Hostoa eta zuhaitza

Ageriko presentzia galdu zaigun guztien oroimenezko parabola

Udazken-arratsalde batez parkean nengoen, bihotz-itxurako hostotxo polit bati begira liluraturik. Kolore gorrixka zuen eta adarretik zintzilik bezala zegoen, erortzear zirudiela. Denbora asko eman nuen berarekin eta galdera asko egin nizkion. Hostoa zuhaitzaren ama zela jakin nuen. Zuhaitza ama dela pentsatzen dugu normalean, eta hostoak kumeak, baina, hostoari begira, zuhaitzaren ama ere bazela ikusi nuen. Sustraiek xurgatzen duten izerdia ura eta mineralak baino ez dira, eta ez dira aski zuhaitza elikatzeko. Beraz, zuhaitzak hostoetara banatzen du izerdia, eta hostoak arduratzen dira izerdi errudimentario hori izerdi elaboratu bihurtzeaz eta, eguzkia eta gasa lagun, bueltan bidaltzeaz zuhaitza elikatzeko. Gainera, hostoa zuhaitzarekin zurtoinaren bidez elkartzen denez, aise ikusten da bien arteko komunikazioa.

Hostoari galdetu nion ea beldur zen, udazkena iritsia zelako eta beste hostoak erortzen hasiak zirelako. Orriak esan zidan: “Ez, ez naiz beldur. Udaberri eta uda osoan oso bizirik egon naiz. Arbola elikatzen saiatu naiz eta lagundu dut, eta neure buruaren zatirik handiena arbola honetan dago. Mesedez, ez esan forma txiki hau besterik ez naizela, hostoaren forma ez baita nire zati txiki bat baino. Zuhaitz osoa naiz. Badakit zuhaitzean nagoela eta, lurrera itzultzean, zuhaitza elikatzen jarraituko dudala. Ez nau, beraz, kezkatzen. Adar hau utzi eta airean zehar lurrerantz noala, zuhaitza agurtuko dut eta ‘laster arte” esango diot”.

(Tich Nhat Hanh, zen vietnamdar maisua, Ser paz, 1999)