Zenbat urteko kartzela sexu-erasotzaileentzat?

2022ko urrian sartu zen indarrean espainiar Estatuan “Sexu Askatasuna Bermatzeko Lege Organikoa”,“Bai solik da bai legea“ bezala ezagunagoa. Bertan, baimenik gabeko sexu-ekintza oro sexu-eraso delitutzat hartzen da, abusu hutsaren figura ezabatuz. Legeak emakumearen aurka emakume izateagatik egindako indarkeria guztiak hartzen ditu gogoan. Biktimak, bereziki emakumeak, babesteko neurriak indartzen ditu, eta haurrentzako babes-neurri bereziak ezartzen dira. Prostituzio-negozioaren aurka borrokatzeko neurriak hartzen ditu. Hezkuntza afektibo-sexuala eta pertsona guztien eskubide-, baliabide- eta aukera-berdintasun eraginkorra azpimarratzen du, genero-identitatea edozein dela ere.

Beharrezko legea da, eta oso egokia nire ustez bai bere sakoneko filosofian eta bai bere artikuluetan. Espainiako Kongresuaren gehiengo zabalak onartutako legea. Mota guztietako sexu-indarkeriaren biktimek, bereziki emakumeek, ia aho batez goretsi duten legea, harik eta… Harik eta aurreko legearen arabera kondenatutako batzuei zigorrak murrizten, are kartzelatik irteteko aukera ematen, hasi ziren arte, lege berriak duen zirrikitu bat (oharkabekoa?, ezegokia?) aprobetxatuz. Eta “alarma soziala” zabalduz joan zen, eskuin politikoak modu maltzurrean eragina edo xaxatua, eskura zituen baliabide guztiak medio. Ez zaio axola biktimak defendatzea, ezker sozialeko gobernua ahultzea baizik. Espetxe-zigorren beherapena aitzakia hutsa da eta biktimen –eta biktimagileen– manipulazio baldarra baino ez, justiziaren izenean. Eta euren helburu baxua lortzeko bidean dira.

Kezkatuta egoteko arrazoiak badira. Hiritar askok bezala, harrituta begiratzen dut nola epaile batzuek zigorrak murrizten dituzten eta beste batzuek, ostera, ez, kasu berdinetan edo antzekoetan, eta neure buruari galdetzen diot: legea hain baldarra delako ote da ala epaileak hain inpartzialak ez direlako ote? Bestalde, ez dut lortzen ikustea legea moldatzeko edo berritzeko modurik onena zein izango litzatekeen, eta ez nago seguru moldatu edo berritu beharraz ere, ez bada oposizioari armarik edo argudiorik ez emateagatik. Bien bitartean, begi-bistan ageri dira interes alderdikoien arteko gatazkak – koalizio-gobernuaren barruan ere nabarmen, boto-emaileen desengainurako, eskuinaren bozkariorako eta gehienen on komunaren kalterako– abian den hauteskunde-kanpainaurre anitz honetan.

Hori guztia, hala ere, alde batera utziko dut, eta espetxeak biktimentzat nahiz biktimagileentzat duen zentzuari berari buruzko sakoneko hausnarketa proposatzen dut.  Espetxe-zigorrak jaistearen ingurukoak baitira, izan ere, alarma soziala eta eztabaida politikoa. Eta neure buruari galdetzen diot: nork zer irabazten du sexu-erasotzaile batek –bortxatzailerik bortitzena eta berrerorleena izanda ere– bi urte edo bost edo hamar edo hogei edo nahi diren guztiak kartzelan giltzapeturik igarota?

Biktimak ezer irabazten ote du? Arinduko edo sendatuko ote dira haren zauri latzak erasotzailea kartzelan dagoelako? “Gutxienez ziur egongo da hark ez diola berriro erasoko kartzelan dagoen bitartean·, esan ohi da, eta egia da, baina erdizka bakarrik. Guztizko egia izateko, espetxeak izan beharko luke egungo biktimaren eta beste biktima potentzial batzuen segurtasuna modu arrazionalean bermatzeko era bakarra, eta erasotzaileak bizitza osoa espetxean eman beharko luke. Noski, erasoa jasan duena edo bihar jasan lezakeena da, zaindu beharreko lehena eta hartu beharreko neurri guztien lehen irizpidea, zalantzarik gabe. Ezin dut sinetsi, ordea, adimen artifizialean eta arma hain sofistikatuetan hain itxuragabeko dirutzak inbertitzen dituen gizateria honek ezin izango lituzkeenik aplikatu kartzelak baino segurtasun eraginkorragoa eta gizatiarragoa bermatuko luketen bestelako neurriak. Hori sinesteak esan nahiko luke gizadiarekiko, beronen adimen eta sentiberatasunarekiko, biziarazten eta mugiarazten duen bizi-arnasarekiko fedeari uko egitea.

