“Emearen bideaz” zenbait galdera

Komunitateari, euskal herrigintzari, kulturgintzari, feminismoari, gizadiaren eta gizatasunaren etorkizunari buruzko hausnarketa bakartian aurrera darraio Galo Martinez de la Pera-k. Mamiz eta distiraz jarraitu ere. Oraindik orain argitaratua du Emearen bidea supergizakiaren aroan (Alberdania 2022), estilo bikainean idatzia: sakon bezain arin, bristadak darizkiola, hari finez trebeki ehundua oso-osorik, hasi eta buka.

Egungo munduak daraman bideari eta gainean dituen arrisku larriei ondo igarrita dago idazlea. Gizadi osoak eta herri bakoitzak, herri gutxituek eta herri-gabetuek, gizaki gutxituek eta duintasun gabetuek, bizi ditugun zauri lazgarriez eta eraikitzen ari gaitezkeen etorkizun are lazgarriagoaz alerta jotzen du, konformismotik eta etsipenetik urrun. Estimagarria da ahalegina, eta funtsean bat nator berarekin. Nahasbideak ere aurkitzen ditut, ordea, argibideen artean. Kateatzen nauten bost galdera nagusi aipatuko ditut:

1. Nietzscheren supergizakia gizagabe? Supergizaki hitzak Nietzsche, pentsalari jenial bezain profetikoarengana garamatza. Duela 150 urte iragarri zuen, Honela mintzatu zen Zaratustra obran, supergizakiaren etorrera. Izate beteranzko bidean, dio, giza espirituak hiru eraldaketa zeharkatu behar ditu: lehenengo gamelu bilakatzen da, gero lehoi, azkenik haur. Gamelu zamatu, otzan eta makurtuak lehoi libre bihurtu behar du: hagin zorrotzak atera, botere zapaltzaile guztiek –erlijioek, besteak beste, eta kristautasunak bereziki– ezarri dizkioten legeak eta zamak gainetik astindu, bere buruaz eta botereaz jabetu. “EZ!” esan, libre izan. Bere boterearen betera iritsiko bada, ordea, lehoi azkarrak haur jostalari, errugabe, kreatzaile bihurtu behar du. Bere izangaitasun osoari “BAI!” esan, haur izan.

Haurra! Galo Martinezek, ordea, filosofia kontserbadoreak eta teologoek hedatu dituzten topikoei jarraituz, supergizaki hitza botere-gose apetatsu, nihilista eta mugagabearen izen bezala hartu du. Hitler izango litzateke, beraz, supergizakiaren enkarnazioa. Edo Stalin. Edozein diktadore. Eta XXI. mende honetan, zehazkiago, Facebook, Amazon eta Google-k, bioteknologiaren eta infoteknologiaren bidez, sortu nahi luketen espezie transhumanoa, gizakia jainko bihurtuko lukeen makina gizagabea, gaixotasunak eta heriotza betiko gaindituko lituzkeen transgizakia, gizadi arrunt gaixobera eta hilkorra bere mendean hartuko lukeen diktadore absolutu krudela, errukirik gabeko kontzientziaz eta askatasunaz hornitua. Aldoux Huxleyren amets gaiztoa. Gizakiaren suizidioa eta, azken batean, guztion hondamendia.

Guztiz ados nago, munstro beltz horren sorrera dela gizadiak aurrean duen arriskurik larriena. Baina galdetzen dut: Galo Martinezek zentzurik negatiboenean ulertzen duen supergizakiak ba ote du zerikusirik Nietzscherenarekin? Nire ustetan ez. Nietzschek zentzurik positiboenean ulertu eta iragarri baitzuen supergizakia, giza generoak berekin duen izangaitasun goren gisa: elkartasunean oinarrituriko kontzientzia, askatasun solidarioa, ontasun zoriontsua. Supergizaki haurra. Eta –neure inozoan?– sinesten dut, gizakiak inoiz eman duen aurrera-pausu ebolutiborik handiena onerako eman dezakeela, hau da: giza gaitasun fisko, mental eta espiritualak oraingo gizakiarenak baino askoz harago gara ditzakeela, zientziei, politikari, hezkuntzari eta ariketa espiritualari esker. Zientziarekin bakarrik ez, noski, baina zientziarik gabe ere ez. Bidegabe deritzot, beraz, Galok dioen bezala esateari, zientzialariak botere finantzario totalitarioekin aliatuak daudela, elkartasuna eta errukia lurretik ezabatzeko.

