Egiak askatuko gaitu

Espainiar Estatuko erakunde katolikoen barruan adingabeei egindako sexu-abusuez ari naiz. Ez dira ez 4 ez 33 Euskadin, ez 58 Nafarroan, ez 1246 Estatuan. Askoz gehiago dira, erruz gehiago, jakiten direnean ikusiko denez. Eta jakin beharrekoak dira.

Zaila da pentsatzea ikastetxeetako zuzendariek, kongregazio erlijiosoetako nagusiek edo elizbarruti bakoitzeko gotzainek gertakarien berri ez zekitenik. Logikoa da, beraz, pentsatzea ikastetxeetako zuzendari, kongregazio erlijiosoetako nagusi edo gotzainok estali egin dituztela gertakari horietako gehien-gehienak. Ez ote dituzte, bada, jarraitu, ia gaur arte, Luis Ladaria, Fedearen Doktrinarako Kongregazioko Prefektuak 2015an (duela 7 urte besterik ez), egungo aita santuaren aitasantutzan, emandako isiltasun-jarraibideak?

Gertakariak argitara ateratzen –tantaka oraindik, zaparradan laster– ari diren honetan, gotzainen kupula –salbuespen ohoragarri batzuk kenduta– kaltea minimizatzen saiatzen dira oraindik, edo lausotzen bestela, ume-argudio lotsagarria baliatuz, alegia: abusuak ez dituela Eliza katolikoak bakarrik egin, beste hainbat erakundek ere egin dituztela (familiak nahiz aisialdi-, gizarte-, kultura- eta kirol-erakundeak eta beste). Lotsagarria da bere burua egiaren eta ongiaren berme goren eta hutsezin gisa, gizatasunaren etxe, Jesusen Ebanjelioaren eredu gisa aurkeztu duen erakundearentzat. Traizioa da hainbeste mendetan harengan konfiantza izan duen konta ezin ahala herritar xumeen aurka.

Baina badator egiaren ordua. Ez aitorlekuko egia, “jainkozko legearen” aurkakoa omen duen eta zigorra merezi omen duen erruaren egia; ez “kastitatearen aurkako bekatua” apaizari aitortzean eta hark “Jainkoaren” izenean emandako absoluzioa jasotzean datzan egia, biktima bakarra “Jainkoa” bailitzan; ez zeruaren errukia berreskuratuz eta hurrengo arte erru-sentipen larritik libre geratuz egiaztatzen den egia; ez ezkutuko penitentzia pribatuan gauzatzen den egia, “bekataria” diskretuki tokialdatuz beharbada, harik eta hurrengo lekuan historia bera errepikatuko den arte, biktima gaixoen zoritxarrerako. Bekatuari eta barkamenari buruzko teologia zaharraren egia horiek, penitentzia-sistema katolikoaren egiak oro har, gezur handia dira. Eta sexuaren gaitzespenez eta errepresioz, heldugabetasunez, nartzisismoz eta larritasunez jositako gezur neurotizatzaile horrek azaltzen ditu, neurri batean, adingabeen nahiz adindunen aurkako sexu-abusu asko.

Gezurrak ez du askatzen. “Egiak askatuko zaituzte –esan zuen Jesusek–. Zientzia psikologiko eta soziologiko guztiek ere halaxe diote. Egia aitortzen dugunean bakarrik izango gara aske biktimak, biktimarioak, zu eta ni, gizarte osoa –denok gorputz bat bakarra osatzen baitugu–: egindako kaltearen eta jasandako sufrimenduaren egia, hainbat drama intimoren, minaren eta bere hedadura osoaren, biktimaren umiliazioaren eta maiz bizitza osoan iraungo dion lotsaren egia aitortzen dugunean.

Iker bitez, beraz. Eta ikerketa ez bezate inondik ere elizgizonek kontrola edo gida. Eta Eliza juzgatzen ari den kasu guztiak igaro bitez jurisdikzio zibilera, egia libreago atera dadin argitara, biktima guztiek bakea eta bizi-poza berreskura dezaten ahal den neurrian. Eta baita ustezko biktimarioek beren burua hobeto defendatu ahal izan dezaten ere, baita horretarako ere.

Guztiok desira eta bila dezagula, ez morbo eta zauri-grina mediatikoaren, erresumin, zigor eta mendekuaren egia krudela, baizik eta askatzen duen egia, sinesten duen egia, sendatzen duen egia: biktima lehenik, baina biktimarioa ere bai gero, eta baita eliz erakundea ere, bere isiltasun, praktika ezkutatzaile eta faltsukeria sistemiko sakonekin.

Aizarna, 2022ko otsailak 18