Leon XIV.a: elkartasuna aldarrikatzetik eskumikua dekretatzera
Leon XIV.a aita santuak beste ezer baino gehiago saihestu nahi zuena gertatu da, laster gertatu ere, bere agintaritzapean: eskumiku-dekretu solemnea. San Pio X.a Apaiz Anaiartea –Marcel Lefebvre monsinoreak 1970ean sortua, Eliza Katolikoan Vatikanoko II. Kontzilioak hautsi omen zuen tradizioa berrezartzeko asmoz– ohartarazita zegoen: baldin eta bere gotzainetakoren batek, iragarria zuten bezala, gotzain berri bat sagaratzen bazuen, sagaratzailea eta sagaratua automatikoki eskumikatuta geratuko liratekeela biak.
Baina mehatxuak ez zuen Apaiz Anaiarte Lefebvriarra beldurrarazi, ezta ere zalantzak Vatikanoa uzkurrarazi: Egoitza Santuak berehala eman zuen eskumiku-dekretua bi gotzain “sagaratzaileentzat” eta lau “kontsakratu” berrientzat, baita “zisma” berriari formalki atxikituko zaizkion “fededun laiko” guztientzat ere (indarrean dagoen hiztegi kanonikoa darabilt, historia hau guztia bezain anakronikoa, beste hainbat historia bezalaxe). Eta aukeratu zutenetik urtebetera hori dena.
Lerro hauen abiapuntuan esan dut Leon aita santuak gehien saihestu nahi zuena gertatu dela. Hautatu, hain zuzen ere, sektore tradizionalistenen mehatxu zismatikoa saihesteko hautatu baitzuten eta onartu baitzuen berak hautapena. Gogora dezagun bere lehen hitzaldia, kontu handiz neurtua, idatzia eta irakurria: “Eliza misiolari irekia” izan nahi dugu, “elkarrizketaren bidez zubiak eraiki”, “guztiok herri bat izan gaitezen, beti bakean”. Batzuei eta besteei leku egiteko hautatu zuten eta onartu zuen hautapena. “Denak, denak, denak”, esan du harrezkero Frantzisko aita santuaren hitzak bere eginez.
Hitz ederrak ziren, baina hasi orduko hartu du berriro gaina Zuzenbide Kanonikoak, bere irizpide apelaezinarekin mugak eta aduanak, kredoak eta kanonak, baldintzak eta paper-beharrak ezarriz. Pertsona bakar batek –“Jainkoak aukeratutako” gizonezkoa beti– du berriro azken hitza, ahalmen gorena, ixteko edo irekitzeko, eskumikua ezartzeko edo altxatzeko. Katolikoa edo unibertsala deitzen den Eliza forma partikular batekin –forma historiko, kultural, teologiko, dogmatiko, kanoniko batekin– identifikatzen da berriro, formarik eta mugarik gabeko Infinituaren edo Arnasaren izenean identifikatu ere.
Eta horra: komunioa babesteko asmo eta gogo bizia zuen aita santuak sistemaren logikaren eta interesen alde egiten du berehala, eta eskumikua ematen. Eta are modu larriagoan gainera, zeren Zuzenbide Kanonikoak –sistemaren mintzoa delarik berau, ez elkartasunaren mintzoa– erantzukizun pertsonal orotatik salbuesten baitu aita santua; izan ere, argot kanonikoan latae sententiae eskumikua deritzo ezarri denari; esan nahi du zigor hori automatikoki bereganatzen duela delitu kanoniko jakin bat egin duenak, kasu honetan aita santuaren baimenik gabe apaiz bat apezpiku sagaratzea. Ez da, beraz, instituzio katolikoa, ezta aita santua ere, arau-hauslea eskumikatzen duena, baizik eta arau-hauslea bera da “ekintza zismatikoa” gauzatzen eta bere burua eskumikatzen duena. Zinikoa, gero, sistema.
