Bernard Besret: Boquen-go utopia
Joan den abuztuko lehen asteko arratsalde beroetan, Champigny-sur-Veude, ekilore-sail eta artasoro zabalez inguratutako herriska frantses lasaian, ezki baten itzalean, Béatrice Lebel-Goascozen doktore-tesia irakurri nuen, gogo biziz eta nahigabez aldi berean: Boquen entre utopie et révolution 1965-1976 (Boquen utopiaren eta iraultzaren artean) (Presses Universitaires Rennes, 2015). Kontaketa zirraragarria, Bernard Besret protagonista duena.
Aspaldi utzi zion albiste izateari, baina irudi freskagarria eta inspiratzailea izaten jarraitzen du. Gizon profetikoa, ameslaria eta ausarta. Arima mistikoa, begiak zabalik, hitz liluragarria dituen gizona. Gizon librea eta bizi duen suari leial izana eta dena. Bizitzea fortunatu zaigun historiako hamarkada erabakigarri batean, erreforma espiritual, kultural eta politikoa bultzatu zuen mugimendu indartsu baten buru izan zen, 1965-1976 urteetan. Zeinen hurbil oraindik, zeinen urrun jada!
Promesaz betetako garaia zen. II. Mundu Gerraren amaieratik (1945) 1980ra arte, esperantzazko ostadarrek bildu zuten Lur osoa. Europako estatuek kolonizatutako Afrika, Asia eta Amerikako 50 herrialde baino gehiagok independentzia lortu zuten. Senidetasunezko mundu zuzen eta askea posible zela zirudien. Frantziako 68koa bezalako hainbat maiatzek utopiaren banderak altxatu zituzten, ezarritako ordenaren oinarriak astinduz. Politikaren eta ekonomiaren birfundazioa, iraultza sozial, kultural, espirituala ernetzen ari zen. Erromako Eliza Katolikoan, aita santu italiar kontserbadore eta oso nagusi batek, ustekabean, Vatikanoko II. Kontzilioa (1962-1965) deitu zuen, aggiornamento edo eguneratzearen kontsignapean. Ireki bitez leihoak eta ateak, aldarrikatu zuen. Sarraila zaharrek amore ematen zuten. Europa eta Amerikako elizak oraindik betetzen zituzten gazte-piloek amets egin zezaketen. Latinoamerika zapalduan, oinarrizko komunitate kristauak ugaldu eta ugaldu ari ziren, askapenaren teologian oinarrituta. Bestelako eliza jaiotzen ari zen: komunitate ezberdin eta askeen elkartasunezko eliza, hierarkiarik gabea; eliza ahizpa/arreba ama baino gehiago, bidelaguna gobernatzailea baino gehiago, elkarrizketa irakasletza baino gehiago, karisma kodea baino gehiago, hartzidura kredoa baino gehiago, biziaren eta lurraren zaintza zeruko jainkoaren gurtza baino gehiago. Inspirazioa eta arnasa, ez botere-egitura.
Lehen jaunartzetik bertatik alde egin zuen Bernard Besret, haur bretoi goiztiarrak, Eliza instituzional zaharretik, eta laster ekin zion bere barne-bideari, zeinak ez barrurik eta ez kanporik ez duten zerumuga eta zabaldegietara irekiko baitu. 13 urte zituela ama hil zitzaiolarik, biziago sentitu zuen izenik eta formarik gabeko maitasunaren Su gartsua bere izatearen sakonenean. Bilatzaile bihurtu zen. Aristoteles, Leibniz, Aldous Huxley, Laozi… irakurri zituen. Haren baitan hazten zihoan nolabaiteko ashram edo monasterioren batean erretiraturik bizitzeko grina sakona. Egun batez, 1952an, 17 urte zituela, lizeo-kide batek Boquengo (Bretainia) Andre Maria monasteriora egin berria zuen bisitaz hitz egin zion –Boquen hitzak bretoieraz “elorri zuria” esan nahi du eta, beraz, Arantzazu; hauxe kointzidentzia, emozioz betetzen nauena!–. Han, fraide zistertar, bretoi eta karismatiko batek, Alexis Presse-k, hondatua zegoen monasterio zaharra konpondua eta kultura bretoiari lotutako biziera monastikoaren proiektu berritzaile bati ekin berria zion. Berehala joan zen ikustera Bernard, eta liluraturik geratu zen. Handik urtebetera, nobizio gisa hartu zuen Dom Alexisek eta inspirazio- eta proiektu-sintonia sakona sortu zen bien artean.