2. Harari, supergizaki gizagabearen profeta? Are bidegabeago deritzet Galo Martinezek Yuval Noah Harari, israeldar historialari eta pentsalari gaztearen aurka barra-barra jaurtitzen dituen deskalifikazioei. Hari buruzko hitz hauekin hasten da liburua: “Gazte sionista bat, bere Estatuak ezartzen dituen behar eta zama guztiak bihotz onez jasaten eta onartzen dituena” (13. or.). Ez ote daki Galok, Israelgo hiritar arabiarrak diskriminatzen dituen estatu-legearen aurkako kritikorik nabarmenetako eta inplikatuenetakoa dela Harari, eta Netanyahuren etsaigoa bereganatu zuela ondorioz? “Nazismoa zuritzea eta justifikatzea” (55) leporatzen dio Galok, demokrazia eta giza eskubideak suntsitu nahi izatea (19), “zientzia eta teknologiaren mirarietan itsu-itsu sinestea” (36), “zientziari esker gizakia jainko bihurtuko” (56) dela promestea, “giza eskubideak eta demokrazia erlijio monoteistaren fruitu pozoitsuenak” direla baieztatzea (61), “zientziaren eta botere faktikoen artean bitartekari-lana egitea” (33). “Harariri axola zaiona agintarien klasea da, horiei saldu nahi die-eta bere proiektua” (59), dio, eta “Harariren supergizakia neonazia” ez ote den galdetzen du (60). Harariren analisi historikoak “pellokeria”tzat jotzen ditu (24), eta “saltzaile on”, “txerpolari iruzurti” (35) eta “analfabeto zientifiko” (55) deitzen dio. Laburbilduz: “Garbi dago Harariren supergizakiak totalitarismoa dakarrela besapean” (63).

Harariren 1500dik gora orrialde arretaz irakurriak ditut, eta niretzat garbi dagoena zera da: Galo Martinezek ez duela hura ulertu. Hark ez baitu Homo deus supergizaki jainko teknologiko ahalguztiduna defenditzen. Inondik eta inola ez. Elite ekonomiko-militarrek, infoteknologiaz eta bioteknologiaz baliatuz, sor dezaketen munstro (robot nahiz ziborg) hilezkor eta totalitarioa deskribatu besterik ez du egiten; eta XXI. mende honetako erronkarik handienaz, giza generoak daramatzan 3 milioi urteetan eta Homo Sapiens-ak daramatzan 300.000 urteetan inoiz gertatu den hondamendirik apokaliptikoena gertatzeko arrisku larriaz ohartarazten gaitu: elikatzen ari garen munstroak, mende honetan bertan, gizaki gehienok alferreko masa bihur gaitzakeela… Proiektu totalitario guztien aurrean begiak zabaldu eta erantzukizunez jokatzera deitzen gaitu Hararik. Galo Martinezen irakurketak harri eta zur nauka.

3. Sendagileak estrategia totalitarioaren alde? Covid-19a pandemiak, honen inguruan sistema kapitalista finantzarioak eraiki duen sarea medio, ezin argiago erakutsi digu, dio Galo Martinezek, “Harariren supergizakiaren benetako jitea” (65), haren izaera eta jokabide totalitarioa. “Osasun totalitarismoa” (80) gauzatzeko aukera eskaini omen du pandemiak, beldurraren armaz baliatuz. “Boterea eta zientzia batu eta berdindu dira” (70), izua noranahi zabaltzeko, dena kontrolpean hartzeko, irabazleen irabazirako. “Etxeak eta gorputzak gure kartzela bihurtzen dituzte” (85). Eta “gure beldur guztien erantzunak izen bat du: txertoa” (82). Noren menpe eta noren zerbitzura daude sendagileek errezetatzen dizkiguten farmakoak, “osasun-zientzia objektibo” guztia? (77). “Farmazia-industria erraldoiaren menpe” (67-68), noski; azken batean, “finantza-kapitalismoaren etekinen mende” (68). Zergatik ez genuke gauza bera esango, ordea, postari, su-hiltzaile, irakasle, kazetari eta… idazle guztiez? Egia orokorrak zehatzean gezur bihurtzen dira sarri.

Bereziki gogor gertatzen zaizkit pandemiako heroi izan diren osasun-langileei buruz botatzen dituenak. Elkarren “osagarriak dira –dio– estrategia antiterrorista eta antibirala” (80), “polizia eta armada sanitarioa” (80), “artalde sanitarioa” eta “artalde antiterrorista” (78), “polizia antiterrorista eta polizia epidemiologikoa”, “errepresio-sarea osatzen duten” “bi polizia-mota” (84). Eta ebazten du: “mediku gehienak estrategia totalitario horren alde agertzen dira ia aho batez” (81). Gure bizia salbatzeko eurena arriskatu edo eman duten milaka eta milaka sendagile, erizain eta osasun-langilerengana doakit gogoa. Barka biezagute!

