San Oskar Romero

Martxoaren 24an, San Oskar Romeroren jaia ospatu genuen. Lehendabiziko aldiz kanonikoki, joan zen urriaren 14an kanonizatu baitzuen aita santuak.

Zertarako ziren, ordea, kanonak eta kanonizazioak, prozesuko gastuak eta hil eta gero egin omen zuen mirariaren ziurtagiria! Romeroren bizitza izan zen egiazko miraria eta herriak kanonizatu zuen, bere gurutze-biderako bidaide, eredu eta ipar aitortuz.

Salvadortar herria indar armatuen eta oligarkiaren menpean, azken batean Estatu Batuen pean, bizi zen, bizi nahi eta ezin. Hamalau familia ia lur guztien jabe. Urte luzez, halere, Oskar Romero –gizon, apaiz, gotzain hurbil, eskuzabal, elizkoi, hori bai– ez zen bere herritasunaz eta herriaren bidegabeko egoera irauli beharraz jabetu.

Ezta Jesusen Zoriontasunen sugar iraultzaileaz ere. Hil eta gero zerura joatea zen kontua: miseria etsipenez eramanez pobreak, limosnak eskuzabal emanez aberatsak. Bakoitza bere lekuan eta denak bakean, Eliza amaren esanetara txintxo. Jainko ahalguztidunak halaxe nahi zuen.
Ez, ez zuen nahi! 1977ko martxoaren 12an ohartu zen gezurraz. Egun horretan, “heriotzaren eskuadroi” zeritzen paramilitarrek Rutilio Grande jesuita erail zuten. Luzaro egon zen Romero haren gorputz zulatuari isilik begira. Begiak osoki ireki zitzaizkion. Rutilioren bala-zuloetan agertu zitzaion egiazko errealitatea gandurik gabe: pobreziaren injustizia, pobreen esperantza, pobreekiko gupida eraldatzailea. Jainkoa. Eta esan zuen: “Egiten zuenagatik hil badute, bide beretik joan behar dut nik ere”.

Eta bide horixe hartu zuen handik aurrera. Herri gurutziltzatuaren profeta bilakatu zen. Handikien indarkeria salatu zuen, eta indarkeriarik gabeko esperantza iraultzailea aldarrikatu, bizia arriskuan baina beldurrik gabe. 1980 martxoaren 24an erail zuten, meza ematen ari zela.

Bi aste lehenago esana zuen: “Hiltzen banaute, herrian berpiztuko naiz”. Zuregan eta niregan ere berpiztuko bada, badakigu zer egin.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply