Zer izango da nire ni indibiduala hiltzen naizenean?
Denis Guénoun-ek egindako galdera bati erantzunez idatzi dut testu hau. Denis Guénoun Oranen (Aljeria) jaio zen 1946an, familia judu agnostiko batean; Paris-Sorbonne unibertsitateko irakasle emeritua da, filosofian eta berriki teologian doktorea, idazle oparoa, aktorea eta antzerki-zuzendaria (https://denisguenoun.org). Oraindik orain Foyer de l’Âme tenpluko –Frantziako Protestante Liberalen parrokiako– komunitatearekin Parisen izan nuen topaketan, “ni indibidualaren estatusari, bereziki heriotzak sentiarazten digunari” buruz egin zidan galde. Eta esan zidan: “Iradoki diguzu ez duzula zure ‘nitasuntxoaren” mugetan hertsatu nahi. Ados. Baina hori ez da nahikoa ‘niaren’ oinazea nire baitan desagerrarazteko”.
Funtsezko gaia da, baina horretan ere ez daukat erantzunik: ez baiezko biribilik, ez ezezko argirik.
Bizitzan iritsi zitzaidan garai bat non ustezko nire erantzun guztiak –galdera berriak, era guztietako zalantzak eta hainbat beldur ere beti berekin zituzten erantzunak, noski– beren zuzeneko zentzu literalean jada eutsiezinak gertatu zitzaizkidan. Gizakion hitzak eta irudiak ziren, Homo Sapiens deritzogun ugaztun berezi honen garun-gaitasun zoragarri baina erabat mugatuaren neurrira sortuak, giza premia sakon eta beti hain anbiguoen arabera, hizkuntza eta kultura jakin batean, garai eta gizarte-egoera jakin batzuetan. Gauza bera esan daiteke arimaren hilezkortasunaz (ideia grekoa), kristau “azkenkiez” (zerua, infernua, purgatorioa, ) nahiz berraragiztapenaz (antzinako indiar kategoria).
Zer egin kontzepzio horiekin guztiekin? Utz daitezke oso-osorik alde batera, gurea bezalako kultura batean zaharkituta geratu baitira, kultura honen ezaugarria delarik ziztu bizian hazten ari den jakintza zientifiko globala. Ahaztu, beraz, besterik gabe. Baina galdera berriak egiten ere jarrai daiteke: Humanoa ote da jakintza edo ezagutza zientzia soilera murriztea, hots, behaketa enpirikoaz, elaborazio matematikoaz eta egiaztapen esperimentalaz solik baliatzen dituen zientziara, arrazoi sinbolikoa, poetikoa, etikoa, politikoa baztertuz? Ez ote genuke jarraitu behar ondare kultural hori geure egiten, oraindik ere bizi gaituen irrika sakon baten testigantza historiko gisa, seinale inspiratzaile gisa, garen errealitate infiniturantz begirada zabaltzen diguten metafora gisa?
Zalantzarik zalantza aurrera egin ahal izateko, ezinbestekoa iruditzen zait galdezka jarraitzea:
1) Zer da “ni indibiduala”? Ego hau bakarrik ote naiz, inguruko munduaren erdigune bezala kokatzen nauen ego hau? Errealitatea subjektu eta objektu artean banatzen duen kontzientzia hau ote naiz, behatzen, sentitzen eta pentsatzen, irudikatzen eta desiratzen duen oro objektibatzen duen hontzientzia hau? Ni dual hau ote naiz, beste oro, baita infinitua ere, nitaz “beste” bezala –nire aurrean dudan beste bat moduan edo beste ni bat moduan– hautematen duen ni dual hau? Ez ote da agian kontzientzia hedatuaren, in-definitu eta objektibaezin baina benetakoaren beste dimentsio bat, norbera –norberaren barneenean– norberarekiko “beste bat” denaren kontzientzia bat, “bestea” norbera sakonagoa denaren kontzientzia, norberaren sakonenean norberatasun azalekoa gainditzen duen kontzientzia, nia zu infinitua eta zua ni infinitua denaren kontzientzia, bitasun nahiz batasun oroz haratago, hots, alteritate dual nahiz batasun monadiko oroz haratago? Izaki guztiak (mineralak, begetalak, animaliak, gizakiak…) ez ote dira zu bat eta aldi berean denak orotasunean bat, orotasunean oro banakotasunaren azaleko formaz haratago?
2) Neure buruari galdetzen diot ere: Hizkuntza erro-errotik mugatua (beti duala) delako eta tradizio subjektibistegiak duen indarraren ondorioz, ez ote dugu gehiegi azpimarratu “niaren biziraupenaren” garrantzia, nia erregistro egoikoegian ulertuz? Orkidea, kaska-beltxa, gurekin den txakur maitea… ez ote dira hiltzen modu naturalagoan, ez hain dramatikoan baina ez horregatik gutxiago eskuzabalean, dena utziz edo emanez, bizitzak beste bizidunengan iraun dezan, baita oroimenean ere (oroimena doluaren bidez sendatuz, dolua bada)? K.a. II. mendearen erdialdea baino lehenagoko judu guztiak –baita, beraz, Oseas, Amos, Jeremias eta hiru Isaiasak eta beste profeta handiak ere– ez ote ziren hil heriotza ostean egiazki inolaz biziko zirenik batere espero izan gabe, Jainko ahalguztidunarengan, zeru-lurren eta bizidun guztien egilearengan, sinesten zuten arren –edo konfiantza zutelako–? Ez ote gintezke hil gu ere geure niaren –forma edo kontzientzia indibidual moduan ulerturik– biziraupenari garrantzi handiegirik eman gabe? (Arimari “gorputzaren forma” deitu zion Aristotelesek, eta horretan ere jarraitu zion Akinoko Santo Tomasek).
