Sorkari, sortzaile, sortzear

Lurrean hedatzen ari den suntsipen lazgarriak Lurrak bere baitan duen sormen-misterio sakonari begira jartzen nau. Sormenaren seme-alaba gara, eta sormenaren arduradun.

Arnasten dudan airearen sorkaria naiz, gorputz osoan zehar dabilkidan odolarena, elikatzen nauten substantziena, atomo eta molekulena, zelula eta ehunena, nire bizi-funtzioak betetzen dituzten organoena, 100 mila milioi inguru neuronen eta 100 bilioitik gora neurona-konexiorena, zeinek “ni” izanarazten eta sentiarazten bainaute, neure izateaz kontziente izanarazten, alegia, kontzientzia medio; Sapiens gizakion kontzientzia, ordea, oraindik ez da hasi berria besterik, eta beste animalia-espezie askorekin partekatzen dugu neurri batean edo bestean.

Eta landareei buruz zer esan? Badakigu jakin hainbat eta hainbat landare ere –edo guztiak, bakoitza bere erara–, neurona eta burmuinik ez duten arren, adimentsuak direla. Badakite –inongo biologo, ingeniari eta giza sortzailek ez bezala– landare berriak ernaraziko dituzten haziak sortzen. Eta denek dakite gutiziarik gabe jaiotzen eta hazten, kezkarik gabe bizitzen, elkartasunean izaten, euren burua jatera ematen, larritasunik gabe hiltzen eta beste era askotan birjaiotzea onartzen. Jakituria gorena.

Ernarazi ninduten amaren obuluaren eta aitaren espermatozoidearen sorkaria naiz, eta transmititu zizkidaten geneena. Geneek bezainbeste eratu nauten eta oraindik ere eratzen nauten harreman eta baldintza familiar, sozial, kultural, ekonomiko edo politikoen sorkaria naiz. Ikusten, entzuten, dastatzen, usaintzen, ukitzen dudan guztiaren sorkaria naiz, hurbileko zein urruneko izaki ororekin, bestearekin, guztiekin harremantzen nauten zentzumen guztiena. Eguzki-argiaren sorkaria naiz, bizidun guztiengan biziaren suari pizturik eusten dion argiarena. Unibertsoaren nahiz multibertso autosortzailearen eta bere sormen-baldintzen sorkaria naiz. Eta, unibertsoko izaki guziak sormen-baldintza horien osagarri direnez gero eta guztiak elkarri loturik daudenez gero, baldintza horien sortzailea ere banaiz, sortzaile-kidea. Izaki bakoitza, bere erara eta neurrian, unibertsoaren sortzaile da.

Neure erabakien sorkaria ere banaiz, noski. Dena den, nire erabakiak ez dira posible egoera eta baldintza askori esker baizik. Nire erabaki eta hautu guztiak –sortzaile nahiz suntsitzaile– kanpoko eta barneko ezin konta ahala baldintzak erabat baldintzatuak dira. Baina erabakiok nik hartzen ditut, eta nire erabakia bakarra da eta besterenezina. Eta hartzen dudan erabaki edo hautu bakoitza, aldi berean, izaki guztien erabakien eragile –ezdeus ala erabakigarri, nork daki?– bilakatzen da.

Izaki guztiek erabakitzen ote dute, bada? Uste dut baietz, izaki guztiek erabakitzen dutela, organismo guztiek aukeratzen dutela, bakoitzak bere erara. Organismo orok biziaren lege santuari, gidatzen duen lege sortzaile miresgarriari men egiten dio. Eta ezin du besterik egin. Baina ez da horregatik obedientzia itsu, argitsu baizik. Ekilorea gai da eguzkiari begira jartzeko; eragiten dion eta mugitzen duen bizi-bulkada misteriotsua aukeratzeko gai da. Bizia aukeratzeko gaitasun horretan datza bere askatasuna; askatasuna, azken batean, horretantxe baitatza: dena mugiarazten duen, mugiarazten gaituen sormen boteretsuari barnetik jarraitzean. Ezein aukeraketa ez da automatikoa, ezta ekilorearena ere. Eta bere aukeraketa zehatza –bere erabakia, esan liteke analogikoki– hainbat baldintzaren eta hain baldintza konplexuen emaitza da, bere atomoen partikulei eta urrutieneko galaxiei loturiko dauden baldintzen emaitza, non inoiz ezin baita aukeraketa hori automatikoki aldez aurretik zehazki ikusi ez iragarri. Udaberrian erne berri diren ekilore-soro zabalean, nork iragar dezake ziurtasunez landare horietako batek edozeinek gauzatuko ote duen eta zein neurritan gauzatuko ote duen bizitzeko, fruituak izateko eta bere burua emateko askatasuna, iritsiko ote den haztera eta loratzera, sortu ahal izango ote zaizkion haziak eta, udaren amaiera edo udazkenaren hasiera iristean, olio gozoz beteta heldu ahal izango ote diren?

