Zer du Homo Sapiens-ak?

Harrigarria gertatzen zait zientziaren eta haren ondoriozko teknologiaren aurrerapena. Sinestezina da gure Sapiens espeziearen arrakasta kolektiboa, gutxiago sufrituz eta erosoago bizi ahal gaitezen. Ez nuke, inolaz ere, duela 200 urteko bizi-baldintzetara itzuli nahi: txertorik, antibiotikorik eta anestesiarik gabe, bizikletarik, autorik eta trenik gabe, pospolorik eta argi elektrikorik gabe, hozkailurik eta igogailurik gabe, telefonorik eta irratirik gabe. 1995era ere ez nuke itzuli nahi, urte hartan oraindik ez bainuen Internetik, ezagutu ere ez nuen egiten.

Baina hemen zalantzak datozkit oldartsu. Ez nuke Interneten beharrik izango ezagutuko ez banu –halaxe gertatzen zaigu gauzarik “beharrezkoenekin” ere–. Gehiago, uste dut arazo handirik gabe utziko nukeela alde batera, baldin eta bizikide eta lankide ditudanek ere ez balute –eta gauza bera aplika dakieke bizitza errazagoa eta… konplexuagoa bihurtzen diguten hainbat eta hainbat berrikuntzari–. Beraz, besteek badutelako behar dut Internet. Besteentzat lagungarriago izan nahi dudalako ote, ala ez dudalako atzean geratu nahi? Haiek irabaztea nahi dudalako ote ala nik galtzerik nahi ez dudalako? Ez dakit oso ondo, edo ez naiz jakitera ausartzen, zerk eragiten didan gehien. Arrazoi nobleenek ezin dituzte ezkutatu motibazio ilunenak: gehiago izan, ukan, egin nahia. Nire itzalak eta kateak dira, edonorenak gutxi gora behera.

Nork libratuko nau, bada, egoera honetatik?, galdetzen diot neure buruari, Tartsoko Paulok bezala, eta naizena izanarazi nauten “beste” guztiek eta, euren argi-itzalekin, direna nik ere izanarazi ditudan “beste” guztiek bezalaxe. “Izakiarte” gara, sareko izaki, hoberenerako eta okerrenerako. Eta horrela denok denean eta gero eta gehiago. Zientziaren eta teknologiaren aurrerapen bakoitza interes-sare bat da, interes altuenen eta baxuenen sarea. Lorpen bakoitza galera-mehatxu bihurtzen da, aurrerapen bakoitza atzerapauso. Zein izango ote azken balantzea? Ikaragarria galdera.

Adibidez. Dagoeneko posible da zelula ametatik okela fabrikatzea, 20.000 tona zelula bakar batekin. Luxuan zainduak diren eta inoiz sakrifikatuko ez diren 150 behirekin aski litzateke gizadi osoak nahi adina okela jan dezan. Eta foi-grasa, urdaiazpikoa eta gure Delicatessen krudel guztiak. In vitro okelari esker, akabo animalien hilketa. Kitzikagarri zait albistea. Albiste hau, ordea, ez dator bakarrik: dozenaka eta dozenaka enpresa berri hasiak dira dagoeneko, zein baino zein, lasterketa eroan okela ekoizten. Ekoizle eta kontsumitzaile, ez ote dugu jarraituko denok abeltegietako abere begetariano koitadu batzuk izaten, kapitalaren kateak seriean sakrifikatuko dituenak?

