Zertan da gaur Xalbadorren “Jainkoa”?

43 urte dira –zein gutxi eta zenbat!– Urepeleko artzain bardoa, Xalbador maite eta miretsia, hil zela. Jakintza txiki eta jakituria handiko gizona, berezko adimen argiaren eta zentzumen zolien eskolan oparo ikasia, mendiko bakardade isilean bezainbat tabernako lagunartean hezia, barne-iturriaren emanari adi beti.

43 urte hil zela eta ia 100 urte jaio zela. Urte asko, aldaketa azeleratuaren garai hauetan. Berak hautatu gabe eta bera kasik ohartu ere egin gabe, eraldaketa kultural eta erlijioso baten muga-mugan jaio eta hiltzea, bizi izatea, fortunatu zitzaion Xalbadorri (eta gutako askori). Ikuspegi horretan kokatuko dut begirada, Sebas Garcia Trujillo adiskideak eskatu didan hitzaurretxo hau zirriborratzeko.

Nola aldatu zen mundua Xalbador jaio zenetik (1920) hil zenera (1976)! Esango nuke, 1920an Urepeleko nekazari eta artzainek –Xalbadorrek berak– zeramaten bizimodua hurbilago zegoela 5.000 urte lehenago Mesopotamia, Egipto, Txina, Mexiko, Ande eta Baxenabarreko nekazari eta artzainek zeramaten bizimodutik, Xalbador hil zenean Urepeleko gazte gehienek zeramatenetik baino. Kultur aldaketa handiagoa izan zela 56 urtetan, aurreko 5.000tan baino. Ahoberokeria galanta dirudi, baina egia biribila da, hortxe nonbait.

Artzain bertsolariak utzi gintuenez gero ere, nola aldatu zaigun mundua! Beste ahoberokeria bat botako dut, are puztuagoa itxuraz: hil zenez geroko 43 urteotan, bizi izan zen 56etan baino ere gehiago aldatu zaigu pentsaera, biziera, kultura. Urepelen bezala Azpeitian. Ordenagailuak, telefono mugikorrak eta robotak nonahi zabaldu ziren aurrena (eta bonba atomikoak noranahi begira jarri…). Geroxeago interneta, neurozientziak, bioteknologiak, infoteknologiak hedatu dira. Orain adimen artifiziala ari zaigu nagusitzen: munduko xake-jokalari onenen aldean konparazio gabe onak diren ordenagailuak, giza gorputza eta adimena etengabe mejora ditzaketen teknologiak, Sapiens gure espeziea imajinatu ere ezin dugun neurrian eraldatuko dutenak (noren onerako, ordea, eta noren kalterako?).

Jakitunago eta ezjakinago, ordea. Xalbadorrek bazekien mundura zertara etorria zen, eta nora zihoan. Guk ez. Inork ez daki ziur norantz goazen: aurrera ala atzera, hobera ala okerrera. Baina gauza bat dago bistan: aldaketaren erritmoa bizkortzen ari da. Gero eta azkarrago goaz nora edo nora. Ehiztarien eta Fruitu-biltzaileen zibilizazioa 300. 000 urte luzez luzatu zen, bizieran eta gizarte-erakundeetan aldaketa nabarmenik gabe. Nekazarienak, aldiz, 12.000 urte “bakarrik” iraun zuen (K.a. 10.000 hasita, Mesopotamian). Industrializazioak 250 urte bakarrik daramatza, baina lau iraultza ezagutu ditu dagoeneko: lehenengoaren hasiera 1760 aldera koka daiteke (iruteko makina, baporezko makina, fabrika mekanizatuak); bigarrengoarena 1860 aldera (argindarra, petrolioa eta gasa, autoak eta hegazkinak); hirugarrengoarena 1960 aldera (energia atomikoa, ekoizpen automatizatua, ordenagailu pertsonalak); laugarrenarena 2000 aldera (interneta, industria digitalizatua, robotika, informazio-teknologia berriak…).

Eta ziztu bizian goaz bosgarrenera. Bosgarrenera, edo guztiz bestelako aro batera, “Jainkoak daki”. Askoren esanetan, informazio-aroan gaude dagoeneko, ez industri aroan: balio erantsia ez baitago jadanik ekoizpenari lotua, informazioari baizik; informazioak egiten gaitu ahaltsu –erabiltzen jakinez gero–, ez fabrikak; Xalbador hil zenean munduko liburutegirik handienetan eta gizakirik ikasienen buruetan gordetzen zen baino ezagutza gehiago gordetzen da edozein neraberen mugikorrean, klik eginda soilik. Hori bai, informazioa erabiltzeko irizpideak falta, jakintzaz baliatzeko jakituria.

