Nola sortu zen gerra

Bi monjek urte luzeak zeramatzaten elkarrekin, eta sekula ez zen haien artean eztabaidarik izan.

Halako batean horretaz ohartu eta harriturik gelditu ziren. Elkarri esan zioten ezin zutela horrela jarraitu, ezagutu beharra zeukatela elkarren arteko liskarrak dituen hainbat jenderen esperientzia; bestela ezingo zituztela ulertu, ezta lagundu ere.

Bietako bati zera otu zitzaion: harri bat hartu eta, gogor atxikirik, berea zela esango zuen; besteak ere harria berak nahi zuela adierazi behar zuen, eta ez zela lehenengoarena, aurrena berak ikusi zuela eta. Horrela, eztabaidan hasiko ziren. Ideia ederra iruditu zitzaion lagunari.

Beraz, hartu zuen lehenengoak harria eta esan zuen: “Nirea da!”. Besteak erantzun zion: “Beno, zurea dela badiozu, zurea izango da. Hartu, bada”. Ez zekiten eztabaida nola jarraitu. Paperak aldatu zituzten, baina gauza bera gertatu zen berriro.

Azkenean, bertan behera utzi zuten jokoa, oharturik norbaitek “Hau nirea da” esaten duenean hasten direla gizakien arteko eztabaida, liskar eta gerra guztiak.