Eta erasotzaileak ezer irabazten al du egunak eta urteak kartzelan igaroz adrenalina, etsipena eta mespretxua etengabe arnastuz? Baina zerbait irabazi behar ote du? Ez ote ditu hain zuzen galdu egin behar bere duintasuna, eskubideak, askatasuna, oraingo eta etorkizuneko bizia? Ez ote da kartzela bere errua espiatu ahal izateko ondo merezia duen zigorra? Ez, ez da. Zigorra, espiazioa, errua… antzinako kategoriak dira, duela milaka urtekoak, erabakimen libre baldintzatu gabean eta espiazio erlijioso-metafisikoan, hots, egindako gaizkia zigorraren edo sufrimenduaren bidez espia zitekeela sinesten zen garaikoak. Dagoeneko zentzurik ez duten kategoriak dira. Zientzia, filosofia eta espiritualitate guztiek deskubritzen digute ez garela libre, baizik eta libre izatera deituak, inork ez duela gaizkia egiten benetan libre izateagatik, baizik eta ez izateagatik. Horrela, azken 200 urteetako zuzenbidearen filosofian, bertan behera utzi da kartzelaren zentzu zigortzailea, hau da, jada ez du balio eta ez da justifikatzen egindako krimenaren, eragindako kaltearen zigor gisa. Zer zentzu du, bada, kartzelak? Espainiako Konstituzioak argi eta garbi dio: “Askatasuna kentzen duten zigorrek eta segurtasun-neurriek berreziketara eta gizarteratzera bideratuak izan behar dute” (25,2 artikulua). Kartzelaren helburua ez da, beraz, delitugilea edo kriminala zigortzea, baizik eta hura sendatzea eta gizatiartzea.

Inork uste al du, ordea, gaur egungo espetxe-ereduak benetan balio duenik sexu-erasotzailea edo, oro har, edozein delitugile berrezteko, birgaitzeko eta birgizarteratzeko? Munduko ikerketa guztiek ezetz diote. Arretaz aztertu beharko lukete preso bat espetxetik ateratzen direlako edo zigorrak murrizten zaizkielako hainbeste alarmatzen direnek. Eta oso serio galdetu beharko genioke geure buruari: alarmatzekoa ote da lege batek –aipatzen ari naizen legeak, kasu– espetxe-zigorrak arauz murriztea (gauza hutsa, egia esan), beste neurri sendagarriago eta salbagarriagoak, gizatiarrago eta gizatiartzaileagoak lehenetsiz? Nori egiten diote mesede zigorrek eta alarmek? Ez al genuke gehiago alarmatu behar biktimak egiazki sendatzen eta berritzen, biktimagilea askatzen eta gizarteratzen, gizarte osoa gizatiartzen lagun lezaken neurriak falta ditugulako?

Ez dakit amets iratzarria ote den, baina amesten dut eguna, zeinetan erasotuak, bere zauria sendatzeko, autoestimua berreskuratzeko eta duintasuna osatzeko, ez duen beharko erasotzailea espetxeratzerik. Amesten dut eguna, zeinetan inor ez den bere pultsio fisikoen, zauri psikologikoen eta errore mentalen biktima izango beste inor erasotzeraino, bere plazerrerako erabiltzeraino eta lurrean botata uzteraino. Amesten dut eguna, zeinetan inor ez den alarmatuko espetxe-zigorrak murrizten edo ezabatzen direlako, eta inor ez den ezergatik kalera irtengo zigor eta mendeku handiagoen eske oihuka.

Ez dakit ameskeria ote den, baina uste dut posibilitate hori gure DNA pertsonalaren eta kolektiboaren hondoenean inskribaturik dagoela, eta errealitate bihur dezakegula, geure espeziea gizatiarragoa eta zoriontsuagoa bihur dezakegula, benetan hala nahi badugu eta, pertsonalki eta instituzionalki, eskura ditugun neurri guztiak aplikatzen baditugu: zientzia, hezkuntza, ekonomia, politika. Orduan merezi izango luke duela 300.000 urte Homo Sapiens sortu izana. Orduan iritsiko ginateke izatera jakintsu eta gizatiar, gizaki espiritual bizidunen komunitatean.

Aizarna, 2023ko otsailaren 11