4. Iraultza posible ote politikarik gabe? Bat nator Galo Martinezek proposatzen duen “politika negatiboarekin”, hots, supergizakiaren politikari, boterean eta irabazian, indarkerian eta lehian oinarritzen den politikari, berau egituratzen duen estatu autoritarioari uko egitearekin. Ados nago iraultza kulturala gauzatu behar dugula, mintzairaren iturburuak eta bizi-sorguneak berraurkituz, hizkuntzaren arima eta erabilera berreskuratuz, mitoen, erritoen, jaien, musikaren eta lurraren espiritua arnastuz. Ados, baita ere, ongi ulertzen badut, “independentzia linguistiko-kulturala” dela beharrezkoa eta ez “independentzia politiko-ekonomiko burgesa” (100-113), lurra ez baita inorena eta ekonomiak, gizatiarra izango bada, solidarioa behar baitu.

Bai. Baina horiek guztiak ere ez ote dira irizpide politikoak? Oso eztabaidagarria iruditzen zait iraultza kulturala iraultza politikoari kontrajartzea, “iraultza eremu politikotik kanpo kokatzen” duela (220) edo benetako “komunitatea ezin dela politika bidez eratu” (220) esatea. ¿Politikarik gabe bai? “Ez dago demokrazia iraultzailerik, ez Estatu demokratikorik” (95), dio borobil –eta arrazoiz–, baina demokrazia osorik ez delako politikarik ez egitea ongi datorkio supergizakiaren diktadurari. Nola gauzatu nahi duzu, Galo, aldarrikatzen duzun “politika negatiboa” nolabaiteko politika positiboa bideratu gabe? Nola nahi duzu eratu eta bermatu gizarte komunitarioa, erresistentziazko komunitate iraultzaile eta abegitsuak, lurrari itsatsiak eta lurraren jabe bihurtuko ez direnak politikarik gabe, are nolabaiteko estatua –bestelakoa, berria– imajinatzen eta eratzen saiatu gabe? Nola ahalbidetu gizakiaren kontzientzia hedatuagoa, sentsibilitatea, hurkotasuna, gupida, haurtasun heldua…, erakunde (nahi eta ez politiko) gizatiarragoak bultzatu gabe, ikerketa zientifikoak, hezkuntza, osasun-zerbitzuak nahiz garraioa antolatu gabe? Ezinbestekoa da EZ esatea; BAI esatea ere bai.

5. Non dira arrak emearen bidean? “Emearen bidea” proposatzen du Galo Martinezek aurrera egiteko. Bat nator hemen ere esan nahi duela deritzodanarekin: genero-berdintasuna, hezur-haragizko gizaki zaurgarri eta hilkorren komunitatea, erruki-iraultza behar ditugula. Baina zenbait baieztapeni nahasgarri deritzet. Nahasgarri zait, esate baterako, “bizitza, berez, emea dela” (222), “emearen lehentasuna aitortu behar dela” (223), “mugimendu feministak baino ez du(ela) iraultzaren jatorrizko lekua” (245) eta horrelakoak esatea. Ez dakit zergatik erreibindikatzen duen zehazki “emearen erlijioa” eta zergatik kokatzen dituen arreta, jaia, musika, dantza, errukia, haurren irribarrea edo biziaren logika (243), baita “euskaldunon jaia” (247) ere, emearen bidean. Emearen bidean bakarrik eta ez arrarenean? Emearen bidean gehiago arrarenean baino? Ezin dut pentsatu arrarekiko menpetasuna emearekiko menpetasunaz ordezkatzea denik Galo Martinezek proposatzen duen iraultza-bidea. Edo ulermena dut nahasturik edo bere hizkera da nahasgarri.

Emea ala arra, beraz? Ez, emea eta arra, sexu-orientazio eta genero-identitate guztiak, elkarren bidelagun, menpetasunik eta hesirik gabe, bakoitzaren bidea beste guztiena ere bai baita. Ez inor ez ezer ez baita bestea gabe, beste guztiak gabe. Munduko atomo guztietan ere elkarren osagarri dira protoiaren polo positiboa eta elektroiaren negatiboa, bien artean eragiten diotelarik unibertsoaren dantza kreatzaileari.

Aizarna, 2022ko irailaren 12a