Zer izango naiz hil ondoren?

Ez zaigu gustatzen heriotzaz hitz egitea, gure eguneroko bizitzaren parte delarik, izan. Ez zaigu gustatzen heriotzari buruz hitz egitea, baina – edo, agian, zeren – heriotzak min ematen digu oraindik. Eta besteren heriotzak ematen digu minik handiena, uzten dituen bakardade abailduarekin eta hutsunearen tristurarekin, geratzen diren oroitzapen mingarriekin eta dolu itxi gabeekin, eta gertukoenen artean maiz sortzen diren gatazkekin. Heriotzak malko-ibaiak isurtzen jarraitzen du: atsekabezko malkoak, malko lasaigarriak, baita kontsolamenduzko malkoak ere.

Beste animalia askok ere, beren erara, egiten dute negar hurbileneko hildakoengatik eta, doluarekin batera, nolabaiteko hileta-erritoak ere egiten dituzte, beren erara. Dolua ez da gizakion ezaugarri bereizgarria, ez esklusiboa. Ez dugu ezer esklusiborik. Baina ukaezina da hilobiratze errituala gizateriaren aztarna kultural zaharrenetako bat dela, lehen erlijioak sortu baino milaka urte lehenagotik. 2018an, duela 78.000 urte inguruko Sapiens haur baten gorpuzkiak aurkitu ziren Kenyan; mimoz eta samurtasunez lurperatua zen, lotan jarri balute bezala. Israelen, duela 90.000 eta 130.000 urte arteko hainbat hilobi identifikatu dituzte, Sapiens nahiz Neanderthal. Eta Paleolito bete-betean badira hilobiak, non giza hondarren azpiko lurrak polena duen, bizitza ernaltzeko gaitasuna duten zelulez hornituriko hauts zoragarria; giza hondakin horiek lorezko ohantze baten gainean utziak izan ziren, beraz, ernamuindu, loratu eta fruitua emango zuten –biziko ziren– itxaropen isilean. Hileta-erritu horiek baliagarri zituzten –guk ere geure errituak, erlijioso nahiz laikoak, lagungarri ditugun bezala– pena arintzeko, gatazkak baretzeko, aurrera jarraitzen duen eta zaindu behar den bizian konfiantza indartzeko. Oker ote zeuden?

Handik luzarora, hil ondorengo bizi-itxaropen ilun hori adierazten zuten mitoak sortu zituzten eta kontzeptualki adierazten zuten doktrinak eratu. Sinesten dut itxaropen horretan, baina berau adierazten duten kontzeptuetan ezin dut sinetsi. Garai batean balio izan zuten adoreari, konfiantzari, biziari eusteko. Gaur egun ez digute balio. Gaur ezin dut sinetsi atmana, “arima” edo kontzientzia edo Nia edo norberatasun sakona, heriotzaren ondoren, beste gorputz batean berraragiztatzen denik, karmaren lege saihetsezinaren arabera. Ezta “arima” hilezkorra denik eta gorputz fisikoa disgregatu ondoren bereiz bizirauten duenik ere. Ezta munduaren amaieran berpiztuko garenik ere, Jesusen garaiko judu batzuek uste zuten bezala, eta judu, kristau eta musulman askok sinesten jarraitzen duten bezala. Ezin dut sinetsi “Jainko” zorrotz zein onbera baten aurrean inolako judiziorik izango denik, ez gaiztoentzat betiereko infernurik, ezta zintzoentzat paradisu zoriontsurik ere. Kontzeptu horiek guztiak deseraiki beharra dago arrazoi sinple batengatik: jada gurea ez den mundu-ikuskera bati lotuta daudela.

Zer egingo dugu, bada, kontzeptu zaharkitu horiekin guztiekin? Ahaztu daitezke eta behin betiko baztertu, baina berrinterpretatu ere egin daitezke. Pertsonalki, gehienetan, berrinterpretatzera jotzen dut, zeren ez baitugu hizkuntza asmatzen, eta hitz egitea berrinterpretatzea baita beti, zaharretik berria ateratzea. Ez dut sinesten kontzeptu horiek diotena, baina sinesten dut erreferitzen zaizkion eta oraindik ere iradoki dezaketen esanezinean.

