ZAPATUA, URTE SABATIKOA, JUBILEUA

Atsedenaren teologiarako printza biblikoak

Lehiatu beharrak hazi beharra dakar, baina hazi beharraren hazi beharrez arnasestuka bizi gara, lehiaketa globalizatuan murgildurik, nor baino nor, denok denon etsai, denon itomenerako. Hau erokeria!

Denon artean atseden konpartituan oinarrituriko zibilizazio berria eraiki ala planetaren bizi-arnasa ito: aukeratu beharrean gaude.

Atsedenaz ariko naiz hemen, baina atsedenaz mintzatzeak lanaz mintzatzera behartuko gintuzke, noski, eta esate baterako esatera: 1) Atseden izateko ez dela aski lanik ez egitea, eta derrigorreko langabezia dela, hain zuzen ere, atsedenaren ukapenik larrienetakoa; 2) Lanak ez ligukeela soilik atsedenerako astia utzi behar, baizik eta atsedenean lan egitea –Zer? Bada horixe!– ahalbidetu behar ligukeela, lan-baldintza egokiak medio; 3) Atsedena konpartituko badugu –eta nola hartu atseden edo arnasa, besteekin batera izan ezik?– ezinbestekoa dela lana bera eta lanaren fruituak modu ekitatiboan konpartitzea…; 4) Orain bertan inork ez dakiela ziur soldatapeko lanik gabeko gizarte/gizaki baterantz ote goazen ala, alderantziz, enplegu beteko gizarte/gizadi baterantz, baina nolanahi ere, kasu batean zein bestean, ezinbestekoa dela lan-kontzeptua eta sistema goitik behera –behetik gora, hobeto esan– birpentsatzea eta berrantolatzera. Eta abar. Baina beste batzuek ezagutza hobez ariko dira horietaz HEMENeko zenbaki honetan bertan. Lotu natzaion, bada, neure gaiari: atsedenari.

Atseden unibertsalaz aritzeko, tradizio partikular bati, geureari, erreparatuko diot batik bat: Bibliari. Guztion bizi-hatsaren eta atseden konpartituaren aldeko aukera proposatzen digu Biblia judu-kristauak, eta horretarako hainbat argi-printza eskaintzen han-hemenka. Atsedenaren araua guztien gainetik, arau guztien oinarri eta ardatz.

Tradizio juduak zibilizazio unibertsalari egin dion ekarpenik handienetakoa dugu atsedenaren instituzioa, gizakiaren, gizartearen, natura osoaren orekarako funtsezko baldintza eta berme. Nahiz eta larunbateko lan-uztea ez zuten ziurrenik juduek asmatu, beraiei esker hedatu zen hainbeste. Nolanahi ere, hil edo biziko kontua dugu gaur, gure espeziearen historia osoan sekula izan den baino areago. Har ezazu atseden, har bezate atseden bizidun guztiek: egunero, astero, urtero, belaunaldi oro, guztion Ama Lurra hondamendira kondenatu eta Biziaren zuhaitza suntsi ez dezagun.

1. “Zazpigarren egunean atseden hartu zuen”

Abia gaitezen hasieratik: den ororen “hasiera” (ez, noski, kronologikoa) deskribatzen digun Bibliako Hasiera liburuaren lehen kapitulutik: Has 1,1-2,4. Munduaren, “zeru-lurretako” (unibertso osoko) izaki guztien kreazioa kontatzen digu. Ez, noski, modu objektibo zientifikoan, modu poetiko-metaforikoan baizik. Ez digu esan nahi gauzak noiz, non eta nola gertatu ziren, baizik eta den oro onezko iturburu misteriotsutik sortzen dela etengabe eta bakezko elkartasun betea duela helmuga on misteriotsu –“Jainkoa” du izen, izen guztiez harago–.

“Zazpi egunetan” –denbora-espazioaren baitako eternitate erritmatuan– ari da dena, ari gara denok gertatzen, izatera iristen: lan atsedengarritik atseden kreatzailera eta alderantziz. Zazpigarren egunerako burutu zuen Jainkoak bere obra eta zazpigarren egunean atseden hartu zuen bere obran. Eta bedeinkatu egin zuen zazpigarren eguna eta sagaratu, egun horretan hartu baitzuen atseden kreazio-obran (Has 2,2-3)[1].

Elizen Arteko Biblian “Lanari utzi zion” esaten da eta “kreazio-lanetik atseden hartu zuen”; halere, “lanari utzi zion” baino egokiagoa deritzot “atseden hartu zuen” itzultzeari, eta “kreazio-lanetik atseden hartu zuen” baino egokiago “kreazio-obran atseden hartu zuen”. Atsedena, izan ere, lanari uztea baino askoz gehiago da; “kreazioa” edo “sorkuntza”, berriz, obra da bete-betean, lan soila baino askoz gehiago, teknizismoetan eta Marxen analisien inguruko eztabaidetan sartu gabe. Eta atsedena ez da obraren amaiera, obraren arnasa baizik.

