Teologia berregin, eliz komunioa berreraiki. Leon XIV.ak Espainiara egitekoa duen bidaiaz zenbait gogoeta
Hilabete barru, Leon XIV.a aita santua Espainiara etortzekoa da, Altxa begiak lelopean. Ezin dut jakin, noski, bere hitzaldi ugarietan zer esango duen, baina leloa bera dotorea da, eta, askotan, jestu soilek gehiago adierazten dute hitzek baino. Bidaia honi gagozkiola, egitarauan aurreikusiak diren zenbait bisita ditugu jestu nagusi, eta horietan dago, niretzat, bidaia honek duen intentzio nagusia eta mezurik argiena, ez errege-erreginek egingo dioten harreran, apezpikuekin nahiz ordezkari politikoekin eta bere hurbileko gazte katolikoekin izango dituen topaketetan, ez jendetzak bilduko dituen mezetan, Corpuseko prozesioan, Adorazio Eukaristikoan. Beraz, aipatu bisitak hartuko ditut abiapuntu RELIGIÓN DIGITALeko zuzendariak eskatu dizkidan lerro hauetan, bisita horien harira sortzen zaidan zenbait galdera eta hausnarketa teologiko egiteko asmoz.
Hona aita santuak bisitatuko dituenak: etxerik gabeko pertsonentzako Cedia aterpetxea Carabanchelen (Madrid), Caritasek daramana; “Brians 1” espetxea Bartzelonan; Arguineguingo portua Kanaria Handiko uhartean, pateretan edo kaiukoetan bizirik atera diren etorkinak iristen diren gunea, handik jarraitzeko auskalo zer amaiera izango duen Kalbariorantz; eta Las Raíces zentroa Tenerifeko uhartean, etorkinak aldi baterako hartzeko gunea. Horra bidaia honetan funtsezkoena. Horra gizatasunaren edo jainkotasunaren irizpideak: “Atzerritarra nintzen eta hartu egin ninduzuen”, “Kartzelan nengoen eta ikustera etorri zineten”, “Gose nintzen eta jaten eman zenidaten”, “Etxerik ez nuen eta ostatua eskaini zenidaten”. Hurko izatea da hiritarren lehentasun unibertsala, Jesusen parabolako samariar onarentzat –juduen sistema ofizialaren begietan atzerritar edo heretiko zenarentzat– izan zen bezalaxe: bidean zauritua ikusi zuen, errukitu egin zen, hurbildu egin zitzaion, zauriak lotu zizkion, bere astoaren gainera jaso zuen, ostatura eraman, bere ardurapean hartu. Horra dena egina, dena esana.
Ziur naiz Leon XIV.ak asmatuko duela bisita horiek bere tonu bareaz eta hitz kementsuaz hornitzen. Halaxe gertatu zen duela gutxi Afrikara egindako bidaian: “Duela milaka urtetik hona, itsasoa eta basamortua herriek eta kulturek elkar aberasteko leku dira. Ai gu, hilerri bihurtzen baditugu, itxaropena ere bertan hilaraziz”, esan zuen Aljerian. Kamerunen aldarrikatu zuen: “Tirano banaka batzuk mundu osoa suntsitzen ari dira”. Eta baita ere: “Jauntxo gerrazaleek ezjakinarena egiten dute, istant bat aski izaten dela suntsitzeko, eta berreraikitzeko, aldiz, bizitza osoa ez dela maiz nahikoa izaten. Ez ikusiarena egiten dute hiltzeko eta errausteko milaka milioi dolar xahutzen direnean, sendatzeko, hezteko eta berreraikitzeko behar diren baliabideak inondik agertzen ez diren bitartean”. Ekuatore Ginean, Afrikako mineralen “kolonizazioa” salatu zuen.
Goraipatzen dut, bizi dugun mundu-egoera hondatu honetan Leon aita santuaren hitzak, Frantzisko aita santuaren hitzari oihartzun eginez, horrelako doinuak erabiltzea eta horrelako indarrez aldarrikatzea justizia eta bake planetarioak. Goraipatzen dut, mezu sozio-politiko eta ekologikoa izatea bere predikazioaren ardatz. Eta bera ere, aurreko aita santua bezala, egungo ahots profetiko aitortuenetakoa izatea nazioartean. Ezin diot, ordea, uko egin zenbait gogoeta beste behin adierazteari, funtsezkoak iruditzen baitzaizkit zibilizazioaren eraldaketa hain sakon eta kezkagarrien garai honetan. Eliza barruko auzi “teologiko” soilak irudi lekizkiguke, baina tinko diot teologiari, Elizari edo orokorrean erlijioari buruzko gai bakar ere ez dela politikatik kanpo geratzen, eta, alderantziz, ezta gai sozio-politiko bakar bat ere teologiatik, Elizatik, erlijiotik kanpo. Beraz, aita santuak Espainiara egitekoa duen bisitaren aurrean, neure buruari galdetzen diot: bere hizkera teologikoa –hitzaldi edo prentsaurrekoetan– koherentea izango ote da berak eskatzen duen eta denok desiratzen dugun eraldaketa politikoarekin? Ezin dut jakin, baina iruditzen zait Afrikara egin berri duen bidaiak eskaintzen duela halako arrasto bat.
