Inbasioa gelditu, politika sustatu

Basakeria, lazkeria, gizagabea, ikaragarria… hiztegiak ez dira aski egun hauetan Ukrainako lautadetan eta hirietan, Europa zibilizatuaren bihotzean, ikusten ari garena deskribatzeko. Nolatan iritsi gara –pluraleko lehen pertsonan diot– honaino XXI. mendeko 20ko hamarkadan, hirugarren mundu-gerraren –nuklearra oraingoan– ertz-ertzeraino, beste bi mundu-gerra eta gero, hemen bertan sortuak horiek ere, non eta hemen, zientzien eta arrazoiaren Europan, askatasunen eta giza eskubideen Europan, duintasuna, giza balioak eta gizateriarekiko fedea bermatzen ei dituen Europa kristauan? Dena gezur hutsa ote? Tristurak hartua nauka.

Halere, nire ahots ahula batu nahi nuke, ahal dudan moduan, Ukrainaren deiadarrarekin eta Errusiako plazetako gazte adoretsuen protestekin. Gauden amildegiaren hegi honetan, gerra hau geldiaraztea da premiazkoena, zentzuzko bide guztiak baliatuz: diplomatikoak, politikoak, ekonomikoak –hauen prezioa ordaintzeko prest ote gaude, ordea, ala nahiago izango ote dugu geure etxeetarako gas berogarria eta hazkunde-indizeak ziurtatu?–. Arrazoizko bide guztiak baliatuz, beraz, baita… ikara ematen dit esateak, baina esan egingo dut: baita ekintza militarra ere, guztiz ezinbestekoa den neurrian.

Eta hala diot, jakinaren gainean gerra gizateriaren porrota dela beti eta sufrimendu bidegabeen iturri. Etikoagoa eta adoretsuagoa izango litzateke plaza errusiar guztiak beren gobernu krudelaren aurkako protesta aktibo eta baketsuz gainezka jartzea, Ukrainako errepide guztiak erresistenteen oldeez betetzea, besoak gora dituztela tanke errusiarren aurrean. Baina nola eska geniezaieke hainbeste heroismo martirizko, baldin eta geuk ere haiekin batera eta tiroen lehen lerroan bizia arriskatzen ez badugu? Ukrainak eskubidea du eraso basati honi aurre egiteko eta berau bertan behera geraraz dezan laguntza jasotzeko. Premiazkoa da. Jakin dezagun, hala ere, erresistentzia armatua ez dela inoiz aski izango, eta ez lukeela inoiz gainditu behar izateko arrazoi dugunaren irizpidea: lurraren eta gizadi osoaren onura komuna.

Garrantzizkoa ez da premiazkora mugatzen. Eta ezin dugu ahaztu historia hau guztia ez dela hasten otsailaren 24ko errusiar inbasio onartezinarekin, lehenago baizik, Maidan plazako manifestazio Europa zaleekin eta 2014an Yanukovich boteretik kentzearekin, eta Putinen fantasia paranoikoekin, are lehenago, Sobietar Batasunaren 1989ko kolapsoarekin eta bere inperioaren desegite desordenatuarekin, oraindik ere lehenago, NATOren eraketarekin eta handik abiatu zen gerra hotz gogorrarekin, eta askoz ere lehenago, estatu-muga guztiak –bortizki beti– ezartzearekin, eta inperio handi nahiz txiki guztien handinahiarekin. Eta Homo generoaren gene eta neuronetan errotuak diren beldur eta irrikarekin, zeinak Sapiens espeziean Lurreko beste ezein bizidun-espezietan iritsi ez diren biolentzia –eta dementzia– mailetara iritsi baitira. Suntsipen orokorrera bidean gara.

Erremediorik izango ote dugu? Ez gerraren bidez. Defentsa-gerra justifikatua izan daiteke, eta guztiz tamalgarria zait neure burua horrela pentsatzera behartua sentitzea. Baina gerrak azken aukera izan beharko luke, eta ahalik eta gehien beharko lituzke mugatu iraupena eta kalteak, eta, azken buruan, ez erasotzailearen aurkako gorroto eta egarri aseezinak, baizik eta… harenganako errukiak eta hura bere buruarengandik salbatzeko borondateak bultzatua beharko luke izan. Defentsa-gerra baten aurretik, beraz, elkarrizketa eta ulermen politikorako egin ahala guztiak egin beharko lirateke. Ez da irtenbiderik izango Europarentzat, ezta munduarentzat ere, baldin eta ikuspegi tribal, inperial, kolonial, estatalen arabera ikusten baditugu, batzuk besteen kontra, guztion zoritxarrerako. Ez da konponbiderik izango baldin eta gizaki guztiok geure burua eta elkar senidetasunezko elkarte  bezala ikusten, tratatzen eta antolatzen ez badugu, bizidun guztien neba-arrebatasunezko elkartearen baitan. Gerra porrota da.

Geldi bedi, beraz, infernu hau eskura ditugun bitarteko etiko guztien bidez, baina, are sutsuagoa eta planetarioagoa izan litekeen hurrengo infernua saihestu nahi badugu, susta bedi politika planetario handia, XXI. mendean zentzuzkoa den bakarra, herri guztien mugarik gabeko senidetasunaren Espirituak, biziaren eta bizipozaren Espirituak, haren su sortzaileak inspiratua.

Aizarna, 2022ko martxoak 8