Lan hitzak, zuzenean, gaztelaniazko trabajo edo frantsesezko travail itzultzeko erabiltzen da orokorrean eta, dakigunez, trabajo eta travail latinezko tripallium-etik datoz, eta ba al dakizu zeri deitzen zitzaion tripalium? Zaldiak edo idiak lotzeko hiru puntadun zepoari, esklaboak eta kondenatuak torturatzeko ere erabiltzen zenari (tripaliare hitzak “torturatu” esan nahi du latinez). Sortzailearen sormena ez da menpetasuna, ez lotura, ez tortura. Sorkuntza askatzailea da, asmamen kreatzailea: poesis, poema.

Eder bezain esanguratsua da kreazio-poema bibliko honetan “Jainkoak” edo Sormenak zazpigarren egunean atseden hartzea. Atsedena ez dago, ordea, hemen lanaren nekeari lotua, Sormena ez baita lanean nekatzen. Atsedena sorkuntza-obraren atsegina da lehenik eta behin baizik. Sormenaren poza, Kreazioaren gozamena, Biziaren hatsa.

Zazpigarren eguneko atsedena ez da egonean egotea, geldi eta geldo. Zazpigarren eguneko atsedena diren guztiak izatearen sormen, izamen betean osoki –edo osotasunerako amaigabeko bidan– gozatzea da atsedena. Atsedena ez da obra uztea, inspiratzea baizik.

Atseden bete sortzaile horixe du helburu izaki guztien jardunak, kosmosaren bilakaerak, materiaren energiak, unibertsoaren arnasak.

Nola esan, ordea, hori guztia, hainbeste oinaze begi aurrean ikusita? Gizadiaren gehiengoa ez ezik, izadi osoa intzirika ari da, San Paulok idatzi zuen bezala (Erm 8,23). Non da atsedena? Atsedena helburu dugu, beti haragoko helmuga da, eguneroko “aste- egun gorrien” segidaz haragoko –ez, halere, geroko– “zortzigarren eguna”. “Zortzigarren egun” bezainbat dei dakioke “Lehen egun”. Kreazioko “zortzigarren” eta beti “lehen” egun horretan gara bizi, gara mugitzen, gara izan. Atseden-min gara, oromin, “Jainko-min” eta, aldi berean, “Jainkoaren baitan” gara, oinaze eta larri oroz gaindiko atsedenean.

Atseden horretara zabalik, atseden hori arnastuz bizi dena atseden-emaile bilakatzen da, arnas-emaile, oinaze-arintzaile, menpekotasun eta tortura ororen askatzaile norberarentzat eta besterentzat.

2. Zapatua: zazpigarren egunean atseden

Normala eta berezkoa iruditzen zaigu astean egun bat jai egitea. Eta bat ez ezik, bi ere, asteburu osoa. Eta hilabeteko opor ordainduak, gehi beste hainbat tarteka. Urtean 115 egun inguru ditugu guztira lanetik libre. Duela 150 urte hartuko zuketen gure egutekia… Bai, baina halere gutxi da: zertarako ari gara makina berriak eta robot adimentsuak asmatzen, patxada hobean ez bizitzekotan? Garatuago eta lehiatsuago, nekatuago, estresatuago: ez gara Homo Sapiens izenaren jabe. Ezagutza eta teknologia garatu ahala, ez ote gara bizi-jakinduria murrizten ari?

Bibliak ez du gure arazo ekonomiko, politiko, laboral nahiz bestelakoentzat inolako soluzio teknikorik eskaintzen; ez digu esaten astean, hilean edo urtean zenbat egunez lan egin, ez soldata- eta zerga-sistemak nola antolatu, ez jubilaziorako kotizazio -urteak eta pentsio-mailak nola arautu. Baina Biblia zaharrean –beste hainbeste esan liteke hainbat eta hainbat idazki zaharri buruz– bada arnasa, nahi duenak hartu; bada irakaspenik asko, gaurkotasunez betea, nahi duenak ikasi. Atseden-arauak esate baterako. Gure lan-urteko 115 jaiegunak oso motz geratuko litzaizkieke gaur egun Biblia zaharraren idazle jakintsuei. Hiru adibide aipatuko ditut: Zapatua, Urte sabatikoa eta Jubileu urtea. Lana ez da gero eta gehiago ekoizteko, aberasteko eta kontsumitzeko, baizik eta askoz garrantzitsuagoa den zerbaitetarako: elkarrekin atsedenean bizitzeko. Zapatuak, Urte sabatikoak eta Jubileu urteak markatzen dute Lurraren eta bizidun guztien erritmoa gidatu behar luketen arau nagusia. “Zazpian behin jai” da Lurraren eta biziaren erritmoa.

