Sutea Eliza Katolikoan

2019ko apirilean, mundu osoa zur eta lur begira zela, Parisko Notre Dame, munduko katedralik ederrena, non hainbat aldiz sartu bainintzen emozio sakonez, sugarrek suntsitu zuten neurri handi batean. Baina hura ez zen ezer izan Sauvé Txostenak Frantziako Elizan, Eliza unibertsalaren “alaba zaharrena”ren baitan, piztu –hobeto esan, bistaratu– duen sute errauslearen ondoan. Urakan hondagarria da, erupzioan den sumendia.

Notre Dameko dorreak salbatu egin ziren, eta gainerakoa laster berreraikiko da, baina ez dut uste Frantziako Eliza ez ezik erakunde katoliko osoa ere seismo honetatik lehenera itzuliko denik, hain baita ikaragarria ezagutzen denaren tamaina eta igar daitekeen hedadura. Jesusen Zoriontasunak predikatzen dituen Elizak eragindako minaren tamaina eta hedadura. Dakigunagatik eta jakin gabe susma dezakegunagatik, Eliz eraikuntza osotik ezerk merezi ote du oraindik zutik jarraitzea? Zorigaitza ez ote da zoriontasuna baino gehiago? Galdera neurriz kanpokoa dela irudi lezake, baina askoren bihotzetik eta ezpainetatik dario, sugarra bezain eutsiezin.

Izan ere, Frantziako Elizan adingabeen aurka egindako sexu-abusuei buruzko Sauvé Txostenaren emaitzak hain latzak izan arren, are latzago da egiten duen diagnostikoa, hitz potolo bakar batean adierazia: SISTEMIKOA. Kontua ez da gaixo dauden gizabanako batzuen –nahiz eta hainbeste izan– gaiztakeria, inor gaiztoa denik ez baitut sinesten.. Gaitza sistemikoa da, aspaldiko eta gaurko eliz erakunde zaharrari tente eusten dion sistematik bertatik ezinbestean bezala eratortzen den pandemia baizik. Ulertu nahi duenak uler beza, eta ez beza inork okerreko tratamendurik ezar.

Ez dira gertakari, anekdota puntualak, Eliza Katolikoko konta ezin ahala kleriko eta erlijiosoen multzoan urturik eta hutsean geratuko liratekeenak. Ez, elizako sexu-abusuak sistemikoak dira, eta nola harrituko gara jende askok sistematikotzat jotzen baditu? Hor daude zifrak, agerian uzten dituzten lazkeriak. Pedofilia klerikala eta erlijiosoa familia-esparruan eta lagunarte-eremuan gertatzen denaren atzetik baino ez dago –esfera horietan ere, estatistika soziologiko soilaren arabera, katolikoak gehiago izango direlarik, noski, ez-katolikoak baino–, eta, beraz, gainerako gizarte-eremu guztien aurretik: kirola, hezkuntza, aisia… Eta edonork igar dezake Txosteneko zifrak oso motz geratzen direla, zuzeneko testigantza pertsonala duten kasuak bakarrik jasotzen baititu.

Frantziako Gotzainen Batzarrak berak ikerketa zorrotz neutrala abiarazi izana goraipatzekoa den arren, ikaragarria da hainbesteko atzerapenez iritsi izana (denok iritsi gara hainbesteko atzerapenez…), eta zalantzan jar daiteke orain egin duena bere ekimenez egin ote duen. Eta ikara sortzen du geure buruari galdetzeak noraino iritsiko liratekeen zifrak, baldin eta herrialde guztiek, katolikoenetatik hasita –edo atzoko eta gaurko Espainiatik bertatik hasita–, gertaerak Frantzian bezala ikertuko balituzte. Mateoren ebanjelioak Jesusen ahotan jartzen dituen hitzen aurka, “infernuko ateak Elizari gailendu zaizkio”. Jakina, Jesusek ezin zuen hori jakin, inoiz ez baitzitzaion burutik pasa ere egin Galileako muino eta lautadetan aldarrikatu zituen hitz haietatik (“Zorionekoak zuek, behartsuok, iristen ari baita Jainkoaren Erreinua eta zuentzat baita”) sortzen ari zen mugimendu hura, eraldaketa espiritual, sozial eta politikoa zekarren mugimendua, bilakatu zen eta gaurdaino dirauen sistema bilakatuko zenik.

