Onena hautatu nahi dut
Gure bizitza, beti pertsonala eta kolektiboa, biak bereizi ezinik, konta ezin ahala hauturen historia konplexua da –berau ere pertsonala eta kolektiboa, bereizi ezinik–. Hautu edo erabaki pertsonal bakoitza berdinik gabea da, beste ezertara erreduzi ezina eta aurreikus ezina, baina kosmosa osatzen duten izaki eta harreman guztien kate infinituak baldintzaturiko emaitza da aldi berean.
Edozertaz esan daiteke hori –jaten dudan mokadu bakoitzaz, ematen dudan pauso bakoitzaz, estutzen dudan esku bakoitzaz–, baina bereziki esan daiteke gauza guztietan –bertan nahiz globalki– baliotsuena denaz, hau da: elkarrekin justizia eta bake partekatuan bizi izatea, zeina hautu pertsonal eta kolektibo guztien iturria baita eta aldi berean emaitza. Unibertsoa gorputz bat da, energia, dinamismo edo sormen berak, Osotasunaren eta atal bakoitzaren bihotzean “hegaldatzen den edo bibratzen duen espiritu” berak animaturiko gorputza. Ezerk ez du arnasarik hartzen Osotasunik gabe. Bakoitzaren bakerik osoena ezin da bereizi bizidun guztien, izaki guztien erabateko baketik.
Nire hautu guztiak, bi zelula ezberdinen fusioaz osaturiko enbrioi bat izan nintzenez geroztik, baldintzatuta daude, determinatuta daudela ere esan nezake; neurri gabeko unibertsoan edo multibertso ezezagunean diren kontaezinezko partikula guztien konjuntzioak baldintzatzen ditu, are determinatzen. Baina ni naiz neure hautuen subjektua, nik erantzun behar diot bidea egin beharrari neure benetako askatasunerantz, zeina ez baitatza inolako determinaziorik gabe hautatzean, baizik eta kontaezinezko determinazioen artean neure burua hobeto determinatu ahal izatean, eta niretzat hoberena dena –guztientzat hoberena denetik bereizi ezina – aukeratzean, nahiz eta sarri ezingo dugun doi-doi jakin zer den onena. Eta horrela izango da harik eta subjektu naizen organismo hau organismo globalean, nire nia Elkartasun kosmikoan, nire kontzientzia Kontzientzia unibertsalean urtuko eta izango den arte.
Kosmobisio horrek eta kontzientzia honek eraginda bizi nahi dut, aldi berean eta bereizi ezinik partikularra eta unibertsala, indibiduala eta politikoa, espirituala eta estrukturala den kontzientziak eraginik. Horregatik, eta horretarako, garai ziurgabe eta erabakigarri honetan, eguzki-sistema guztien eta etengabe eratzen ari diren galaxia guztien, bere baitan gauzkan eta elikatzen gaituen planeta honen, sortzen gaituen eta garen, garen eta zauritzen dugun Lurraren atal ñimiñoa eta halere berdinik gabea naizen honek, desira komun onenak eta gerra fratrizidak, neurrigabeko sufrimendu bidegabekoak eta guztien bake justurako aspirazio partekatuak dituzten herrien artean neure herriko, herri guztien hurko eta anaia den herri honetako kide naizen honek, neure muga gaindiezinekin eta neure erantzukizun besterezinekin, elkarrizketara zabalik eta elkarrekin bila, ziurgabetasunez inguraturik, neure buruari eta besteri lagundu nahi diot hoberena hautatzen. Hau da:
- Justiziazko bakea eta bakezko justizia hautatu nahi dut egunero eta zehazki.
- Neure lekutik nahi dut hautatu, baina bestearen lekuan ere jarriz, neure buruari beti galdetuz: “Nola beharko nuke tratatua izan baldin eta haren lekuan banengo?”
- Iraganaren oroitzapen integral eta solidarioa hautatu nahi dut, inolako zauririk, inolako bidegabekeriarik, inolako deirik eta bake komun justurako inolako baldintzarik ahaztu gabe.
- Mina arintzea hautatu nahi dut, arrazoi ideologikoaren jabe izatea eta proiektu politiko jakin bat ezartzea baino areago.
- Arerio politikoaren, eta areago, bidegabeko sufrimendu sakona eragin didan pertsonaren borondate onean eta ontasunerako gaitasunean konfiantza izatea hautatu nahi dut.
- Gorabehera guztiak gora behera, neure barnenarekin konfiantza izatea hautatu nahi dut, baita pairatu ditudan nahiz eragin ditudan zauriak sendatzeko gaitasunarekin ere.
- Neure buruari eta besteei barkatzea hautatu nahi dut. Barkamena, alegia: ez ustezko “erruaren” absoluzioa, ezta erreparatzailea omen den “zigorrari” uko egitea ere, baizik eta nire baitan barnekoena eta egiazkoena ongia, ontasuna, dela sinestea eta horretan konfiantza izatea. Etorkizunari eta eskain ditzakeen aukerei gehiago begiratzea, iraganari eta gertatu diren lesio guztiei baino. Erresuminak, zigorrak eta mendekuak areago ixten eta zauritzen gaituzte. Norberari eta hurkoari barkatzeak, eskaintzen eta jasotzen dugun barkamenak sendatzen gaitu eta itzultzen digu bake sortzailea, justiziaren eta iturria.
- Aurrera pausotxo posiblea hautatu nahi dut, helmuga baino gehiago, helmuga iritsezina baita beti.
- Argi-zuzitxo bat piztea hautatu nahi dut, inguratzen nauen iluntasunaz kexatu ordez.
- Bakearen eta justiziaren aldeko nire eta besteen hautuak egingarri eta egikari izan daitezen lagunduko duen hitz, begirada, keinu zein ekintza sinple bat hautatu nahi dut.
Aizarna, 2022ko uztailaren 7a