Vatikanora itzulerakoan, hegazkinean, galdetu zioten Reinhard Marx kardinal alemaniarrak, Munich eta Freisingeko artzapezpikuak, hartua duen erabakiaz –bere elizbarrutian sexu bereko bikoteak bedeinkatzeko erabakiaz, alegia–, eta erantzun zuen: “Aulki Santuak argi utzi du ez gaudela ados bikote homosexualen bedeinkazio formalizatuarekin”. Ez dakit nola “ez gaude ados” hitzok: esan nahi ote dute, ados egon gabe ere, aita santuak ez duela debekatuko? Argi eta garbi geratzen dena zera da: aita santuak –edo aitasantutzak– ez duela bikote homosexual baten maitasuna Maitasunaren sakramentutzat hartzen, eta hori ezin dut ulertu bere burua Jesusen bikariotzat duenaren ahotan, hark esan baitzuen: “Hauxe agintzen dizuet: maita dezazuela elkar” (Jn 15,17). Eta beste hau: “Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza tradizioari [edo aurreiritziei] eusten diozue” (Mc 7,8). Edo honako hau soilik: “Besteek zuei egitea nahi zenuketen guztia, egin zuek ere besteei: horixe besterik ez da Legeak eta Profetek [edo teologia eta moral osoak] irakasten dutena” (Mt 7,12).
Eta galdetzen diot neure buruari: Sinesgarria ote da 2026ko mundu noragabe honetan diskurtso politiko subertsibo bat aurreiritzi homofoboei eusten dien Eliza instituzional baten ahotan, Jesusen izenean eutsi ere? Nahikoa ote da Alemaniako gotzainek eta edozein gotzainek beren apaizei –Jesusekin zerikusirik ez duen hitza berau– baimena ematea bikote guztiak, homosexualak edo heterosexualak izan, berdin bedeinka ditzaten, haiek hala nahi badute? Balitzateke zerbait, baina funtsezkoa falta. Eliza-eredu hierarkiko, klerikal eta matxista alderantzikatzea, iraultzea, litzateke beharrezkoa. Alegia: komunitate bakoitzak norbait –gizon zein emakume– aukeratzea eta berari, aldi adostu baterako, eskumena ematea Jesusen izenean “bekatuak” absolbitzeko nahiz Eukaristiako ogia eta bikote baten maitasuna bedeinkatzeko, edozein delarik ere haien genero-identitatea eta sexu-joera, horretarako aurreko aita santuak aukeratutako kardinalek aukeratutako aita santuak aukeratutako gotzain baten eskutik jasotako “ordena sakratu” nahiz botere berezi baten beharrik gabe. Iraultze hori gabe, ez liteke izan Jesusen Eliza.
Baina itzul gaitezen Afrikatik itzulerako hegazkinera, prentsaurrekora. Aipatu berri ditudan hitzen jarraian, naturaltasun berberaz gehitu zuen aita santuak: “Elizaren batasunak edo banaketak ez luke egon behar sexu-gaiei lotua”. Hori bai dela argia eta hutsik gabea. Baina hemen ere zalantzak sortzen zaizkit hitz horien benetako irismenaz: esan nahi ote zuen Eliza Katolikoan ez dela jada izango Erromarekiko komunio-gatazkarik –ez zentsurarik, ez kondenarik, ez eskomuniorik– teologo batek edo edozein komunitate katolikok ez dituelako onartzen Vatikanoaren doktrina edo kanonak sexualitateari buruzko gaietan? Poztuko nintzateke hala izatea. Baina galdera datorkit berriro: ez ote da Elizarekiko komunioa dela-eta gatazkarik izango –ez zentsurarik ez kondenarik– pertsona edo komunitate katoliko batek Aulki Santuak gaitzesten dituen beste zenbait doktrina teologikori eusten badie? Horrela ez balitz, arazoa legoke.
Horrek guztiak, ordea, ba ote zerikusirik aita santuak Espainiara egitekoa duen bidaiarekin? Uste dut baietz. Lerro hauen hasieratik –baita aurreko aita santu Frantziskoren aitasantutzaren hasieratik ere–, gai bat mahaigaineratu dut, ez inondik ere garrantzitsuena, baina bai erabakigarria: nahitaezkoa dela koherentzia izatea erakunde katolikoak ad extra (gizarte planetarioari oro har zuzentzerakoan) darabilen diskurtso politikoaren eta ad intra (komunitate katolikoari zuzentzerakoan) darabilen diskurtso erlijioso-teologikoaren artean. Eta behar-beharrezko koherentzia hori estuki lotuak diren bi arlotan ikusten dut bereziki premiazko: hizkuntza teologikoaren arloan eta eliz komunioaren arloan. Ez dira hor jokatzen, ondo dakit, gure garaiko funtsezko gaiak, baina Eliza Katolikoaren egungo sinesgarritasuna eta etorkizuna bai, jokatzen dira hor neurri batean, bai eta Jesus mugiarazi zuen inspirazioaren transmisioa ere eliz erakundearen aldetik, eta, beraz, justiziari eta bake planetarioari egin diezaiokeen ekarpena.