Gu, gaurko gizakiok, hain izaki konplexu eta hauskorrok, geure garapenaren abiapuntuan gaudelarik oraindik, bereziki gara geure erabaki saihestezinen sorkari. Konta ezin ahala baldintzaren arabera erabakitzen dugu, baina geuk dugu erabakitzen. Halako bulkada eutsiezin batek, sormen zoragarri batek, aukeratzera bultzatzen gaitu, libre izatera, hau da, geure bokazio sortzailea gauzatzera, geure buruaren eta besteren sortzaile izatera, geure burua eta besteak suntsitu ordez. Gutako bakoitza bere aukeren agentea da, agente bakar eta ordezkaezina. Geure izatearen barrenetik, sortzen gaituen Lurretik, garen Unibertsotik, unibertsoa bezain betiereko den ahotsa entzuten dugu bakoitzak: “Bizia  eta heriotza jartzen dizkizut aukeran, bedeinkazioa eta madarikazioa. Aukeratu bizia, bizi zaitezten, bai zeuek, bai zuen ondorengoak (Bibliako Deuteronomio liburua 30,19).

Berriro diot, hautu oro erabat baldintzatua da eta, aldi berean, pertsonalki hartua. Eta kanpoko eta barruko baldintzak hain dira konplexuak eta amaigabeak, ezen gure aukerak, erabat baldintzatuak izan arren, inoiz ez baitira guztiz aurresangarriak. Askatasuna ez datza baldintzatua izan gabe aukeratzean –“aukeramen librea”–, baizik eta osatzen nauten baldintzen eta hartzen ditudan erabakien jabe eta erantzule izatean. Guztiaren menpe nagoela eta guztiei zor natzaiela jabetuz jokatzeko jakituria da askatasuna eta, aldi berean, dena nire esku balego bezala erabakitzeko jakinduria. Apalki, erantzukizunez, elkartasunez.

Ni naiz neure hautuaren, erabakiaren agentea. Neure burua irekitzeko ala ixteko, emateko ala neuretzat gordetzeko, hurkoa zaintzeko ala alde batera uzteko, sortzeko ala suntsitzeko erabakiaren eragile ordezkaezina naiz. Neure erabaki baldintzatuen eragile eta arduradun naiz, sortu nauen eta sortu behar dudan guztiari dagokionean. Osatzen nauten baldintzak eta hartzen ditudan erabakiak, biak zaindu behar ditut aldi berean; baldintzen nahiz erabakien erantzule behar dut izan, sortzaile hobea izateko. Eta “behar” hori grazia da eta ahalmena.

Oraindik ez nago erabat sortua, kreatua. Sapiens giza espeziea ere –ez lehen eta ez azken giza espeziea– ez dago erabat osatua. Ezein espezie ez dago oraindik osoki kreatua. Sormenaren indar geldiezin horrek bultzaturik, unibertso erabat dinamiko, harremandu eta ebolutiboan, amaitu gabeko izakia naiz, sortzen ari den sorkaria. Existitzen den guztiak gauza bera esan lezake bere buruaz: “Sortua, sortzailea eta sortzen ari dena naiz”. Sorkari eta sortzaile, besteak eta neure burua erabat sortzeko nago oraindik. Hain zuzen ere, kreatura hitza, latinez, “sorkaria” esan nahi izateaz gain, creare (“sortu”) aditzaren etorkizuneko partizipio aktiboaren nominatibo femeninoa ere bada eta “sortuko duena”  esan nahi du; latinezko natura hitzak ere ez du “natura” bakarrik esan nahi, baizik eta nascere (“jaio”) aditzaren etorkizuneko partizipio aktiboaren nominatibo femeninoa ere bada eta “jaioko dena” esan nahi du. Jaiotzen ari gara, erdiminetan intzirika ari den Lurrean.

Den ororen hondoenetik, Isiltasun betierekoaren durundiak, sormenaren edo Jainkoaren Ahotsak diosku: “Sorkari, sortzaile eta sortzear zarete. Sor zaitezte, sor ezazue”.

Oi sormen sakratua, ireki gaitzazu zeure inspiraziora eta gorde gaitzazu zeure arnasa sortzailearekiko leial.

Aizarna, 2022ko urriaren 19a