Asteroko larunbat edo zapatuak gidatzen du atsedenaren erritmoa. Zazpigarren egunari hebreeraz shabbat deitu zioten antzinatik hebertarrek, hala deritzo Bibliak eta halaxe deritzo egungo hebreera modernoan. Shabbat: hortik dator grekoz sábbaton, eta latinez sábbatum eta hainbat hizkuntza erromaniko nahiz ez erromanikotako izenak: sabato italieraz, sábado espainieraz, dissabte katalanez, subbota errusieraz, baina baita frantsesezko samedi eta alemanezko Samstag ere (azken bi hauek latin zaharreko sambati, grekozko sábbatonen aldaerak). Eta, noski, euskarazko zapatu (beste gauza bat da larunbat: ilargiaren “lauren bat”). Halere, esan behar da zapatuaren instituzioa ez zutela juduek asmatu, baizik eta segur aski Mesopotamiako (gaur Irak) Akadiatik jaso zutela; shabbat hitza ere handixe hartu zuten (shábatum akadieraz = “lan-uztea”, “atseden”), eta akadierak sumerieratik (sha bot sumerieraz = bakea bihotzean).

Utz ditzagun hor izenak eta etimologiak. Gatozen jatorrira eta funtsezkora: shabbat hitzak hebreeraz “lan-uztea” esan nahi du (akadieraz bezala). “Lan-uztea” eta gehiago, goraxeago aipatu dudanez: atsedena.

Nolanahi ere, tradizio juduari zor diogu, beste ezeini baino gehiago, astean egun bat jai egiteko usadioa. Usadioa ez ezik, agindua, eta ez edozein agindu, garrantzizkoenetakoa baizik, herio-zigorrez zigortua (Zenb 15,32-36) (ez dago zigorra erantsi beharrik: atsedenik ez hartzea edo hartzen ez uztea da zigor norberarentzat eta besteentzat; atsedenean bizia dago da jokoan). Agindu hori indartzeko eta tinko ezartzeko idatzi zuten kreazioko mito edo poeman ikusi berri duguna: “Jainkoak zazpigarren egunean atseden hartu zuen”, nahiz eta “Jainkoa” ez nekatu, gizakiak bezala. Ez dago gizakien esku ez nekatzea, baina bai “Jainkoaren” antzera atseden hartzen ahalegintzea edo, gutxien-gutxienez, lanik ez egitea.

Astean behin jai egitea juduen gizarte-instituzio nagusietakoa zian, eta gizarte-instituzio nagusietakoa bilakatu du ia herrialde eta kultura guztietan, kristau erlijioaren eragina medio. (Noski, kristauen jaieguna igandea da, edo domeka –dies dominica, domingo, dimanche, hau da: “Jaunaren eguna”, Jesus berpiztuaren presentzia eta kreazio berriaren esperantza ospatzen den eguna–; zapatuaren biharamunera edo “asteko lehen egunera” aldatu zuten kristauek juduen jaieguna, Jesus biziaren oroitzapena ospatzeko; juduengandik bereizten ziren horrela, baina juduen lan-uzte eta atseden-araua gordez; motibazioa aldatu zuten, baina funtsezkoa mantenduz: biziaren atsedena, biziberritzeko, berpizteko, kreazioa bultzatzeko).

Zapatuko atseden-araua gogorarazten eta zorrozki ezartzen duten testu biblikoak ugari dira, eta ez da beharrezko aipamenetan luzatzea. Aski bedi honako hau, bat bakarra: Gogoan izan zapatua, Jaunari sagaratzeko. Sei egunez egingo duzu lan eta zeure eginbehar guztiak burutuko; baina zazpigarrena atseden-eguna duzu, Jaunari, zeure Jainkoari, sagaratua. Ez egin inolako lanik egun horretan, ez zuk, ez zure seme-alabek, ez zure morroi-mirabeek, ez zure abereek, ezta zure herrian bizi den etorkinak ere (Ir 20,10; ik. Ir 16,23.29; 31,12-17; 35,1-3; Lb 19,3; 23,3; Dt 5,12; Zen 15,32-36; Lk 13,10-16).

Zazpigarren egunean guztiek jai: “Ez egin inolako lanik”[2], ez zuk (nola eman atseden hurkoari zeure baitan atsedenik ez baduzu?), ez zure ardurapean dagoen inork. Atsedena da biziaren baldintza komuna. Atsedenak biziarazten gaitu, eta ez du klase-diferentziarik eta genero-desberdintasunik ametitzen, ezta hiritar-atzerritar bereizketarik ere: “Zu eta zure seme-alabak, morroi-mirabeak, eta zure herrian bizi diren etorkinak”. Denak. Horixe da herriko jaien helburu nagusia: bizia elkarrekin ospatuz guztion elkartasuna sustatzea, besteak –senide, herrikide, auzo-herritar nahiz atzerritar– biziaren ospakizunera gonbidatuz eta denok bizikide sentituz. Gizakien arteko muga guztiak gainditzen ditu zapatuak, atsedenean elkartuz. Eta pentsa liteke, gizarteko klase-bereizketa guztiak gainditzea dela zapatuaren jatorrizko xedea: gizarte- eta lan-harreman bidegabeek bereizten dituzten gizaki guztiak atseden berean berdintzea.

