Miren Jone Azurzari. In memoriam

(Donostia, 1929-05-18 – Donostia, 2022-05-15)

Ez zinen handia gorputzez, baina handia zinen. Ez duzu zeure burua hedabideetan  asko erakutsi, ahal zenuen gutxiena, baina aitzindaria izan zara. Xumetasunak are miresgarriago egin zaitu. Ez duzu inoiz aitzindari izateko ametsik ez usterik izan, baina aitzindari izan zara: emakume, kazetari, fededun aurreratu.

Harritzekoa zen ikasteko zenuen grina, eta grinaren pareko gaitasuna. Hamaika-hamabi urteko neskato, etxekoandre maratz zinen jada, familiaren egoerak halaxe behartuta (aita, maisua, eskolatik kanpo, No adicto al Movimiento Nacional izatearen delituagatik, eta Iparraldera ihes egina, eta ama eta lau haurrak Donostian ez aita eta ez ogi), baina ezin zenuen horrekin etsi, garaiko arauetara makurtuz. Gurasoen bultzadaz adina –haiek ere aitzindari– zeure barne-bulkadaz, batxilerra burutu eta magisteritza atera zenuen. Eta, 1965ean, kazetaritza-titulua zeureganatu Madrilen, lehen emakume kazetari euskaldun tituluduna bilakatuz. Eta kazetaritza medio ogia irabazten zenuen bitartean, aski ez bailitzan, Historiako karrera egin zenuen, hasi eta buka, 1975-1980 urteetan, jakin-minez eta ekin-minez.

Ikasi nahia bezainbestekoa baitzenuen ikasitakoa eta zinen guztia banatu nahia. Bizitza luzean zehar egin zenituen hautuak dira lekuko. Hautu ausart eta eskuzabalak, pizturik zeneraman suak, bilaketak eta dena eman nahiak sustatuak, gure euskal gizartean dagoeneko ederki islatzen zen kultura, gizarte, mundu, Eliza berriaren eskeak eragindako hautuak. Aitzindari eta berritzaileengana gidatu zintuen beti, naturaltasun osoz, zure sen ziurrak. Hala, oso gazterik lotu zinen, askatasun handiagoaren bila, Rufino Aldabalde, Aiako apaizak sortua zuen Emakume Misiolari Sekularren Institutuarekin, zeina kultura berriak Ordena eta Kongregazio erlijioso zaharrei eta Eliz erakunde osoari luzatzen zien deiaren ispilu gardena baitzen, nahiz eta mugimendu berriok ez duten harrezkero, tamalez, segidarik izan. Institutu horrek eman zizun aukera teologia ikasketak ere egiteko. Eta Lucien Deiss, Vatikanoko II. Kontzilioaren osteko kanta liturgiko berrien sortzailerik onenaren lankidetza estu emankorrean ari izateko, Salamancan ari ere.

Eta hautu berriak egiten jarraitu zenuen. Donostiara itzuli eta Rikardo Alberdi, gizarte-gaien ikertzaile eta ikerketa-bultzatzaile aitzindariarekin lanean hasi zinen, haren Ethos argitaletxean, emakumearen egoerari eta gizarte-arazoei buruzko liburuxkak argitaratuz; orduan irakurri zenuen, barne-barnetik ulertuz, Simone de Beauvoir-en Le deuxième sexe… Eta Zeruko Argia aldizkarian sartu zinen, zuzendari izatera iritsiz laster (1969-1975). Handik, Deia egunkari berrira. Eta, euskal gizarte berriaren barnetik Biziaren Arnasak beste zerbait eskatzen zizula sumatuz, Misiolari Sekularren Institutua utzi zenuen, herrigintzan eta kulturgintzan osoki txertatzeko. Orduan, Jose Mari Ayestaran gizon on eta alargun atera zitzaizun bidera  eta, elkarrengandik dena hartzeko eta elkarri dena emateko, ezkondu egin zineten, eta 23 urte gozo igaro zenituzten elkarren eskutik, zure zaintza paregabeak gozatu zion gaixotasun luzeak ondotik eraman –edo ondorago ekarri– zizun arte. Zorionekoak biok! Bizitzan eta bidean aurrera jarraitu zenuen zeure pauso labur arinean. Zure hautuek ere bai. Gotzaindegian zernahitan laguntzeko prest agertu zinen eta… hainbeste maite izan zintuen eta hainbeste maite izan zenuen zure Don Jose Maria Setien gotzainak deitu zizun bere prentsa-bulegoko arduradun izatera. Han ere aurrean zu, ez zuk bilatuta, bilatu zintuztelako baizik, eta beti pronto aurkitu.