Lehenik eta behin, premiazkoa iruditzen zait erakunde katolikoak egunera dezala goitik behera hizkera teologikoa. Berrasma ditzala, mendeetako atzerapenarekin bada ere, doktrina zaharrak, kanon zaharrak, errubrika zaharrak. Ez, noski, unibertsalki loteslea izango den ortodoxia berri bat inposatzeko, baizik eta Elizan aukera berri bat onesteko eta zabaltzeko, hots: teologia osoa, dogma guztiak, erakunde guztiak askatasunez eta arduraz birsortzeko aukera, uste duen edonorentzat ezen hori beharrezkoa zaiola Jesusen dizipulu izateko eta bere burua kristau eta katoliko aitortzeko. Ohora eta berrizta dezala Jainkoa hitza, Misterio esanezinaren izen izan dadin, eta izaki orotan den orotasunaren Arnasa eta Presentzia adieraz dezan. Eraberri dezala erakunde katolikoa, eta erromatar inperiokoak eta Erdi Arokoak diren bere erakunde guztiak. Indargabe ditzala hain bereak dituen ordena piramidal sakratuaren eredua, klerikalismoa eta matxismoa. Itzul diezaiola Jesusen Ebanjelio biziari bere arima inspiratua, bere indar inspiratzailea. Eta, horrela, lagundu dezala itxaropena berpizten, hau da, motibazioa eta bulkada eta gustua sustatzen ahizpa Ama Lurrarekiko eta bizidun guztiekiko neba-arrebatasunean bizitzeko, gizatasun berri baten kausari emanik.
Bigarrenik, premiazkoa iruditzen zait Vatikanoak errotik berrikus ditzala eliz komunio edo elkartasunaren oinarriak. Gal diezaiela beldurra aniztasunari, ezberdintasunari eta aniztasunari. Uko egin diezaiola Erromak bera dela aitortzeari kristau guztien “batasunaren printzipio eta oinarri betirakoa eta ikusgaia”, ez bada zentzu honetan, alegia: Erromako gotzainari aitortzea, hala nahi duten Elizek, aniztasunaren aintzatespena eta errespetua bermatzeko ardura. Heda dezala teologia osora Leon aita santuak Afrikatik itzulerako hegazkinean egindako baieztapen hura: “Elizaren batasunak edo banaketak ez luke egon behar sexu-gaiei lotua”. Jabetu dadila ideia edo sinesmen dogmatiko bakar bat ere ez zaiola funtsezkoa ez fede biziari eta ez kristauen arteko benetako batasun sakonari, eta doktrinak ezartzea dela –beti erlatiboak eta eztabaidagarriak baitira– benetako komunioa hausten duena. Ez dadila inor Jesusen mahai komunetik kanpo utzi bata “sinesten” edo bestea “sinesten ez” duelako.
Eta horri dagokionez, zilegi bekit hemen aipatzea Leon izena zeramaten Erromako hiru gotzainen kasua, zeinek, beren boterea eta doktrina Eliza osoari ezartzeko eginahaletan, hautsi egin baitzuten Eliza: V. mendean, Leon Handiak (edo Leon I.ak) Eliza guztien gaineko bere primatutza gauzatu nahi izan zuen, eta manikeoak pertsegitu zituen eta Kaltzedoniako dogma ezarri (Jesus bi “izaera” –gizatasuna eta jainkotasuna– zituen “pertsona” bat zela, bi izaerak osorik, bien artean “ez nahasketarik eta ez banaketarik gabe”) eta dogma hori ulertu eta onartu ezin zuten Eliza asko kondenatu zituen. Handik bostehun urtera, 1054an, Leon IX.ak Erromaren boterea Eliza guztiei ezarri nahi izan zien, eta Konstantinoplako patriarka eskomulgatu zuen, eta, horrela, Ekialdeko eta Mendebaldeko Elizen arteko banaketa eragin. Handik bostehun urtera, 1521ean, Aro Modernoaren atarian, Leon X.ak Lutero eskomulgatu zuen eta katolikoen eta protestanteen arteko haustura eragin. Handik bostehun urte igaro dira. Konklusio patet: Komunioa ez du hausten doktrina baten edo dogma literal baten edo kanon baten ukazioak, baizik eta haien absolutizazioak, zurruntzeak eta inposatzeak. Edozein iritzi teologikok garrantzi gutxiago du sexu- edo genero-arrazoiengatiko diskriminazioak baino, salbu nagusitasunera edo diskriminaziora daraman iritzi teologikoa denean.
Altxa begiak, esnatu. Elorria eta mahatsondoa loretan daude. Esku-liburu zaharrek eta kanon zurrunek arnastuko ote dute berriro Jesus profeta palestinarra inspiratu zuen arnasa fresko ura, elkarrekin bakarrik loratu daitezkeen justizia eta bakea lora daitezen Lurrean?
Aizarna, 2026ko maiatzaren 7a
(Argitaratua in RELIGIÓN DIGITAL, Informe RD, “La España que espera al papa”)