Arazoa sistemikoa da. Abusuen subjektuak gizabanakoak dira, baina haien jokabidearen jatorria eliz sistema bera da. Gizabanakoak gaixoak dira, baina sistema gaiztoa da. Gaizbera eta gaiztoa da, perbertsoa ez esatearren, sexualitatearen antropologia manikeoa: sexu-harreman oro bekatuzko harreman gisa kondenatzea –ezkontza kanonikoaren barrukoak izan ezik–, plazeraren tabua eta diabolizazioa, kastitatearen gorespena, erruduntasun obsesiboa, desira erreprimitua, sublimazio zapuztua, arima eta gorputzen gaineko autoritatean –zeina abusuetan hain nabarmen ageri baita– konpentsazioa bilatzen duena. Sistema klerikala gaizbera da: derrigorrezko zelibatua, maila klerikalaren sakralizazioa, emakumearen bazterketa, kleriko homosexualengan hain bereizgarri den homofobia sakona.

Gaizbera da eta are perbertsoa da bekatuari buruzko diskurtsoa, erru gisa ulertzen duena kalte gisa baino gehiago, eta barkamenari buruzko diskurtsoa, erruaren absoluzio gisa ulertzen duena kaltearen erreparazio eta sendabide gisa baino gehiago. Alienatzailea eta neurotizatzailea da aitortza-sakramentuaren praktika kanonikoa, XIII. mendera arte existitu ere ez zena: norbaitek sexu-abusua, are bortxaketa, egiten du, eta bilatzen du apaiz bat, aitortzen dio “kastitatearen aurkako bekatua” egin duela, jasotzen du Jainkoaren barkamena apaizaren barkamenean, geratzen da errutik libre eta berreskuratzen du kontzientziako lasaitasuna hurrengo arte. Eta transferentzia perbertso baina logikoa medio, haur abusatuak nahiz adingabe bortxatuak torturatzen jarraitzen dute, errudun sentitzen dira aitorpenean absolbitutako abusatzailearen edo bortxatzailearen errua bereganatuz. Infernua.

Ondo dago aita santuak eta Frantziako Gotzain-Konferentziak eta Erlijiosoen Konferentziak neurrigabeko pena eta erabateko lotsa aitortu izana. Baina ez da nahikoa. Errudunentzako zigorrak zorroztea aski ez den bezala. Ez da errudunik, zaurituak dira, zaurtzaileak ere zaurituak dira, eta guztiak sendatzeko borondatea behar dugu: biktimak lehenik, eta biktimarioak gero. Ez da aski izango, ezta ere, aitortzako sekretua ezabatzea (lehenago ezabatu beharko litzateke aitortza- edo penitentzia-sakramentua bera oraingo forman). Jesusena deitzen den Elizan infernuak nagusitzen jarrai ez dezan nahi badugu, beharrezkoa da sugarrek sistema, bere sustrai eta euskarri teologiko eta kanonikoak irensten uztea, eta bere Zuzenbide Kanonikoarekin, Elizaren eredu klerikalarekin eta bere teologia eta antropologia patriarkal eta manikeo guztiarekin erabat transfiguratzea. “Sua ekartzera etorri naiz lurrera, eta nola nahi nuke sutan egotea!”. Hori bai esan zuela Jesusek, nahiz eta ez litzatekeen beharrezkoa hark esan izatea.

Beharrezkoa da, Eliza mugarik, taburik eta botere-sistemarik gabeko mugimendu galilear harentzat Jesusek amestu zuena izatea –ez diot “berriro” izatea–. Eta, bere buruaz eta bere dogma eta kanonez axolagabe, gorputz eta arima saiatzea premiazkoen eta beharrezkoen denaren alde: zauritu guztien errespetua, zaintza eta sendabidea, Lurreko biziaren santutasuna edo osasuna edo salbazioa.

Aizarna, 2021eko urriak 7