Teologia ez-teistarako zenbait apunte

  1. Ez-teismoak –edo “posteismoa”, “transteismoa“… edo nola esan?– ez du esan nahi Jainkoa ukatzea, baizik eta Izaki Goren baten irudia ukatzea, beste subjektuen artean subjektu izango litzatekeen eta mundua, kausa estrintseko gisa bertan esku hartuz, zuzenduko lukeen “Jaun Goikoa” ukatzea.
  2. Jainkoaren irudi guztiak kulturaren eta kosmobisioaren araberakoak dira. Giza eraikuntza baliotsu bezain pobreak, partzialak eta behin-behinekoak beti ere, lehenago edo geroago deseraikiak izan behar dutenak, BADENA aitortzeko edo Jainkoari Jainko izaten uzteko. Juduen tradizioan lehenbiziko agindua zera da: “Ez egin Jainkoaren inolako irudirik “.
  3. Tradizio kultural desberdinetako –erlijiosoak izan ala ez– mistiko eta pentsalari handiek Errealitateari buruzko giza eraikuntzak oro har eta Jainkoari buruzkoak bereziki gainditu beharra sentitu zuten. Gogora ditzagun Zaratustra, Konfuzio, Lao-zi, Vedak, Buda, Pitagoras, Heraklito, Isaias, Jesus, Plotino, Hipatia, Eckhart Maisua, Bingeneko Hildegarda, Margarita Porete, Luther, Spinoza, Nietzsche, Etty Hillesum, Simone Weil…
  4. Misterioaren edo Absolutuaren irudi teista ez da jada sinesgarri gehiengo sozial gero eta handiagoarentzat, eta ez berau arin eta axalekoa litzatekeelako, baizik eta, alderantziz, sakontasuna, “espiritua eta bizia”, eskatzen dituelako. Badenaren Misterioa esateko eta bizitzeko beste modu bat bilatzen dute, dugu. Metafora berriak behar ditugu. Adibidez, konturik gabeko beste hainbat eta hainbaten artean: Iturburu den Errealitatea, Hondoa, Arnasa, Espiritu bibratzailea edo hegakari, Hustasun kuantikoa, Bibrazio elektromagnetikoa, Argia, Sormena, Ongiaren Sugarra, denboraren baitako Presentzia eternala, Kontzientzia kosmikoa, jatorrizko Energia, Dinamismo edo Eros edo Maitasun unibertsala, Potentzialtasun irekia, den ororen Izatea…
  5. Ez-teismoak baieztatzen du Jainkoa ez dela pertsonala, termino hau ohiko zentzuan harturik, Boezioren definizio klasikoaren ildotik (s V-IV): “Izaera arrazionaleko substantzia indibiduala”; substantzia, hots, bere baitan subsistentzia duen, subjektu kontzientea beste subjektu kontzienteen artean. Ez-teismoak ez du baieztatzen, ordea, Jainkoa “inpertsonala” denik, baizik eta “transpertsonala” dela, “pertsonala baino gehiago” (H. Küng). Ni ororen baitako Ni unibertsala da eta zu ororen baitako Zu unibertsala. Izaki ororen izakidetasuna. Den orok den ororekin duen Artekotasun iturria. Forma guztien Elkartasuna etengabeko eraldaketan, ororen baitatik sortzen ari den Maitasun sortzailea.
  6. Ez-teismoak ez du panteismoa esan nahi: ez du baieztatzen mundua bera denik Jainko, ezta ere jainkozko mundu-atal guztien batura denik Jainkoa. Mundua formaz osaturik dago, baina osotasuna atalen batura baino gehiago da –maila guztietan– (emergentismoa, sistemen teoria). Jainkoa uler liteke forma guztietan presente dagoen formarik gabeko Osotasun bezala, edo formetatik sortzen den Osotasun bezala.
  7. Teologia ez-teistak gainditu egin nahi luke transzendentzia-immanentzia bikotea. Jainkoa “ez-Bestea” da, “Ez da ezerekiko beste” (Kusako Nikolas, kardinal teologoa, XV. mendea). Erabateko immanentziaren baitan erabateko transzendentzia da (R. Panikkar), Horizontea, Hondoa, Hustasuna, Edertasuna bezalaxe… Jainkoa eta mundua ez dira bi, ezta ere bat: ez-bi dira (Izatea eta izakia ez dira bi, Edertasuna eta forma ederrak bi ez diren bezalaxe). Jainkoa ez daiteke zenbatu formak bezala. Jainkoa eta munduaren arteko harremana formulazio desberdinen bidez iradoki liteke: “Dena Jainkoarengan” (panenteismoa: Jainkoa munduaren espazio, hustasun edo atmosfera), “Jainkoa denean” (teoenpantismoa, neologismoa zilegi bazait: mundua Jainkoaren gorputz, etxe edo ingurumen), “Dena Jainkoaganantz” (paneisteismoa: dena bere jainkotasun osorantz eboluzionatzen doa, edo Jainkoa denean sortzen).
  8. Teologia ez-teistak badaki Jesus fededun judu teista izan zela: Jainko kreatzaile, Errege, Epaile, Aitarengan sinesten zuen, saritzen eta zigortzen duen, munduan nahi duenean nahi duen bezala hitz egiten eta ekiten duen Jainkoarengan. Aingeru-koruetan eta Beeltzebu buru zuten deabru-legioetan ere sinesten zuen; munduaren amaieran sinesten zuen, eta batzuentzat goian zerua izango zela sari eta besteentzat behean infernua sutan betiko zigor-leku. Baina ez dugu Jesusek Jainkoari buruz zituen harako irudi edo ideia haiek zertan partekatu honako irudi eta ideia hauek baino gehiago.
  9. Teologia ez-teistak baieztatzen du, kontakizun ebanjelikoetako Jesusek (hain anitza izaki berau, bestalde), nahiz eta funtsean teista izan, irudi teistatik harago apuntatu zuela argi eta garbi: Jainko teista moralaz harago (seme galduaren, mahastiko azken orduko langileen, fariseuaren eta zergalariaren… parabolak), Jainko teista erlijiosoaz harago (samariar onaren parabola; “Errukia nahi dut, ez sakrifizioak” bere esapidea; larunbateko atseden-arauarekiko eta garbitasun kultualari buruzko arauekiko izan zuen askatasuna), Jainko dual estrintsekoaz harago (behin eta berriro darabilen “Ni naiz” esamoldea, Sutan zen Sasiko “Ni Naizena naiz” hura gogorarazten duena; honako esaldiok: “Ni maite nauenak nire hitzekiko leial iraungo du. Nire Aitak hura maitatuko du, eta harengana etorriko gara eta harengan biziko”; [Aita,] zuk niri emandako loria eman diet, bat izan daitezen gu garen bezala. Ni haiengan eta zu niregan, batasun betera irits daitezen”; “Zati ezazu egur hau, altxa harri hau: hortxe nago ni” [Tomasen Ebanjelioa].
  10. Teologia ez-teistak aurresuposatzen du, kristaua izatea ez datzala Jainkoarengan Jesusek bezala sinestean edo pentsatzean, baizik eta hark bezala Jainkoa bizitzean, gorpuztean, “kreatzean” ontasun libre eta errukitsuaren, sortzaile eta zoriontsuaren bidez, Jainkoarenganako, den ororen iturri den Misterioarekiko, funtsezko konfiantzak inspiraturik.

Aizarna, 2021eko abenduak 10 (atrio.org-k egun horretan egin zuen batzarrean emandako hitzaldiaren testua).