Horrenbestez, Leon aita santua –oharkabean igaro den ironia historikoa da berau–, Elizen historiako haustura-gertakari esanguratsuenen protagonista izan diren izen bereko beste hiru aita santuren zerrendan sartzen da: lehenengoa, V. mendean, Leon Handia izan zen, Eliza guztien gaineko jurisdikzio-boterearen jabe zela sinetsia zegoen aurrena ordura arteko Erromako gotzain guztien artean; kondenatu egin zituen, beraz, Kaltzedoniako Kontzilioan (451) berak proposatutako formula dogmatikoa onartzeari uko egin zioten apezpikuak, hau da: Jesukristo jainkozko pertsona bat bakarra dela (betiereko Hitz haragiztatua), baina bi izaera (jainko-izaera eta giza izaera) osoki dituena, bakoitza bereak dituen propietate guztiekin; apezpiku tematiei ez ezik, haiei jarraitu zieten Elizei ere eragiten zien eskumikuak, eta ondorioz bai Eliza Ortodoxoen eta bai Eliza Katoliko Erromatarraren “komuniotik at” daude oraino, hala nola: Eliza Ortodoxo Koptoa, Eliza Apostoliko Armeniarra, Eliza Ortodoxo Siriarra, Eliza Ortodoxo Etiopiar Tewahedoa, Eliza Ortodoxo Eritrear Tewahedoa, Eliza Ortodoxo Malankara Siriarra, eta Eliza Nestoriotarra. Geroago, handik 500 urtera juxtu, 1054an, Leon IX.ak eskumikatu egin zuen Migel Zerulario Konstantinoplako patriarka, erromatar aita santuaren aginteari men ez egiteagatik, eta hortik sortu zen oraindik indarrean dagoen zisma Erromako Eliza Katolikoaren eta Konstantinoplako patriarkari jarraitu zuten Eliza Ortodoxo guztien artean. Eta hirugarrenik, beste 500 urte geroago, 1521ean, Leon X.ak eskumikatu zuen Lutero, oraindik irauten duen banaketa eraginez Eliza Katoliko Erromatarraren eta Eliza Protestante guztien artean.
Guztiz pentsaezina da San Pio X.a Apaiz Anaiartearen eta Erromako Eliza Katolikoaren arteko zismak aipatu ditudan zisma handien eragin historikoa eta denbora-hedadura izatea, baina erabiltzen diren arrazoiak berberak dira eta, funtsean, bakar batean biltzen: Erromak duen pretentsioa Kristoren eta elkartasunaren giltzak bereak direla eta bere doktrina eta autoritatea gainerako Elizei ezarri ahal dizkiela.
2026an, Lutero eta Trento baino bost mende geroago, gizateria osoaren eta gauza guztien internet geraezina aurrera doanean, hiru diktadore politikok eta teknomagnate banaka batzuk beren proiektu suntsitzailea munduari inposatzeko lehian ari direnean diruaren, armen eta IAko sistemen boterea medio, Lefebvreren eta bere jarraitzaileen ideiak benetako burugabekeriak iruditzen zaizkit, baina ez zait burutsuago iruditzen aita santu batek eskumiku-epai batekin erantzutea, duela 1500 urte bezala, duela 1000 urte bezala, duela 500 urte bezalaxe: ez dut sinesten hierarkia sakratu baten gorenetik ezarritako ez komunioan eta ez eskomikuan, are gutxiago auzia denean, kasu honetan den bezala, Jesus profeta askatzailearen memoria latinez ala herri bakoitzaren hizkuntzan ospatu behar ote den, bizkarra ala aurpegia emanez, Trentoko erritualaren ala Vatikanokoaren arabera.
Goazen aurrera. Lehoi XIV.ak eskumiku hori saihesteko hain borondate argia bazuen, zergatik dekretatu du? Nahikoa zukeen gotzainen kontsakrazioak baimentzea, edo kasu zehatz honetan arau kanoniko penala indargabetzea, edo hautsitako eliz araua ez dela “jainkozko zuzenbidekoa” dekretatzea. Bazuen horretarako ahalmena. Zergatik ez zuen baliatu? Agian pentsatu zuelako ez zuela baliatu behar edo ezin zuela baliatu. Segur aski beldurragatik: elkartasunaren eskakizunak gehiegi lasaitzeko beldurra, aurrekari arriskutsuak ezartzeko beldurra, bere eginkizuna traizionatzeko eta bere autoritate sakratua ez aintzat hartzeko beldurra. Aita Santuak, dekretatutako eskumikua berehala altxatu nahi izango balu ere –nahiz eta horretarako aginpidea izan–, altxatuko ez duen arrazoi edo beldur berberengatik. Horra hor ustez absolutua den botere orori eta zehazki botere pontifikal absolutuari datxekien kontraesana. Sistema absolutuaren kontraesanik gaiztoenean harrapaturik daude iraganeko nahiz oraingo aita santu guztiak, sistemaren bermatzaile eta biktima baitira aldi berean. Sistema klerikal hierarkiko hori inoiz baino zentzugabeago da gaur egun. Inork uste ote du Eliza, kredentzial horiekin, bakearen eta elkartasunaren sakramentu gisa aurkez daitekeela gaurko giza familia urratuarentzat?
