Palestinar bat eta israeldar bat: elkarrekin bakearen alde
Hunkiturik entzun dut lehentxeago, France Interren, bi pertsonaren arteko elkarrizketa. Etsaiak “beharko lukete” izan, baina enpatiak eraldatu ditu, eta anaia aitortzen dute elkar. Batetik Aziz Abu Sarah, 46 urtekoa, bakearen aldeko aktibista palestinarra, gatazken konponbiderako hezitzailea, eta bestetik Maoz Inon, 51 urtekoa, bakearen aldeko aktibista israeldarra.
“Urriaren 7an gurasoak galdu nituen. Haurtzaroko lagunak galdu nituen, bizitza osoan ezagutu ditudan pertsonak galdu nituen; baina zu anaia bezala irabazi zintudan. Eskerrik asko, Aziz”. Maoz Inon bakearen aldeko ekintzaile israeldarrak azaldu du Aziz Abu Sarah palestinarrak dolumin-mezu bat bidali ziola 2023ko urriaren 7ko Hamasen erasoaren ondoren. Harrezkero, bi gizonek elkarrekin egiten dute lan beren herrien arteko bakearen alde, InterAct International GKEaren bidez batik bat. Joan den apirilean argitaratu zuten lankidetzan The Future is Peace (Bakea dugu etorkizun).
Aziz Abu Sarahen mezu hartaz esan du Maoz Inonek: “Minezko eta doluzko itsasoan itotzetik salbatu ninduen eskua izan zen luzatu zidana”. Palestinarrak gogoratu du: “Maozek bere gurasoak galdu zituenean, ez nuen ‘bestea’ bezala ikusi, gizaki bezala baizik, gurasoak galdu zituen gizaki bat bezala”. Berak hamar urte zituela galdu zuen anaia. “Zortzi urte behar izan nituen mina eta gorrotoa gainditzeko; Maozek egun gutxi batzuk baino ez zituen behar izan”, azpimarratu du. “Zenbat eta denbora gehiago galdu hilketan, suntsiketan eta gerran –Gazan, Israelen edo Iranen– orduan eta urrunago izango gara baketik. Maozek hori berehala ulertu zuen, hasieratik bertatik”.
“Gerra minbizia da. Gorrotoa minbizia da, eta aurre egin behar diogu”, adierazi du Aziz Abu Sarahek. “Hogei gerra baino gehiago bizi izan ditut. Non gaude hogei gerraren ondoren? Nik ez dut askatasunik, eta berak ez du segurtasunik”, salatzen du bakearen aldeko ekintzaile palestinarrak. Hona Maoz Inonek aldarrikatzen duen etorkizuna: “Berdintasuna eta senidetasuna sustrai dituzten balio konpartituetan” oinarrituriko etorkizuna, non “guztiontzako bakea eta segurtasuna izango den”.
“Gazako Flotillako” ekintzaileek Israelgo agintarien eskutik tratu txarrak jasaten dituzteneko irudiak mundu osoan zabaldu diren bitartean –eskuin muturreko ministro Itamar Ben-Gvir aurrean dela begirada konplizez eta pozik–, Maoz Inonek adierazi du: “Ben Gvirek eta poliziak mundu osoko flotillen aurka egiten dutena egunero egiten diete preso palestinarrei kartzeletan; baina horri buruz askoz gutxiago hitz egiten da”. Mendebaldeko herritarrak gai honetaz ohar daitezen du bidaiatzen, besteak beste, Aziz Abu Sarahrekin batera Europan barrena. Europako herrialdeei eskatu die “zigor gogorrak ezartzeko indarra eta garbiketa etnikoa aukeratzen duen edonoren aurka”.
Joxe Arregi
Aizarna, 2026ko maiatzaren 22an
www.josearregi.com
