Emakume bat tratu txarrak jasana

Duela hogeita hamar urte inguru gertatu zen hau, Ganges ibai bazterrean, Benaresen. Emakume batek –hogeita hamar urte bezala eduki zitzakeen berrogeita hamar, horretarainoxe erasana baitzion tuberkulosiak– semetxo bat zeukan besoetan eta bi urte inguruko alaba ondoan.

Ez zegoen itxaropenik beretzat. Senar alkoholiko baten biktima izan zen, eta halako batean senarrak abandonatua. Beraz, haren bizitza, edonondik begiratzen dela ere, porrota eta oinazea besterik ez zen izan. Seguruenik, besoan zeraman haurtxoa hil egingo zen, eta berak ere bazekien ez zuela bizirik luzaroan iraungo.

Solasean jardun genuen. Kristau aurreiritziek edo, hobeto esan, giza aurreiritziek eraginda, bera kontsolatzen saiatu nintzen, eta esan nion: “Nola jasan dezakezu horrelako bizitza?”. Bera ez zen kristaua, hindua baizik.

Nire harridurarako, emakume hark –bere oroitzapenak oraindik ere hunkitu egiten nau– pozik zegoela adierazi zidan biziaren banketera gonbidatua izanagatik, pozik ezkon bizitzako zoriona dastatu izanagatik, nahiz eta laburra izan –berehala ezagutu baitzuen laztura–, pozik bi bider ama izanagatik, eta pozik gonbitea amaitzera zihoakiola jakiteagatik.

Eta hantxe zegoen, esker onez beterik, ezerezetik betetasunezko unetxo bat gozatzera gonbidatua izan zelako pozik. Zer gehiago desira zezakeen? Existitzen ez zen, edo oraindik bederen ez zen, etorkizuna? Jada existitzen ez zen iragan baten oroitzapena? Bizi izan zen, eta une bateko argi-errainu hori aski zue, aski eta gehiegi.

(Raimon Panikkar, Entre Déu i el Cosmos, 2006)