Ezin dut utzi aipamen, goraipamen, berezi bat egin gabe 60-70eko hamarkadetako euskal kulturgintzan bete zenuen lekuaz, egin zenion ekarpen joriaz. Gure gizartearen eta kulturaren bihurgune hartan ere, aurre-aurrean izan zintugun. Kaputxinoen Zeruko Argia aldizkariko zuzendari jarri zintuzten, hain zuzen ere, Zerua galdu eta gaurdaino Argia soil bihurtzera zihoan garai hartan, “goiko zerua” eta “Jaun goikoa” –ez, halere, Argiaren sormenezko Misterioa– betiko galtzen ari ziren aldi emankor bezain korapilatsu haietan. Han zinen zu, Miren Jone, eztabaidaren eta eraldaketaren begi ez beti barean. Eta zeure zuzendaritza eraginkor argiaren pean bildu zenituen euskal luma kontsakratu bilakatu zirenetako hainbat eta hainbat: Patxi Altuna, Amatiño, Gurutz Antsola, Bernardo Atxaga, Joseba Arregi, Rikardo Arregi, Mikel Atxaga, Joxe Azurmendi, Ramuntxo Camblong, Nemesio Etxaniz, Xabier Gereño, Xabier Kintana, Joan Mari Lekuona, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Jorge Oteiza, Juan San Martin, Aita Onaindia, Eusebio Osa, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionandia, Joxe Mari Satrustegi, Martin Ugalde, Mikel Ugalde, Joxemi Zumalabe… Harrigarria zait zerrenda. Eta zu horien guztien buru, inoren gainetik jarri gabe inoiz.

Azkenik aurrena: zinen, zenioen, zenegien guztiaren iturbegi eta barne-arnasa, JAINKOA. Izenez eta irudiez harago, sineskizunez harago.  erlijio eta eliz erakunde guztiez harago. Ateo guztiek ukatzen duten “Jainkoaren” ateo zinen zu ere. Aspaldi utzia zenuen “Jainko” lege-emaile, saritzaile, zigortzaile zorrotza. Baina ez hori bakarrik. Azken hamar urteetan, beti bidari, utzia zenuen baita ere “Jaun goikoa”, unibertsoko izaki guztien gaineko Izaki Goren bereizia. Baina inoiz baino barnerago zenuen den ororen IZATE huts betea, Biziaren Arnasa,  BADENA, Izamena. Isil-isilik eta poz-pozik murgiltzen zinen Badenaren Misterio izanarazlean, Willigis Jäeger, Xabier Melloni edo Enrique Martínez Lozanoren liburuak lagun. Arnasa handiko espiritualtasun sakon, ireki, librea bizi izan duzu.

Eguneroko isiltasun-praktikaren lamadak girotzen zintuen goiz eta arrats, baldintzarik gabeko konfiantzan errotzen, eta garai zurrunbilotsu hauetan tinko ainguratzen mundu berriaren, gizarte berriaren, kristautasun berriaren, Eliza berriaren esperantzan.

Eskerrik asko bihotzez, Miren Jone!

Aizarna, Miren Jonek 93 urte beteko zituen egunez, 2022ko maiatzak 18