Sinesten dut bizitzea norberaren burua ematea dela, eta ematea dela garena jasotzeko eta izateko modurik onena. Hiltzea norberaren burua erabat hustea edo osoki ematea dela, eta hustea eta erabat ematea dela erabateko izatera igarobidea. Egunero ahalik eta hobekien hiltzen ikasiz ikasten dugula bizitzen, eta egunero ahalik eta ongien, ontasun askatuan eta zoriontsuan, bizitzen ikasiz ikasten dugula hiltzen. Hor gauzatzen dela gure baitan Biziaren edo Jainkoaren Misterioa, hots, Pazkoa, etengabeko Igarotzea, agortezineko Ematea eta Hartzea eta betiereko Birjaiotzea. Gutizia eta zapalkuntza unibertsala beste mundu-amaierarik ez dela. Eguneroko maitasuna beste judizio-irizpiderik ez dela. Ez dela beste kondenarik, ez infernurik, bizitza honetan geure buruari eta besteei pairarazten dieguna baino, geure baitan ixten garenean eta elkarri gerra egiten diogunean. Ez dela beste zerurik bizidunen elkartasunean Zoriona, guztion Bizi Ona, partekatzea baino, eta hori dela guztion Lur honen zeru posiblea, desira eta erantzukizun duguna.

Baina zer geratuko da nitaz hilko naizenean? Bizi izan dugun eta norabide guztietan gainditzen gaituen bizia geratuko da. Bizirik jarraitzeko heriotza asmatu zuen bizia geratuko da. Lur honetan ezagutzen dugun moduan gutxienez biziaren eta bere sekuentziaren baldintza eta ataria den heriotza geratuko da. Bizia bizirik dagoen bitartean, heriotza ez da hilko, eta heriotza hiltzen ez den bitartean biziko da bizia, Indiako Veda jakintsuek duela 4.000 urte esan zuten bezala. Betiko Bizia geratuko da den orotan. Niregan igarokor gorpuztu eta nire neu etengabe aldakor bilakatu zen Hatsa geratuko da. Forma guztien ama materia geratuko da, bere betiereko eraldaketan eratu nauen materia betierekoa, energia eraldatzailea geratuko da, zeinarengandik bainator eta zeinetan murgilduko bainaiz. Goizeroko argia eta ilunabarreko bakea geratuko dira. Nire forma, nire nia, iragankor animatu zuen betiko Arnasa geratuko da. Deus ez da galtzen, itxura baino. Dena aldatzen da, egunsentiko eta arrastiriko argia bezala.

Nire heriotzaren ondoren, ez da geratuko itxura psikologiko, emozional, indibidual eta ezegonkor hau. Gogoratuko nautenen eta aldiro birjaioaraziko nautenen bihotzean edo oroimenean geratuko da nire oroitzapena. Naizen forma aldakor honen Hustasuna geratuko da. “Ni” deitzen dudan forma bakar eta aldakor honen aztarna ere geratuko ote da? Espazio eta denbora guztietatik harago, hasiera eta amaierarik gabeko orainaldian, Oroimenak edo Kosmos infinituaren Bihotzak gordeko ote du existentzia iheskor honetan izan garen forma, informazioaren edo kontzientziaren oroitzapen bizi, bizigarria? Agian, baina ez dakit eta ez zait axola.

Heriotzaren ondoren zer izango naizen esateko, gure hitzik eta irrikarik onenen taupadara, Infinitura, irekitzen nauten metaforak bakarrik geratzen dira. Txinparta zalantzati eta iragankor hau hilko denean, Su dantzari, eraldatzaile eta birsortzailea izango naiz, den guztiaren Hondo atzemanezin eta ukiezina izango naiz, jatorri eta itzulburu dudan Hats unibertsal eta egiazkoa izango naiz. Orotan izango naiz, eta nolabait Oro. NAIZENA IZANGO NAIZ, Infinitua orotan. Eta horixe da bizi eta zaindu nahi dudana orain bizi dudan bizitza-heriotzaren forma honetan, zeina Biziaren preludioa baita.

Begiak gehiago irekiko bagenitu, gure kontzientzia hedatuko balitz, atsekabezko malko asko kontsolamenduzko malko bihurtuko lirateke.

Aizarna, 2022ko azaroaren 5a