Eta areago. Atsedena ez da gizakiengana mugatzen, bizia gizakiengana mugatzen ez den bezalaxe. Beraz: “Har bezate atseden zure abereek ere” (“zure idiak eta astoak”, dio Dt 5,14ak). Biblia oso antropozentrikoa da, noski, baina antropozentrismoaren hausturak ere baditu barnean, atsedenaren araua kasu. Gizakiak eta gainerako abere guztiak bizian bat direnez gero, izan bitez bat atsedenean ere. Eta, hurrengo atalean ikusiko dugunez, abereak ez ezik, bizidun guztiak eta lurra bera osorik elkartzen ditu atsedenaren arau askatzaileak.

Egia da zapatua, kultu-egun bihurtu zen heinean, bereizgarri erlijioso eta sozial bilakatu dela juduentzat historian zehar: gu eta zuek, Jainkoaren herria eta herri “jentilak”, santuak eta kutsatuak, egun (leku, jarduera, gizaki) sagaratuak eta egun (leku, jarduera, gizaki) profanoak. Baina hori zapatu-atsedenaren jatorrizko intuizioaren ukapena da. Gogoan izan zapatua, [Jaunari] sagaratzeko, dio testuak, baina zapatuko kultua baino lehenagokoa, sakratuagoa, da zapatuko atsedena. Zapatua ez da egun sagaratua “Jainkoari” sagaratzen zaiolako, baizik eta atseden-eguna delako da “Jaunari sagaratua”. Zapatua –edozein egun, leku, bizitza oro har– ez du sagaratu bihurtzen kultuak, biziaren atsedenak baizik. Egiazko kultua ez baitute gauzatzen errito “erlijiosoek”, atsedenean, bakean, elkartasunean bizitzeak baizik. Ederki asko zekien hori Jesusek, larunbatez debekaturik zeuden sendaketa arinak egiten zituelako salatzen zutenei erantzun baitzien: Zertarako da zapatua bizia ontzeko, sendatzeko, salbatzeko ez bada? (Mk 3,4). Eta: Nahiago dut errukia erritoak baino (Mt 9,13; 12,7; Os 6,6).

Amaitu gabeko kreazioan bizi gara, etengabe auto-kreatzen ari den edo etengabe kreatzen ari garen munduan, dena mugiarazten duen atsedenezko Sormena eta Atseden sortzailea delarik “Jainkoa”. Dena atsedenean elkartuko denean, orduan osatuko dira desberdintasun bidegabeek eragiten dituzten gaitzak, izaki guztiak senide izango dira, errealitate osoa aldi berean sagaratu eta profano, muga guztiez harago. Orduan izango da “Jainkoa orotan oro”, San Pauloren hitzetan (1 Ko 15,28).

3. Urte sabatikoa: zazpigarren urtean lurrak atseden

Mundu akademikoarekin asoziatua daukagu batik bat “urte sabatikoa” esamoldea: ohiko irakaskuntza-lanetik urtebeterako libre geratzea, atseden hartzeko, beste unibertsitateak bisitatzeko nahiz ikerketarako…, ordainduta. Nork lezakeen! Biblia juduari zor diogu esamoldea.

Hona bertan aurkitzen dugun arau berritzaile eta harrigarrienetako bat: Emango dizuedan lurraldean sartu ondoren, atseden emango diozue lurrari aldizka Jaunaren ohorez. Sei urtez ereingo duzue zeuen soroetan, sei urtez inausiko mahastiak eta bilduko uztak; baina zazpigarrenean atseden osoa izango du lurrak; Jaunari sagaraturiko atseden-urtea izango da. Urte horretan ez duzue ereingo soroetan, ez mahastirik inausiko; ez duzue moztuko azken uztaren ondoren berez erneko den garirik, ezta bilduko ere inausi gabe utzitako mahastien fruiturik: atseden-urea izango da lurrarentzat. Lurraren atsedenaldian ez zaizue faltako zer janik, ez zuei, ez zuen morroi-mirabe eta langileei, ezta zuekin bizi diren etorkinei ere. Zuen abereek eta basabereek, berriz, lurrak berez ematen duena izango dute janari (Lb 25,3-7).

Harrigarri bezain iradokitzaile. Lurraren atsedena! Lurraren atsedena “Jainkoaren atseden” da, edo lurraren atsedena da “Jainkoaren atseden”. Lurra eta Jainkoa ezin dira bereizi. Ez dago Lurrik (materiarik, energiarik, kosmosik) gabeko Jainkorik, eta ez da onezko Sormen-Misteriorik gabeko Lurrik (materiarik, energiarik, kosmosik).