Zein izango litzateke, bada, alternatiba? Beste komunio-eredu bat asmatu beharko litzateke bestelako Eliz eredu batean, non denak, denak, denak, eta ez hitzez bakarrik, eroso biziko liratekeen. Alternatibak ez luke esan nahiko apetari eta kaosari bide ematea. Esan nahiko luke erabat uko egitea goitik beherako eredu piramidal sakratuari, eta komunitate unibertsalari eta tokian tokiko komunitate bakoitzari itzultzea hitzaren eta erabakiaren boterea. Esan nahiko luke batasuna uniformetasunarekin identifikatzeari eta komunioa mendetasun-mailaren arabera neurtzeari uztea. Esan nahiko luke baldintzarik gabeko elkarrizketa iraunkorraren alde egitea. Esan nahiko luke inolako sinesmen, erritu edo araurik ez absolutizatzea, nahiz eta onartu gutxieneko esparru instituzional komun baten premia, behin-behinekoa eta erlatiboa beti, eta inoiz ez gorenetik errebelaturiko jainko baten borondate eztabaidaezinari lotua, geure oinarrizko izaera sozialari lotua baizik. Esan nahiko luke esparru jakin bat utzi nahi duenari uzteko aukera ematea, inork horregatik hura kondenatu eta eskumikatu gabe, eta hura komunitate zabalago eta irekiago batean neba-arrebatzat aitortzeari inork utzi gabe. Nola izan daiteke sinesgarri maitasunaren, tolerantziaren eta handitasunaren Ebanjelioa urbi et orbi predikatzen duen Eliza, bere barruti beti partikular eta beti irekian Ebanjelio hori gorpuzteko gai ez bada?
Hau guztia, ordea, ez ote da errealitatetik eta praktikatik urrun geratzen den lilura hutsa? Oraindik zentzutasun-apur bat eta giza espezie honekiko oinarrizko konfiantza badugun edo ez. Lilura ote da pentsatzea ezen bizitza partekatzen duen edozein bikote edo programa politiko bat duen edozein alderdi edo ekintza-konpromiso bat duen edozein kolektibo, baldin eta, hainbeste arrazoi izan daitezkeelarik tartean, ezinezko bazaie marko konpartitu berean bizikidetzari nahiz ekintza-asmoari elkarrekin eustea, “gizalegez” banandu ahal izatea bakean bizitzeko eta bere gizarte-konpromisoari leial izateko eta elkar aitortzen, errespetatzen eta are maitatzen jarraitzeko? Beste irtenbide errealistagorik gelditzen ote da sarri bizikidetza sozialean gatazkak sortzen direnean? Eta irtenbide hori bera fantasiazkoa irudituko balitz ere, ez ote genuke espero izan behar horrelako irtenbide bat posible izatea Jesusek iragarri zuen askatasunaren eta neba-arrebatasunezko espiritua arnasten dutela diotenen artean?
Lilura ote da pentsatzea ezen dogma kristologiko berberak ez dituzten edo modu berean ulertzen ez dituzten, esparru juridiko eta doktrinal beraren menpe ez dauden eta apezpiku edo aita santu berari obeditzen ez dioten pertsona edo talde ezberdinak elkarrekiko komunio sakonean sentitu eta elkar halaxe aitortu ahal izatea, batzuei eta besteei Jesusen askatasun askatzailearen eta erruki sendatzailearen espirituak eragiten dien heinean? Lilura ote da diren edo izango diren Eliza guztien artean horrelako ekumenismo unibertsal libre eta anitza helburu izatea, Eliza Katoliko Erromatarra barne izango lukeena aita santu eta guzti, baina baita San Pio X.a Apaiz Anaiartea ere, eta baita esparru patriarkal, klerikal eta hierarkiko ororekiko loturak baztertuak dituzten gizon-emakume kristauen edozein komunitate ere? Ez ote da, aitzitik, lilura huts bestelako ekumenismo benetako eta iraunkorrik izan daitekeela sinestea? Eliza, beraz, ez ote litzateke ulertu eta taxutu beharko elkarkide izan nahi duten komunitate guztien komunio unibertsal gisa, inolako kondenarik eta eskumikurik gabe, nahiz eta elkarren artean desberdintasun teologiko, erritual eta instituzional handiak izan? Ez al da hori Elizen Munduko Kontseilua inspiratzen duen horizontea –Eliza Katoliko Erromatarra kide ez duena, bide batez esan–?
Ez ote gaitu horretara gonbidatzen Lurreko edozein organismo bizidunek, non bizia harreman sortzaileen sare batetik sortzen baita beti eta ez bestela? Ez ote da posible gure planetan duela 4.400 milioi urte sortu zen biziaren misteriozko iturburu hori Elizan islatzea? Aski litzateke espiritua, unibertso osoa infinituki txikitik infinituki handira animatzen duen arnasa freskoa, arnastea. Aski lirateke borondatea, konfiantza, jakinduria.
Joxe Arregi
Aizarna, 2026ko uztailaren 14a
www.josearregi.com
