: “interser” edo “artekotasun“ kontzeptua erabiltzen du berak. Artekotasunaren 14 maxima.

 

“ARTEKOTASUNAREN” HAMALAU MAXIMA

1. Ez ezazu idolatratu eta ez zakizkio atxiki inolako doktrina, teoria nahiz ideologiari. Edozein sistema filosofikok gida dezake zure pentsaera, baina ezein ere ez da absolutu.

2. Ez ezazu pentsa orain duzun ezagutza aldaezina eta guztiz egiazkoa denik. Egizu ihes intolerante izatetik edo zeure oraingo iritzietan ixtetik. Ikas ezazu eta ahalegin zaitez iritzi horiei ez atxikitzen, besteenak onartzeko zabalik egon zaitezen. Egia bizitzan oinarritzen da, ez ezagutza kontzeptualean bakarrik. Zaude prest bizitza osoan zehar ikasten jarduteko eta zeure errealitateari eta munduarenari aldi berean adi egoteko.

3. Ez itzazu sekula besteak, ezta haurrak ere, zure iritziak izatera behartu, direnak direla iritziok, eta ez ezazu erabili horretarako aginpidea, mehatxua, dirua, publizitatea nahiz hezkuntza. Balia zaitez, ordea, elkarrizketa errukiorraz, besteei laguntzeko euren fanatismoa eta ikuspegi estua alde batera uzten.

4. Ez ezazu sufritzen dutenekiko harremana alde batera utzi, ez itzazu begiak itxi. Ez galdu munduko errealitatean dagoen sufrimenduaren kontzientzia. Bila itzazu sufritzen ari direnekin harremanak izateko bideak, edozein eratakoak, baita harreman pertsonalak, bisitak eta ikus entzunezkoak ere.

5. Ez itzazu ondasunak pila, milioika gizaki goseak dagoen bitartean. Ez itzazu har zeure bizitzako xede bakartzat fama, irabazia, aberastasuna edo plazer sentsualak. Bizi zaitez soiltasunean eta gorde ezazu astia, energia eta baliabide materialak behar dituztenentzat.

6. Ez elikatu zeure gorrotoa eta haserrea. Ikas ezazu sentimendu horiek aztertzen eta aldatzen, zure kontzientzian hazia besterik ez diren bitartean. Kontzentra zaitez zeure arnasan, gorrotoa edo haserrea agertu orduko, eta horrela ezagutuko duzu haien izaera eta sortarazi dizkizutenen izaera.

7. Ez zaitez gal itzulinguru eta gogoetetan. Praktika ezazu arnasketa kontzientea, orainera eta orain gertatzen ari denera biltzeko. Manten zaitez zuregan eta zure inguruan on, freskagarri eta osasungarri denarekin kontaktuan. Erein itzazu zeure baitan pozaren, bakearen eta ulermenaren haziak, zeure kontzientzia barrenaren eraldaketa-bidea errazteko.

8. Ez esan liskarra sor dezakeen eta elkartea bana dezakeen hitzik. Egin itzazu beharrezko diren ahaleginak, sortuko diren gatazkak konpontzeko, baita txikienak ere.

9. Ez esan egia ez den ezer zeure probetxurako edo besteak harritzeko. Ez esan banaketa edo gorrota eragiten duen hitzik. Ez zabaldu egiazkoa ez den albisterik. Ez kritikatu edo gaitzetsi ziur ez dakizun gauzarik. Beti egia esan eta modu eraikitzailean hitz egin. Bidegabeko egoerak salatzeko ausardia izan, nahiz eta horrela zeure segurtasuna arriskatu.

10. Ez erabili elkarte erlijiosoa zeure probetxu edo onurarako, edo hura alderdi politiko bihurtzeko. Alderantziz, elkarte erlijioso batek zapalketaren eta injustiziaren aurka jarrera argia hartu behar du, eta alderdien arteko gatazketan sartu gabe egoera aldatzen saiatu behar du.

11. Ez elikatu zeuretzat eta Naturarentzat kaltegarri diren bokaziorik. Ez sartu zeure dirua besteei bizitzeko aukerak ukatzen dizkieten konpainietan. Aukera ezazu gupidazko zeure egitasmoa burutzen lagunduko dizun bokazioa.

12. Ez inor hil, ezta besteek inor hiltzen utzi ere. Egizu ahalegin guztia bizia babesten eta gudua ekiditen.

13. Ez eduki besteena izan daitekeen ezer. Errespeta ezazu besteen jabetza, baina ez utzi inor aberasten gizakien edo beste edozein izakiren sufrimenduarekin.

14. Ez gaizki tratatu zeure gorputza. Trata ezazu errespetuz. Ez begiratu tresna gisa. Gorde itzazu zeure bizi-energiak Bidea egiteko. Sexu-harremanek ez lukete izan behar maitasunik eta konpromisorik gabe. Sexu-harremanak dituzunean, jabe zaitez berauek gero eragin dezaketen sufrimenduaz. Babes ezazu besteen zoriona beraien eskubideak eta konpromisoak errespetatuz. Izan zaitez erabat kontziente bizidun berriak mundura ekartzeak berekin duen erantzukizunaz. Hausnar ezazu bizidun berri horiek nolako mundura ekarriko dituzun.

(TICH NHAT HANH, Hacia la paz interior, Plaza Janés, Bartzelona 1992, 150-153 or)

 

In: Sebastian Gartzia Trujillo

Nire bakea uzten dizuet, nire bakea ematen

Gogoeta Astea 2011

IDTP, Bilbo 2012, 11-47 or