Martin Mendizabal. In memoriam

Ez zen otorduetako mahai-bedeinkapenik ez mezatako otoitzik, Martinen purrustadatik libratuko zenik, Amen esaterako: “Zer ergelkeria esaten ditugun Jainkoaz!”. “Baina, Martin –esaten nion aldiro–, zergatik egoten zara otoitz horiek esaten dutenari hain adi? Distraitu zaitez eta kito”. “Orduan, zertarako irakurtzen dituzte? Zertarako esaten ditugu?”, erantzuten zidan.

Ez zituen jasaten Joanen ebanjelioa eta bertan ageri den Kristo Jainko orojakilea, ez bertako “Jesus liskarzalea, juduekin sesioan beti”. Nik esaten nion: “Ez al zaizu, ordea, ederra iruditzen ebanjelio hori idatzi zuena hain libre izatea, non historiarekin zerikusirik ez duen beste Jesus bat asmatu zuen?”. “Tira, tira… Txorakeriak! Niri Markos gustatzen zait eta aski dut berarekin”.

Haserretu eta zigortu, batzuetan agertu eta besteetan ezkutatu, batzuk hautatu eta besteak baztertu egiten dituen Jainkoak, bere Semea heriotzaren bidez bekatuak ordaintzera bidaltzen duen Jainkoak bere onetik ateratzen zuen. Natura zuen bere Biblia eta Katixima.

Sarritan entzun nion: “Erlijioetan, interesgarri den gauza bakarra heretikoak dira”.

Arantzazuko frantziskotarra izan da. Biologiako irakaslea, historialari eta euskal filologo autodidakta (toki-izenen jatorriaren eta etimologien arloan bereziki), landa-auzoetako parroko… Eta ile-moztaile. Eta berdin abesten zituen rantxerak eta habanerak nahiz dantzatzen tangoak eta txotisak ikusteko naturaltasunez eta graziaz. Eskatzen zitzaion mesederik, edozer, ez zion inoiz inori ukatu. Hurkoari laguntzea zuen bere mistika.

Arantzazun hil zen apirilaren 15ean.

Martin, gizon berezia, on eta zoriontsua, biziaren txinpartak eragina.

 

Eguneroko ontasunaren lekukoak

EGUNEROKO ontasunaren
egile xumeak,
famarik eta prentsako
osperik ez dutenak,
baina bizitza samurrago
eta gizatiarragoa
dutenak osatzen.

Lekuko isilak dira,
bideak itxaropen anonimo
eragile eta zaporetsuz
alaitzen dutenak.

Ongia gainezka dute
naturaltasunez,
berezko erokeria bailitzan
umore txarreko mundu honentzat

Haien izen propioak
lagun ditugu beti,
nahiz eta heriotzak
haien presentzia fisikorik gabe utzi,
ona betierekoa baita
eta aurrez aurre irribarre baitagi.

(Toño Martínez. Anai Martintxo Mendizabalen hainbat on ohoratuz)