Monje gazteak ordena klerikal ororekiko zituen erresistentziak gorabehera, Alexis abadeak apaiztu egin zuen eta Erromara bidali filosofia eta teologia ikastera. Haren nortasun liluragarriak, sakontasun espiritualak, gaitasun intelektual harrigarriak, hitz-gaitasun zoragarriak eraginik, askok nahi izan zuten hura beren ondoan eduki. Zistertar Ordenako Abade Nagusiak laguntzaile pertsonal hartu zuen, apezpiku bretoi batek teologo partikular gisa eraman zuen Vatikanoko II. Kontziliora (1962-1965). Erromako Kuria vatikanoar ahalguztidunetan etorkizunik distiratsuena zabaltzen zitzaion, eskalafoiaren gorenera igo zitekeen. Baina Bernardek ez zuen horrelakorik nahi. Boquenera itzuli zen. Han, 10 urtez, elorriak loreak zabaldu zituen eta arantzek min eman.
1964an, Dom Alexisen gaixotasun larria zela eta (urtebetera hilko zen), Zistertarren Ordenak Bernard abade izendatu zuen. Hala, 29 urterekin, bere erreferente espiritualaren lekukoa hartu zuen. Gazteak eta helduak, Bretainiako eta Parisko ikasle eta irakasleak, 68ko liderrak, gizarte-militanteak, hango eta hemengo nekazariak eta hiritarrak saldoan zetozen. Era guztietako ameslariak eta ekintzaileak. Katoliko kritikoak, protestanteak, ateoak, homosexualak, dibortziatu berriro ezkonduak, denak berdin hartzen zituzten. Handik igaro ziren Y. Congar, M.D. Chenu, M. Légaut, J. Moingt eta abar ere. Lekuaren edertasunak, liturgia berritzaileak, isiltasunak eta otoitz sakonak, Bernardek konposatutako (edo jazz gisa inprobisatutako) eta berak beste bi lagunekin abesturiko kantu polifonikoaren bikaintasunak, abade gaztearen dotoreziak eta hitz-jario pizgarriak erakartzen zituen hara.
Nora? Bizitza monastiko berri batera, itxitura oroz haraindiko komunio irekira, monjeen eta laikoen arteko bereizketa kanonikotik harago, gizonen eta emakumeen arteko banaketa zorrotzetik harago, errubrika liturgikoetatik harago. Klaserik eta hierarkiarik gabeko, kleriko, erlijioso eta laikorik gabeko, ortodoxia eta heresiaren arteko mugarik gabeko Eliza karismatiko eta senitartekora, anatemarik gabeko Eliz komuniora. Desberdintasunik eta menpekotasunik gabeko, goserik, bazterketarik eta muga itxirik gabeko mundu aske eta senidetura, indarkeriarik gabeko iraultzaran. Sakratuaren eta profanoaren arteko bereizketarik gabeko, inongo kredori derrigorreko loturarik gabeko, Bibliaren eta dogmen irakurketa literalik gabeko, esklusibotasunik eta beste erlijioak baino nahiz inolako erlijiorik ez dutenak baino gehiago izateko pretentsiorik gabeko kristautasun espiritual eta akonfesional berrira, sakramentu desakralizatuak dituen kristautasunera, kristautasun mistiko eta politiko eta eko-feminista askatzailera, “kristautasun kritikoa , liriko eta politikora”, Bernarden hitzetan.
