Otoitza

Mirenek erraietatik gorroto zuen bere amak soinean itsatsita zeraman beldurra, urrats bakoitzean gaitzen eta heriotzaren arrastoak ikusteko joera, kontuz eta badaezpadaz osatutako hizkuntza. Erraietatik gorroto zituen beldur haren ondorioak: debeku, arau, otoitz, meza eta gainerako erritu hertsatzailez betetako egunerokoa. Bere onetik ateratzen zuen ama borondate eta burujabetzarik gabe ikusteak, beti beste zerbait handiago eta zehaztugabe haren meneko.

Amaren eskandalurako 15 bat urterekin egin zion planto horri guztiari: Jainkoa hil zuen, eta ausardia, arrazoia eta borondatea izendatu zituen bere gidari. Harrezkero, aditu nahi duen guztiari esaten dio bizitza bakarra dela eta hondo-hondoraino zukutu behar dela, gero ongarritarako baino ez garela; ez malkorik isurtzeko bere heriotzan. Nolanahi ere, Mirenek ihes egiten dio heriotzaren usaina duen guztiari: hilerriei, gelditasunari, erietxeei, zaharrei… batik bat, zaharrei. Halaber, bizitzari lotuta bizi da: mugimenduari, ekintzari, kirolari, kosmetikari, gaztetasunari… batik bat, gaztetasunari.

Mirenek betazpi hanpatuak aurkitu ditu gaur ispiluan, zimurrez betetako ezpain ertza, amildutako bularrak, nasaitutako giharrak, emandako sabela. «Ez, mesedez, oraindik ez», esan du erreguz. Otoitzean ariko balitz bezala.

(Idurre Eskisabel, BERRIA egunkaria, 2014-6-15