Erronka ekonomikoak, politikoak, filosofikoak nahiz etikoak sekulakoak dira. Nora goaz hain agudo? Zer izango da etorkizuna azken hamarkadetako aldaketaren abiadak azeleratuz jarraitzen badu? Zer gertatuko da guri buruzko informazio indibiduala nahiz kolektiboa enpresa gutxi batzuen esku geratuko denean, eta nahi duten eran erabiliko gaituztenean? Zertatik biziko dira gaurko gure gazte unibertsitario inoiz baino trebatuagoak, egungo profesio gehienetan ordezkatuko dituzten robotak zabalduko direnean, txoferrik eta zirujaurik, kasu, beharko ez denean? Zer izango da Sapiens espeziea, Parkinsona, Alzheimerra eta depresioa gainditu ahal izango direnean? Edo gizaki eraldatuak 150, 300 nahiz 1000 urte edo auskalo zenbat bizi ahal izango direnean? Sapiens deitu ahal izango dugu oraindik ala Deus deituko beharko diogu? Ala Demens? “Gizakiak” izango ote dira oraindik?

Horrelako galderarik ez zen, ziur, Xalbadorren buru argitik inoiz pasa. Tradizioan eta lurrean gu baino askoz tinkoago errotua bizi izan zen. Kristautasuna egiazko erlijio bakarra zelakoan jaio zen eta hil. Informazio globalizatuaren eta aldaketa azeleratuaren ikuspegitik, ordea, ezin dugu horrelakorik pentsa. Zer gara, beraz, nondik gatoz eta nora goaz, bizi izatea egokitu zaigun unibertso mugagabeko txoko ñimiño miresgarri honetan? “Jaun goiko” batengandik ez dugu erantzunik espero: Xalbadorrek bai.

Bestelako mundu batean bizi gara gu, bestelako kultura (pentsaera, mundu-ikuskera, biziera) batean, nahiz eta hain urte gutxi igaro diren artzain bertsolaria beste larre batzuetara joan zenetik mendi-hegaletan gora, hesiak urraturik.

Kultura baten desagertzeak erlijio-molde baten desagertzea ekarri ohi du, erlijioa horixe baita: biziaren arnasak kultura batean hartzen duen forma, sineskizunez, erritoz eta arauz osatua. Begiratu zenbat jende doan mezatara Urepelen, larunbatez batzuetan eta igandez besteetan, hilabeteka txandatuz. Zertara noa? Gordin esango dut: Xalbadorrek bizi izan zuen erlijioa –kristautasun tradizionala– galtzear da Urepelen, Euskal Herrian, Mendebaldeko Europan oro har (eta, Mendebaldeko kultura zientifikoa, bere argi eta itzalekin, beste kontinenteetara zabaldu ahala –zabalduko baita–, haietan ere galduko da lehenago edo geroago).

Erlijioaz diodana, “Jainkoaz” diot batik bat. Errealitatearen amodiozko Iturri eta Hondo esanezinari deitzen diot Jainko, jakinaren gainean hartaz esaten eta irudikatzen dudan guztia nire konstruktua dela. BADENA betidanikoa da. Sortzailea, ez sorkaria. Ez formadun izakia, baizik eta izaki ororen Izate edo Izamen hutsa, Izamen agorrezina. Gizakiak, ordea, bere antz eta irudira sortu zuen “Jainkoa”, BADEN izendaezinari izenak emanez, irudiak zizelatuz, Izamena Izaki Goren bihurtuz: “Jaun Goiko”. Izendaezinari izena edo Irudikaezinari irudia jartzen diogunean, Jainkoa “jainko” bihurtzen dugu: geure konstruktu. “Ez egin Jainko-irudirik”, dio juduen Bibliako agindu nagusiak. Guk, ordea, ezin dugu ezer esan, sinetsi edo pentsatu nola edo hala irudikatu gabe. Gure garunaren gaitasuna eta muga. BADENAren izen eta irudi guztiak sorkari historikoak dira, beraz, konstruktu mentalak eta kulturalak.

Hain zuzen ere, badakigu non eta noiz jaio zen “Jainkoa” esatean jende gehienak ulertzen eta irudikatzen duen Izaki espiritual gorenaren irudia (gizakien jaun eta jabe, otoitzean eskatzen zaiona emateko edo ukatzeko ahaltsu, biziaren eta heriotzaren nagusi, onen saritzaile eta gaiztoen zigortzaile): Mesopotamian sortu zuten duela 5.000 urte. “Jainko” asko gurtzen zituzten, baina gehienetan bat izaten zen beste guztien gainetik, tokian tokiko panteoi-buru. Monoteismoak (Egipton, Persian, Israelen) botere guztia “Jaun goiko” bakar bati leporatu zionean, oinarrizko eskemak ez ziren aldatu, baina “Jainko bakarra” munduaren kreatzaile bilakatu zen, mundu honetako eta “besteko” gorabehera guztiak xedatzen dituen lege-emaile eta epaile goren, zigortzaile eta barkabera, beldurgarri eta maitagarri (bere aldartearen edo giza jokabidearen arabera).