Beste adibide bat, gaurkotasun betekoa. Oraindik orain, Pfizer farmazeutikoak Covid-19aren, gizateria osoa beldurrez airean daukan birus txikiaren aurkako txertoa iragarri zuen. A zer lasaitua! Baina gero jakin genuen, iragarpena egin eta hurrengo egunean Pfizerreko kontseilari delegatuak enpresan zituen akzio ia guztiak, aparra bezala igo zirenak, saldu egin zituela, bat-batean milioika euro poltsikoratuz. Pfizerren txertoa ziurra izango da, sinesten dut zientzialariengan, baina haren kontseilari ordezkaria ez zait fidagarria iruditzen, eta beldur naiz lasterketa honetan txertoa eta irabazia lortzeko lehiatzen diren ehundik gora konpainietako askotan ez ote den gauza bera gertatuko, zientzialariak gora behera, txertoek seguru izateari ez ote dioten utziko, osasunaren eta diruaren artean ez ote den dirua irabazle aterako. Gutizia pertsonala eta sistema kapitalista nagusi diren mundu honetan, pandemiarik txarrena baino okerragoa da espekulazioa. Burtsa eta akzio madarikatuak, Covid-19a baino askoz kaltegarriagoak gure osasun eta ongizaterako, gure zoriontasun indibidual eta kolektiborako, biak bat baitira!

Eta galderak areagotzen dira: zer gertatzen zaigu gizakioi, geure emozio eta ideia nahasi eta engainagarrienek hain erraz harrapa gaitzaten? Zergatik saiatzen gara besteak baino gehiago jakiten, ahal izaten, edukitzen, jatorri eta zori bereko izanik? Zergatik, bat garelarik izan, ez gara gai besteren ongiaz geureaz bezala gozatzeko eta disfrutatzeko? Zergatik itotzera garamatzan aurrerapen-erritmo zorabiagarri hau, zeren zenbat eta gauza gehiago asmatzen ditugun hobeto bizitzeko, orduan eta korrika azkarrago egitera behartzen baitugu geure burua, arnasa galtzeraino? Zergatik lehiaketa zentzugabe hau, hasieratik geure zibilizazioaren oinarri duguna eta espeziearen hilobia zulatzen ari zaiguna?

Ez da inolako jatorrizko bekatu edo erorketa baten ondorio. Oraindik osatu gabeko kreazioa garelako da, biziaren, Lurraren, kosmosaren bilakaeraren fruitu amaitu gabea garelako. Inoiz bururatzen zait eboluzioaren errore bat garela, baina eboluzio osoa da, zientzia den bezalaxe, entsegu- eta errore-prozesu etengabea. Primate hominidoen azpi-leinu batean, duela 2,5 milioi urte, garun garatuagoa zuten leinukide batzuk jaio ziren, lehen Homoak, eta, askoz geroago, duela 300.000 urte, gure Sapiens espeziea, are gaitasun handiagoa zuen garunaz hornitua irudimenerako eta beldurrerako, lankidetzarako eta gerrarako, komuniorako eta gorrotorako, zorionerako eta zorigaitzerako, bakerako eta larritasunerako, Baden Ororen kontzientziarako eta egoaren itsukeriarako. Bata bestearekin doa, eta horrela jarraitzen dugu, nahi dugun ongia egin ezinik eta nahi ez dugun gaizkia eginez. Desorekan dauden izakiak gara, urratuak, barne-harmonia egonkorrik gabeak. Amaitu gabeko izakiak.

Zer espero dezakegu? Amesten dugun onena bizi-arnasa sakonarekin sustatzean datza esperantza. Amesten dut egunen batean jauzi berri bat egingo dugula banako eta espezie gisa. Amesten dut gerenteek, interesek eta sistema inhumanoek maneiatu gabe, zientziek identifikatuko dituztela gure sortzetiko haustura horren eragile diren neuronak. Amesten dut zientzia, hezkuntza eta politika ezberdinek, tradizio espiritual, erlijioso nahiz ez erlijiosoek inspiraturik, pairatzen ditugun disfuntzio larriak zuzentzeko eta gure ahalmen zoragarriak indartzeko modua aurkituko dutela, eta humanoagoak izatera iritsiko garela, transhumanoak izan edo posthumanoak izan.

Lortuko ote dugu ametsa esperantza bihurtzea, gure barrenean eta den guztiaren barrenean taupadaka ari den bizi-arnasa ager dadin azkenean eta forma har dezan?

Aizarna, 2020ko azaroaren 20a