3) Heriotza oro ez ote da norbera ematea, dugun ondare fisiko (atomo, molekula…), psikiko eta sozial osoa entregatzea, gure “obra” edo legatu osoa (argitsu nahiz ilun) besteari ematea (beste senitartekoari, beste sozialari, beste ekologikoari, beste kosmikoari, dena bere baitan duen beste infinituari)? Materia –materia-espiritu arteko dualtasun orotatik harago– ez ote da gure sentimenek eta gure garunak kontatu ezin ahala formatan hautematen nahiz pentsatzen nahiz irudikatzen duten errealitate osoaren matrizea edo izangaitasuna? Baldin eta, ordea, materia, matrize unibertsala, ez bada ez sortzen ez suntsitzen, eta baldin eta baiezta badaiteke infinitua eta betierekoa dela, ez ote liteke esan osatzen gaituzten elementu edo “osagai” “material” guztiek iraun egiten dutela, bizirik dirautela, kontu-mugarik gabeko formatan, baden mugagabean?
4) Beraz, neure buruari galdetzen diot: Heriotza ez ote da izango kontzientzia indibidualaren eraldaketa baten antzeko, haren “iragaitza” edo “pazkoa” infinitu beterantz, non iritsiko baita ni indibiduala egiazki dena benetan?
5) Jakina, heriotza biologikoak organismoa desagregatzea dakar, hura osatzen duten elementuen sakabanatzea, baina funtsezko elementu “materialik” (partikulak, atomoak, molekulak) ez da bat ere suntsitzen edo desagertzen, baizik eta dena “eraldatzen”. Eta, ondorioz, logikoa da pentsatzea “formak” edo kontzientzia indibidualak ezin duela iraun behin euskarri “materiala” banatu eta gero. Hori hala balitz, ez litzaidake drama irudituko ez ni naizen “ni indibidual” honentzat –nahiz eta nire heriotzak maite nautenengan dolua eragin lezakeen–, ez heriotzako unean osatzen nauten elementuak heredatuko dituen bizidun guztien biziarentzat, ez unibertso infinituarentzat. (Eta uste dut, ni indibidualaren biziraupenaren alde ezin dela argudiatu esanez ezen, bizialdi honetan, konta ezin ahala banakoren bizitza bidegabeki zoritxarrekoa edo gaizki tratatua edo eraila izan dela. Historia tragikoa eta bidegabea da, noski, gizaki eta ez-gizaki askorentzat, eta goraki dei dagigu horrek mundu injustu honetan justizia izan dadin laguntzera, eta biktima guztiei justizia egingo zaien haraindi bat desiratzera eragin liezaguke, baina ez zait arrazoibide baliagarria iruditzen hemengo aldian jasandako bidegabekeriak konponduko dituen haraindi bat “beharrezkoa dela” argudiatzeko.
6) Edonola ere, galdera handia zabalik utzi besterik ezin dut egin: Erabat absurdua edo kontraesankorra ote litzateke egungo jakintza zientifikoarekin, oraingo forma edo kontzientzia edo ni indibidualak kontzientzia hedatu batean, edo kontzientzia kosmiko, infinitu edo “jainkotiarrean” bizirik irautea? Horretara bultzatzen naute gaur egun fisikari askok kontzientziari buruz oro har eta norbanakoaren kontzientziari buruz bereziki planteatzen dituzten zenbait hipotesik. Materia “informazioa” ere bada, energia eta izangaitasuna (potentzialitatea) den bezalaxe (agian infinitua eta betierekoa). Forma oro, ni oro, informazio-multzo ordenatu bat da. Printzipioz, jakina, niaren informazioa berreskuraezina da behin barreiatu denean; adibidez, enbor baten informazioa berreskuraezina da, sutan erre eta atomo guztiak sakabanatu ondoren. Halabaina, ulertzen dut zientzialari guztiek ez dutela ukatzen posible denik barreiatutako informazioa berreskuratzeko moduren bat izatea. Nolanahi ere, espazio-denborari loturiko gure kategoria guztiak –hemen-hor-han, iragana-oraina-etorkizuna- gure eskema mentalak dira. Ongi ulertzen badut, partikulen elkarlotura kuantikoa gertatzen da espazioan eta denboran. Beraz, eta bertigotxo batekin bada ere, neure buruari galdetzen diot: Imajinaezina ote da informazio partikularrak informazio unibertsalean izaten jarraitzea ez ezik, baita ere, alderantziz, informazio unibertsalak modu partikular orotan irautea?
7) Horiek horrela, ondorio ireki gisa, eta neure ni indibidualaren “azken” zoria ez bazait asko axola, ezin dut neure buruari galdezka ez jarraitu: Ni indibidual orok, informazioa denez, ez ote du bizirik iraungo sutan den sasiaren oroimenean, den oro su horren garretan baitago eta bizi baita?
Aizarna, 2026ko martxoaren 25a
www.josearregi.com