Batzuetan beldurgarri eta besteetan maitagarri: Xalbador lekuko. Baina hori liburu honen autoreak esango dizu hobeto: nola igaro zen Urepeleko artzaina Jainkoaren beldurrezko erlijiotik Jainkoaren maitasunezko federa. “Jainko zigortzaileari” “Jainko maitalea” nagusitu zitzaion haren baitan (osoki bai ote?). Bide ederra izan zen, artzain poetaren barrua, bere kontraesan eta guzti, baketu zuena, bere espiritualtasun sakona hesi moral eta kontzeptual guztietatik askatu zuena.

Nire galdera, ordea, harago doa: Xalbadorren “Jainko ona” sinesgarri ote zaie haren bilobei, urepeldar gehienei, Urepele utzi eta mundu zabalean bizi direnei? Izan ere. bere ibilbidearen buruan ere, Eufrates eta Tigris ibar emankorretan duela 5.000 urte sortutako jainko-irudiari lotua begitantzen dut, azken batean, Urepeleko artzain bertsolari poeta: “Jaun goiko”, gurekiko Beste Zerbait edo Beste Norbait, Izaki goren ahalguztidun bezala irudikatzen zuen “Jainkoari” estu atxikia, onerako eta txarrerako. Irudi hori, ordea, arrotz eta sinesgaitz bihurtu da 60 urtetik beherako ia denentzat gaurko Urepelen, Euskal Herrian, Europako Mendebaldean eta abar. Gizakiaren antzekoegia, Jainko izateko. BADENA BADA, baina haren irudiak ez, gure garunean izan ezik. Horixe esan nahi zuen funtsean Rikardo Arregik 1967an “Euskaltzaleen jainkoa hil behar dugu” idatzi zuenean: nekazalgo garaiko Jainko-irudia, tradiziozko molde iraungiei Jainkoaren izenean kosta ahala kosta eutsi nahi diotenen Jainko-irudia gainditu behar da.

Horiek horrela, erantzunik gabeko galdera bat daramat hasieratik, golkoan pil-pil: zer ote litzateke gaur Jainkoa Xalbador argi eta sentiberarentzat, oraindik biziko balitz eta bere barne-bilakaerak gaurdaino aurrera jarraitu izan balu? Balitz, balu… “Balizko errotak irinik ez”, esan ohi zen garia harrizko errotan ehotzen zenean, urak emeki eraginda. Nik neuk ezagutu nuen mundu hori, Xalbadorren mundua. Zaku-garia asto gainean eta astoa sokatik hartuta joaten nintzen ume-umetan, errotara basabidean behera bakar-bakarrik, eta bueltakoan gora, hurrengo labe-suaren eta opil beroen pozetan. Duela 5.000 urte Mesopotamian bezalatsu, gurean bezalako aldaparik gabe.

Mundu hori igaro zen, eta ez da itzuliko. Gauza bera esan daiteke erlijio-irudiez. Gehien-gehienentzat, gero eta gehiagorentzat, orduko erlijioa eta “Jaun goikoa”, dogmak eta sakrifizioak, bekatua eta barkamena, betiko infernua eta zerua, elizak eta kleroa ez dira jadanik sinesgarri, Xalbadorri ingelesa ulergarri ez zitzaion bezalaxe. Nahiz eta ingelesak, azken batean, errealitate bera esan “nahi” zion…

Zer geratzen zaigu, bada? Dena geratzen zaigu. Sortu ez dugun, sorrarazi gaituen Errealitatea. DENA. Infinitu esanezina “Bera” da betidanik betiko. “Bera” bai, baina ez Errealitate zurrun, mugigaitz eta eraldagaitz gisa, Errealitatearen etengabeko sormen eta eraldamen gisa baizik. Hasierarik eta amaierarik gabeko Jariamen, Mugimen, Izamen, Izanarazmen agorrezina da ororen bihotzean. Espiritu sortzaile eta eraldatzailea, Ruah poz-emaile eta eragilea.

Nago, Xalbadorri sinesgarriago litzaiokeela hizkera hau, bizi balitz. Ororen Bizimenean bizi da, lotura guztietatik libraturik.

Zertan da gaur Xalbadorren Jainkoa? (Hitzaurrea)

In: Sebastian Garcia Trujillo. Xalbador, beldur-erlijiotik maitasun-sinesmenera. IDTP, Bilbo 2018, 15-20 or.