Nekazal giroan gaude, testu hauek idatzi zirenean (K.a VI. m.) ez baitzen besterik. Eta nekazarien aspaldiko ohitura da, lur elkorragoetan batik bat, lur-sail bat aldizka lugorri uztea (nik neuk ezagutu nuen hori geure baserrian). Baina Lebitarren liburuko testua harago doa: ez lur-sail bat, baizik eta lur guztiak, Lur osoa, eta zazpi urteka, zazpi urtero.

Arrazoi ekologikoa ageri da lehen planoan: eman atseden Lurrari! Atseden osoa eman: Ez erein, ez mahastirik inausi, ez berez ernetako garirik moztu, ez mahastiak berez emandako mahatsik bildu. Nekazariek ezingo zuketen horrelakorik inoiz onartu, eta ez zuten, noski, inoiz horrela beteko. Baina hortxe dago, ulertu nahi duenak ulertu, bete nahi duenak bete. Ez hitzez hitz, hitzaren arnasari –lurraren arnasari– jarraituz baizik. Eta arrazoizko hainbat erreparo jartzeko pronto gauden beldurtioi esaten zaigu: Lurraren senari eta arnasari jarraitzen badiozue, ez zaizue faltako zer jan. Ez dago zehaztapenetan sartu beharrik. Lurraren atsedena, abereen atsedena, gizaki guztien atsedena… dena loturik dago, dena bat da. Lurraren atsedena, bizidun guztien (zuhaitz eta abere) elikadura eta gizaki guztion biziraupena ezin dira bereizi. Gorputz bat gara. “Jainkoaren gorputza” esan liteke. Orotasunaren gorputza.

Gauza bera esaten zaigu Irteera liburuan, baina arrazoi soziologikoa gehiago nabarmenduz, arrazoi ekologikoaz gain: Sei urtez ereingo duzue zeuen lurrean eta bilduko uzta, baina zazpigarrenean atseden emango diozue lurrari, landu gabe utziz; lurrak berez emango duena herriko behartsuek jango dute, eta gainerakoa basapiztiek irentsiko. Gauza bera egingo duzue zeuen mahasti eta olibadiekin (Ir 23,10-11). Eman atseden Lurrari, pobreek zer jan izan dezaten. Lurraren garrasia eta pobreen garrasia bat dira. Lurrean gosea bada, ez da Lurrak ematen ez duelako, ematen duena batzuek bereganatzen dutelako baizik, eman ahal duen guztia emanarazten diotelako Lurrari, atsedenik eman gabe, irabaziak pilatzeko. Erokeria handiagorik!

Baina baditu urte sabatikoak beste osagai soziologiko erradikal bezain aipagarriak. Deuteronomio liburuan irakurtzen dugu: Zazpi urtez behin zor guztiak barkatuko dituzue. Hona nola egingo duzuen: Jaunaren ohorez zorren barkamen-urtea aldarrikatzean, lagun hurkoari mailegu egin dionak barkatu egingo dio maileguz emana; ez du lagun hurko herritarra zorra itzultzera behartuko (Dt 15,1-2).

Horra hori ere utopia hutsala!, esango du batek baino gehiagok. Halaxe da, bale. Baina gogora dezagun E. Galeanoren hura: “Utopia horizontea bezala da: horizontea ez da inoiz erdiesteko, norantz joan jakiteko baizik”. Juduek ere (mailegu-emaileek, jakina) hamaika tranpa eta amarru asmatu zuten, denak guztiz arrazoizkoak, arau horri ihes egiteko. Zein bankuk (eta gutako nork) emango lioke mailegurik behar duenari, zazpi urtera dena barkatzekotan? Erraza da arau bibliko zorrotzenei ere, komeni zaigunean, ihes egitea –horretarako dago, besteak beste, Zuzenbide Kanonikoa–, baina Lurraren eta gizadiaren hondamendiari ez diogu inolaz ere ihes egingo zordunak zorpean itoaraziz… edo betiko esklabo bihurtuz.

Horixe zen (da) izan ere zordun askoren –gizabanako, familia nahiz estatu– patu larria: zorrak ordaindu ezinik, hartzekodunaren esklabo bihurtu beharra. Ez dakit gaurko langileak, ekonomia globalizatu, despertsonalizatu eta oro-lehiakor honetan, zenbateraino ote diren, itxuraz eta printzipioez harago, orduko jornalariak baino libreago, burujabeago, baina esklaboak… Esklaboak ez ziren beren lan-indarraren jabe ere, ez zuten ezer eta ez ziren ezer. Eta ez dakit, 1980tik aurrera, kapitalismo neoliberala ez ote den ari berriro esklabismo anker eta globala planetan zehar ezartzen. Are ozenago eta premiatsuago bilakatzen zaizkigu gaur ere urte sabatikoari buruzko hitz profetikoak: Zeuen herritar hebrearren batek, gizonezko nahiz emakumezko, bere burua halabeharrez esklabotzat saltzen badizue, sei urtez egingo du lan zuentzat, baina zazpigarrenean libre utziko duzue. Libre uztean, ordea, ez duzue esku-hutsik bidaliko: hornitu zeuen artalde, larrain eta dolareko emaitzez, emaiozue zeuen Jainkoari esker lortu dituzuen ondasunetatik. Izan gogoan zeuek ere esklabo izan zinetela Egipton eta Jaunak askatu zintuztela. Horregatik ematen dizuet gaur agindu hau (Dt 15,12-15).