Baina posible ote zen? Posible izan zen bera han egon zen bitartean eta, bere karisma pertsonalarekin, desadostasunak leundu eta orekak bilatu zituen bitartean. Galdera erabakigarria da, nire ustez: Ordena zistertarrarentzat eta erakunde katolikoarentzat onargarria ote zen Boquenen bilakaera eta abade gazteak bertan jarraitzea? Eta zergatik ez zen izango? Baina ez zen izan. Dom Bernardek, 1969ko abuztuaren 20an, San Bernardo egunez, mila bat lagunen aurrean, “Boquen atzo, gaur eta bihar” gaiaren inguruan eman zuen hitzaldi ozena gertatu zen azken motibo edo aitzakia. Bertan, urte sabatikoa ireki zedila proposatu zuen leunki, kleriko eta erlijioso guztiek beren zelibatu-botoa aztertu eta nahi zuenak bertan behera utzi eta nahi zuenak mantendu ahal izan zezaten. A zer eskandaloa Eliza katolikoan!
Handik bi hilabetera, urriaren 15ean, Zistertarren Ordenako Abade Nagusiak Dom Bernard abade-kargutik kendu egin zuen, eta hilaren azkenerako monasteriotik alde egiteko agindu zion. Une horretatik aurrera dena zailagoa izan zen. Posizioak modu arriskutsuan erradikalizatu ziren. Monasterioan, Elizaren aurkako kontestazioa isiltasunaren bilaketa itotzeko arriskuan zen, iraultza politikoak aspirazio mistikoa itzaltzen zuela zirudien. Eliz erakundeetan, tolerantzia-marjinak gero eta estuago ziren, eta errekonbentzioak gero eta ugariago. Setiaturik eta harrapaturik, 1974ko urrian, Bernardek monasterioa eta apaizgoa utzi zituen, tramiterik eta paperik gabe, beste bizimodu bati ekin eta bere kabuz jarraitu zuen isiltasun eta komunioaren bila. 1976ko udazkenean, Ordena eta hierarkia katolikoak monasteriotik kanporatu egin zuten “Elorriko Andre Marian” geratua zen komunitate monakal zein laikoa, eta emakumezkoen kongregazio kontenplatibo bat bertan sar zedila agindu zuten, Alexis, Bernard eta Boquengo Komunioko kideen utopiatik urrun zegoena. Amets eder bat, beste bat gehiago, itzali zen. 1978ko urrian, Joan Paulo II.a aita santu izendatu zuten; 1979an, Margaret Thatcher, Erresuma Batuko lehen ministro; 1981ean, Ronald Reagan, AEBetako presidente. Ametsak bata bestearen atzetik galtzen dira, baina itxaropen aktiboa ez da inoiz galtzen, ez baitago inolako irabaziri atxikia.
1997an, Bernard Besret Shangaira joan zen zientzien museo bat sortzera. Maisu taoistak ezagutu zituen han. Erretiroa hartu zuenetik, denbora Plougrescant-eko (Bretainia) bere etxearen eta Txinaren artean banatzen du, non monasterio taoista bat animatzen duen, monje txinatar lagun batekin. Bernardek monje izaten jarraitzen du hainbat utopia atzemanezinen bila, nahi duen lekuan ufatzen, etengabe sortzen eta birsortzen eta mugak gainditzen dituen, genesiko uretan bibratzen zuen Espirituak, Ruahk, Arnasak animaturik. Gaur ere bibratzen ari dela senti dezakegu, baldin eta begiak irekitzen eta mugak zeharkatzen baditugu.
Lebel-Goascozen tesia ixten duen epilogoaren amaieran, Bernard Besretek honako hau idazten du (2014an): “Urte hauetan zehar [1965-1975], umore pixka batekin ‘des-konbertsioaren grazia’ deitzen dudana bizi izan dut.
Hori guztia urrun geratzen zait. Ordutik igaro diren berrogei urteotan zehar, beste bizitza batzuk bizi izan ditut, inoiz galdu gabe, ordea, guztiak lotzen dituen hari gorria, hau da, badela zalantzarik ez dudan, baina, noski, zer den ez dakidan errealitatearen azken hondoarekiko konfiantza hautsiezina.
Boquen garrasi bat besterik ez zen izan. Ur biziaren egarri diren gizon eta emakumeen garrasia. Aspaldi da ez dela entzuten, baina noizean behin hautematen dut haren oihartzuna. Batzuetan baita Txinan ere.
Aizarna, 2022ko irailaren 28a