Ziad Medoukh-en mezua
Ziad Medoukh: poeta palestinarra,
Gazako Al Aqsa Unibertsitateko Frantses Fakultateko irakaslea,
eta, zalantzarik gabe, indarkeriarik gabea.
Kaixo Gaza suntsitutik eta Gaza hondatutik.
Sinetsidazue: nire erabakitasunak, kemenak, erresistentziak, pazientziak eta baikortasunak ezin dute nire erabateko larritasuna gainditu.
Gazako Zerrendako biztanleria zibilaren aurkako okupazio-eraso izugarri hau hasi zenetik ia lau hilabete igaro ondoren, hemengo egoera gero eta katastrofikoagoa eta beldurgarriagoa da.
Bizitzak zapore mingotsa du. Bizitzarik egon ere ez dago Gazan. Bizitza erabat paralizatua da.
Ez dago ezer: ez elikagairik, ez urik, ez botikarik, ez elektrizitaterik, ez gasik, ez esnerik, ez ogirik, ez frutarik, ez barazkirik, ez haragirik, ez oilaskorik, ez arrainik, ez garraiorik, ez etxebizitzarik, ez perspektibarik. Milaka ikaslek ez dute klaserik, eta dozenaka mila ikaslek ez dute ikasketarik.
Zorigabeko naiz, egunero sufritzen dut hondatua den, nazioarteko komunitate ofizial konplizeak bere kasa abandonatua den eskualde honetako biztanle guztiek bezala. Eta jasanezinekoak jasaten ari naiz.
Egia da gerra, eraso, oldar eta sarraski asko bizi izan ditudala. Baina inoiz ez dut hain egoera lazgarririk bizi izan umetatik.
Gaur egun, auzo batetik bestera eta etxe batetik bestera ahaideenera eta lehengusuenera aldatu beharrean naiz, bonbardaketak gau eta egun gertatzen baitira nonahi espetxe ireki eta itxi honetan, eta tankeak edozein auzotara irits daitezke edozein unetan.
Arazoa da etxe bakoitzean 30-40 pertsona bizi direla, egoiliarrak zein desplazatuak, eta salbuespenezko egoera horri aurre egin behar diogu. Etxerik gabe geratu naiz eta dena onartu behar dut harrera-etxe hauetan.
Etxe hauetan ezin dut irakurri edo idatzi, zaratagatik eta dozenaka lagunen presentziagatik. Gainera, nire ordenagailuak eta nire liburutegia galdu nituen, bere 3.000 liburu frantsesekin, nire pisua suntsituta geratu zenean iazko abenduaren hasieran, eta ezin izan dut salbatu nire gauzetarik ezer, ez arroparik, diplomarik, argitaratu dudan libururik, ikerketarik, irakasgairik.
Gauez, ezin dut lorik egin, bere familia osoarekin erail duten anaiarengan pentsatzen dut, eta negar egiten dut bakar-bakarrik, eraso honen aurreko nire oroitzapen ederretara itzultzen naiz, amets egiten saiatzen naiz eta etorkizun hobea itxaroten, baina alferrik.
Ni, Gazako gazte eta haur traumatizatuak animatzen nituena, atsekabetuta eta traumatizatuta geratu naiz azken hilabeteetan nire familia eta Gazako herritar guztiak kolpatu dituzten gertaera tragikoen ondorioz, eta ez dut inor aurkitzen nire malkoak xukatzeko eta nire amorru handia baretzeko. Bihotza odoletan daukat etengabe.
Sinetsidazue, ez naiz ezkorra eta bizia maite dut Palestinako herri osoak bezala, baina hemengo egoera irudikaezina da, onartezina eta ikaragarria!
Hemen jendea goseak hiltzen hasi da. Pentsa, ez dago okindegirik, dendarik, farmaziarik, jatetxerik edo kaferik zabalik.
Eta okerrena da hemen jendea oso triste dagoela, beren eguneroko bizimodu tragikoagatik kezkatuta daude, desagertutako pertsona maiteengan pentsatzen dute eta beren seme-alabentzako janaria eta ura aurkitzen saiatzen dira, inork ez du inorekin hitz egiten, inork ez solasik, inork ez irribarrerik, mundu guztia shock egoeran dago. Familia guztietan dira hildakoak, zaurituak, desplazatuak eta suntsitutako etxeak.
Batzuetan neure buruari galdetzen diot nola moldatzen den hemengo jendea bizirik irauteko eta existitzen jarraitzeko.
2023ko abendua hilabete iluna izan zen niretzat: anaia eta haren familia osoa hil zuten, nire etxebizitza eta gure eraikina suntsitu zituzten, eta nire auzoa utzi behar izan nuen eta ahaideenean babesa bilatu.
Orriak eta liburuak beharko nituzke gure eguneroko bizimodu zaila deskribatzeko, bonben azpian eta shock egoeran, egoera humanitario honen eta aurrekaririk gabeko hondamendi honen aurrean, eta irudipena dut ez nagoela bizirik, egunean mila bider ikusten baitut heriotza, heriotzari beldurrik ez diodan arren. Baina gure etorkizunak kezkatzen nau.
Honetan guztian, nire buruaz harro sentiarazten nauen gauza positiboa zera da: ez dudala gorrotorik sentitzen.
Besarkada palestinarrak jada Gaza ez den Gazak,
eta jada Ziad ez den Ziadek.
Gaza, 2024ko urtarrilaren 26a, ostirala