Ez da batere ziurra, berriro diot, juduek arau horiek inoiz bete izana, baina hor daude idatzita. “Gogoan izan”. Nazareteko Jesusek oso gogoan zituen. Zazpigarren urtearen askapen-tradizio profetikoa hezur-muinetan txertatua zeraman. Bere paraboletan behin baino gehiagotan deskribatzen du zorren pean itota bizi ziren nekazari gaixoen egoera, euren burua eta familia esklabotzat saldu beharrean gertatzeraino (ik., esaterako, Mt 18,21-35). Gure Aita otoitzean “Barkatu gure zorrak” Jainkoari esateko erakutsi zuenean, ez zen ari irainez, zorrez baizik; ez zuen gogoan batez ere “Jainkoaren” aurka egindako irainen barkamena, hartzekodunak zordunari zorra barkatu beharra baizik. Bankuak eta hipotekak aipatuko zituzkeen gaur, eta Nazioarteko Diru Funtsa eta zorpean galdurik dauden herrialdeak…

4. Jubileu urtea: lurgabetuek lurra berreskura dezaten

Zapatuaz eta urte sabatikoaz gain, Jubileu urteak markatzen du Biblian gizakien eta bizidun guztien egutegia, atsedenerako eta askapenerako bizi-erritmoa. Zapatua lanetik atseden hartzeko zen, urte sabatikoa zorrak barkatzeko eta esklaboak askatzeko, eta Jubileua? Zer eta zertarako zen Jubileu urtea? Aski da Lebitarrena liburuko hiru txataltxo soil eta sakon irakurtzea: Konta itzazue asteko egunak adina urte, zazpi bider zazpi, alegia, berrogeita bederatzi urte guztira. Aldi horren buruan, zazpigarren hilaren hamarrean, Barkamen Egunean, alegia, adarra joko duzue ozenki lurralde osoan. Berrogeita hamargarren urtea urte santutzat hartuko duzue eta “Jubileu Urte” emango diozue izen. Urte horretan askapena aldarrikatuko duzue zeuen lurraldeko biztanle guztientzat: nork bere burren jabetza berreskuratu ahal izango du, nor bere senitartera itzuliko da (Lb 25,8-10). Hiru hitzetan esaten du dena: askapena, lurren jabetza.

Berrogeita hamargarren urte oro –zazpi bider zazpi urte eta gero–, mendi-gailurretan Jobel zeritzan tresna[3], ahari-adarrez egina, jotzen zuten eta lurralde osora –mendi eta haran– zabaltzen zen Jubileu urtearen hasieraren berri, bere mezu alai eta iraultzailearekin: lurraren jabegoa galdua zutenek –berdin dio zergatik, zorrak ordaindu ezinagatik askotan– euren lurraren jabe ziren berriro, eta esklaboak libre geratzen ziren eta euren familietara itzul zitezkeen berriro.

Urte sabatiko biderkatua zen, beraz, Jubileu urtea: lurrak atseden, zorrak kitatuak, esklaboak libre, lur-gabetuak lurraren jabe. Nekazal giroan jarraitzen dugu. Arestian esan denez, zorren ondorio krudela zen maiz –gizarte-sistema krudel batean– esklabotza: zorrak ordaindu ezinean, hartzekodunaren esklabo bihurtu behar. Zorren ondorioa zen, halaber, lurren desjabetzea: norberaren lurrak hartzekodunari eman behar ordainezineko zorren ordainetan. Urte sabatikoak bezala, Jubileu urteak zorren barkamena zekarren berekin, eta zorren ordainetan galdutako ondasun guztien berreskuratzea. Lurraren berreskuratzea batik bat.

Atsedenik ezean, zer da Lurra ustiaketa-medio besterik? Zer da nekazaria lurrik gabe, morroia besterik? Zer da gizakia askatasunik gabe, esklaboa besterik? Eta nekazal giroaz esandakoak “industria osteko” egoera sozio-ekonomikoan lituzkeen aplikazioak begi-bistan daude, nahi duenak ikusi. Zer da gizakia, dirua nagusi den gizartean? Zer da gizartea, denak %1en irabazirako direnean? Zer da gizakia soldata duin bat ez duenean? Zer da 20 urteko gazte bat, unibertsitateko graduak eta masterrak egiten urteak eta urteak eman behar dituenean, hilean mila euro irabaztera inoiz iritsiko ote den ez dakienean? Zer da familia, hipoteka edo alokairua ordaintzeko soldata bat aski ez denean, ezta bi ere askotan? Zertarako dira alderdi politikoak eta gobernuak, inbertitzaileen esanetara daudenean? Zer da demokrazia diruak agintzen duenean eta dirua gutxi batzuen esku pilatzen denean?

Jobelaren adar-hotsak gizarte-iraultza erradikala iragartzen zuen mendi eta haranetan. Azpikoen ikuspegia eta eskubideak aldarrikatzen zituen. Segur aski, ordea –diodan berriro, etsitzekoa den arren–, Jubileu urtearen exijentziak ez ziren inoiz bete, ez zirelako ahaltsuen gustuko. Eta horrela iritsi gara gauden egoerara, Bibliak Biblia eta erlijioak erlijio.

Jubileua “bekatuen barkamen-urte bihurtzea” izan da judaismoak eta bereziki kristautasunak urte horrekin egin eta eragin duten nahasketarik larriena. Arazoa “Jainkoaren aurkako bekatuak” bailiran, mehatxua “Jainko iraindu” baten zigorra bailitzen eta “Jainkoaren barkamena” lortzea bailitzen helburu. Lurra atsedenik gabe ustiatzea, behartsuak eta familiak zorpean itoaraztea, gizakiak gizakien esklabo eta abereak gizakien baliabide bihurtzea da “bekatu” bakar, baldin eta hitz honek oraindik zentzurik badu. Geu gara, ez “Jainkoa”, lurraren eta elkarren zigor[4]. Frantzisko aita santuak 2015eko apirilean iragarri zuen “Jubileu Urte santua”k eta horretarako argitaratu zuen Buldak (Misericordiae vultus: “Errukiaren Aurpegia”) ez dute nahasmendu hau saihesten, 25 zenbakitan 25 aldiz aipatzen baitu bekatu hitza eta beste 11 aldiz bekatari, eta induljentziari buruzko ikuspegi zaharkitua ez baitu gainditzen, hots: nahiz eta aitortuak izan, hil eta gero Purgatorioan espiatu beharreko “hondarra” errito batzuen bidez, Jubileu urtean bereziki, kitatzeko edo Jainkoaren barkamen berezia lortzeko aukera.

Ez da hori inondik ere Jubileu instituzio zaharraren jatorrizko esanahia. Langile guztien atsedena, zorpetuen duintasuna, esklabuen askapena, bizidunen arnasa, Lur biziaren orekaren ametsa, premia eta itxaropen eragilea aldarrikatzen du Jubileuak, zapatuak eta urte sabatikoak bezala. Itxaropena egiaztatzen den heinean agertuko da Lurrean Ontasun Zoriontsua, izango da “Jainkoa”.

Zapalduen askapena zeukan batik bat gogoan Jesusek, ez bekatuen barkamena. Horixe adierazten digute Lukasen ebanjelioak Nazareteko sinagogan, Jesusen jarduera profetikoaren abiapuntu programatikoan haren ahoan jartzen dizkigun hitzek: Jaunaren espiritua nire gainean dago, berak bainau sagaratu behartsuei berri ona adierazteko, berak nau bidali gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera eta zapalduak askatzera, Jaunak onginahia azalduko duen urtea hots egitera (Lk 4,18-19; ik. Is 61,1-2). Jubileu urtea edo garaia iragartzen du Jesusek. Jainkoaren onginahia esklabotza guztien askapenean agertzen da, ez erruen barkamenean.

Zorrak eta zergak ordaindu ahal izateko euren lur-sailtxoa saldu beharrean aurkituak ziren maizterrei eta maizter-alokairuak ordaindu ezinik jornalari bilakatuei mintzo zitzaien Jesus batik bat, baita Galileako laku aberatsean arrantzatuz eguneroko ogia nekez atera zezaketen arrantzaleei ere, eta “Jainkoaren erregetza” esamoldean laburbiltzen zuen aldarrikatzen zien berri ona: Zorionekoak zuek, behartsuok, gose zaretenok, negar dagizuenok, zuentzat izango baita “Jainkoaren erregetza” askatzailea, lurraren jabe izango baitzarete” (Mt 5,3-12; Lk 6,20-23). Poztu zaitezte: hurbil da zuen askapena, lurra eta ogia izango duzue, libre eta senide izango zarete.

5. Gogoan izan zapatua

Gogoan izan larunbata, [Jainkoari] sagaratzeko, dio Hamar Aginduetako laugarrenak (Ir 20,8).

Gogoan izan zapatua, atsedenaren bizi-lege sakratua bete dezagun, nekeak gaixotu ez gaitzan.

Gogoan izan zapatua, inork paira ez dezan langabeziaren nekea, denetan larriena.

Gogoan izan zapatua, gizakiek eta abereek arnasa har dezaten.

Gogoan izan zapatua, Ama Lurrak arnasa har dezan eta eman diezagun.

Gogoan izan zapatua, bizitza grazia dela dasta dezagun, biziaren ongizatea berreskura dezagun.

Gogoan izan zapatua, zordunik esklabo bihur ez dadin, familiak eta herriak libre izan daitezen.

Gogoan izan zapatua, Lur-hauts sakratua, humus apala, garela ahantz ez dezagun, umilak eta humanoak izan gaitezen.

Gogoan izan zapatua, gizartea, gizateria, izadia osorik ekoizpen- eta etekin-kulturaren gaitzetatik osa gaitezen, “salba” gaitezen, osotasunaren osasuna baita salbamena.

Gogoan izan zapatua, lur gehiegiren jabe inor izan ez dadin, bizitzeko lur-zatitxo bat inork falta ez dezan.

Gogoan izan zapatua, guztion Lurreko hiritar izan gaitezen, muga biolentoak suntsiturik.

Gogoan izan zapatua, biziaren erkidegoa osa dezagun, bizidun guztien itun berria zigilatuz, errespetua oinarri.

Gogoan izan zapatua, kreazioak aurrera jarrai dezan.

Gogoan izan on eta zoriontsu izan gaitezen, “Jainkoaren” gorputz eta egoitza, egiako tenplu.

  1. Elizen Arteko Biblia erabiliko dut aipamenetan, aldaketatxo batzuk ezarriz han-hemenka.
  2. Talmudean –K.o. lehen 400 urteetako errabino nagusiek emandako irakaspenen idatzizko bilduman– zehazten da larunbatean debekaturik dauden 39 “oinarrizko lanen” zerrenda: “Oinarrizko lanak berrogei ken bat dira: ereitea, goldatzea, uzta egitea, gari-balak egitea, garia jotzea, haizatzea, bereiztea, xehatzea, bahetzea; oratzea, egostea, ilea moztea, goritzea, kardatzea, tindatzea, irutea, bilbatzea, bi puntada egitea, bi hari irutea, bi hari moztea, korapilatzea, askatzea, bi puntu jostea, urratzea, bi puntada emateko; oreinak ehizatzea, zintzur egitea, larrutzea, gazitzea, larrua ontzea, moztea, zatiak egitea; bi letra idaztea, ezabatzea, bi letra idazteko; eraikitzea, erauztea, itzaltzea, piztea, burdina lantzea, toki batetik bestera aldatzea. Hauek guztiak dira oinarrizko lanak, guztira: berrogei ken bat” (Shabbat 73a = VII, 2). “Lan” horietako asko desagertu direnez, errabinoek zehazten dute zein diren gaur haien pareko, baliokide Hala, sua piztea edo itzaltzea debekatua denez gero, berogailua edo aire girotua piztea nahiz itzaltzea ere debekaturik dago, gaurko errabino ortodoxoen esanetan: Israelgo judu ortodoxoen hotel batean gerta dakizuke, beraz, 40 graduko bero-galdatan, larunbatez, zeure gelako berogailua gorenean piztuta egotea, larunbata igaro arte ezin baitu inork itzali. Hitzez hitzezko edozein irakurketa zentzugabe denaren adierazgarri. Kontua ez da zer lan den debekatua eta zein ez, egiten dena egiten dela biziaren atsedenerako egitea baizik.
  3. Hortik datoz júbilo (esp.) / jubilation (fr.), jubiler (fr.) / jubilate (ing.), jubilación (esp.), jubilarse (= fr. “prendre la retraite”), eta, noski, Jubileo (esp.) / Jubilé (fr.) / jubilee (ing.).
  4. Biblian –Itun Zahar eta Berri– erruz aurkitzen da, noski, “Jainko zigortzailearen” irudia. Gaur ezin dugu bere horretan hitzez hitz ulertu. Egin dezakegun kaltearen larria adierazteko eta, guztiarekin ere, egin dezakegun ona kalte guztiak baino handiagoa dela aitortzeko modu bat da. Horrela uler ditzakegu Lebitarrena liburuko txatal ezin gogorrago batzuk, zeinetan “Jainkoak” Israel herriari suntsiketa eta desterrua iragartzen baitizkio, horrela bakarrik izan ahal izango baitu lurrak atseden: Gerra sorraraziko dut zuen aurka eta kanpoko nazioetan barreiatuko zaituztet, Zuen lurraldea eremu bihurtuko dut eta zuen hiriak hondakin. Orduan, zuen etsaien artean erbesteraturik emango duzuen denboraldi guztian, lurrak, bertan behera utzia egongo delarik, atseden hartuko du: zor zitzaizkion atsedenaldiak izango ditu. Zuek bertan bizi zinetela izan ez zituen atsedenaldiak, bertan behera utzia egongo den aldian beteko ditu (Lb 26,33-35). Jakina, geu gara izan geure buruaren eta hurkoaren zigortzaile. Geu gara Lurraren zigor. Geuk izan behar genuke eta gaitezke izan “Jainkoaren” esku ongile.
0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply